UDAKO SERIEA. Komunismoak Euskal Herrian ehun urte (II). Ludger Meesen elkarrizketa.

«Hasieran, Alderdi Komunista bakartuta egon zen, haiek hala erabakita»

EHUko irakasleak dioenez, hastapenetan Alderdi Komunista «oso erradikala» zen, eta horrek asko mugatu zuen haren eragina hedatzeko aukera. 1930eko hamarkadan hasi ziren estrategia aldatzen eta bestelako aliatuak bilatzen.

JON URBE / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Duela gutxi, El laberinto de la representación (Ordezkaritzaren labirintoa, Tecnos, 2021) izeneko liburua plazaratu da, Hego Euskal Herrian 1875etik gaur arte izan diren alderdi eta tradizio politikoak jasotzen dituena. Ludger Mees historialari eta EHUko irakasleari (Essen, Alemania, 1957) egokitu zaio euskal komunismoaren historiari buruzko atala idaztea.

Nola sortu ziren alderdi komunistak Europako mendebaldean?

Nik uste dut hastapenak I. Mundu Gerratik datozela. Gerra hasi zenean, Europako alderdi sozialista ia guztiak zein bere gobernuaren gerra politikaren alde paratu ziren, eta hainbeste miretsitako elkartasun internazionalista hura bertan behera gelditu zen. Lubakietan langile alemanak langile frantsesen kontra aritu ziren, eta hori ezin zen ulertu. Internazional Sozialista ere bertan behera gelditu zen; mundu mailako langile mugimendua sekulako krisian zegoen.

Baina, orduan, Urriko Iraultza gertatu zen.

Lehenbiziko aldiz, bazirudien munduan langileen aldeko gobernu bat iritsi zela agintera. Horrek euforia piztu zuen ezkerreko sektore guztietan, eta erreferente bilakatu zen. Hori sendotzeko eta mundu osora hedatzeko sortu zuen Leninek gerora Komintern edo III. Internazional gisa ezagutarazi zena.

Zein asmo zegoen horren atzean?

Ideia zen sozialismoa ezarriko zuen iraultza mundu osoan gertatuko zela, ez herrialde bakar batean, eta, beraz, ahaleginak batu behar zirela. Horrek, jakina, eztabaida piztu zuen munduko alderdi sozialistetan, baita Espainiako PSOEn ere. 1917tik aurrera, eztabaidak, polemikak eta ezohiko kongresuak ugaldu ziren, eta zatiketak ere bai.

Testuinguru sozioekonomikoa ere kontuan hartu behar dugu:Lehen Mundu Gerraren ostean ia Europa osoan krisi larria egon zen, eta Euskal Herrian ere bai. Langabezia tasa gora joan zen, eta horrek erradikalizatze prozesu bat bultzatu zuen. Planteamendu erradikaletarako egokia zen testuinguru bat zegoen.

Euskal komunista batzuek garrantzia izan zuten prozesu horretan, ezta?

Bai. Hasteko eta behin, Dolores Ibarruri bera, gero PCEren idazkari nagusi izango zen Jose Bullejos bizkaitarra eta beste batzuk ere hasiera-hasieratik egon ziren.

Nola hedatu zen PCE Hego Euskal Herrian?

Errusiako Iraultzak hasieran sortutako euforia hori oraindik bizirik zegoen, eta bazirudien alderdi berriak arrakasta handia lortuko zuela. Bizkaiko Meatzaldeko zenbait lekutan, Gallartan esaterako, indar handia hartu zuten; Bilboko Herriko Etxea sozialisten eskuetatik komunistenetara pasatu zen; baita Donostiakoa ere tarte batez: Gipuzkoan, Hernanin, Tolosan , Pasaian eta beste zenbati tokitan hedatu ziren. Gelditu ezineko mugimendua zela zirudien.

Baina oso azkar ikusi zen gauzak ez zirela horren errazak, eta, pixkanaka-pixkanaka, Alderdi Sozialistak lortu zuen euforia horri buelta ematea.

Zergatik?

Kasu batzuetan, lidergoa edo itzal handiko buruzagi bat egotea garrantzitsua izan zen alderdi bat edo bestea gailentzeko. Soziologiari eta egiturari erreparatuz gero, ez dut uste desberdintasun handirik dagoenik Gallartaren eta Zugaztietaren artean, eta batean PCE gailendu zen, eta bestean PSOE. Baina horrelako faktore pertsonaletatik aparte, badago historialariok batzuetan aintzat hartzen ez dugun beste bat: memoria, alegia.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Gogoratu behar da mugimendu sozialista sortu zenetik hainbat urte igaroak zirela, eta horrek azpiegitura bat eta, nolabait esateko, mikrokosmos kultural bat eta identitate bat sortu zuela. Jende askok oso lotura handia zeukan Alderdi Sozialistarekin eta UGTrekin. Leialtasun hori puskatzea oso zaila da. Batzuetan, koiunturak pasatu egiten dira, eta jendeak nahiago izaten du sustraietara itzultzea eta horri eustea.

Badago beste faktore bat: garai hartan, komunismoa oso mugimendu erradikal eta iraultzailea izan zen. Leninek ezarritako 21 baldintza haietan proletarioen diktadura sustatzea, indarra erabiltzeari muzin ez egitea eta abar zeuden. Sozialistek, berriz, bazuten ordurako tradizio parlamentarista sendo bat; hori atzean uztea eta dena karta bakar batera jokatzea, jakinda gainera karta horrek errepresioa zekarrela ezinbestean, langile askorentzat ez zen bide egokia. Pentsa: sozialistak «klase etsaiak» omen ziren, eta hildakoak ere egon ziren sozialisten eta komunisten arteko liskarretan. Jende askorentzat hori ez zen bide zuzena, eta komunistek urte asko behar izan zituzten horretaz jabetzeko eta estrategia aldatzeko.

Ildo politiko hori oztopo izan zen alderdiaren garapenerako?

Lehenengo urte haietan Alderdi Komunista bakartuta gelditu zen, haiek hala erabaki zutelako. Oso militante kopuru mugatua izan zuten: II. Errepublika iritsi zenean 800 militante inguru zituzten lau herrialdeetan. Hori oso gutxi da. Apurka-apurka alderdiko buruzagiak, eta Moskukoak ere, horretaz jabetu ziren.

1933an, Euskadi Roja astekaria sortu zen, eta 1935ean, berriz, EPK Euskadiko Partidu Komunista. Zergatik?

Erabaki horien atzean hainbat faktore daude. 1933an, estatutuari buruzko galdeketa egin zen, eta baiezkoak sekulako arrakasta lortu zuen, alderdi komunista aurka agertu zen arren. Nazio auzia pil-pilean zegoen. Eta batzuek gogoratu zuten Leninen doktrina ofiziala auzi honetaz: autodeterminazioa bultzatu behar zen, baina ez nazio bakoitzak horretarako eskubidea duelako, baizik eta estrategia ikuspegi batetik, estatuaren burgesia ahultzeko eta zapaldutako nazioaren langileak bereganatzeko. Euskadi Roja-n hainbat eta hainbat artikulu daude horren inguruan.

Hori bat dator Moskuk egindako aldaketa estrategikoarekin: «klasea klasearen kontra» estrategia hori alde batera utzi, eta beste sektore ezkertiar batzuekin nolabaiteko elkarlana bultzatu; betiere, beraiek kontrolatu eta hegemonia lortzeko asmoz. Langile aliantzak eratu ziren sozialistekin eta beste sektore batzuekin, eta leku askotan arrakasta handia lortu zuten. Jakina, horren atzean zegoen, hain zuzen, faxismoaren gorakadari aurre egin nahia Europako leku askotan. EPK sortzeak zerikusia du irekitze horrekin, eta erabakiak hemen hartzen direla adierazteko nahi horrekin.

Nolakoa izan zen PCEren jarrera frankismoan?

Frankismoaren kontrako borrokaren lehenengo urteetan, seguru asko, Alderdi Komunista aktiboena izan zen. Jesus Monzon nafarrak zuzendutako gerrillarien mugimendu hark porrot egin zuen, eta, 1950eko hamarkadaren erdialdera arte, azpiegitura handirik gabe ibili ziren, baina gero berriro hasi ziren oso indartsu Bizkaian. Seguru asko, Langile Batzordeak sortu zirenekogarai hura izan zen Alderdi Komunistak eragin handiena izan duen aroa.

Baina trantsizioa iritsi zenean, hauteskundeetako emaitzak ez ziren indar horren araberakoak izan.

Seguru asko, lehen aipatu dudan memoriaren faktore horrek garrantzi handia izan zuen. EAJk eta ELAk tradizio handia zuten, leialtasuna landua zuten, eta hori ez da egun batetik bestera ahazten: jendeak jarraitu nahi du bizitza osoan landu duen leialtasun eta identitate horrekin. Komunistek ere bazuten tradizio hori sektore txiki batean, baina ez zuten lortu hortik ateratzea eta jende gehiagorengana heltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.