Txinarekiko harremanak

Gerra hotz berria

Washingtonen eta Pekinen arteko tentsioa gero eta handiagoa da; hori dela eta, lasterketa bat abiatu da, zeinen alde egin ezin erabakirik dauden herrialdeak lerratzera behartzeko. Baina AEBetako hauteskundeak erabakigarriak dira, eta zuhurtzia eskatzen dute.

AEBetako Gobernuaren aurkako protesta bat Pekinen. JEROME FAVRE / EFE
Zigor Aldama.
2020ko abuztuaren 23a
18:36
Entzun

 

Gerra Hotza aipatzea boladan dago. Eta ez norbaiti gogoak ematen diolako. The Economist-en argitaratutako elkarrizketa batean, Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusiak berak aitortu du mundua azkar doala bipolaritate baterako bidean: AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko gatazkan bezala. Desberdintasun nagusia da orain Txina dela bloke komunistako liderra, globalizazioaren oinarrietako bat, eta haren aliatuak ez direla eremu geografiko eta ideologikorik hurbilenekoak bakarrik; gainera, interdependentziazko harreman korapilatsuak dituzte aurkariaren blokeko zenbait herrialderekin.

«Hiru potentzia nagusiek [AEBak, Txina eta Errusia] harreman arazotsua dute, eta horrek zaildu egiten du Segurtasun Kontseiluak erabaki egokiak hartzea aurre egiten ari gatzaizkion krisiari heltzeko», azaldu zuen Guterresek. «Gerra Hotzean, aurrez ikusteko moduko gatazka batean ari ziren bi superpotentziak. Orain, ordea, egoera askoz konplexuagoa da, eta zailagoa da herrialdeek arauak bete ditzaten lortzea», gehitu zuen Portugalgo lehen ministro ohiak.

Pekinen argi dute guztiaren erruduna Donald Trump dela. «AEBetako muturreko zenbait indarrek gatazka ideologikoak sortu dituzte, eta herrialdeak alde batera edo bestera egitera behartzen ari dira makartismo berri batean. Haien helburua tentsioa eta desegonkortasuna sortzea da», baieztatu du Wang Yi Txinako Atzerriko ministroak, Vietnamgo bere homologo Pham Binh Minh-ekin izandako elkarrizketa batean. «AEBek burua galdu dute, morala galdu dute, eta sinesgarritasuna», esana zuen aurretik Wangek, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin telefonoz izandako elkarrizketa batean.

Donald Trump eta Xi Jinping, Pekinen, 2017an
 

Donald Trump eta Xi Jinping, Pekinen, 2017an. ROMAN PILIPEY / EFE

Washingtonen, istorio bera oso bestela kontatzen dute. Izan ere, Mike Pompeo AEBetako idazkariak Txinari buruzko hitzaldirik kritikoenetako bat egin zuen uztailaren 23an, esanez mehatxu bat dela demokraziarentzat. «Orain belaunikatzen bagara, gure seme-alaben seme-alabak Txinako alderdi komunistaren mende egongo dira», baieztatu zuen.

Egoera honetan, AEBek azaroan presidentetzarako egingo dituzten hauteskundeak erabakigarriak izango dira zehazteko zer bide hartuko duen planetako aldebiko harreman garrantzitsuenak. Trumpek zabaldu dituen borroka fronteak kontuan hartuta, logikoa dirudi pentsatzea Txinak nahiago duela Joe Biden izatea presidentea.

«Txinak oldarkor jokatzearen arriskuak eta onurak aztertzen jarraituko duen arren, azken hilabeteetan gero eta diskurtso publikoa kritikoagoa egin du egungo administrazioaren kontra, bai COVID-19ari dagokionez, bai Houstongo Kontsulatuaren itxierari eta beste gai batzuei dagokienez», adierazi dute Estatu Batuetako Segurtasun eta Kontrainteligentzia Zentrotik, eta ohartarazi Trump Pekinentzat «aurreikusten zailegia» dela, eta Txina saia daitekeela emaitzan eragiten.

Txina arazo handi bat da munduko merkataritzarentzat; baina Trumpek okerreko neurriak hartu ditu»

Carlo DAndrea. Merkataritza Ganberako lehendakariordea

 

Baina Alderdi Komunistako buruzagiek beti ihes egiten diote termino absolutuetan hitz egiteari, eta, haiek tartean daudenean, komeni da jokaleku begi bistakoenaz harago begiratzea. «America First politika egin izana eta buruzagi askok Trump ezjakin bat dela pentsatzea inoiz ez bezalako bultzada izan da Txinak munduan duen eraginarentzat. Txinak bete egin du Estatu Batuek erretiratzean utzi duten hutsunea, eta, horretaz gainera, orain indar handiagoa du Europako Batasunean eta halako blokeetan zatiketak eragiteko», azaldu du, Pekinen, CKGSB negozio eskolako Ekonomia irakasle batek —ez du izena ematea nahi—. «Bidenen garaipenak kalte egin liezaioke Txinari, Washingtonen atzerri politika bultzatuko lukeelako berriro, eta bloke aliatuak sendotuko lituzkeelako orain irrazionaltzat jotzen den Trumpekin elkarlanean aritzeko uzkur agertzen direnekin», aurreratu du.

Estatu Batuek Txinan daukaten Merkataritza Ganberaren analisiak ekonomia du ardatz. Bere izena ematea nahi ez duen beste kide batek dioenez, «muga zergen gerrak ez dio dirudien bezainbesteko kaltea egin Txinari. Baina Trumpek piko egin du zaurian, eta agerian utzi ditu egiturazko arazoak. Trump arazo horiek kanoiekin konpontzen saiatzen da, baina Bidenek alternatiba arrazoizkoagoak eta eraginkorragoak bila litzake, eta horiek kaltegarriagoak lirateke Txinarentzat. Txinako agintariei komeni zaie barregarri utz dezaketen presidente bat izatea Estatu Batuetan, munduak kasurik egin ez diezaion».

Txinako Gobernuaren aldeko manifestariak, Trumpen irudiak zapaltzen
 

Txinako Gobernuaren aldeko manifestariak, Trumpen irudiak zapaltzen, Hong Kongen. JEROME FAVRE / EFE

Iritzi horren isla garbia dira bi superpotentzien arteko merkataritzaren datuak. Urte erdia baino gehiago pasatu da Trumpek eta Xi Jinpingek akordio bat egin zutenetik bake komertzialaren lehen fasea adosteko, eta argi dago Txinak ez duela bete agindutako guztia. Txinak argudiatu du koronabirusaren pandemiak zapuztu dituela egitasmo horiek. Baina Txinaren esportazioekin ez da hala gertatu, eta hori argi erakusten dute Txinako kanpo merkataritzaren uztaileko datuek: Asiako erraldoiak %1,4 gutxiago erosi zion munduari, baina %7,2 gehiago saldu zuen.

«Trump zuzen dago: Txina arazo handi bat da munduko merkataritzarentzat, eta hori azaleratu izanak begiak ireki dizkie Europako gobernu batzuei, baina Trumpek okerreko neurriak hartu ditu arazo hori konpontzeko. Agian Bidenek hobeto egin dezake, gehienbat gaitasun handiagoa duelako mendebaldeko beste herrialde batzuekin aliantza tradizionalak sustatzeko, arlo ideologikora eta militarrera eraman gabe Txinarekin daukaten gatazka», dio Carlo D'Andreak, Europak Shanghain daukan Merkataritza Ganberako lehendakariordeak.

Etsaiaren lagun

Txinarentzat erraza da akordioak egitea AEBen etsai porrokatuekin; besteak beste, Iranekin, Errusiarekin eta Venezuelarekin —Txinak armak ematen dizkio—. Zailagoa da, ordea, afiliazio argirik ez duten estatuak konbentzitzea, eta are zailagoa, Washingtonek haiekin harreman ona izatea lortu badu. Filipinak dira superpotentzia horiek mundu osoan hegemonia lortzeko duten borroka ondoena islatzen dutenetako bat: AEBen aliatua izan ohi da, eta elkar defendatzeko itun bat dute, baina, Roberto Duterte —Trump filipinarra— presidente denetik, herrialdea Txinarengana hurbiltzen hasi da.

«Txinak bere egin du Estatu Batuek erretiratzean utzi duten hutsunea, eta indar handiagoa du orain»

CKGSB negozio eskolako Ekonomia irakasle bat.

 

Antzera gertatzen da Asiako hego-ekialdean Txinarekin lurralde gatazkak pil-pilean dituzten herrialde batzuekin. Vietnam, esaterako, ideologikoki nahiko bat dator Txinarekin, baina historia luzeko tirabirak dituzte, eta biak ahaleginak egiten ari dira ika-mika horiek baretzeko. Zeinek bere eragina handitzeko gerra batean dihardute ekialdeko itsasoetan, eta, Trumpek kanpo politikan atzera egin eta gero, Pekin aurrera eta aurrera ari da. «Europan ere ahaleginak egiten dabil estatu kideak elkarren kontra jartzeko, haien batasuna ahuldu eta haien negoziatzeko indarra handitzea eragotzi nahian», azaldu du Europako Merkataritza Ganberako kide batek, zeinak nahiago duen izenik ez eman. «Adostasuna guztiz oztopatzeko, aski du estatu behartsuenak bere alde jartzea; hartara, Europako Batasuna kritika eta mehatxu epelagoak egitera behartua baitago», ondorioztatu du.

Txinak arrakasta handia bildu du taloia astintzeko politikari esker. Halaxe erakutsi dugu Latinoamerikan eta Pazifiko aldean Taiwani bazkideak kentzeko duen estrategian. Horri esker, besteak beste Panamak, Solomon uharteek eta Kiribatik erabaki dute Taiwanekiko harreman diplomatikoak etetea eta Txinarekikoak estutzea. Taiwango presidente Tsai Ing-wen-en arabera, Txina «presio politikoaz baliatzen da Taiwanek nazioartean duen esparru politikoa mugatzeko».

Berlinen marraztutako mural bat.
 

Berlinen marraztutako mural bat. OMER MESSINGER / EFE

Pekinek egiten dituen inbertsioak eta azpiegiturak polemikoak dira batzuetan, baina modua eman diote balantza bere alde makurtzeko Afrikan dituen interesei dagokienez, eta kontinente horretan handitu da gehien Txinaren presentzia. 2015etik 2018ra soilik, Pekinek 299.000 milioi dolar jarri zituen Saharaz hegoaldeko eskualdean, eta, joan deneko hogei urtean, maileguak eskaini dizkie Afrikako gobernuei: 130.000 milioi dolar baino gehiago. Txinak eraikitzen dituen azpiegiturak funtsezkoak dira garapenerako, baina mesede politikoak ere erosten ditu. Ez da kasualitatea Txinak bere mugetatik kanpo duen lehenbiziko base militarra Djibutin egotea.

Fronte guztietan AEBekiko tirabirak gero eta handiagoak direnez, badirudi Alderdi Komunistak harremanak estutzen segituko duela garabidean den munduarekin. «Mendebaldean, maiz kritikatzen da Txinak giza eskubideak ez lehenestea negozioen aurretik. Jarrera hori hipokrita da, ordea, kontuan harturik Saudi Arabia dela AEBen aliatuetako bat. Txinak bete egiten du beste herrialdeen barne gaietan ez sartzeko printzipioa; 1979tik, ez du parte hartu inongo gerratan [Vietnamgo gerraz geroztik], eta ez du borondate kolonialik», azaldu du, Shanghain, Fudango Unibertsitateko finantza irakasle batek, zeinak ez duen nahi bere izenik ematea. «Logikoa da Txinak bere interesen alde egitea. Eta, bide horretan lortzen badu beste herrialde batzuek beren ekonomia garatzea, agerian utziko du badagoela gobernantzarako beste eredu posible bat», borobildu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.