Gitarra zahartxo bat zur-gorritan, Bilbon, luthier tailer txikian. Laura Vicariok gozo ferekatu dio ahoaren buelta, lehen aldiz noiz hartu zuen kontatu bitartean: «Otsail hasieran izan zen». Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzatik ekarri zioten, Gernikatik, 1896tik hona han pilatutako urteen zama arin ziezaion. «Arrakala txikiak bazituen, hotz-bero eta lehor-heze aldaketek eraginda. Pipi pixka bat ere bazuen. Kola eman diot, eta barrutik indartu dut. Kanpotik egin dizkiot konponketa guztiak, ireki gabe». Beste igurtzi bat, gorputz ertzean oraingoan. «Begira, hemengo parte honetan zur zati txiki batzuk sartu behar izan dizkiot, kolperen batengatik deformatua zegoelako, barruraka». Eta beste ukitu bat.
Gaur ohikoa den gitarra klasikoaren ondoan, luthierrak esku artean darabilena txikiagoa da gorputzez, zortzia estuagoa du, egurrezkoak larakoak, eta barrutik ere ez da erabat berdina. «Honen zubia desberdina da; eta uztaien arteko tartea, handiagoa».
Iparragirreren gitarra, konponketa prozesuan. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Jose Mari Iparragirreren azken gitarra. Erromantikoa, jabea bera bezala. Tresna hutsa baino askoz gehiago, haren kantarik ezagunenetako bati kasu egitera: «Gitarra zarhartxo bat det nik nere laguna/ horrela ibiltzen da artista euskalduna». Horixe da, aditu gehienen ustez, bardoak sortu zuen lehenetariko kanta: Gitarra zahartxo bat. 1840ko urteetako Europako ibilerak kontatu zituen artistak bertan, gerora beste hainbatetan baieztatu zuen joera iragarriz: bere bizitzako pasadizoak kantagai bihurtzekoa. Gertakizunak, bizimodua eta pentsamenduaren eta sentimenduen joan-etorriak agertzen dira Iparragirreren kantetan. Horren erakusle dira, besteak beste, Gernikako arbola;Nere amak baleki;Nere maitearentzat; Hara nun diran;Trapu biltzaileak; Glu, glu, glu; Nere herriko gazteari; Arren ez bedi galdu euskera; eta Nafarroako alkarkidari.
Soinuaren eboluzioa
Isilik datza orain bardoaren zurezko laguna, ahoa zabal-zabalik, autopsia mahai gainean. Ahosabaian, idatzita: Progreso Argentino. Fábrica de guitarras. Salvador Ramírez, Rivadavia, 480. Buenos Aires. «Malagakoa [Espainia] zen jatorriz Ramirez gitarragile hori. Buenos Airesera aldatu zen bizitzera». Erretsin usaina; Vicariok berak prestatutako berniza potean, gitarra noiz blaituko zain. «Gitarra honen soinua berriz entzuteko modua eginez gero, gustura nengoke», nabarmendu du. Soinu hori ez da inoiz berdina izango hala ere, erantsi duenez, ekarri zituen tripazko sokak nailonezkoekin ordezkatuko dituztelako. «Tripazko sokek ñabardura ezberdinak ematen dizkiote soinuari. Gitarra honen soinuak, egun ezagutzen ditugunen aldean, bolumen txikiagoa du, eta biribilagoa da. Gaur egungo gitarra, izan ere, sonoritate handiagoa lortzeko saioen emaitza da, orkestretan eta areto handietan gehiago entzun zitezen».
«Iparragirreren gitarra honen soinua berriz entzuteko modua eginez gero, gustura nengoke»
Laura Vicario. Luthierra
Gitarren soinuaz eta eboluzioaz mintzo da Enrique Solinis ere. Euskal Barrokensemble taldearen sortzailea da, gitarra jotzaile profesionala, antzinako musikan aditua. Vicariok gozatutakoaren oso antzeko tresna bat darabil Solinisek kontzertuetan, musika klasikoa jotzeko. «Euskal Herrian gitarrak eta biolinak ohikoak ziren garai hartan. Erdi Aroan jada, gitarren aurrekoa den giterna jotzen zen hemen; errenazimentu garaian, gitarra barrokoa heldu zen, Iparragirrerenaren aurrekoa».
Gitarrak, eboluzionatu ahala, ekarri zuen aldaketarik herri musikara, Solinisen esanetan: «Euskal doinuak, berezko koloreak eta eskalak, ez ziren oso perfektuak, gaur egungo ikuspegitik begiratuta. Bai txirulak, bai albokak, bai gaitak, hodi bat ziren, eta iritzira egiten ziren zuloak». Matematikoki, «sistema pitagorikoa» litzateke hura, non soinuak eta eskalak berezko afinazioa zuten. «Sistema horretan, kantatzeko eran eta afinazioan, soinu batzuek desafinatuta lirudikete gure egungo ikuspegitik. Iparraldean oraindik ere bada horren arrastorik, ia erabat galdua den arren». Zer gertatzen da, bada, kantu hori gitarrarekin laguntzen denean? «Ezinezkoa dela uztartzea», Solinisen hitzetan. «Melodia horiek gitarrarekin ez datoz bat, eta tradizioko desafinazioan landutako errepertorio guztia pikutara joan zen. Hori da Iparragirreri eta antzeko gitarristei egin zitzaien kritikarik gogorrena, garai hartan. Joera modernizatzaile horren barruan kokatzen da Iparragirreren gitarra».
Modernizatzailea, gainera, alderdi askotan. Ariketa bat proposatu du Solinisek: Iparragirreren kanta bat alemanez kantatzea. «Tirolgoa dela esan diezazukete, lasai asko, haren lanaren substratua oso internazionala eta oso modernoa delako, harmonikoki eta melodikoki». Beste ariketa bat: gitarrarekin agertzen den argazkiei begiratzea. «Garai hartan hartzen zen moduan hartzen zuen hark ere gitarra: zintzilikatuta, normalki, eta nahiko bertikal. Flamenkoan ere Iparragirreren garaian sartu zen gitarra, kantuan-eta laguntzeko. Horregatik hartzen zuten berdintsu hark eta flamenko gitarra jotzaileek». Gitarristaren begiak beste gauza bati ere erreparatzen diote: bardoaren atzaparrei. «Errekurtso urriz, baina nahiko birtuoso begitantzen zait gitarra jotzeko haren keinua. Tresnarekin orduak eta orduak egin zituen bere bizitza osoan».
«Oso internazionala eta modernoa da haren lanaren substratua, harmonikoki eta melodikoki»
Enrique Solinis. Gitarrista eta musikologoa
Garai hartan oso boladako zegoen zortziko erritmoan, gehienetan. «Hemen, tradizio handia zuten erritmo kinarioekin egokitzen ziren zortzikook, eta, horren ondorioz, askoz pluralagoa zen musika, egun baino. Orain askoz karratuagoa da dena». Erritmo kinarioon tradizio horretan kokatzen du musikologoak Iparragirre. Eta berehala dator galdera: nola kantatuko ote zuen bardoak? «Nahiko operistikoa izango zen haren kantaera, segur aski, anplifikazioa lortzeko xedez».
Iparragirrerena Wagnerren garaia ere bazen, izan ere; eta areto handien ugaltzearena, antzerki, musika eta bestelako ikuskizunak hartzeko. «Antzoki horietan ahotsa ondo kokatu behar zen, soinua zabaltzeko». Musika entzutekotan, zuzenean entzun beste aukerarik ez zegoen mundu batean; eta musika entzuteagatik sarrera bat kobratzea ohiko bihurtzen hasia zenean. «Musikaren nolabaiteko pribatizazio horrekin, musikariarena ogibide bat izan zitekeelako ideia etorri zen. Halaxe etorri zitzaion Iparragirreri ere». Ez zuen lortu, baina. «Eta ideia horixe leporatu zion Xenpelar bertsolariak».
Iparragirreren gitarra, konponketa prozesuan. MARISOL RAMIREZ, FOKU
«Ez zen bertsolaria»
«Iparragirre abila dela/ askori diot aditzen,/ eskola ona eta musika/ hori hoiekin zerbitzen./ Ni ez nazu ibiltzen/ kantuz dirua biltzen,/ komeriante moduan», kantatu zion Xenpelarrek Iparragirreri. Hau ere bai: «Eskola ona eta musika/ bertsolaria gainera,/ gu ere zerbait izango gera/ horla hornitzen bagera./ Atoz gure kalera/ baserritar legera/ musika hoiek utzita». Xabier Amuriza bertsolari eta idazlearen ustez, eztabaida antzua da Iparragirreren bertsolari izaerari buruzkoa. «Ez dakit zergatik kontrajartzen diren bertsolaria eta Iparragirre. Hura ez zen bertsolaria. Hura kantari eta sortzaile handi bat zen. Hark bere musika eta hitzak egiten zituen, eta izugarrizko arrakasta lortu zuen, hemen eta kanpoan». Xenpelarren bertsoek ere halaxe adierazten dute, nabarmendu duenez.
«Nork uzten du halako ondare bat, 200 urteren buruan herri guztiak dakiena? Figura izugarria da»
Xabier Amuriza. Bertsolaria eta idazlea
Iparragirreren heriotza mendeurrena gogoratzeko ekitaldietan parte hartu zuen Amurizak, 1981ean. Orduko iritzia ez zaio aldatu: Iparragirre eta Xenpelar mundu ikuskera biren adierazle dira, eta Gernikako arbola kantako «eman ta zabal zazu munduan fruitua» esaldian laburbiltzen da aldea. «Iparragirreren mundua-ren esanahia eta Xenpelarrena ez dira berdinak. Bertsolariak munduaz ari direnean, garai hartan, euskaldun munduaz ari dira, eta Iparragirrek ikuspegi internazionala zuen. Izugarrizko arrakasta lortu zuen, eta gorputz eman zien garai bati eta sentimendu batzuei». Foruak, euskara eta herria gogoan; kantu ludikoak eta maitasunekoak alboratu gabe. «Hari ez zaio Gernikako arbola bakarrik kantatzen. Nork uzten du halako ondare bat, 200 urteren buruan herri guztiak dakiena? Alde horretatik, figura izugarria da», dio Amurizak. Arlotetzat hartu izan den arren. «Arlote kulturala ez zen. Arlotetzat hartzen dutenen bizitzako soinu bandan ere, haren kanta asko daude».
«Sedukzioa da Iparragirreren gako nagusia»
Duela lau-bost urtera arte, Iparragirre ez zitzaion «pertsonaia apasionantea eta unibertsala» iruditu Gorka Hermosa (Urretxu, Gipuzkoa, 1976) akordeoilaria eta konpositoreari. Hari buruz ikertzean aldatu zitzaion ikuspegia.
Tokian tokiko doinuak-eta bere egin zituen Iparragirrek.
Gazte urte guztiak Europan zehar egin zituen, non lo egin edo jan behar zuen jakin gabe. Bere ibilerei eta musikari transzendentzia bat ematea lortu zuen hark. Garai hartan, erritmo batek nazio batetik bestera jauzi egiteko, denbora asko behar izaten zen. Hark, hainbeste bidaiatu zuenez, tokian tokiko erritmo tradizionalak entzun eta horiek bere errepertorioan sartu zituen. Joaten zen nazio bakoitzean, hango hizkuntzan ere kantatzen zuen. Euskal folklorera ekarri zituen kanpoko erritmoak eta abestien tematika asko. Gure kultura toki horietan guztietan zabaldu zuen, aldi berean.
Zortzikoa erabiliz, askotan.
Bai, eta pertsonalitatea ematen dio horrek. Erritmo hori munduko beste edonon ez dago. Zortzikoa bosteko erritmo bat da; abesteko aire bat, azkenean. Gaur egun, hartzen dituzu diskoak hemen, eta, zortzikoa interpretatzen ari direlakoan, hiru bider lauko erritmora eramaten dute pieza hamarretik bederatzik. Munduko erritmorik unibertsalena da hori. Iparragirreren garaian, zortzikoa ez zen egongo Mendebaldeko musika karratuak hain kutsatua, eta hark ondo kantatuko zuen.
Herri kulturaren balioa goratzen zen garai haietan.
Herri kulturan ikusi zuten erromantikoek herrien esentzia-edo, eta bilketa lan bati ekin zioten, bai ahozko tradizioarena, bai kantena, bai dantzena... Gaur egun ezagutzen dugun nazionalismoaren genealogian, garai horrek izugarrizko eragina izan zuen, eta arte guztietan sentitu zen. Testuinguru horretan ulertzen dira, esaterako, Txaikovski, Falla, Dvorak, Smetana eta besteren lanak. Birtuoso kontzeptuaren sorrera ere garai horretakoa da, Paganini, Lizst eta halakoekin. Musikari idoloaren figura garai horretan sortzen da. Iparragirre ahotsaren birtuosoa zen, eta lehenengo izarretako bat izan zen. Horretan, oso bere garaikoa izan zen.
Baita tresna aukeratzen ere.
Gitarra horrek aukera asko ematen zuen, bai harmonikoki bai espresiboki, pertsona bakarrak abestu eta akonpainamendua egin zezakeelako. Oso abeslari ona zen; eta seduktore bat. Sedukzioa da haren gako nagusia.
Zenbaitetan, kalez kale; besteetan, aberatsen saloiz saloi.
Iparragirreri buruz dakiguna beste garai bateko begiekin begiratu diotenek kontatu digute, eta hura benetan nor izan zen jakiteko garaia ate joka dator. Hark esaten zuen: «Egun batzuetan pobre, besteetan jauna». Artisten estatusa ez ote den antzekoa gaur ere...
Gaztetako Europako ibilerek bakarrik markatu ote zuten?
Erdi-txantxetan erdi-serio esaten dut beti Argentinara eta Uruguaira joan zela, eta, 15-20 urte geroago, tangoa sortu zela han, hura egon zen Rio de la Plata buelta hartan. Tangoak amodioez eta herri minez hitz egiten du, batez ere. Kasualitatez, horiek dira Iparragirreren letren ardatzetako bi. Eta Iparragirreren musikan badaude gero tangoa izan zenaren harmonia gehienak.
Obra bat sortu duzu, Iparragirre abiapuntu hartuta.
Urretxuko Udalak mendeurrenaren harira bultzatu dituen egitasmoetako bat da. Zerbait sinfonikoa egin nahi nuen, musika klasikotik abiatuta. Sei mugimenduko pieza bat da emaitza, 40 bat minutukoa, Iparragirreren eta nire kantarik ezagunenak nahastuz. Urretxutik mundura du izena piezak eta Easo abesbatzarekin, Blanchard soka taldearekin eta Jon Maiarekin estreinatuko dugu, irailaren 12an, Donostiako Trinitate plazan. Emanaldi horren bigarren partean, Iparragirreren kanten bertsioak egingo ditugu, era tradizionalago batean, Gontzal Mendibilekin. Euskal Herriko toki gehiagotan ematea da asmoa; eta Moskun, Vancouverren, Kanadan, Suitzan... egiteko aukerak ere badira. Ikusi behar zer gertatzen den, koronabirusarekin-eta.