UDAKO SERIEA. Ni ez naiz hemengoa (IV). Alain Urrutia.

Helmuga guztia denean, eta ezer ez

2014. urtean joan zen Londresera bizitzera Alain Urrutia. Iaz Berlinera mugitu zen, eta han bizi da egun, baina beste toki batzuetara ere joan zitekeela ziurtatu du, dena «kasualitatez» gertatu baitzaio. Hiri horiek aldatu egin diote lana.

Berlingo zentrotik gertu bizi da, eta etxe azpian du estudioa. OIER ARANZABAL.
Ane Eslava.
Bilbo
2019ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Mugitzera ohituta dagoen artista bat da Alain Urrutia (Bilbo, 1981). Beti ibili da toki batetik bestera, baina orain dela bost urte hasi zuen itzulera txartelik gabeko bidaia bat. Londresera joan zen lehenik, eta Berlinera gero. Ez zuen espero ezer zehatzik aurkitzea hiri horietan, baina aurkitu zituen gauzak. Ez zituen etxean baino aukera gehiago lortu, baina lortu zituen aukerak. Mugitzeak denean eragin zion, baina ezertan ere ez. Izan ere, tokiak garrantzia badu ere, norberaren baitan datza sorkuntzaren eta lanaren norabidea, Urrutiaren ustez.

Bilboko bere estudioan egin du Urrutiak hitzordua BERRIArekin, Berlinen bizi arren, maiz egiten baititu bisitak Euskal Herrira, senitartekoak bisitatzeko, bai eta arte proiektuak gauzatzeko ere. 2014an egin zuen sorterria utzi eta Londresera bizitzera joateko urratsa. Kontatu duenez, alde egiteko gogoa zuen, eta dirua aurreztea eta Madrilgo Casado Santa Pau eta Santanderko (Espainia) Juan Silio galeriekin harremana sendotzea lortu zuenean, aukeren artean aztertu, eta «errazena» hautatu zuen: Ingalaterra. «Ez nuen joan nahi gazteleraz hitz egiten zen toki batera; Londresen artea dago, eta, gainera, gertu dago», azaldu du. Asko dudatu gabe abiatu zen hara, beraz.

Erosotasunak gidatuta aukeratu zuen helmuga, baina ezerosotasunaren bila joan zen: Bilbon zeukan konfort gunea apurtzera. «Hemen oso eroso bizi nintzen, baina ez nuen hori nahi; beste esperientzia batzuk bizi nahi nituen». Alde pertsonalean zein sorkuntzan bilatzen zuen hori; harentzat, lana eta bizitza elkarri eragiten dioten eremu bi baitira; eremu iragazkorrak: «Sorkuntza nigandik abiatzen da; ni zein naizen islatzen da nire lanean: zelan nagoen, nire arazoak...».

Ez zen ezeren bila joan Londresera, baina gauza asko aurkitu ei zituen. Hara heltzean espero zuena topatu ote zuen galdetuta, honela erantzun du: «Bai eta ez». Eta azaldu du: «Gertatu zitzaidana mendira joatea eta bidean zerbait topatzea bezala izan da: ez zoaz ezeren bila, nahi duzulako zoaz, baina hori aurkitzen duzu, eta kito». Artea arrazoien artean egon bazen ere, ziurtatu du ez zela Londresera joan bereziki han ateak zabalduko zitzaizkiolakoan; onartu du, halere, heltzean zenbait aukera sortu zitzaizkiola: galeriekin, kritikariekin, komisarioekin... Baina, ziurtatu duenez, gerora, Londrestik joatean, han sortutako sareek eta harremanek ez diote lan gehiagorik ekarri. «Beraz, ez dakit hango lanak etorri ziren bereziki han egoteagatik, edo beste edonon egonda ere sortuko ziren».

Londresko bizimoduak aldaketak eragin zituen Urrutiaren sormen lanean. Horretaz ziur dago. Harentzat, izan ere, bizitzaren edozein aldaketak eragiten du lanean: «Kasu honetan, kanpora joan nintzelako sortu ziren aldaketak, munduko arte hiri garrantzitsuenetako batera joan nintzelako, eta, gainera, hiri handi batera». Baina, dioenez, herri txiki batera joan izan balitz ere egongo ziren aldaketak, «nondik eta herri giro horretatik».

Aldaketa horiek «oso sotilak» izan zirela azaldu du Urrutiak: «Kontzeptualak, minimoak; ikuslearentzat, agian, hutsalak». Harentzat, ordea, «oso handiak» izan ziren. Gaiak eta aukeratzen zituen irudiak aldatu ziren batik bat. «Londresen, kontzientzia hartu nuen gaiek zeukaten garrantziaz», adierazi du. Garai hartan, hau da, 2016an egin zuen bere lanean mugarri izandako erakusketa bat, Madrilen: 20 minute of Abstract Thinking. Artelan txikiak jarri zituen oso areto handian, eta ikusleak behartu zituen ibilbide bat osatzera eta lan bakoitzaren aurrean gelditzera. Abiaduraren garaian beren denbora eskatu zien ikusleei.

«Berlin ez da garai batekoa»

Iaz, Londrestik Berlinera mugitu zen Urrutia. Londresera ezerosotasun bila joan zen, eta Berlinera, hain zuzen, kontrakoagatik abiatu zen: arazoetatik ihesi. Kontatu duenez, egoera konplexu zenbait pilatu zitzaizkion, eta alde egitea erabaki zuen. Jatorriz, bost urterako joana zen Londresera, baina lau urte eta erdiren ostean alde egin zuen. Orduan, Bruselara edo Berlinera joatea pentsatu zuen, hango hizkuntzak ikasteko gogoa zuelako. Bien arteko erabakia asko pentsatu gabe hartu zuen: «Lagun batek deitu zidan esanez Berlinen pisu bat utziko zidala. Nik esan nion uzteko pentsatzen, eta bost kilometro korrika egitera joan nintzen. 34 kilometro egin ondoren, deitu nuen eta esan nion: Berlinera noa». Urtebete igaro da ordutik.

Berlinen beste bizimodu bat aurkitu du Urrutiak: lehen, sei pertsonarekin eta hiriko erdialdetik ordubetera bizi zen; orain, erdialdetik gertu bizi da, Prenzlauer Berg auzoan, bakarrik, eta etxe azpian du estudioa. «Beste lasaitasun bat dut orain», azaldu du. Berlinera heldu bezain laster hasi zen alemana ikasten, eta horretan dihardu, buru-belarri.

«Arteari dagokionez, egungo Berlin ez da garai batekoa», haren ustez. «Arte garaikideak badu tokia hirian, eta, alde horretatik, hiriak indarra du, baina ez da lehengo Berlin». Artistentzako beste toki batzuetan baino aukera gehiagorik ote dagoen galdetuta, irmo erantzun du: «Aukerak, berez, ez daude inon». Hiri handi guztietan aukera berdinak daude, haren irudiko: «Asko eta, aldi berean, gutxi». Alde horretatik, artearen munduko desegonkortasuna salatu du: «Ez dago merkaturik; ez da existitzen». Antzeko ikuspegia du erakundeek artearen alde egiten duten lanari buruz. Oro har, beharko luketen baino gutxiago egiten dutela pentsatzen du, «edozein herrialdetan»: «Ez dut uste politikariek artistengan pentsatzen dutenik; tristea da esatea, egongo da egiten duenik, baina, orokorrean, beren burua zuritzeko lan egiten dute».

Berlinen ere aldaketak izan ditu Urrutiak sormen lanean. «Denbora laburragoan, aldaketa nabarmenagoak», zehaztu duenez. Han daraman bizitzak eragina izan du horretan: espazioak eta denborak. Estudio txikiagoa eta denbora gutxiago izateak aldatu du haren lan egiteko era, «modu naturalean». Gaietan ere aldaketak egon direla dio, baina nabarmenagoak izan zirela lehenbiziko jauzia egin zuenean, Bilbotik Londresera. Orain, 20 minute of Abstract Thinking erakusketan sortutako lan egiteko era erabiltzen du, baina beste formatu bat ematen die lanei: oihal handiak jartzen ditu, eta pintatu gabe doa koadroaren zati handi bat. Modu horretara aurkeztu zuen ekainean W.H. Audenen olerki baten eta Leonard Bernsteinen bigarren sinfoniaren titulua zeraman erakusketa, The Age of Anxiety, Madrilen. Mundu aldakorraren zentzuaren bilakaera etengabeak inspiratu omen zuen Auden poema horretarako, eta, ildo beretik, Urrutiak geldotasuna aldarrikatu zuen bere erakusketarekin.

Erakusketa horretan ez ezik, aurretik ere izan du literatura inspirazio iturri Urrutiak: musikara, literaturara eta zinemara jotzen du sortzerakoan. 20 minute of Abstract Thinking-eko lanei, adibidez, Beethovenen piezen izenak jarri zizkien, eta orain prestatzen ari den erakusketari Robert Walserren liburu baten izena jarriko dio. Izenetan ez ezik, haren lanetako gaietan eta irudien enkoadraketan zein zatikatzean ere nabari dira eragin horiek.

Azken urteetan, Urrutiaren lanak mundu osoko galerietan izan dira ikusgai: New Yorken, Lisboan, Mexiko Hirian, Sao Paulon, Beijingen, Milanen... Orain, adibidez, Kolonbiarako prestatzen ari da erakusketa bat. Baina, harentzat, horrek ez du zerikusirik bera bi hiri handitan bizi izanarekin: «Dena izan da kasualitatez». Adibide bat jarri du: «Londresen nengoenean lortu nuen erakusketa bat Brasilen, baina New Yorken izan nuen beste bat posta bidez lortu nuen». Gakoa, beraz, norberaren baitan dago, haren iritziz: «Lekuak ez dizu lana emango: zeure esku dago».

Hiri handi batetik bestera mugitu bada ere, ziurtatu du ez dutela bereziki erakartzen hiri handiek: «Zenbatzen ahal ditut Londresen nengoenean erdialdera joan nintzen aldi denak, eta Berlinen ere auzoan egiten dut bizitza». Herri txiki batera ere joango litzatekeela erantsi du: «Ez ditut bilatu hiri handiak». Hori ere kasualitatez heldu da.

Euskal Herrian duen oihartzunari dagokionez, artistak onartu du beti gogoan duen zerbait dela, baina ziurtatu du ez duela asko kezkatzen: «Ez dut denborarik galdu nahi horretan, ez dagoelako nire esku». Esan duenez, uste du oihartzun handiagoa izan duela Euskal Herrian beste arte adierazpide batzuetan egin dituen proiektuekin, bere sorkuntzarekin baino; zehazki, 2009an Hedoi Etxarterekin batera ondu zuen Ihes ederra nobela grafikoarekin eta aurten Oier Aranzabal eta Mikel Urdangarinekin sortu duen Margolaria filmarekin.

Kanpoan bizi arren, Urrutiak kontaktuan jarraitzen du Euskal Herrian lagun dituen artistekin, eta sare sozialek ematen dituzten erraztasunez baliatzen da harremanetan segitzeko. Oso maiz itzultzen dela dio, senideak eta lagunak ikusteko, baina baita bertako artistekin proiektuak sortzeko ere. Egun, egitasmo bat garatzen ari da zenbait sortzailerekin —Oier Aranzabal, Mikel Urdangarin, Harkaitz Cano, Rafa Rueda...—, eta proiektu esperimental batean ere lanean ari da, Oier Aranzabalekin horretan ere, hamar urte barru argitara aterako dena. Argi adierazi du zer egiten duen herrimina sentitzen duenean: «Hegazkin bat hartu». Bestela, musika entzutea edo lagun bati deitzea dira harentzat aukerarik onenak distantziak laburtzeko. Sorterriaren eta atzerriaren artean bizi den artista bat baita Alain Urrutia.

Bihar: Beatriz Txibite.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.