Zaila da azken mendeko euskal politika ulertzea EAJ gabe. Eta, batez ere, 1980ko hamarraldiaren hasieran Hego Euskal Herriko egitura instituzionala finkatuta gelditu zenetik EAJk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lortu duen hegemonia politika zientzien argitara aztertzeko moduko fenomenoa da: 2009tik 2012ra Patxi Lopez sozialista lehendakari izan zen garaia alde batera utzita, EAJ beti egon da boterearen erdigunean, eta, gaur egun, berrogei urteren ostean, hiru herrialde horietako aldundiak eta hiru hiriburuetako alkatetzak ditu eskura, eta lehenengo indarra izan da Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan, bigarrenari hamar legebiltzarkideren tartea aterata. Zeintzuk dira nagusitasun horren gakoak?
Leire Arrieta Alberdi Historia Garaikideko doktorea da, eta irakaslea Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean: «Dudarik gabe, EAJk rol oso garrantzitsua jokatu du Euskal Herriko aro garaikidean. XIX. mendearen amaieran sortu zen, XX. mendearen hasierako hamarkadetan indartu, II. Errepublikan modernizatu, gerran faxismoaren aurka borrokatu, erbestean eutsi, erbesteko azken urteetan bidea prestatu frankismoa amaitzen zen garairako, trantsizioan autonomia lortu, eta, gerora, garai ezberdinetara moldatzen jakin izan du. Agian, horretan datza historian izan duen indarraren gakoa, garai ezberdinetara moldatzeko gaitasun horretan. Bere diskurtsoaren sustraiak gehiegi mugitu gabe jakin izan du egokitzen, ordea; eta, praktikan, are gehiago».
Arrietak hainbat ikerketa argitaratu ditu nazionalismoaren historiari buruz, eta, batez ere, erbestearen garaia aztertu du. Garai «zaila» izan zen hura, bai eta aldakorra ere, nazioarteko egoeraren arabera: «II. Mundu Gerraren amaierako urteak itxaropentsuak izan ziren: EAJk eta oro har Eusko Jaurlaritzak pentsatzen zuten aliatuen garaipenak Francoren erregimenaren deuseztatzea ekarriko zuela, eta gerratik sortutako Europa berrian Euskadik leku bat izan zezakeela. Baina Gerra Hotzaren hasierak, 1947an, egoera aldatu zuen, eta laster ikusi zuten Mendebaldeko demokrazia liberalek bizkarra ematen zietela. 1950eko hamarkada, beraz, desilusio garaia izan zen».
1960ko hamarkadan eta 1970eko hamarkadako lehen urteetan, politika «oso pragmatikoa» egin zuen EAJk, Arrietaren arabera: «Haren estrategiak etorkizunari begiratzen zion. Kontaktuak bilatzen eta jarrerak ezartzen hasi zen, Franco hil eta gero Espainian negoziatzeko ahalik eta posiziorik onena izateko. Helburua zen, hain zuzen, gerra hasieran lortutako autonomia berreskuratu eta euskal eskubide historikoei eustea».
Trantsizioaren garaia
1977ko ekainaren 15ean, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin zituzten, lehenengoak berrogei urteko diktaduraren ostean. Zalantzak eta ziurgabetasuna handiak ziren: aurrekorik ez zegoenez, inork ez zekien noren alde egingo zuten herritarrek. «Leninista ez zena troskista zen, eta gu burgesak ginen, atzeratuak», aitortu zion Xabier Arzalluzek BERRIAri 2017ko abuztuan, hil aurretik egunkari honek eginzion azken elkarrizketan. «Hori leporatzen ziguten: alderdi zaharra ginen. Horren aurrean, konplexuz beterik egoten ginen».
Iñaki Galdos Eusko Alkartasunako legebiltzarkide (1999-2001) eta Hamaikabat alderdiko presidente izan zen (2009-2011), eta, egun, analista politiko dihardu zenbait hedabidetan; BERRIAn, besteak beste: «Iñaki Mujika Arregi Ezkerrak [ETApm eta EIAko kide historikoa] askotan kontatu dit EIAren inguruan euforia moduko bat zegoela, baina bera EGI-Batasunetik sartu zen ETAra, 1972an; ondo ezagutzen zuen EAJren inguruko giroa, eta esaten zuen EAJk oso emaitza onak lortuko zituela, mundu horretatik zetorrelako eta bazekielako EAJ oso ondo antolatuta zegoela eta sare indartsua zeukala herrietan». Azkenean, Mujikak arrazoi: EAJk ezustekoa eman zuen, eta zortzi diputatu lortu zituen lau Bizkaian, hiru Gipuzkoan eta bat Araban.
Antolakuntzak ez ezik, Galdosek uste du beste arrazoi batzuek ere azaltzen dutela EAJren arrakasta hura: «EAJk ziurtasuna eskaini zuen. Bazekien Xibertan beste batzuek proposatutako bidea antzua suertatuko zela, eta oso garbi zeukan bide instituzionalari ekin behar zitzaiola. Bestalde, jakin zuen erbesteko Jaurlaritzarekin lotura egiten eta hari jarraipena ematen; 1970eko hamarkadan oso ondo ezarri zuen jarraipenaren kontakizuna».
Geroztik, eta gorabeherak izanik ere, EAJk zentraltasuna eskuratu du, eta ezinbesteko eragilea izan da euskal politikan. EAJ «alderdi abertzalea, hots, Euskal Herriaren nazio eskubideak defendatzen dituen alderdi humanista eta soziala» da, Xabier Barandiaran soziologiako doktore eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak emandako definizioaren arabera. «Horrez gain, Euskal Herriaren zati batean, nagusiki EAEn, legitimaziorik handiena duen alderdia da, eta azken 50 urteetan gakoa izan da herrigintzan».
Eta nondik datorkio «legitimaziorik handiena» izate hori? Barandiaranek uste du «faktore diferenteak» daudela, «batzuk EAJri dagozkionak, eta beste batzuk orokorragoak». Lehenengoen artean, «herrikoitasuna, kudeaketan asmatu izana, eta gizartean gertatzen diren aldaketak eta eskariak ondo interpretatzen jakitea» aipatu ditu.
Baina, Barandiaranen ustez, beste faktore orokorrago bat ere badago: «Nire iritzirako, herri hau EAJk edo ezker abertzaleak goberna dezakete; ez dut uste Espainiako alderdi konstituzionalistek horretarako aukerarik dutenik, ez dutelako sostengu nahikorik. Baina ezker abertzaleak urte luzeetan biolentzia legitimatu izanak alternantziarako posibilitaterik gabeutzi du; aukera hori bideraezin bilakatu du».
Nagusitasun hori hor dagoela onartuta ere, Galdosek uste du EAJren hegemoniaren auzia ez dela «mitifikatu» behar: «Hamarkada hauetan, galera handiak ere izan ditu. Patxi Lopez lehendakaritzara iritsi zenekoa da nabarmenena, eta denok dakigu zergatik gertatu zen [PPk eta PSEk bat egin zuten, eta ilegalizatuta zegoen ezker abertzalea]; baina, Gipuzkoako Foru Aldundian bitan egon da kanpoan: EA eta EE zeudenean [1987-1991], eta, gero, EH Bildu egon zenean [2011-2015], eta Arabakoa ere PSE-EEren eta PPren eskuetan egon da. Kontuan hartzeko fenomenoa da, baina gabeziak eta ahuldadeak ezin dira ezkutatu, eta, egun ere, hegemonia izan duen hainbat herritan arazoak ditu zerrendak egiteko ere».
Arrietaren iritziz, «EAJk egoerak interpretatzeko eta testuinguru ezberdinetara moldatzeko duen ahalmenean» datza gakoa. «Bestalde, erdian kokatzen badaki. Ezker-eskuin dikotomiatik ihes egin nahi izan du beti; baztertu egiten ditu etiketa horiek: zentroko irudi bat transmititzen saiatu izan da eta saiatzen da, eta, dirudienez,lortzen du. Horri gehituko nioke, halaber, diskurtsoa moderatua duela, ez dela muturretara joaten, eta horrek ideologia ezberdinetako jendea erakar dezake».
Estitxu Garai Artetxe EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak bestelako analisia egiten du: «EAJren hegemoniak antz handia du alderdi erregionalisten arrakastarekin. Ematen du Feijoo, Revilla eta Urkulluren alderdiak elkarrengandik urrun daudela, baina politika egiteko modua oso antzekoa da. Alderdiaren interesak lurraldearen interesak balira bezala saltzen dituzte, eta moderazioa eta kudeaketa dira ikur nagusia».
Santiago de Pablok eta Ludger Meesek El péndulo patriótico liburua idatzi zutenetik, penduluaren irudi hori erabili da askotan EAJren jarduera definitzeko. Garaik uste du metafora hori«baliagarria» dela gaur egun ere: «Mugimenduak egiten dituzte ezker-eskuin eta abertzale-ez abertzale ardatzean, zentroan bukatzeko, edo, hobeto esanda, hori proiektatzeko. Ez da ideia edo balio batzuen bueltan gizarte eraldaketara bideratutako politika, botereari eustera eta hauteskundeetan funtzionatzen duenera bideratutakoa baizik. Jendarteari ondo hartzen diote pultsua. Gero eta gehiago hedatzen ari da politika egiteko modu pendular hori, eta horretan aitzindari izan direla esan daiteke».
Ezker-eskuin ardatza
«Ezker-eskuin ardatza» aipatu dute Garaik eta Arrietak, eta, hain zuzen ere, azken hauteskundeetako eztabaidetako bat izan da EAJ non kokatzen den ardatz horretan. Galdosen ustez, «ezker abertzalea tematuta dago EAJ eskuineko alderdi gisa irudikatzen, eta ez dut uste hori diagnostiko zuzena denik. EAJ izan daiteke ezker abertzalea baino eskuinekoagoa, eta ukaezina da bere baitan eskuinekoagoak diren sektore batzuk badituela, baina, oro har, EAJren politika ez da eskuineko alderdi batena. Auzorik aberatsenetan emaitza onak izaten ditu, baina Bizkaiko Ezkerraldean, adibidez, sekulako gorakada izan du azken urteetan».
Barandiaranek uste du «ñabardurak» egin behar zaizkiola ezker-eskuin dikotomia horri: «Dena dela, ezkerraren eta eskuinaren ezaugarriak kontuan hartzen baditugu, ikusten dugu EAJ ez dela klase alderdi bat, ezkerreko alderdiak bezala, baina alderdi liberala ere ez. EAJk ezarri dituen politika sozialak eta Europan sozialdemokraziarik aurreratuenek ezarri dituztenak oso antzekoak dira».
«Badakite euskal jendartea oro har aurrerakoia dela», esan du Garaik, «eta gizarte politiketan hartzen dituzte sozialdemokrata kontsidera daitezkeen zenbait neurri. Halere, egiturazko gaietan eskumako alderdia da, zalantzarik gabe. Koronabirusaren kudeaketan ere ikusi dugu hori; Confebasken mezuekin lerratzen da, eta alderantziz. Bestalde, PPeta CiU zenarekin batera, donazio pribatu gehien jasotzen duen alderdia da. Boteregune ekonomikoak alderdiari estuki lotuta daude».
Genero ikuspegia ere sartu du Garaik bere analisian: «Feminismoa indartsu dago, eta alderdi guztiak daude horren jakitun. EAJ atzetik doa, nabarmen: zerrendaburu eta kargudun instituzional garrantzitsu guztiak gizonezkoak izan dira beti. Botereguneetatik hurbil dagoen alderdi bat izaki, oso agerikoak dira harreman patriarkalak, postu horietara emakumeak iristeak aldaketa sakonagoa dakarrelako berez. Zerrenda parekideak egitea errazagoa da, baina kostako zaie erroko aldaketak egitea. EAJko emakumeek aparteko ahalegina egin beharko dute horretan».
Bihar: Elkarrizketa Andoni Ortuzarrekin.
UDAKO SERIEA. EAJk 125 urte (III). Azken hamarkadak.
Hegemoniaren gakoak aztergai
Trantsizioaren ostean, zentraltasun handia eskuratu zuen EAJk euskal politikan, eta, 40 urte baino gehiago igaro diren arren, horri eusten dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzio nagusietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu