UDAKO SERIEA. Familiak migrazio prozesuen amaraunean (I). Katia Reimberg eta Soraya Ronquillo. Bidez Bide elkarteko kideak

«Guraso izanda, oso ondo prestatu behar da bat egitea»

Migrazio prozesuetan laguntza eskaintzen eta immigranteen gorabeherak ilunpetik ateratzen aritzen dira Reimberg eta Ronquillo; andrazko etorkinekin, bereziki. Argi dute sendiak batzeko giltzarria dela aholkularitza.

arantxa iraola
Donostia
2017ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Biak etorkinak dira. Badakite zer den kanpokoak izatea, besteak izatea. Soraya Ronquillo (Tingomaria, Peru, 1961) eta Katia Reimberg Castello Branco (1977, Sao Paulo, Brasil) dira, Bidez Bide elkarteko kideak. «2009an sortu zen elkartea, emakume etorkinei ikasketen homologazioan laguntzeko asmoz», gogora ekarri du Ronquillok. Apurka, hedatu ere egin zuten jarduna. Indarra jarri dute, esaterako, Latinoamerikako andrazko etorkinen errealitatea erakusteko dokumentalak egiten —usu zaintza lanak haien esku geratzen direla berretsi du Ikuspegi immigrazioaren behatokiak azken txostenean—. «Garrantzitsua da gure kaleetan aitona edo amona bat zaintzen ari den andre horren errealitatea zein den jakitea; hark ere badu bere istorioa. Zer dago pertsona horren atzean? Zein da? Bakarrik dago? Han utzi ditu seme-alabak?». Azaldu dute lan asko itaun horiei erantzuten egin dutela urteotan, eta familiak batu nahi dituzten etorkinei laguntza eskaintzen. Horretarako ehundu zuten 2012. urtean Zure Ondoan programa.

Gehienetan, zer-nolako arta behar izaten dute familia batzekoak diren etorkinek?

SORAYA RONQUILLO (S.R.): Guk garrantzi handia ematen diogu prebentzioari, prozesuaren prestaketari. Oso prozesu garrantzitsuak dira, eta helduek prestatu egin behar dute horretarako. Migrazio prozesuek kultura berri batera etortzea dakarte usu: familia eta adiskideak uztea, sorterria, hango usainak... Dolu hori bizi egin behar da. Andre edo gizon batek geratzea erabakitzen badu, eta gurasoa bada, oso ondo prestatu behar du familiarekiko bat egitea, berriro elkartze hori ahalik eta ondoen egiteko. Demagun guraso horrek 4 urterekin utzi zuela umetxo bat, eta orain, ondora dakarrenean, 12 dituela... Urte askotako etena dago hor, eta berriz elkar ezagutu beharko dute, berriz eraiki beharko dute batzen dituen lotura; gure ustez, hori hobeto egin daiteke profesionalek lagunduta. Garrantzitsua da, esaterako, adingabeak badatoz, zein adin duten ongi aztertzea, eskolan ikasturtea hasieratik abiatu ahal izango duten ikustea, zein hizkuntza eredu hautatuko duten ongi aztertzea. Guk, ahal dela, D ereduaren aldeko hautua sustatzen dugu...

Baina 15 urteko nerabe bat badator, ez da erraza, ezta?

S. R.: Adinaren araberakoa da, bai. Malgu jokatu behar da halakoetan. Baina garrantzitsua da, oro har, helburu akademikoez harago ere begiratzea. Aintzat hartu behar da adingabe horiek dolu prozesu bat pasatu beharko dutela, eta, adingabeak diren heinean, horri aurre egiteko baliabiderik ez dutela sarri. Atzean utzi behar dute sorterrian izan duten zaintzailea, hango adiskideak, eta urte askotan ikusi ez duten guraso batekin bat egitera datoz. Denbora eskatzen du horrek, eta ondo prestatu behar da horretarako. Andreen kasuan, askotan erruduntasun handi bat sentitzen dute seme-alabak han utzi dituztelako.

Eta erru sentimendu horrek asaldatuta, andre asko ikusten dituzue edozertarako prest haurrak ekartzeko?

S. R.: Jakina. Andre askok hemen geldituko direla erabakitzen dutenean ekarri nahi dute familia. Bidezko desioa da. Seme-alabak nerabeak badira, ordea, galdetu egin behar zaiela esaten diegu.

«Etorri nahi duzu?». Zintzurrean korapiloa sortuko duen galdera bat izango da guraso askorentzat, ebakitzen aski zaila...

KATIA REIMBERG (K.R.): Bai, baina egin egin behar da. Nik, elkartean artatzen ditugun emakumeei so, argi-argi ikusten ditut amatasunaren inguruan dauden ideiak; ama izateko era bat gailentzen da, eta emakume askok porrot gisara sentitzen dituzte hortik apartekoak. Fantasia handiak eraikitzen dituzte usu seme-alaben etorreraren inguruan, eta ikusten badute haiek ondora ekarri eta hilabetera itzuli egin nahi dutela, porrot egin dutela sentitzen dute. «Ez naiz gai guraso gisara». Eta argi izan behar da seme-alabekin berriz lotura osatu behar bada gorabeherak izaten direla sarri askotan bidean. Halakoak erruduntasun handiarekin bizi dira, ordea; guztiz sozializatuta dago amatasun eredu bat, eta ez da aintzat hartzen umeak hazteko hainbat era egon daitezkeela.

Badira aski baliabide familia horiei arreta egokia emateko? Bidean laguntza eskaintzeko?

S.R: Gizarte zerbitzuetan, hainbat udalerritan, psikologo komunitarioak-eta badira. Guk Zure Ondoan programa genuen propio halakoetarako, baina bertan behera utzi behar izan genuen, diru laguntzarik ez genuelako. Baina sendiei esaten diegu joateko gizarte zerbitzuetara: azaltzeko nola dauden, eta eskatzeko laguntza. Garrantzitsua da arazo handiak —elkar ez ulertzea, arbuio keinuak, bortxa...— agertu aurretik eskatzea laguntza, baina prebentzioak ez du askorik funtzionatzen. Askotan, egoerak gainezka egin dienean jotzen dute familiek laguntza eske...

Legeak familiak batu ahal izateko ezartzen dituen baldintzak ez dira batere samurrak. Horiek bete ezin, eta turista gisara ekartzen dituzte askok senitartekoak: legez kanpo. Kasu etsi asko ikusten dituzue?

S. R.: Bai, eta, legezko prozesuaz gain, horrek dakarren alde emozionala ere landu egin behar da...

K. R.: Etorkin asko, esate baterako, egoiliar ari dira lanean: etxeko lanetan, eta hantxe bizitzen, zaintza lanetan gehienetan. Egoera horretan, noiz egongo dira seme-alabekin?

K. R.: Bai, eta guk horretan pentsatzera animatzen ditugu prozesuan dauden pertsonak.

Argudiatzen duzue aurreiritzi gehiegi daudela emakume horien inguruan. Esaterako?

K. R.: Utz diezaiogun mitifikatzeari; hona datozenak ez dira behartsuenak. Migrazio prozesua hasten duenak badu zerbait, badu oinarri bat; etxe bat edo auto bat bahian emateko era izan du, diru kopuru bat eskuratzekoa, zor bat bere gain hartzekoa...

S.R: Zaintza lanetan ari diren emakume askok adierazi digute han debalde egiten zuten lana pagatu egiten dietela hemen: «Hemen pagatu egiten didate zaintzeagatik». Badira emakumeak, era berean, Latinoamerikan etxeko lanetan ari zirenak, baina hemen askoz ere diru gehiago irabazten dutenak jardunbide horretan aritzeagatik. Baina, egia da, jende behartsuena ez dator. Emakume asko etortzen dira, esaterako, seme-alabek unibertsitate ikasketak egin ahal izan ditzaten. Asko bikotekiderik gabe etortzen dira, edo, behin hona etorrita, hautsi egiten dute harremana...

Bakarrik etortzen diren andreentzat, garrantzitsua izango da, seme-alabak ekarri nahi badituzte, ume horien aitekin horri buruzko akordio bat lortzea...

S. R.: Bai, andrazko gehienen lehenengo asmoa ez da izaten geratzea. Gehienak, hasieran, bolada baterako etortzen dira; asmoa izaten da hona etortzeko sortu duten zorra pagatzea, diru pixka bat aurreztea, eta itzultzea... Baina migrazio prozesua ez da lerro zuzen bat: aldatuz joaten da. Etorritakoan jakiten dute hiru urte egiten badituzte eta kontratu bat eskuratzen badute paperak lor ditzaketela. Behin urrats hori eginda egiten dute gehienek lehen bisita sorterrira, eta, prozesu horri atxikita, migrazio proiektua birformulatzen dute askok... Geratzea erabakitzen badute, orduan hasten dira sendia batu behar dutela pentsatzen. Maiz umeen aitekin negoziatu behar dute orduan.

Zaintza lanetan jardun beharrean daude usu andre etorkinak. Zail da binomio hori hausten...

K. R.: Bai; ikusten ari garen kasu askotan, seme-alabak dituzten andreek, edo ahizpa gazteagoak dituztenek, diruz lagundu dituzte seme-alaben edo senide gazteagoen ikasketak; baina, gero, ikasketak egin dituzten andre gazteago horiexek datoz amak edo ahizpak ordezkatzera etxeko langile egoiliar gisara dituzten lanetan. XXI. mendeko esklabotza da langile egoiliarrena, eta horrelaxe betikotzen ari da zirkulu bat. Horregatik ari gara bultzatzen etorkinak haien tituluak homologatzera...

Prozedura zailak izaten al dira ikasketak homologatzekoak?

K. R.: Karreren araberakoa da. Batxilergoa bitarteko tituluak homologatzea errazagoa da, baina unibertsitate tituluetan egoera aski ezberdinak izaten dira.

Homologazioa lortu eta gero, paradoxa bat sor daiteke. Homologazioa izan arren, paperik ez izatea eta legez kanpoko egoera batean jarraitzea, lanik egin ezinik...

K. R.: Ez da panazea, baina aukerak irekitzen ditu. Nik nire batxilergoa homologatzen badut, esaterako, lanbide heziketarako atea ireki nezake, eta lanbide heziketarako atea irekita, adibidez, praktikaldi bat lor dezaket... Hiru urte pasatuta paperak ere eskuratzen badituzu, ate berriak zabal ditzakezu. Homologazioak ez dizkizu konponduko arazoak, jakina, baina zaintza lanen eremu hertsitik atera nahi baduzu, ezinbestekoa da bide hori.

Latinoamerikako andreekin jardun duzue zuek, bereziki. Hego Ameriketako sendi askotan, haiek dira migrazio prozesua hasten dutenak. Beste kontinente batzuetan, ohikoagoa izaten da aurrena gizonak etortzea, eta haiek batzea gero familia. Horrela datozen andreen errealitatea ezezagunagoa da?

S. R.: Afrikatik abiatzen diren migrazio prozesuetan, esaterako, gizona izaten da etortzen lehena, eta hark gero egiten du familia ekartzeko ahalegina. Gizarte aski matxistetatik datoz askotan. Guk, hala ere, ez dugu erlazio handirik familia horiekin...

K.R.: Ditugun kontaktu apurren arabera, familia horietan andreek, etorri eta gero ere, lehengo rolari eusten diote sarri askotan, sorterrian baleude bezalaxe. Gizonak hornitzen du etxea diruz, eta gizonak erabaki zuen emaztea eta seme-alabak nora ekarriko zituen. Ondoren, andre horietako asko etxean daude, umeak zaintzen, janaria prestatzen... Zenbait saiatzen dira lanbideren bat aurkitzen, baina ez da batere erraza izaten; jendeak, oro har, nahiago izaten du emakumezko latinoak kontratatzea: kultura eta hizkuntza aldetik, gertuago ikusten dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.