UDAKO SERIEA. Espainiako Konstituzioak 40 urte (IV). Konstituzioa eta genero ikuspegia.

Gizonek gizonentzat idatzia

Emakumeen aldarrikapenak konstituzioan jasotzeko borrokatu zen mugimendu feminista, baina salatu izan dute isla eskasa izan zuela testuan. Gaur egun, badaude zenbait proposamen konstituzioa genero ikuspegitik aldatzeko.

Espainiako Konstituzioa onartu osteko lehen Martxoaren 8a izan zen 1979koa. Irudian, egun horretan Iruñean eginiko manifestazioa. BERRIA.
jon olano
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
E spainiako Konstituzioak loreak eta kritikak jaso izan ditu indarrean eginiko 40 urteotan. Trantsizio «eredugarri» baten emaitza izan zen batzuentzat; Espainiako Estatua Frankismoko diktaduratik sistema demokratikora igaroarazi zuena, «nazionalitateak» aitortu eta autonomia estatutuak garatu zituena, eta Espainiako ezker eta eskuin politikoak hitzarmen batean biltzeko gai izan zena. Kritikak ere, askotarikoak; berrezarkuntza monarkikoa ahalbidetu eta estatuko nazioen autodeterminazio askea galarazi zuela, eta erregimen frankista egokitzera mugatu zela. Horiez aparte, ordea, genero ikuspegitik ere kritika gogorrak egin zitzaizkion Espainiako Konstituzioari, duela lau hamarkada nahiz gaur egun. Orduan, mugimendu feministak salatu zuen testu hura gabeziekin eta genero ikuspegirik gabe sortu zela, eta gaur egun badira proposamenak testua ikuspegi horretatik moldatzeko.

Espainiako Konstituzioa idatzi aurreko eta osteko urteak «oso garrantzitsuak» izan ziren Euskal Herriko mugimendu feminista antolatuarentzat, Begoña Zabala abokatu eta ekintzaileak gogoan duenez: «Ez soilik orduan sortu zelako mugimendu feminista berri bat, aurretik egon zitekeen apurrarekiko —klandestinoa, legez kanpokoa, alderdienbarnekoa— ezberdina, baita ezberdina zelako planteamenduetan ere: erradikala, patriarkatuaren aurkakoa eta diktaduraren eta erregimenaren aurkako borroka guztiekin lotura zuena». 1975-1982 epean, mugimendu feminista «indartsu» bat sortu zen, eta, Zabalaren hitzetan, ez zen «berdintasunaren aldeko mugimendu bat konstituzioan eskubide batzuk jaso zitezen». Harago zihoan: «Mugimendu feminista kalean ari zen, jazarpen gogorra jasaten, amnistia eskatzen ez soilik preso politikoentzat, baizik eta emakumeak preso zituzten delituen kasuetarako ere». Abortua zen emakume asko kartzelaratzen zituen delitu hori, 1985era arte espetxeratzen baitzituzten andreak abortatzegatik.

Eztabaida konstituzional betean, abortua zen aldarrikapenetako bat, beraz; baina baziren dezente gehiago, Zabalaren arabera. Aldarrien parte bat «partekatu» egiten zuten diktaduraren aurka borrokatzen ari ziren beste sektore batzuek: askatasun politikoei eta eskubide zibilei lotutakoak ziren (elkarte eskubidea, grebarako eskubidea, alderdi politikoak, hauteskundeak...). Horiez gain, mugimendu feministaren aldarrikapenek hiru ardatz zituzten: batetik, gorputzaren gaineko eskubidea —sexualitatea, amatasuna, nork bere gorputzarekin nahi duena egiteko eskubidea—; bestetik, lana: «Mugimenduak agerian uzten du emakumeek ere ordainpeko lana egiten dutela, baina batez ere ordaindu gabea, familia barruan». Azkenik, andreen aurkako indarkeria zuten jomugan, fisikoa nahiz sinbolikoa. «Hiru ardatz horiek indarrean jarraitzen dute gaur egun, beste forma batzuekin», Zabalaren esanetan.

Mugimendu sendo bat kalean, eta konstituzioari buruzko eztabaida Espainiako Gorteetan. Zenbaterainoko oihartzuna izan zuten aldarri feministek testu horretan? «Ezertxo ere ez», Zabalaren iritziz: «Gai horrek ez zituen batere kezkatzen aberriaren aitak —zazpi gizonek idatzi zuten konstituzioa—, ezta ondoren testu artikulatua negoziatu zuen batzordea ere —emakume bakarra zegoen—». Justuki arrazoi horregatik, Arantza Campos Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbidearen Teoriako irakasleak uste du 1978koa «konstituzio patriarkala» dela: «Estatuaren une eratzailean, emakumeok ez geunden estatuaren oinarrietan. Ez nahi ez genuelako, bota egin gintuztelako baizik. Estatu modernoa gure parte hartzerik gabe sortu zen, eta hori horrela izan zen historian eta baita Espainiako Konstituzioan ere».

Camposek uste du hitzarmen politiko hori «diktadura batetik demokraziara igarotzeko itun bat» izan zela, «baina demokrazia patriarkal batera igarotzeko. Hori ez da txikikeria, testuak eskubide eta askatasunez hitz egitean eredu bat baino ez duelako gogoan, subjektu bat. Eta hor ez gaude emakumeak».

Ereduetan; hain zuzen, hor jartzen du fokua Jasone Astola EHUko Konstituzio Zuzenbideko irakasle erretiratuak: «Naturan ez gara berdinak, eta zuzenbidearen egiteko era beti da uniformitatea. Zuzenbideak zerbait erabakitzen duenean, erabakitzen du hori dela eredua, eta, ereduak jartzen direnean, beti geratzen dira hainbat pertsona eredutik kanpo». Hortaz, uste du egungo sisteman berdintasuna lortzea «definizioz ezinezkoa» dela: «Ereduak ezberdintasunak egokitu eta egituratu egiten ditu. Sistema berdintasunaren kontra doa definizioz». Egungo gizarte egituraketaren atzean dauden teorien errepasoa egin du Astolak, gaur egunera heldu den heziketa eta balioen transmisioa ulertzeko. Esaterako, Jean Bodin, subiranotasunaren ideiaren sortzailea: «Subiranotasuna printze edo errege baten eskuetan utzi zuen, baina harentzat itun horren atzean gizasemeak eta jabeak daude. Haiek bakarrik izan daitezke itun horren subjektu, gizaki libreak bakarrik izan daitezkeelako subjektu. Gizalabak, aldiz, ez direnez gizaki libre, ezin dira subjektu izan».

Harago joan zen Jean-Jacques Rousseau, teoria demokratikoaren sortzailetzat jotzen dena: «Rousseau baino gauza antidemokratikoagorik ez dago. Berak erabaki zuen —eta bere eredua jarraitu da— gizalabak natura garela, ez gizaki. Esklabista hori da demokraziaren aita».

Familia subjektu

Camposek «konstituzio patriarkala» esaten dio, eta testu artikulatuan badira adibide zehatzak. Bat, 39. artikulua: «Botere publikoek segurtatzen dute familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa». Horrekin kexu da Zabala: «Garai hartan, oso garrantzitsua zen testu konstituzionalak elementu eratzaileak izatea; esaterako, ez jartzea familia estatuak oroz gain babestu beharreko unitate gisa, familia bizi osorako eta dibortzio eskubiderik gabeko ezkontza monogamotzat definitzen baitzen». Beste etsenplu bat da emakumeei ia ez zaiela aipamenik egiten testu osoan; bi artikulutan baino ez. 32.ean, esateko gizon-emakumeek eskubide bera dutela ezkontzeko; 57.ean, berriz, esateko koroaren oinordetzan gizonek lehentasuna dutela emakumeen aurretik.

Euskal Herriko Koordinadora Feministak testuaren kontra bozkatzeko eskatu zuen, eta boto askatasuna eman zuen Espainiako Alderdi Komunistatik sortutako Emakumeen Mugimendu Demokratikoak ere —MDM, gaztelaniazko sigletan—, PCE konstituzio haren sustatzaileetako bat izan zen arren. Zabalak gogoan du oposizio «oso handia» egon zela, eta «oso oposizio interesgarria» eratu zutela: «Funtsean, konstituzioak ez du zerikusirik feminismoarekin, eta ez du asebetetzen emakumearen subjektu kolektiboa».

Erreformarako aukerak

Legeria dezente garatu da lau hamarkadatan, eta azken urteetan hizpide da konstituzioa moldatzeko aukera; baita genero ikuspegitik moldatzeko ere. Erreformaren eztabaida zabalduz gero, hor egongo da genero ikuspegia, Camposen iritziz: «Mugimendu feministak lortu du berdintasunaren eztabaida lehen lerroan jartzea». Zuzenbide Konstituzionaleko Espainiako Sare Feministako kide da Campos, eta sare horrek plazaratu ditu erreforma posible batek genero ikuspegitik egin beharreko aldaketak. Nagusiki, bi arazori erantzuteko: batetik, esparru publikoaren eta pribatuaren bereizketari: «Arlo publikoko guztia arautu da, eskubideak eman dira... Baina ez, ordea, arlo pribatuan, eta hor gaude emakumeak»; bestetik, aurre egiteko lanaren banaketa sexualari: «Sistema antolatuta dago gizona lanera irteteko eta emakumea etxean geratzeko, zaintzan. Horrela gertatzeari uzten dionean, emakumea ere ateratzen delako, sistemak huts egiten du», Camposen arabera. Ildo horretan, azpimarratu du herritarrek ez dituztela hainbat eskubide lortzen gizakiak izateagatik, langile izateagatik baizik: «Emakumeen portzentaje handi bat kanpoan geratzen da».

Sareak «erreforma konstituziogile» esaten dio egin nahi duen aldaketari, erreformaren kontzeptua eta prozesu konstituziogilearena uztartuta. Camposek azaldu du: «Ez dugu konstituzioaren parte bat aldatu nahi, osoa baizik, itun horren oinarri osoa berregituratu behar delako. Baina, era berean, ez dugu prozesu konstituziogile bat nahi, nahi baitugu orain arteko aurrerapausoak zalantzan ez jartzea. Ez abiatzea zerotik». Izan ere, haren hitzetan, asko kostata lortu zen konstituziotik eratorritako legeriak berdintasun printzipioak jasotzea, eta ez daude prest atzera egiteko eta berriro negoziatu behar izateko: «Gertatu zen Lehen Mundu Gerraren ostean, eta, beraz, ez dugu inolako konfiantzarik. Hori da ahulguneetako bat: emakumeen eskubideak zalantzan daudela beti. Abortua da horren adibide».

Bihar: 78ko erregimena etaJavier Perez Royori elkarrizketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.