Egungo eta etorkizuneko gizartearen erronkei erantzuteko gai izango den Euskal Herria irudikatzen dute Deustuko Unibertsitateko irakasle Xabier Barandiaranek eta Mondragon Unibertsitateko irakasle Eneko Bidegainek: klima eta lehengai krisiei erantzungo diena; desberdinkeriari aurre egingo diona, eta, noski, bere herritarren eskubideak bermatuko dituena. Irudi hori ezartzeko, ordea, tresneria egokia behar da; makineria martxan jarriko duen egitura bat.
Barandiaranen Euskal Herriak «unitate politiko bat» osatuko luke: Euskal Herri konfederala. «Iruditzen zait erabakiak herritarrengandik ahalik eta gertuena hartzeko modua ematen duten egiturak indartu behar direla». Hala, egitura komunen defentsa egin du, baina ahalik eta deszentralizatuenak izan behar dutelakoan. Halakoak izango dira etorkizuneko agenda politikoari erantzuteko eta demokrazia lantzeko «egokienak eta eraginkorrenak».
«Euskal Herri askea», gehitu du Bidegainek. Hura zazpi lurraldeetako «antolaketa historikoaren errealitatean» oinarrituta eraikiko litzateke, bakoitzaren «nortasuna eta antolamendua» kontuan hartuta. Beraz, bost edo zazpi eskualdez osatutako Euskal Herri bat imajinatzen du; ez baitu baztertzen Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeek egitura administratibo bakarra osatzea. «Lurraldeen azalera eta demografia kontuan hartu behar dira».
Egituren funtzionamendua ere irudikatu dute bi irakasleek. Bidegainen hitzetan, «behetik gora» funtzionatu behar dute: «Hasi etxetik. Auzoa eta udala oinarrizko elementu bezala». Gero, bailara eta eskualdea. «Hor dago herritarren parte hartzea modu horizontalean ziurtatzeko bidea. Zero kilometro». Beraz, mailaz maila egingo luke «osotasunera», eta emaitza: «Herri deszentralizatu bat, tokian tokiko errealitateak kontuan hartzen dituena, eta tokian tokiko autonomiak zaintzen dituena». Denak batuko dituen gobernu batekin, baita parlamentu batekin ere.
Behetik gorako bidea eta horizontaltasuna bermatzeko lanketak, ordea, egitura mailakatu bat izatea baino gehiago eskatzen du. Bidegainek azaldu du gune horietan lekua izan behar dutela norbanakoek, elkarteek, enpresek... «Eta noski, hauteskunde demokratikoen bidez hautatutako ordezkariek». Hau da, ezinbestekotzat dauka instituzioen eta gizarte zibilaren arteko lankidetza: «Demagun, Hezkuntza Ministerio bat. Ministerio horretan ikusiko nituzke ikastetxeetako ordezkariak, gurasoenak, langileenak... eta zeharkako beste hainbat arlotakoak».
Barandiaranek bat egin du ideia horrekin, eta izena jarri dio funtzionatzeko modu horri: «Lankidetza gobernantza». Hau da, «egitura publikoen eta demokratikoki aukeratutako herri ordezkarien» eta «gizarteko beste hainbat eragile eta espazioren» arteko lankidetza, «sistema demokratikoaren ahalduntzea» lortzeko funtsezko bitarteko gisa.
Haren esanetan, Frantziako Iraultzaren ostean eratutako estatuekin alderatuta, Euskal Herriak badu ezberdintzen duen ezaugarri bat: «Herrigintzako espazioa ez dugu bakarrik egitura politikoen ondorioz legitimatzen den espazio publiko bezala ulertzen». Azaldu du ohiko ikuskerari «herrigintzan autoeratzen diren beste espazio batzuk» ere batzen zaizkiola, «era guztietako gizarte eragileek» osatuak.
Barandiaranek azaldu du demokrazia liberalen krisirik handienetako bat dela «komunitate politikoaren hustea». Herritarrak komunitate politikotik urruntzea, elkarreragina «kontsumo harreman» batera mugatuta. «Horrek demokrazia pobretu egiten du, eta, nik imajinatzen dudan demokrazian, herritarrak ezinbestean sentitu behar du komunitate politikoaren parte», adierazi du.
Hala, «komunitate politikoaren legitimazioa eta herrigintza indartuko» dituen gizarte bat du helburu, herritarren ezinbesteko parte hartzearekin: «Zenbat eta parte hartze handiagoa egon, komunitatea indartsuagoa da».
«Badaukagu tradizio bat erakundeen eta herriaren arteko elkarguneak sortzeko», azaldu du Bidegainek, Deustuko irakasleak esanikoari tiraka, eta Badalab zentroa jarri du adibide gisa. Gipuzkoako Aldundiak eta zenbait eragilek osatutako partzuergoa da, eta euskararen erabilera sustatzeari ekarpenak egitea du xede, «esperimentaziotik».
Barandiarani ere adibide aproposa iruditu zaio: «Espazio publiko deliberatibo bat sortzen da, erakundearen espazioa eta gizarte eragileena indartzen dituena». Hori jo du etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko bidetzat, eta gaineratu du bat egiten duela «Euskal Herriko tradizio politikoarekin» ere; besteak beste, «auzolanaren eta izpiritu kooperatiboaren» ideiekin. «Demokrazian sakondu, baina erakundeen, herritarren eta gizarte eragileen arteko lankidetzan».
Deliberatu
«Zenbat eta erabakitzeko gaitasun handiagoa, hobe», adierazi du Barandiaranek. Horrek, baina, boto eskubidea bermatzea baino gehiago eskatzen du: «Deliberazio prozesu aberats baterako bermeak ezartzea». Hala, herritarren parte hartzea modu formaletik harago ulertuko duen herri bat imajinatzen du: «Parte hartzeak esan nahi du informazioa eta deliberazioa egotea. Bestela, zentzua gal lezake».
Erreferendum bidez onartu beharko diren zenbait afera egongo diren arren, Barandiaran ez da etengabe galdetzearen aldekoa. Horren ordez, kontsentsuak lortzea hobetsi du. Adostasunik ezean, berriz, demokratikoki hautatutako ordezkariek hartu beharko dituzte erabakiak: «Ez dezagun ahaztu. Egitura politikoak sortzen direnean, inposizio demokratikoarena da horien zentzua».
Izan ere, Barandiaranek uste du kultura politikoan aurrerapausoak eman behar direla erreferendumei bide emateko: «Gizarte indibidualistetan deliberaziorik ez dago, eta hausnarketa kolektiborik ez dagoen lekuan oso zaila da kontsultetarako sistemak ezartzea». Beraz, lehen urratsa «zentzu komunitarioa» eraikitzea litzateke.
Bat egin du Bidegainek ere: «Sakontasun gutxiren bila doan gizarte batean gaudenean, erreferenduma arriskutsua ere izan daiteke». Esaterako, aparteko testuinguru baten arabera, edo gobernuaren alde edo kontra egiteko erantzuten bazaio galderari. «Erreferendum bat egingo dugu heriotza zigorrari buruz? Imajinatu bi egun lehenago norbaitek ume bat hil duela».
Mondragon Unibertsitateko irakasleak uste du kolektibotasuna berreskuratuko duen gizarte bat osatu behar dela lehenik, gogoeta sakon eta informatuak egiteko prest egongo dena. «Behar da gizarte bat prestakuntza duena, ardurak hartzen dituena. Horretarako hedabideek eta kultur ekoizpenek duten garrantzia azpimarratuko nuke», gehitu du.
Harekin batera iritsiko da erabakiak kontsentsuz hartuko dituen eredu bat, «alor bakoitzean ari diren eragile guztiak» kontuan hartuko dituena, Bidegainen aburuz.
Euskara ardatz
Gizarteak eta haren egitura politikoek aurrera egin dezaten, Euskal Herriak kohesiorako elementu eta ikurrak ere behar ditu. Horien artean bat nagusituko bada, euskara izango da, Bidegainen hitzetan: «Euskararik ez duen Euskal Herria ez da Euskal Herria izango. Beste zerbait izango da». Barandiaranek ere oinarrizko baldintza demokratikoen artean «lehen mailakotzat» jo du euskaldunen eskubideak bermatzea. «Egun, desoreka bat dago, eta horrek euskaldunak egoera ez-demokratiko batean kokatzen gaitu», azaldu du.
Hizkuntzarekin batera, balio demokratikoak, naturarekiko harreman orekatua eta gizarte digital bat izango dira ezaugarri garrantzitsuetako batzuk, Deustuko irakaslearen arabera. Horiei euskal kultura eta lurrarekiko lotura gehitu dizkie Bidegainek: «Gertuko politika, kontsumoa, ekonomia, garraio antolaketa...».
Zerrendan «aniztasuna» ere txertatu dute. «Oso herri plurala» imajinatzen du Barandiaranek; «arraza, ikuspegi eta adierazpen askotarikoak» batuko dituena. «Homogeneotasunetik urruti», baina nazio gisa mantentzeko elementu komunekin.
Aniztasun horrek egungoak ez dituen ezaugarri batzuk izango lituzke, Bidegainen aburuz. Egun, atzerritik iristen direnek «homogeneotasuna ematen duten bi hizkuntzarekin» egiten dute topo. Batetik, euskara; bestetik, espainola edo frantsesa. Eta egoerak azken bi horien alde egitera bultzatzen ditu asko. Euskal Herri aske batean, baina, Espainiarekiko eta Frantziarekiko harremanak «Frantziaren eta Alemaniaren artekoen parekoak» izanda, euskarak hartuko luke eremu hori. Hartara, Mondragon Unibertsitateko irakasleak uste du «aniztasun horrek euskal kultura asko aberastuko» lukeela, euskarari egingo lizkioketelako ekarpenak. Horrek Euskal Herria aberastuko luke «kulturalki eta artistikoki». Ezinbesteko bi puntu dira, Barandiaranen hitzetan.
Euskal Herri demokratiko batek beste ezaugarri ugari ere behar ditu. Tartean, arlo ekonomikoari lotutakoak. «Ez dago demokraziak eraikitzerik desoreka ekonomikoak handiak diren zoruan», adierazi du Barandiaranek. Hark binomio bat irudikatzen du: aberastasuna sortzeko gaitasuna eta justizia sozialerako bide bat. «Edozein dela ere hartzen duen forma».
Europa askea
Euskal Herri horrek bere lekua ere behar du munduan, eta Bidegainek argi du zein den: «Herrien askatasunean oinarritzen den Europa bat». Hori izango litzatekeelako herriari «askatasuna» bermatuko liokeena. Barandiaranen esanetan, «gainontzeko herrien parean» egongo litzateke, Europa konfederal baten barruan: «Non errespetatzen diren herrien eskubideak, baina, aldi berean, gai garen lankidetzan hainbat gai egituratzeko».
Subiranotasuna partekatuko lukeen Europa bat litzateke. «Baina horrek ez du esan nahi subiranotasunaren printzipioa partekatzen duzunik, baizik eta printzipio horren ariketa partekatua izan daitekeela», xehatu du Barandiaranek.
Bihar: Euskara
UDAKO SERIEA. Utopiarantz (II). Burujabetza.
Herri bat, komunitate bat
Nola funtzionatu beharko luke etorkizuneko Euskal Herriak? Xabier Barandiaran eta Eneko Bidegain unibertsitateko irakasleek gogoeta egin dute galdera horren inguruan. Ezinbestekotzat jo dute egitura politikoen eta gizarte zibilaren arteko elkarlana, erronka berriei erantzun ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu