UDAKO SERIEA. Atezaina bere bakardadean (V). Luis Miguel Arkonada.

Giltzarrapo txuri-urdina

Reala txapeldun egin zuen belaunaldiko jokalaririk ospetsuena izan zen Arkonada. Taldeko kapitaina izaki, haren ziurtasunak eta karismak balio erantsia ematen zioten txuri-urdinen jokoari.

Belaunaldi on bat. Arkonada Realaren ekitaldi batean; atzean, taldekideak. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Askoren idoloa izan zen Luis Miguel Arkonada Etxarri (Donostia, 1954). Realaren garairik onenean taldeko kapitaina izateaz gainera, jokalari garrantzitsuenetako bat ere bazen: taldearen bizkarrezurra osatzen zuten futbolarietan lehena. Belaunaldi historiko baten santu ikurra. Bat zenbakia bizkarrean, ikurrina besoan eta galtzerdi zuriak jantzita, Donostiako taldearen lehendabiziko liga garaikurra jaso zuen. Realzale orok haren lekuan egon nahiko luke, une horretan.

Luis Miguel Arkonada bakarra zen, ordea. Hura izan zen 1980ko hamarkadako atezainik onena, eta Realekoa zen: giltzarrapo txuri-urdin bat. Buruz errezitatu zitekeen hamaikako baten lehendabiziko pieza izan zen. Ordezkaezina. Hainbestekoa zen zaleek zioten konfiantza, halakoa eskaintzen zuen segurtasuna, ezen jarraitzaile txuri-urdinek orro gisa azaleratzen baitzuten garairik zailenetan ere hura atean izateak zuen balioa: «No pasa nada, tenemos a Arkonada» [Ez larritu, Arkonada gurekin dugu].

Hain justu, segurtasuna zen donostiarrak taldeari ematen zion ezaugarri nagusia. Hori, eta kalitatea. Hala uste du Vicente Biurrun Realeko atezain ohiak (Sao Paulo, Brasil, 1957): «Ohiz kanpoko atezaina zen. Indar handia zuen zangoetan, eta indartsua zen. Baina, guztiaren gainetik, asko entrenatzen zen atezain gisa; profesionala zen». Arkonadaren garairik loriatsuenetan, haren ordezko izan zen Biurrun, Pedro Mari Quemada Otxotorenarekin batera. Biak prest egon ohi ziren donostiarrak jokatu ezin zuenerako, baina hori ez zen sarri gertatzen: «Logikoki, itzalean egotea egokitu zitzaigun. Lehen lerroko atezaina genuen aurrean, eta, halako batekin topo egiten duzunean, jokatzeko aukerak hutsaren hurrengoak dira». Egoera horretan, «badaezpada prest» egotea besterik ez zutela esan du jokalarien egungo ordezkari Biurrunek; baita «asko» ikasi zuela ere.

Ez da harr tzekoa Arkonada Realarekin partida gehien jokatu dituztenen zerrendan egotea. Atezainak 551 partida ofizial jokatu zituen Realarekin, hamabost denboralditan banatuta. Hiru lagun besterik ez ditu aurretik zerrenda horretan, taldekide izandakoak guztiak ere: Jesus Mari Zamora (588 neurketa), Juan Antonio Larrañaga (589) eta Alberto Gorriz, Bixio (Irun, Gipuzkoa, 1958). Azken hori da Realaren historian partida gehien jokatu duen futbolaria, 599 hain zuzen, eta, neurketa gehienetan, ondo gertuan izan zuen Arkonada, atzeko lerroan aritzen baitzen: «Ikusi dudan onena izan da. Izaeraz eta jokoan: erreflexu izugarriak zituen, eta indarra ere bai».

Su txikiko txapelduna

Harrobia da Realaren izateko arrazoia. Horri esker irauten du, eta horri esker izan da txapelduna. Jokalari guztiak etxekoak zituen garaian, nagusi izan zen, eta Arkonada ez zen salbuespena izan. Donostiako hondar gainetik Atotxarako jauzia egin zuen, tartean Lengokoak taldetik igarota.

Atezain donostiarrak 1974an egin zuen Reala B-tik lehen talderako bidea, baina, ordurako, maila handiko bi atezain zituzten txuri-urdinek: Pedro Mari Artola eta Javier Urrutikoetxea. Haien itzalean egon zen hasieran, baina heldu zitzaion estreinaldia egiteko abagunea: 1975eko urriaren 22an izan zen, UEFA txapelketako partida batean, Atotxan, Liverpoolen aurka. Ingalaterrako taldeak irabazi egin zuen Donostian (1-3), baina Arkonadak neurketa ona egin zuen, garai hartako kroniken arabera. Orduantxe egin zen ezagun.

Sasoi hartan bertan egin zen Realaren atearen jabe, eta ez zuen berehalakoan utzi, 1989an utzi baitzuen futbola. Urte horietan, lau garaikur eskuratu zituen: Espainiako bi Liga, Superkopa bat eta Kopa bat. 1981eko apirilaren 26an lortu zuten estreinako liga titulua: Gijongo El Molinon estadioan izan zen, 29 segundoren faltan Jesus Mari Zamorak sartutako gol bati esker. Gorrizek ondo gogoan ditu lorpen hura eta gainontzeko guztiak: «Uste dut Ormaetxeak [Alberto, entrenatzailea] lortu zuela talde trinko bat egitea, baina banaka ere kalitate handia zegoen. Arkonada funtsezko jokalarietako bat zen».

Txapeldunen zerrendan agertzeak berretsi egin zuen belaunaldi hark zuen gaitasuna, Biurrunen arabera: «Izugarrizko jokalariak ziren», esan du ohiko hamaikakoa errezitatuz: «Bakoitzak bere ezaugarriekin, belaunaldi hartakoek modua egin zuten Reala txapeldun izateko, Arkonada buru zutela».

Garaipen haiek Realari aukera eman zioten Europako txapelketa gorenean aritzeko, eta Arkonada eta enparauek finalerdietarainoko bidea egin zuten. Hanburgo izan zuten aurkari, eta, jokoz kanpoko gol bat tarteko, finalerako txartelik gabe geratu ziren. Gorrizen esanetan, «gazi-gozoa» izan zen Alemanian jazotakoa: «Eskura izan genuen. Haiek faborito ziren, baina kanporaketan aurrera egiteko aukera ikusi genuen».

Zamora saria hiru bider

Realaren garai haietako loria ez zen taldearentzat soilik izan. Atezainak berak ere orduan bizi izan zituen bere urterik onenak, eta atzeko lerroarekin batera osatzen zuen sendotasunari esker, atezainei propio ematen zaien Zamora sariaren jabe egin zen hiru sasoitan jarraian. Espainiako ligan gol gutxien jasotzen dituenari ematen zaio garaikur hori, eta Arkonadak hiru denboralditan eskuratu zuen: 1979-1980koan, 1980-1981ekoan eta 1981-1982koan.

Hain justu, taldea goreneko postuetan egon zen aldiarekin bat datoz Ricardo Zamora atezain kataluniarraren izena daraman sariketa irabazi zuen urteak: lehendabizikoan, Realak urte luzez beregan eduki duen marka ezarri zuten txuri-urdinek: 38 partida jokatu zituzten galdu gabe. Azken jardunaldian, Sevillan (Espainia), galdu egin zuten, eta ligako titulurik gabe geratu ziren. Bi urtez jarraian ligako txapeldun izan baino lehen gertatu zen hori.

Kapitain eta erreferente

Arkonadaren ohiko janzkera elastiko neurritsu batek, galtza beltzek eta galtzerdi zuriek osatzen zuten, baina bazuen beste osagarri bat ere, bere-berea zuena eta bere nortasunaren berri ematen zuena: kapitainaren besokoa. Donostiarrak luzaroan hartu zuen taldearen ordezkari izateko ardura, eta Biurrun taldekide ohiak uste du ondo merezia zuela: «Indarra helarazten zigun, energia; beti irabaztera atera behar genuela, eta profesionalak izan. Ni harrituta geratzen nintzen».

Haatik, Arkonadak ez dio horri soilik zor erreferentzialtasuna. Realean egin zuen ibilbide profesional osoa, berak hala erabakita. «Taldearen koloreak sentitzen genituen. Gainera, txapeldun izatea beste pizgarri bat izan zen jokalari haiek guztiak taldean geratzeko», dio Biurrunek.

Gorrizek ere txuri-urdinekin osatu zuen bere ibilbide osoa, baina, koloreekiko atxikimenduaz gain—«hemen egon nahi genuen»—, badu beste arrazoirikhalako ibilbide luzea azaltzeko: «Zortea ere behar da. Lesioek errespetatzea, entrenatzaileen gustukoa izatea... Ni naiz Realean partida gehien jokatu duen jokalaria, baina Luisek ia urte oso bat eman zuen min hartuta. Nik uste dut bestela aurrea hartuko zidala».

«Epai injustu bat»

Kluben arteko txapelketetan ez-ezik, nazioartean ere lehiatu zen Arkonada, Espainiako selekzioarekin. Guztira, 68 partida jokatu zituen, baina askok 1984ko Eurokopako finalean Frantziaren aurka egindako hutsarengatik oroitzen dute aldi hura. «Injustua izan zen», dio Biurrunek: «Harena bezalako ibilbide bat egin duena halako zerbaitengatik markatua geratzea... Halere, horren ostean ere, maila gorenean segitu zuen, erreferente bat izaten».

Horren adibidetzat jarri du Gipuzkoan eta handik kanpo izan zuen zale kopuru handia: «Jokalari onak denoi gustatzen zaizkigu». Horixe izan baitzen Arkonada: beti maitatu izan zuen taldearekin goia jo zuen izarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.