BASE jauzian, beldurra gainditzeak ematen du pizgarri handiena. Amildegiaren aurrean dagoenean, Berastegi lasaitzen saiatzen da, eta egin beharrekoa berriz aztertzen du: zenbat segundoko hegaldia den, non lurreratuko den...
Amildegiaren aurrean zutik zaudenean arnasa hartzen duzu. Paisaiari begiratu. Lasaitzen saiatu... Baina jauzi egitean gozatzen duzu: grabitaterik eza eta isiltasuna». Alex Berastegik irrikaz hitz egiten du jauziaren osteko lehen segundo horiez. Airean eskegita, eta isiltasuna. Segundo gutxi irauten duen isiltasuna, abiada hartu ahala haizearen soinu txistukariari lekua uzten baitio.
Euskal Herrian BASE jauzia egiten duten pertsona apurretako bat da Berastegi (Bilbo, 1977). Ingelesezko akronimoa da kirol horren izena, BASE: Building, Antenna, Span, Earth (eraikina, antena, zubia, eta lurra edo amildegiak). Hau da, geldi dauden tokietatik egindako jauziak. Horiek dira BASE jauzi «puruak». Ordea, sentsazio bertsua eragiten duten beste euskarri batzuk ere badaudela azaldu du: globo aerostatikoak, helikopteroak eta bi pertsonarentzako parapenteak.
Gakoa altuera dela azaldu du. Ohiko paraxutismoa 4.000 metro ingurutik egiten da, eta hegan egiteko zein paraxuta zabaltzeko denbora gehiago dago. Lurretik 1.000 metrora irekitzeko aukera dago, eta, guztiz zabaldu arte, 300 metro inguru eman ditzake. Beheragotik egindako jauzietan, berriz, 1.000 metrotik beherakoetan kasurako, hegaldia ahalik eta gehiena luzatzeko materiala behar da, BASE jauziko materiala. Azkarrago zabaltzen da, eta sendoagoa da.
Hegazkinekin jauzi egitea «oso polita» dela aitortu du, baina azaldu du «zarata eta haize handia» izaten dela. BASE jauzian ez dago halakorik, ordea. Amildegiaren ertzera gerturatu ahala, ez dago zaratarik; beldurra bai, ordea. «Beldurra sentituko ez bagenu, hilda geundeke! Zentzugabekeria litzateke! Baina beldur hori gainditzea da politena». Jauzi egin aurretik gorputzak «ezetz» esaten duela dio Berastegik, baina gaineratu du jauzi egingo duen eta gustatuko zaion segurtasuna duela barruan. Dena den, esan du horretarako materialaren segurtasun osoa izan behar dela.
«Jauzia ez da amildegira botatzea soilik; hori aurretik egindako guztiaren emaitza baino ez da, ginga». Jauzia askoz lehenago hasten dela azaldu du Berastegik, bidaia prestatzen hastean. Hain zuzen ere, jauzi gehienak natura eremuan izaten direla azaldu du. Lekuan bertan ikusi behar da lurreratzeko lekua nolakoa den eta non hasiko den jauzia.
Paraxuta tolestea gakoa
Jauziaren ezaugarriak ikusita, edota aurrez bildutako informazioa aztertuta, jauzia prestatzeko une garrantzitsuenetako bat heltzen da: paraxuta tolestea. «Prozesu horretan, 50 minutu eta ordu bat inguru eman dezakezu, eta, hori egiteko, jauziak zer ezaugarri dituen jakin behar duzu».
Berastegik azaldu du irekiko den abiaduraren arabera tolesten dela paraxuta; egingo duen hegaldiaren arabera, altuera kontuan hartuta. Bi adibide jarri ditu. Lurretik 90 metrora, BECen, jauzi egitean paraxuta irekitzen da abiadura hartu aurretik. Azkar zabaldu behar da, bat-batean, lurra gertu dagoelako. Ordea, 1.000 metrotik jauzi eginez gero, 11 segundoko hegaldia egiteko aukera dago, baina paraxutak 200 orduko kilometrora doan pertsona bat gelditu beharko du. Bat-batean zabalduz gero, BECen bezala, lehertu egin daiteke.
Prestaketa prozesu guztiaren garrantzia nabarmendu du Berastegik. «Amildegiaren aurrean zaudenean, ezin duzu pentsatu ea paraxuta ondo tolestu ote duzun edo ez». Horrez gain, jauzia egiterakoan dauden baldintzak kontuan hartzea funtsezkoa dela gaineratu du. «Gerta daiteke jauzi bat prestatzea denbora luzean, baina egunean bertan baldintza txarrak egotea eta oinez jaitsi behar izatea». Muturreko kirola izan arren «erokeriarik» ez dela egiten esan du. «Gure asmoa jauzi egiten jarraitzea da; ez badugu argi ikusten hegaldia ondo bukatuko dela, hobe jauzia ez egitea».
Berastegik kritikatu du hedabideek istripuak daudenean baino ez diotela kasu egiten BASE jauziari, eta are gehiago istripua izan duen pertsona ezaguna bada. «Istripuak gertatzen dira? Bai, baina beste edozein jardueratan bezala. BASE jauzia ezagutzen dugunok jakin badakigu albisteak planteatzeko modua sentsazionalista dela, baina gure inguruko pertsonengan eragiten du, eta beldurra sorrarazten die zalaparta horrek guztiak».
Bestetik, gaineratu du BASE jauzi guztiak multzo berean sartu ohi dituztela eta hori ere ez dela hala. «Gorbeiara eta Himalaiara doazenak mendizaleak dira, baina arrisku aldetik ezin dira parekatu», zehaztu du, eta arrisku maila ezberdinak daudela agerian utzi.
Bide luzea BASEra heltzeko
Pertsona askorentzat erakargarria bada ere, BASE jauzietara heltzeko bide luzea egin behar da. Hain zuzen ere, kirol horretan hasi aurretik, derrigorrezkoa da beste kirol batean trebatzea: paraxutismoan. Horren bitartez, BASE jauzirako derrigorrezkoak diren gaitasunak garatu eta landu daitezke, berme handiagoa ematen duen leku eta material batekin. Paraxutismoa araututako aerodromoetan egiten da, eta materialak ere segurtasun neurri gehigarriak ditu.
Berastegik bide hori guztia egin du, baina baliabide bereziak izan ditu ohi baino azkarrago egiteko. 2009an, Discovery Channel telebista kateak kanpaina bat hasi zuen, «Discovery sena» zuen pertsona baten bilatzeko. «Ba, nik badut sen hori!» esan, eta bideo bat bidali zuen. 4.000 pertsonaren artean aukeratu zuten, eta Alas proiektuan ari ziren paraxutisten esku geratu zen: Alvaro Bulto, Santi Corella eta Toni Lopez. «Orduko Espainiako puntako paraxutista onenak».
«Nirea bainoago, Alas proiektuko kideena zen erronka», argitu du Berastegik. Ideiarik ez zuen pertsona batek oinarrizko jantzi hegodun batekin (wingsuit) hegan egiteko erronka finkatu zuten, hegazkin batetik egindako 50 jauzitan. Berastegik berak zehaztu du erronkaren maila: «Ehun jauzi baino gutxiago dituztenei ez diete uzten jantzi hegoduna erabiltzen, eta, arauen arabera, horijantzi aurretik berrehun jauzitik gora eginak izatea da egokiena».
Berastegik 50 jauzi egin zituen hamabost egunean, eta azkenak Alas proiektuko kideekin batera hegan egiten izan ziren. «Nire ardura bakarra zuzen joatea zen; haiek egin zuten gainontzekoa».
Bi aste horietan aerodromoan mugitzen irakatsi zioten, airean egin beharreko mugimenduak doitzen, paraxuta gidatzen... Baita hegan egiteaz gozatzen ere. «20-25 jauzi eginak nituela, Santik [Corellak] esan zidan gozatzeko jauzi bat egingo genuela. Soinean nuen arroparekin egin nuen: praka motzetan eta kamisetarekin. Biok bakarrik egin genuen. Jauzi egin, eta Peter Panen moduan hasi ginen hegan egiten, ingurutik mugitzen, eskua ematen... Hori izan zen maitemindu ninduen lehen jauzia».
Jantzi hegoduna dela-eta gaizki ulertuak izan direla azaldu du Berastegik. «Jauzia gauza bat da, eta jantzia, beste bat». Hiru eratako jantziak erabil daitezkeela azaldu du: kaleko arropa, tracksuit-a eta wingsuit-a. Tracksuit-a apur bat puzten den jantzi bat da, eta diagonalak egiteko baliagarria da; wingsuit-ak, jantzi hegodunak, hegan egiteko aukera ematen du, hanken artetik eta besoetatik enborrera doan ehunari esker. Baliabide horiek ikasteko aukera ematen du paraxutismoak, gero BASE jauzian erabili ahal izateko.
Zion Flyersen sorrera
Duela urte gutxi, Euskal Herrian BASE jauzia egiten duten pertsona batzuek elkartzea erabaki zuten, gustukoen dutena izen beraren babesean egiteko: Zion Flyers. «Ezagunak gara, elkarrengandik gertu bizi gara, eta jauzi egiteko elkartzen garen lagunak gara. Hortaz... Zergatik ez?». Izen baten babesa izateak jardunaren komunikazioa erraztu diela aitortu du Berastegik. «Errazago gogoratzen dute gure taldearen izena, han gauden lauzpabost lagunen izenak baino».
Zion Flyerseko kideak elkartu direnetik, izen hori eraman dute Europako hamaika txokotatik: Arrasateko AP-1 autobideko zubitik Eigerreko iparraldeko paretara arte (Suitza). Aurrera begirako erronkak ere badituzte: gertuena, Iberdrola dorrean, Bilbon. Betiere, grabitaterik ezaren eta isiltasun segundo horien bila.
UDAKO SERIEA. Muturreko kirolak (II). Alex Berastegi
Grabitaterik eza eta isiltasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu