Artista bisuala da Nerea de Diego (Iruñea, 1974). Argazkiak, margolanak, eskulturak, bideoak eta instalazioak baliatzen ditu bere sorkuntzan. Orain, gainera, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa kudeatuko du, beste hiru emakumezkorekin batera. Lehen aldia da Uharten halako kudeaketa eredu bat hautatzen dena. De Diegok aitortu duenez, genero ikuspegia betidanik presente izan du bere egunerokoan; feministatzat du bere burua. Lana ere irizpide horren arabera egiten du. Artistak gizon edo emakume izaera aparte utzita aztertu behar direla pentsatzen du. Elkarrizketa bat egin zioten lehenengo aldian, emakume begirada non zegoen galdetu ziotenean ohartu zen horretaz.
Ibilbide oparoko artista da De Diego. Han eta hemen ikusitakoa baliatzen du sorkuntzarako iturri modura. Hamaika tokitan izan da: Mexikon, Saharan, Txinan... Hain zuzen ere, artista sortzera eramaten duen bulkada horretan topatu du feminismoarekiko lotura. «Sarritan pentsatzen da artistak jainkozko inspirazioa duela, eta horrek lotura zuzena dauka jenioaren irudiarekin». Izan ere, XVIII. mendean, artista erromantikoaren figura sortzearekin batera, sorkuntzan gizonezkoei eta emakumezkoei zegozkien rolak banatu ziren. «Ia beti, artista gizonezkoa zen, eta inspiratzeko musak baliatzen zituen, emakumezkoak gehienetan. Hori zen emakumearen rola: jenio hori inspiratzea».
Alde horretatik, De Diegok ez du batere atsegin artistek sorkuntzarako bulkada inspirazioaren bidez izaten dutelako ideia. Artistaren adiera jainkotiar horrekin apurtzea ezinbestekoa dela uste du. Bere kasuan, metodologia bati jarraitzen dio, sortu ahal izateko bere metodologia propioa. «Artista erromantikoak behar duenaren kontrakoa da nik behar dudana: mugitu, jende ezberdina ezagutu, batekin eta bestearekin hitz egin, gauzak ikusi, begiratu...». Azken finean, sortzeko testuinguru bila ibiltzen da artista iruindarra. Testuinguruan murgiltzen da, esperientzia berrien bitartez sortzen jarraitzeko. «Adibidez, jendeak kontatzen didan hori nire lanaren zati izatea gustatzen zait, baina ez modu objektiboan. Nire subjektibotasuna asko markatzea gustatzen zait».
Normalean ez ditu genero gaiak lantzen. Baina argi dio lan egiteko modu feminista duela. Gaztetatik du bere burua feministatzat, gainera. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederrak ikasten ari zela sortu zitzaion emakume artistak ezagutzeko interesa. «1990eko hamarkadan, emakumeek lan asko egiten zuten gorputzarekin; feminismoaren isla modura erabiltzen zuten gorputza». Bere lanaren balizko izaera feministaz galdetuta, ordea, ez du uste hala denik. Genero ikuspegia gehiago antzematen du lan egiteko moduan, metodologian, erdiesten dituen emaitzetan baino.
Zehazki generoa gutxi landu duen arren, espazio propioaren bila dabiltzan emakumeez hausnartu izan du artearen bidez. Alde horretatik, argi du mainstream edota joera nagusiko artista gehienak gizonezkoak direla. Errealitate hori diziplina gehienetan topa daitekeela gogorarazi du, gainera. «Unibertsitateko ikasketak amaitu eta lanean hasi nintzenean, ez nintzen horretaz kontziente. Lanean hasi eta aitortza txikiak jaso, eta ez nintzen konturatzen inguruan emakume gutxi zeudela. Denborarekin konturatu nintzen nire inguruko gehienak gizonezkoak zirela».
Sorkuntzaren munduan generoari dagokionez egiteko asko dagoela irizten dio. Sektorean emakumezko asko dagoela nabarmendu du De Diegok, nahiz eta gizonezkoak baino gutxiago diren. Beste zenbait eremutan bezala, artean ere gizonezkoek emakumezkoek baino aitortza handiagoa jasotzen dutela salatu du. Ondorioz, uste du emakume artistek zailago izaten dutela beren sorkariak erakustea. «Sinetsi nahi dut gauzak aldatzen ari direla, baina iruditzen zait aldaketa hori nahiko mantso doala».
Errituak jopuntuan
Azken denboran, errituek erabat harrapatu dute De Diego. Munduan barrena egindako hamaika bidaiatan ezagututakoak aztertu eta berrinterpretatu ditu. «Erlijio herrikoiaren inguruan sortzen diren errituek liluratu egiten naute: objektuen eskaintzek, esaterako». Han eta hemen egindako egonaldiei esker, Ama Birjinen bilduma nahiko zabala dauka. Ez zen kontzienteki bilduma egiten hasi generoarekin lotutako gaiak lantzeko, beren baitan duten sinkretismoagatik baizik: «Ama Birjinak Jainkoak baino sinkretismo handiagoa du».
Milaka eta milaka lagunek miresten duten Ama Birjinaren irudiaren harira egindako lanak modu berezian erakusten ditu, gainera. «Nire lanak amaitu gabe erakusten ditut. Hor badago intentzio bat, nolabait, beste era batera egiteko gauzak, eta zalantzari tokia uzteko». Uste du sorkuntzak ez duela zertan perfektua izan. Izan ere, sormen prozesua lehenesten du. Esaten du ez dela ezer pasatzen lana erakusteko aukera ziurtatu gabe izan arren. «Hori bada gauzak egiteko beste modu bat, eredu tradizionalarekin apurtzen duena. Betiko modu hori, amaitutako artelanak erakustea, gizonezko artisten eredua da».
Hala, De Diegok zalantzan jartzen du artea egin eta erakusteko eredu tradizionala bera. Denbora da Bitartean kolektiboko kide dela. Sarritan, artea beste lagun batekin edo taldean sortzen du. Bitartean elkartearen helburu nagusia artea herritarren esku jartzea da, eta, haren bidez, heztea. «Artista kolektibo batekin lan egiten dut. Guztiak ez gara emakumeak; lan egiteko modu oso aberasgarria da. Eztabaidatu, ados jarri, partekatu... Horrek ziurtasun handia eskatzen du». Azken batean, harremanak bilatzen ditu De Diegok. Esaterako, merkatu batera joaten denean, saltzaile batekin hizketan hasten da. Elkarrizketa hori ez du inoiz grabatzen, bere buruak egiten duen galga lana atsegin duelako, eta hori baliatzen du ondoren artea egiteko.
Sorkuntzan, generoari dagokionez inolako banaketarik egon ez arren, gizartean eta hedabideetan artista diren gizonei eta emakumeei tratu ezberdina ematen dietela salatu du De Diegok: «Badirudi sistemak edo gizarteak berak eskatzen duela norberaren lana emakumeen ikuspuntutik egitea». Premisa hori ikusita, kontrakoa egiten du. Izan ere, errealitate horren bitartez baieztatzen du De Diegok genero izaeraren gainetik pertsona izaera dagoela. «Gizon bati ez badiote eskatzen bere lana bere gizontasunetik azaltzeko, zergatik azaldu behar dut nire lana nire emakumetasunetik?». Egin zioten lehenengo elkarrizketan jabetu zen errealitate horretaz. Orduantxe ohartu zen zerbaitek ez zuela ondo funtzionatzen. Beraz, lanean emakume izaeraz hitz egitea saihesten du, «lehenik pertsona delako, eta ondoren dagoelako generoa».
Bere ibilbidean ohikoa ez den arren, Alacanteko Unibertsitateak (Herrialde Katalanak) Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira urtero antolatzen duen Muliers muileris erakusketan parte hartu zuen 2011. urtean. Gizonezkoek zein emakumezkoek egindako artelanak hautatuta osatzen dute erakusketa hori. Hala, hainbaten artean, De Diegoren lan bat ikusi ahal izan zen. Hain justu, horretan jarri du fokua artistak. «Gizonezkoen zein emakumezkoen lanek osatzen zuten erakusketa; hori oso interesgarria iruditzen zait». Soilik emakumeen lanez osatutako erakusketekin, aldiz, oso kritiko agertu da. «Ez digute mesede handirik egiten emakumezkoek egindako artelanez bakarrik osatutako erakusketek». Izan ere, iruditzen zaio emakumeen lana haien lanagatik balioztatu behar dela haien generoagatik baino gehiago.
Uharte berrituz
Orain arte egindakoak albo batera utzita, epe laburrean galtzak bete lan izango ditu De Diegok. Izan ere, uztail hasieran jakin zuen Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa kudeatzeko Oskia Ugarte, Betisa San Millan eta Elisa Artetarekin elkarlanean aurkeztutako proiektua hautatu zutela. Euren proiektuaren funtsetako bat izango da feminismoa. «Ez horrenbeste zentroan dauden gizonen eta emakumeen kopuruan berdintasuna erdiesteko: egiteko moduan izan nahi dugu feministak».
Lehen aldia da Nafarroan halako zentro bat kolektibo batek kudeatuko duena. Euren proiektuaren indargune garrantzitsuenetako bat hori dela adierazi du: talde izaera. «Boterea nolabait disolbatu egin dugu, horizontalagoa egin, eta autoritatea apurtu. Hori da guretzat feminismoa». Uhartekoa, gainera, gune irekia izatea nahi dute. Helburua ez baita sorkuntza amaituak erakusteko gune soila izatea. Artelan bat hasi eta bukatu arte, bertan egin ahal izateko modua eman nahi du zuzendaritza berriak.
Hain justu ere horregatik, Uharteko zentroan izango den botere banaketari esker, bere ibilbide artistikoarekin aurrera egiteko moduan izango dela uste du De Diegok. «Espero dut denbora pixka bat izatea denerako. Boterea disolbatzen da, eta lan egiteko orduak ere disolbatzen dira». Dena den, beti egon izan da hamaika proiektutan sartuta. Horrenbestez, ohitua dago ideia bat buruan izan eta hori gauzatzeko denbora topatu arte zain egotera.
UDAKO SERIEA. Sortzaileak eta genero lanketa (V). Nerea de Diego.
«Gizonen eredua da amaitutako lanak erakustea»
Ez du ohikoa bere sorkarietan genero gaiak lantzea, baina feministatzat du bere burua, eta mundu ikuskera horri jarraituz egiten du lan. Zalantzan jartzen du artea egin eta erakusteko eredu tradizionala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu