Esaldi bakarrarekin laburbildu behar balitzGonzalez familia, hau litzateke: «Uste dut gure artean, familian,dugun oreka dela gure arrakasta». Jean Mixel Gonzalezen (Baiona, Lapurdi, 1967) solasaldiko azken errana da hori; esaldi borobila bada hirukotea ulertzeko, eta, hein batean, kirolean duten arrakasta eta kirolarekin duten loturaren zergatiak hautemateko. Jean Mixel Gonzalez nazioartean aritutako errugbilari profesional ohia da; gaur egun, ASBko emakumeen entrenatzailea da. Alboan ditu Marie Pierre Gonzalez, bizilaguna duena, eta Amaia Gonzalez, bien alaba.
Jean Mixel Gonzalezen errugbi jokalari gisako ibilbide luzea datuz azaltzea errazagoa da erranez baino; hamahiru sasoi egin zituen Baionan, bederatzi Miarritzen, bi aldiz izan zen Top 14 Frantziako ligako txapeldun, behin Frantziako Kopakoa, eta 35 partida jokatu zituen Frantziako selekzioarekin. Euskal Herriak eman duen jokalaririk onenetarikoa da. Hala ere, ospeak ez du aldatu. «Miarritzerekin bi aldiz txapeldun izateagatik ez naiz munduko erregea, ez naiz ezer». Argi eta garbi dio, bi oinak lurrari lotuak ala errotuak, etxe ondoan duten haritz zaharraren sustraiak bezala. «Biharamunean lanera joan behar dut, enpresa ireki, lankidea agurtu goizero, langileak janarazi, nire familia janarazi... Hara, bizitza etengabeko berrabiatzea da».
Jean Mixelen ibilbideak familiako beste kideen ibilbidean eraginik izan duen galdegitean, gisa berekoak dira jaso erantzunak. Marie Pierrek, lehendabizi: «Ez da deus aldatzen, segitzen dugu kirolean plazera hartzen, eta kito». Amaiak, ondoren: «Ez da geure buruari eginbeharrak jartzen dizkiogula aitak tituluak irabazi dituelako. Txapelak izango dira, edo ez dira izango, baina kirola, oinarrian, pasioa da». Hirurak, xume, umil; alta, bi emakumeek ere badituzte beren lorpenak. Marie Pierre Frantziako zein Euskal Herriko txapeldun izan zen palaz, eta paletan munduko txapelketako finala jokatu zuen Parisen, 1989an —trinketean zein ezkerparetan jarduten zen—. Baina ez eskatu datu askorik. «Ez naiz batere gogoratzen ez datez, ez beste deusetaz. Niri erraten zidaten jokatu behar duzu leku horretan, ordu horretan, eta kito!». Kito, beraz. Amaia, azkenik, 15 urterekin hasi zen errugbian ASB klubean. Gaur egun, 22 ditu, eta zazpi urteotan ibilbide oparoa izan du. Azken sasoi honetan, 2. Mailako txapeldun izan da, eta Top 10 goren mailara igo da. 2014an ere irabazi zuen Bigarren Mailako txapela, eta, urte hartan, gazte mailako Frantziako txapeldunorde izan zen. Frantziako selekzioarekin bi partida jokaturikoa da dagoeneko.
Arrakastaren giltzak
Kirola eta familia, bietan, osagai berekin konposatzen dute, eta Jean Mixelek laburbildu du nola. «Gaur egun, uste dut beren burua zalantzan jartzen ez duten pertsonek ez dutela oso ongi ulertu zer gertatzen ari den. Gero aztertuko dugu auzokoak egiten duena, baina gure performantziak, portaerak, bizitzeko moldeak... Aztertu behar dira lehenbizi. Bestela, ezin dugu aurrera egin, ez kirolean, ez lanean, ezta familian ere. Garrantzitsua da, denak berdinak gara azkenean».
Kirolean, familian, lanean... Etengabekoa da zalantzan jartzeabera, baina zertarako? «Aitzinatzeko», dio errugbilari ohiak, entrenatzaile eta aitak. «Porrotean, negatiboa positibo bihurtu behar da, huts bera berriz ez egiteko. Irabaztean, jakin behar da zergatik, eta norberaren burua zalantzan jarri, irabazten segitzeko». Irizpide horrek kirolean zein familian balio duela uste du. «Maiz, porrot bat berritzen denean, pertsonak bere burua zalantzan jartzen ez duelako da».
Horretan guztian familiak duen pisua nabarmendu dute hirurek. Marie Pierrek, lehenik. «Garrantzitsua da, oreka ematen du; jokalariek desoreka bat dutenean, zelaian berehala ikusten da. Familia oinarri bat da, nire ustez». Jean Mixelek gehitu du. «Oreka etxean da; etxean dena ondo ez badoa, ikusi egiten da». Baina nola egiten da? Zuk, Amaia, adibidez? «Guztiaren giltza hitz egitea da. Zerbait ez dabilenean, zaila da, baina familiarengana biltzen naiz hitz egin eta aitzinatzeko. Hori egiten dudanean, dena ongi doa». Mari Pierrerentzat jardun «naturala» da hori: «Pausatzen uzten dugu pixka bat, eta gero hitz egiten dugu». Hori da, beraz, oreka horren giltza: hitz egitea eta zalantzan jartzea etengabe.
Emakumeak kirolean
Jean Michel ASB Baionako emakumeen entrenatzailea da, Amaia klub bereko jokalaria, eta Marie Pierre, goi mailako kirolari ohia izateaz gain, errugbizalea da. Maiz entzuten da kirolean emakumeek gizonek baino gehiago egin behar dutela aitorpen maila berera iristeko. Baiezkoa bota du Jean Mixelek berehala, baina Marie Pierrek zehaztu egin du: «Bai kategoria batzuetan, baina ez pilotan». Azaldu egin du bere ustea. «Mutilen kontra ari nintzenean, haiek ez ziren biziki kontent. Erotuak ziren, eta nitaz oroit ziren, baina inoiz ez didate deus erran. Haiek biziki ongi bazekiten nor nintzen; nik ez beraiek nortzuk ziren». Amaia gizonekin batera hasi zen errugbian. «Iristen ikusi nindutenean, pentsatu zuten: 'Zertara dator hori?'». Probak egin behar izan zituen, «pixkanaka, egiten nekiena erakutsi nien. Asko erakutsi behar zaie mutilei onar dezaten neska bat haiekin aritzea». Hala eta guztiz ere, maila horretan «inoiz» ez duela arazorik izan dio ASBko jokalariak, eta «normaltasunean» sartu dela. Gogo handiagoa eragiten ote du muga horrek? «Irriarazten ninduen gizonek galtzen zutelarik», onartu du alabak; Mari Pierrentzat ere akuilua zen. «Bai, gogo handiagoa ematen dizu». Esperientziaren ahotsa da harena. «Neska batek lortzen duenean mutilen mailan izaten, edo, doi bat hobea izaten, biziki ongi pasatzen du. Doi bat txarrago baldin bada, aldiz, ez da hain ongi pasatzen».
Jean Mixelek ere badu zer kontatua, ASBko emakumeen entrenatzaile izan da azken sei urteetan, eta 2014 eta 2016 artean Frantziako hautatzaile izan zen, eta 2015eko Sei Nazioak irabazi zituen. «Niretzat, deskubritzea izan da;ustekabean iritsi naiz. Jendeak erraten zidan zer arraio ari zira emakumeekin?». Zintzoki azaldu du. «Lehen, emakumeak entrenatzen zituztenak, maiz gizonetatik baztertuak ziren entrenatzaileak ziren». Emakumeak eta gizonezkoak trebatzeko orduan ezberdintasunak badaudela uste du. «Bai, bada ezberdintasun bat. Guk, gizonok, ariketa bat egingo dugu zozo batzuek bezala, pentsatu gabe. Emakumeei, aldiz, esplikatu egin behar zaie zergatik egin behar duten, zer ekarriko dien. Hori ulertzen ez duten bitartean, ez dute eginen, edo gaizki eginen dute. Behin jabetu direnean, baina, egingo dute, errepikatuko dute, perfektua izan arte». Eta gizonengana itzuli da. «Guri gizonoi baloi bat eman, lau zutoin jarri, eta erraten bazaigu inguruan itzulika ibili behar dela, eginen dugu, pentsatu gabe». Eta emakumeek?«Alde psikologikoa ezberdina da, uste dut gehiago komunikatu behar dela haiekin. Galderan dira beti: zergatik?, zergatik?, zergatik? Ez badugu erantzuten, ez dute eginen».
Bere teoriak eguneroko lanean zer dakarkion azaldu du. «Gizonok sasoi batetik bestera eskemak eta beste guztia ahanzten dugu; emakumeei eskema eginarazten diegu bi aldiz, eta hurrengo sasoian oroituko dira. Berehala heldu zaie berriz». Teknikoki, kirol ikuspegitik, eta, funtsean, beste edozein lekutatik begiratuta,abantaila izugarria da. «Gaitasun interesgarri hori dute; guretzat ere, entrenatzaile gisa, urte batetik bestera plantan jarri genuena lantzen ahal dugu berriz, hobekuntzekin jarraitzeko».
Lehen oroitzapenak
Familia argazkietan bila hasi dira, eta hor ere kirola ageri da. Marie Pierrek Jean Mixelen ibilbideaz duen oroitzapena bigarren alabari lotua da; «Anoetan jokatu zenH Kupeko final-laurdena dut gogoan; estadioa betea zen, zarata handia zen, eta bigarren alaba besoetan nuen, seko lo». Amaiaz duen oroitzapena, berriz, 18 urterekin irabazi zuen Frantziako lehen titulua da. Segundo bat pasatu da, lasai, airean zintzilik. Amaiari galdegitean, beste irudi bat datorkio: «Aitaz dudan oroitzapena da Miarritzen jokatu zuen azken partidua, zelai erdian eskutik heltzen niolarik». Eta amarena? «Ni ikustera etorri den aldi bakoitzean bukaeran ematen didan besarkada. Beti hor da behar denean».
Jean Mixeli dagokio orain. Marie Pierrek erran bezala «konplikatua da». Amaia eta Marie barrez ari dira, Jean Mixelen atsekabea eta isurtzeko zorian diren malkoak babestu nahian agian. «Nik Mariez dudan oroitzapena da bere garaian denei irabazten ziela», hatsa hartu du. Sentibera dela jakina da, eta bigarren tontor bat du igarotzeko. «Amaiak 15 urte egin aurretik erran zidan errugbian jokatu nahi zuela, eta ezetz erran nion». «Orduan, zer erran nizun?», erantzun dio Amaiak. «Ez duzu nahi errugbian aritzea? Bada, futbolean jokatuko dut!». Irriz hartu ditu Jean Mixelek alabaren hitzak. «Bai egia da, eta 15 urtekoentzat Baionan neska errugbi talde bat bazela ohartarazi zidan. Erran nion 15 urte izaten zituenean ikusiko genuela. Bete zituen egunean, berriz errugbia aipatu zidan, eta ASBn hasi zen jokatzen. Gero bere ibilbidea dut gogoan, atsegina da».
Entrenatzaile-aita, jokalari-alaba eta ama-babesle, familia eta kirol mundua uztartzen dituen hiru profil. Jean Mixelek zuzen hitz egin du. «Momentu horietan ez naiz gehiago aita, entrenatzailea naiz; hori argi eta garbi da, lehen egunetik hala da». Euskal Kostako Entrenatzailea izan izen, eta hala hitz egin zion alabaz kargua eskaini zionari. «Jokatzea ez badu merezi, ez da selekziora etorriko, klubean bezala, ez du jokatuko bakarrik nire alaba delako». Amaiak beste jokalari batzuekin «gaizki-ulertuak» izan direla azaldu du, baina «arazoa fite konpondu dela». Horretarako, «berriz azaldu nuen ez zela nire aita, entrenatzailea baizik». Hori zalantzan jartzea «zaila» egin zaio batzuetan, «baina pasatzen utzi behar da, eta irentsi» erranez bukatu du Amaiak. Aitak, «hori hola da, beharko duzu irentsi». Eta Marie Pierrek zer dio? «Ni harmailetan naiz ama eta jarraitzaile, biak batera!». Zera gehitu du: «Gehiegi oihukatzen badut, alboko bankutik begirada zorrotz bat iristen zait». Hirurak irriz hasi dira.
Bihar: Larrañagatarrak.
UDAKO SERIEA Kirola zilbor hestean. Gonzaleztarrak.
Gonzalez hiru bider: arrakasta baten giltzak
Etxeko ezagunena Jean Mixel aita da, baina bada Gonzalez bat baino gehiago kirolaria dena. Guzia, gainera, ez da errugbia familian. Kirola, familia, bizia ulertzeko modu bakana dute; oihal beretik datoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu