Ikasketak eta kultur munduko lehen urratsak diktadurapean egitea tokatu zitzaien Hego Euskal Herriko emakume idazleei. Nekez kontatu zieten ezer 36ko gerraren aurretik idaztera lotu ziren andreen inguruan; eta, beste eten batzuk tarteko, Ipar Euskal Herrian ere ezinbestez hedatu zen ezjakintasuna. Aurreko belaunaldikoek erantzun behar izan zieten premiei segida eman zieten batzuetan, eta plaza publikoan galdutako lekua hartzeko bidea berregin zuten ezari-ezarian denek.
1. Zer heldu zitzaizun gerraurreko emakume idazleen inguruan? Nola begiratu izan diezu?
2. Transmisio etenak izan du eraginik zugan? Antzematen duzu arrastorik?
3. Azken urteetan, dezente apaldu da androzentrismoa euskal literaturan. Egindako bideak eta gaurko egoerak zer gogoeta pizten dizkizute?
MARIASUN LANDA
(Errenteria, Gipuzkoa, 1949)
«Euskal kulturaren gainean bonba atomiko bat bota zuen Francok»
1. Ezer ez. Etxean, amarengandik erreferentziaren bat edo beste jaso nuen Emakume Abertzale Batzaren inguruan, ze bera gaztetxoa zenean apuntatu zen. Banekien bazeudela emakume militanteak, baina besterik ez; idazleez ez neukan ideiarik. Gero deskubritu ditut, erreibindikatu, eta ezagutu ere bai. Julene Azpeitia lehiaketako epaimahaikidea nintzela, lehenengo deialdian, pertsonalki ezagutu nuen Sorne Unzueta. Geratu zaidan ideia da, batez ere, abertzaletasunak bultzatuta idatzi zutela.
2. Etenaldia gutxi esatea da... Amildegia izan da. Nire gurasoak, aitona-amonak, euskaldunak izan arren, niri frankismoa puri-purian zela erdaraz bakarrik irakatsi zidaten. Eskolaratzea, literatura... dena erdaraz. Niri beti gustatu zait idaztea, eta ikasketak egitera Parisera joan nintzen gazte—Festa aldameneko gela-n kontatzen dut—. Baina euskalduntasunaren eta abertzaletasunaren harra ere sentitzen nuen, eta filosofiaren bidea utzi, eta Zarauzko ikastolan [Gipuzkoa], nolabaiteko etxabe batean, hasi nintzen lanean, ume txiki-txiki batzuekin eta euskara kaskar batekin, 1974an. Berehala konturatu ginen gauzak sortzeko zegoen beharraz. Nire kasuan, ikasleekin lantzeko liburuak, ez baitzegoen ia ezer. Hor sortu ziren nire lehen ipuinak, eta hor deskubritu nuen zein aberatsa den haur literatura modernoa.
Etenaldiak izen bat du: Franco. Euskal kulturaren gainean bonba atomiko bat bota zuen. Hori da nik bizitzan ezagutu dudana: zure gelan batzuek euskaraz zekitela handik 40 urtera deskubritzea, eta halako mila. Ez bakarrik emakumeak. Unamumo, Baroja... Denok genekien haiek zein ziren, baina euskal literatura oso urruti geratzen zen. Emakumeen literatura frantsesez asko jarraitu izan dut nik, eta ikusi dut nola lotu duten haien aurrekoekin. Genealogia. Oso inportantea da ez ahaztea gauden momentuan gaudela beste batzuei esker.
3. Gaurkoa pentsaezina zen orain dela berrogei urte. Normaltasunerako bidea hartu dugu, bere on eta bere akatsekin, eta uste dut idazle emakumeak urrezko aroa bizitzen ari garela. Ziurrenik, gaur, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox [1979] erreferente bat izango da askorentzat; hark erraztu du egun beste literatura klase bat ere egitea.
ITXARO BORDA
(Baiona, 1959)
«Idaztean ene burua idazle gisa ahanztea, hori haiengandik daukat»
1. Bigarren Mundu Gerla finitu ondoan, hogei bat urte berantago sortua naiz ni; Aljeriako gerla betean. Eta iruditzen zait Marijane Minaberri, Maddalen Jauregiberri, Maddi Ariztia... haien segidan sartua naizela ni. Egia erran, gehienbat Marijane Minaberri ezagutzen nuen, zeren eta gure etxean bazegoen haurrendako idatzi zuen liburu bat. Gero ezagutu ditut Hegoaldekoak. Beti kontsideratu izan ditut miresmen handi batekin. Ene belaunaldiko emazte idazleak ere bai, ez pentsa guretzat erraza zenik. Ene belaunaldikoak (Tere Irastortza, Laura Mintegi...) beste gerla batzuetakoak gara. Baina aurrekoentzat ia ezinezkoa zen gizonezko mundu horretan idazle gisa plazaratzea, eta epikotasun aire batekin ere kontsideratzen ditut. Ohoratu dut haien memoria.
2. Bistan da eten bat izan dela; inbisibilitatean izan dira. Marijane Minaberrik izengoitiarekin idazten zuen Herria-n, nehork ez zekien emazte bat izan zitekeenik. Eten horren betetzea orain egin behar da, eta, beharbada, ikuspegi orokor batetik berregin baita ere euskal literaturaren historia.
Nire lanean, euskara mailan beharbada bada haien arrastorik. Badakit badirela hitz batzuk haienak, joera batzuk ere bai; laborantza mundukoak, jendarte baten deskripzioari lotuak... Eta idazten dudanean ene burua idazle gisa ahanztea, hori ere haiengandik daukat.
3. Aldaketa handia gertatu da. Liburu dendetan, euskarazko eskaintzan ikusten da erdia kasik emazte idazleen liburuak direla, eta, adin batzuetan, poesian, adibidez, idazle gehiago dira emakume. Nahiz eta maila sinbolikoan beti gizonezkoak diren idazle Euskal Herrian. Eskatzen bazaio norbaiti bost idazle ematea, gizonezkoen izenak etorriko zaizkio bururat.
Orain iruditzen zait baita ere gure belaunaldikoak ahanzten ari garela: belaunaldi batetik bestera transmisiorik ez da egiten askotan, eta garrantzitsuena unean plazaratzen ari den belaunaldia da beti. Uste dut hor badugula arazo bat historiarekin, eta, bereziki, emazteen historiarekin. Eta, erran nezake, are gehiago Iparraldeko emazteen literatur abenturekin.
ARANTXA URRETABIZKAIA
(Donostia, 1947)
«Nola hala atera gara kobazulotik, eta, orain, argi betean gaude»
1. Hitz gutxitan, ezer ez. Ez nekien ezer. Ni idazten hasi nintzenean, ez nuen euskaraz argitaratu zuten aurreko emakumeen inolako berririk. Bazeudenik ere. Egia esan, apenas ezagutzen nuen ezer euskal literaturaz, agian hiru liburu nituen irakurriak. Nire erreferentziak Frantzian zeuden. Gerora bai ahalegindu naiz zerbait ezagutzen, eta gauza bat dute emakume horiek agian egungo gazteek izango ez dutena: batzuek oso berandu arte idatzi zutela. Beste kontu bat da zer balorazio egiten den haien lanaz, zer ekarri zuten. Baina jarraipen hori interesgarria egiten zait.
2. Nik uste dut esparru honetan gertatzen dela beste esparru askotan emakumeokin gertatzen den gauza bera: ez digute aurrekoa kontatu, eta asmatua zegoena berrasmatu behar izan dugu. Noski, niretzat euskal zerarik ikasketetan ez da egon. Orain gauzak oso ezberdinak dira, baina, nire kasuan, hori azpimarratzeko zerbait iruditzen zait.
Uste dut ezjakintasunak babestu egin ninduela. Pentsatu izan banu lehena nintzela hau edo beste egiten, agian ez nintzateke ausartuko. Baina ez nekien, eta idaztea gauza arrunta iruditzen zitzaidan emakumeentzat, haien lanak gazteleraz irakurrita banituen ere ordura arte. Niretzat normala zen; beste gauza bat da gure testuinguru honetan ez zela normala, baina ni ez nintzen horretaz jabetu. Gauza dezenterekin gertatzen zait hori; nik, idaztean, iruditzen zaidana kontatzen dut, senak adierazten didana, ez dut kontuan izaten hori egin den edo ez den egin. Idaztean, beste itsasargi bat dago niretzat.
3. Oraindik kanona oso maskulinoa da, begi bistan da, baina bide onean gaude; nola hala atera gara kobazulotik, eta, orain, argi betean gaude. Nik jakin nahi nukeena da gaur hasten diren emakume askok iraungo ote duten ala ez. Ze idazteak ez dizu bizitzeko ematen, salbuespen bat edo bi kenduta; behar duzu lanbide bat bizitza aurrera eramateko, gero bizitza bera dago... Horrek idazteko denbora kentzen dizu, eta jakin nahi nuke zenbatek jarraituko duten. Baina, tira, kobazulotik atera gara, hori seguru.
Uste dut oraindik gizonezkoek nahiago dutela gizonezkoak irakurri, eta emakumeok orojaleagoak garela alde horretatik. Epaimahai lanetan ikusi izan dut askotan esaten dela «hau seguru emakume batek idatzi duela», eta gero ez dela beti horrela izaten. Emakume guztiok ez dugu berdin idazten, ezta gizon guztiek ere. Bistakoa da. Baina gizonen kasuan onartuta dago, eta gure kasuan jende askok oraindik ere pentsatzen du emakume izateak idazkera jakin batera eramaten zaituela.
AMAIA LASA
(Getaria, Gipuzkoa, 1948)
«Ez genuen inongo berririk gure herriaren berezitasunari buruz»
1. Gu Francoren garaian egon ginen ikasle, eta euskal kultura, hizkuntza, den-dena gorrotatzen zen. Ez genuen inongo berririk gure herriaren kulturari eta berezitasunari buruz. Eskolatik kanpo, noski, familiak eman ahal zigun guztia hartu genuen, baina ezer gehiago ez. Hutsune handi bat sumatzen genuen; indar fisiko handiko kirolak, estropadak, dantzak... bai, baina idazleak, pintoreak, pentsalariak... ez. Uste ahal izan genuen ez zela halakorik egon gerraren aurretik. Egia da Lizardi ezagutzen genuela, Lauaxeta ere bai, baina hutsunea zegoen. Ezagutuz joan ginen idazleak gizonezkoak izan ziren; oso berandu jakin genuen emakumezkoak ere egon zirela.
2. Noski, etenaldi hori txirotasun bat izan zen guretzat. Ezin izan genuen jakin, batez ere, emakume haien bizipenez, sentimenduez eta hainbat gauzaz. Haien euskara ere aberatsa izango zen, aberatsagoa agian, eta hori dena galdu egin genuen. Etenaldia benetan tristea izan da guretzat. Hala ere, gerora haien bizitza ezagututa, ikusi dut jende oso katolikoa izan zela, eta horrek beharbada urrundu nau... Ez, urrundu ez nuke esango, baina guk ikuspuntu diferentea genuen, hori bai.
3. Pauso asko falta diren arren, asko egin da. Euskal emakume idazleak bere presentzia du euskal literaturaren barruan, eta hori lorpen handia izan da. Espero dut hurrengo belaunaldiek ez dutela izango halako etenaldirik aurrekoekin.
Azpimarratu nahi nukeen beste puntu bat Milia Lasturkoa eta Erdi Aroko andreena da. Pena handia da garai hartako emakumeak ondo ez ezagutzea. Irakurriak ditut, baina oso arin. Eta garai hori erabat interesgarria egiten zait. Nahiko borrokalariak ziren, eta ez dut uste behar bezala sakondu denik haien inguruan.
UDAKO SERIEA. Gerraurreko emakume idazleak (eta VI). Etenaren arrastoak ondorengoengan.
Hautsitako katera batu zirenak
Aurrekoez zer iritsi zitzaien galdetuta, «ezer ez» errepikatu dute gerraosteko urteetan plazaratu ziren emakume idazleek. Frankismoaren etenaldia bista-bistakoa da haien hitzetan, eta «urrezko arotzat» daukate egungoa, ezagututako beste garai batzuen aldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu