Koronabirusa. UDAKO SERIEA Sei gogoeta izurriaz (III). Txema Ramirez de la Piscina.

«Gezurrak birusa baino askoz azkarrago zabaltzen dira»

Komunikazio zientzia hauspotzen jardun du beti, eta pandemiak horren beharra azaleratu du. Ramirez de la Piscinak dio krisi garaietan ezinbestekoa dela «argi, zehatz eta garden» komunikatzea; COVID-19aren krisian, ordea, «zaila» izan da hori lortzea.

Txema Ramirez de la Piscina. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Txema Ramirez de la Piscina EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Kazetaritzan doktorea da (Ibarra, Gipuzkoa, 1958), eta Komunikazio Zientzietan ikertzailea. Maiatzean arlo askotariko 40 profesional baino gehiagok plazaratutako COVID-19aren Liburu Zuria-ren egileetako bat ere bada. Izurriak komunikazio politikan utzitako arrastoaz jardun du liburuan, eta gogoeta horiek ardaztu dute BERRIAri eskainitako elkarrizketa ere. Ramirez de la Piscinak uste du azken mendean parekorik izan ez duen osasun krisi honek «ezustean» harrapatu dituela gobernariak, komunikabideak eta gizartea, eta erronka itzelak ezarri dizkiola komunikazio politikari.

Nolakoa izan behar du komunikazioak krisi egoera batean?

Krisi guztiak desberdinak dira, baina badituzte ezaugarri komun batzuk: bat-batekoak, paregabeak, ezohikoak eta traumatikoak izaten dira. Baina krisi honek ez du aurrekaririk. Krisi egoeratan kaosa eta izua uxatzeko errezetarik onenak gardentasuna eta zehaztasuna dira. Eta hori da pandemia honetan huts egin duena. Gardentasunaren ordez, askotan, opakutasuna erabili da, eta zehaztasunaren ordez, nahasmena.

Errinozero grisaren teoria aplikatu daiteke osasun krisi honetan: arriskua zetorrela jakinda ere, agintariak ez dira gai izan aurrez ikusteko zer zetorren.

Bai, denok ikusten zuten arriskua etor zitekeela, baina etorri arte inork ez dio kasurik egin. Eta hori da, hain zuzen ere, gertatu zaiguna. Etorri zen eta ustekabean harrapatu gintuen denok, gobernuak, nazioarteko erakundeak eta, jakina, herritarrok ere bai. Eta izan dituen ondorioak ikaragarriak izan dira maila guztietan, bai gizaterian, baita komunikazio alorrean ere.

Nolakoa izan da pandemia honetako komunikazioa?

Lehenik eta behin, argi utzi behar da oso erraza dela gauzak gertatu eta gero kritikak egitea. Egoera hau oso oso zaila izan da guztiontzat, baita agintarientzat ere. Hau kudeatzea erronka oso konplikatua izan da. Egoera nahasi honetan oso nekeza izan da argi, zehatz eta labur komunikatzea. Baina,hori esanda, azpimarratu behar da hasieran herritarrok bagenuela konfiantza agintariengan; bagenekien egoera zaila zela, eta pentsatzen genuen ahal zutena ari zirela egiten. Baina krisia hasi eta lehenengo hilabetera konturatu ginen noraezean edo despistatu samar zeudela, eta hor hasi ziren arazoak. Lehenengo momentuan hanka sartzeak egitea barkagarria da, baina sei hilabete, urtebete edo hemezortzi hilabete igaro eta gero, oraindik ere datu faltan egotea oso kritikagarria da.Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, behinik behin, hori gertatu da. Egoera hauetan gobernuek nahi baldin badute gizartearen konplizitatea lortzea bilatu behar dute jendearen konfiantza. Eta, hori lortzeko, sinesgarritasuna guztiz funtsezkoa da.

Horregatik jo dute komunikabideek hainbeste adituengana eta zientzialariengana?

Bai, gizarteak eta komunikabideek ez dute agintariengan zehaztasun hori topatu. Agintariekiko konfiantza galdu ahala, konfiantza edo sinesgarritasun hori adituen eta zientzialarien analisietan eta informazioetan topatu dute. Eta horrek zer pentsa eman behar digu.

Lehen kutsatzeak Euskal Herrira iritsi zirenetik gaur arte, aski aldatu da egoera, baita erakundeen komunikazioa ere.

Hasieran, Madrilgo gobernuak gerra kutsuko mezuak erabili zituen birusaren aurkako neurriak azaltzeko. Berehala jabetu ziren hanka sartze bat zela, eta diskurtso belizista hura baztertu egin zuten. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, berriz, ez du halako lengoaia belizistarik erabili, baina egia da pandemia osoan nahiko sigi-saga ibili dela, batetik bestera, zaluka. Ziurgabetasun horretan nahasmen informatiboa zabaltzen da, eta agintariekiko konfiantza falta.

Eta jendea nahastuta dagoenean eta datuak falta direnean, gezurrak hedatzen dira.

Gezurrak birusa baino askoz azkarrago zabaltzen dira, eta hori gertatzen da jasotzen dugun informazioa ez dugulako zuzentzat hartzen. Egoera hauetan gardentasunez informatzea da gakoa. Informazioa kontrolatzeko modurik onena informazioa ematea da, eta, batzuetan, esan egin behar da jendeak entzun nahi ez duena. Ordea, gizarteari zabaldu zaion mezua izan da gizarteak entzun nahi izan duena. Hori politikoki zuzena izan daiteke, baina ez da egokiena, era horretan birusak bere bidea egin duelako.

Zer ondorio ekarri ditu?

Bi planteamendu ikusi dira mundu zabalean: toki gehienetan ekonomia lehenetsi da osasunaren aurretik, eta beste toki batzuetan, berriz, kontrakoa. Osasunari lehentasuna eman dioten herrietan hildako gutxiago izan dira, lehenago irten dira egoera honetatik, eta ekonomikoki ere lehenago berpiztu dira. Orain berandu da zero COVID estrategia horretara jotzeko, baina norbaitek ondorioak atera beharko lituzke.

Politika komunikatiboa positiboegia izan da?

Politikariek eta agintariek entzun nahi dutena esan izan diete herritarrei, baina hori ez da arduratsu jokatzea. Are, arduragabeak direla iruditzen zait. Rafael Bengoariideia oso interesgarri bat irakurri diot elkarrizketa batean: normaltasunaren joera bat badela gizartean, hau da, gure burmuinak behar baino lehen ailegatu nahi duela normaltasunera, bizi dugun egoera dramatikoa eta katastrofikoa delako. Gobernuak ari dira nolabait normaltasunerako joera horri bultzada ematen, baina ez da estrategiarik egokiena.

Pandemiak komunikatzeko manerak ere agerian utzi ditu. Arlo emozionala aski ahaztuta edukidute agintariek.

Ez dakit euskaldunon izaera izango den, baina nik komunikazio emozional horren falta sumatu dut. Ez gaude ohituta bihotzetik hitz egitera, eta hori guztiz funtsezkoa da. Erraietatik ere atera behar zaigu mezua, era horretan askoz ere modu errazagoan konektatzen baitugu jendearekin. Dena artifizio baldin bada, dena antzezpena baldin bada, dena irakurrita baldin bada, askoz ere konplikatuagoa da jendearengana iristea, eta hori jendeak sumatu egiten du. Etengabe agertzeak kamera baten aurrean eta paperaren gatibu izateak ez du komunikazio emozionala transmititzen. Komunikazio emozionalaren bidez, bestearen tokian jartzeko ahalegina egiten da. Pandemiaren hasierako momentu latz haietan, osasun langileek bidali zuten mezuak bereziki inpaktatu gintuen: «Gelditu etxean, bizitzak salba ditzagun». Mezu horrek izugarrizko inpaktua lortu zuen, gure bihotzari eta gure bizitzari zuzenean eragiten zielako. Baina gobernuak ez dira gai izan mota horretako komunikazio emozionala garatzeko. Hala ere, azpimarratu behar dut askotan kritikatzen ditugula bozeramaileak, baina denok kontziente izan behar dugula funtzio hori bete duten pertsonek izugarrizko eginkizun zaila izan dutela, oso zaila delako ia egunero kamera baten aurrean agertzea albiste latzak emateko. Bozeramaile batentzat egoerarik makurrena daegunero krisi hau kudeatu behar izatea.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak horrela definitu du infodemia: «Informazio erauntsia, zehatza zein faltsua, zaildu egiten duena herritarrek informazio iturri fidagarriak eta sinesgarriak topatzea». Koronabirusaren izurria ekaitz perfektua izan da infodemiarako?

Zalantzarik gabe. Egoera nahasietan ez dugunez informazio zehatzik, egoera perfektua da gezurrak zabaltzeko. Eta halako egoeretan guztiz premiazkoa da desinformazioari aurre egitea. Hil ala biziko erronka bat da. Aditu talde batek Stewardship of global collective behavior izenburupean idatzitako artikulu batean parekatu egiten du desinformazioaren aurkako borroka aldaketa klimatikoaren aurkako borrokarekin. Desinformazioak demokrazia bera ez ezik, gure planetaren etorkizuna ere zalantzan jartzen du. Adibide argi bat dago algoritmoetan: haien bitartez, gure bizitza, gure nahiak, gure kontsumoa, gure botoa, dena bideratzen dute. Baina nork dauka algoritmoen kontrola? Guztiz opakuak dira enpresa horiek. Desinformazioari aurre egitea eta algoritmoen kontrola demokratizatzea guztiz premiazkoa da, planetaren etorkizuna egon daitekeelako jokoan.

Desinformazioaren aliatu izan dira gobernari batzuk. Jair Bolsonarok eta Donald Trumpek, esaterako, koronabirusaren aurka hidroxiklorokina hartzea babestu zuten. Halakoek, eztabaida publikoa kutsatzeaz gain, herritarren osasuna ere arriskuan jarri dute.

Noski. Sare sozialen bitartez ere teoria konspiratibo guztiak zabaldu dira pandemian. Hala ere, zehaztapen bat: 90eko hamarkadanparadisu akrataren adierazle zen Internet, eta eta orain badirudi deabruaren pareko dela. Baina ez da ez bata, ez bestea. Sare sozialen bitartez ere eraiki delako makina bat egitasmo solidario eta txalogarri. Ematen zaion erabileran dago gakoa.

Ongi informatuta egoteko, gakoa da informazioa filtratzea eta iturri fidagarriak lortzea. Baina hori ez da beti erraza izaten, besteak beste, ezjakintasun digitala oso zabalduta dagoelako.

Zintzoak izan behar dugu. Mundu guztia ez dago digitalki alfabetatuta, eta gizarteari tresnak eskaini behar dizkiogu galbahe horiek aplikatu ahal izateko. Baina kontziente izan behar dugu jendeak ez duela heziketa hori. EHUn duela hamar urte inguru egin genuen azterketa batean azpimarratu genuen zer garrantzitsua zen heziketa komunikazioan. Herritar denek ez dute zergatik jakin behar informazio bat fidagarria den, eta horregatik da funtsezkoa heziketa komunikazioan. Funtsezkoa den bezala jakitea supermerkatu batera goazenean zeintzuk diren produktu naturalak, informazioa kontsumitzen dugunean ere ezinbestekoa da jakitea zer den benetakoa eta zer den faltsua.

Komunikabideek zer eginkizun dute pandemian?

Komunikabideak hasieran nahiko galduta ibili ziren, izurri honek ezustean harrapatu zituelako. Ezustean etorri zen distopia hau kudeatzeko tresnarik ere ez zeukaten, eta maiz ibili dira inertziak aginduta, ahal dutena egiten. Eta uste dut saturazio informatiboa ere elikatu egin dutela. Hau da, informazioa eman eta eman egin dute, baina askotan oso errepikakorra izan da, eta iturriak behar bezala kontrastatu gabe eskaini dute. Esango nuke, oro har, ahal dutena egiten saiatu direla, baina oso maiz jo behar izan dute adituengana, hau da, zientzialariengana. Hain zuzen ere, komunikabideak ere konturatu dira gobernuen aldetik zabaltzen ari zen informazioa ez zela guztiz garbia eta zuzena, mediatizatua eta interesatua baizik. Bestelako ikuspuntu bat bilatu behar izan dute.

Izurri honetan, zer toki izan du zientzia komunitateak hedabideetan?

Zientzia kazetaritza dago orain urrezko aroan. Inoiz baino zientzialari gehiago agertzen dira komunikabideetan, inoiz baino aditu gehiago. Positiboa da. Konturatu gara zer inportantea den informazio hori gure bizitzan.

Administrazioek, aldiz, gehienetan ez diete hitzik eman zientzialariei.

Agintariak oso gotortuta eta harrotuta egon dira, eta beti interpretatu dute edozein kritika eraso gisa. Eta hori hanka sartze itzela da. Eusko Jaurlaritzaren gabezietako bat horixe izan da: propositiboa izatea falta izan zaio.

Euskarak behar besteko garrantzia hartu du komunikazioan?

Euskara bazterrekoa izan da. Euskal hiztunok pandemia honetan bigarren mailakoak izan gara. Onartuko genuke Fernando Simonek gazteleraz gaizki hitz egitea edo agerraldi guztietan paperaren gatibu izatea? Euskal hiztunok bigarren mailako herritarrak izan gara.

Zer irakasgai atera daitezke izurri honetatik?

Batetik, askoz ere kritikoagoak izan behar dugu gobernuen aldetik jasotzen dugun informazioarekin. Bigarrenik, oso kritikoak izan behar dugu komunikabideen eta sare sozialen bitartez jasotzen dugun sasi informazioarekin. Eta, hirugarrenik, desinformazioari aurre egin behar diogu, gure osasun demokratikoa arriskuan dagoelako.

Bihar: Nahia Idoiaga, Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.