Taconeran, Iruñeko harresien gainaldean, argazkiak egiten dizkioten bitartean, Koldo Amezketak (Iruñea, 1944) azaldu du askotan egiten duela osteratxoa. «Maite dut inguru hau». Hamazazpi urterekin hasi zen politikan, eta, ibilbide luzea egin ostean, orain erretiratuta dago. «Urtez luzez, intentsitate handiz bizi izan dut politika. Denbora luzez, imajina daitezkeen gauza guztiak egokitu zaizkit».
Nolatan hasi zinen politikan?
Hamahiru urterekin, espiritu nazionala irakasten ziguten Gurutze plazako institutuan. Hori hala zela esaten ziguten, eztabaidatu gabe; ezbaian jartzen hasi nintzen. Ez nintzen bakarra. Hamasei urterekin, mendiak begiak ireki zizkidan. Jendea ezagutu eta ohartzen zara herria ez dela esan eta irakatsi diguten hura. Beste liburu batzuk ezagutzen dituzu. Askatasuna mozten duen diktaduraren aurkako borroka bat da: ez dut pentsatu nahi, eta egin nahi haiek nahi duten moduan.
Zer ekarri zuen Francoren heriotzak?
Diktadorea ohean hil zen. Handik urte batzuetara ikusten dituzu gauzak argi. Diktadura ordezkatzeko mugimenduak 1974an hasi ziren, eta dena prestatu zuten: dena aldatu behar da ezer alda ez dadin. Europarekin bateragarri egin eta Konstituzioa onartu, baina iraun beharreko guztiak iraun dezala.
Arrisku hori ikusi zenuten EAJn?
Bai, baina herrialdea lur jota zegoen. Euskara, lan mundua... Industria jokoz kanpo zegoen. Horrez gain, herrialde barruan ez zegoen alternatibarik. ETAk bakarrik planteatzen zuen erabat desberdina zen zerbait.
Trantsizioan une erabakigarrien artean Xibertan aipatzen da eta han zerk huts egin zuen?
Une garrantzitsua izan zen. Telesforo Monzonek bultzatu zuen, borondate onez, baina bakoitzak aurrez finkatuak zituen ideiak. Bakoitzak argi zuen nora iritsi nahi zuen, baina helmugak desberdinak direnean oso zaila da. Batasunean sinesten dut, baina beharrezko baldintza minimo batzuk behar dira fruitua eman dezan eta helburuak lortu. Abertzaleen munduan, erraza da ados egotea %60-%70-%80ean. Diferentzia gutxi daude, baina arlo txiki batean hainbat sentsibilitate egon litezke. Orduan, ezin da inposatu, bestela aniztasuna amaitu delako. Auzia ez da alderdiek osatzen dutela aniztasun hori, herritarrek baizik.
Ematen du iraganaz baino orainaz mintzo zarela.
Bai, bai. Edo beste modura esango dut. Edo EH Bilduk tentu handia du gauzak egiterakoan eta sendotasuna ematen dion formula hori eusterakoan, edo bestela orain arte saihestea lortu diren arazoak egon daitezke. Iritzi guztiak dira eztabaidagarriak, nirea barne, baina funtsezkoa da aniztasunari eustea, besoak irekitzen dizkiozulako hautesleria pluralago bati.
Dena den, Xibertaz ari ginen...
Bai, eta badago gauza garrantzitsu bat. Jarduera politikoan —eta ez naiz ari jarduera armatuaz— ETAk bideak ezarri ditu, zein bide hartu eztabaidatu aurretik.
ETAk lehenago utzi behar zituen armak?
ETA diktadura frankistan sortu zen, orduan jasan behar izan genuen guztiarekin. Uste dut norberak erabakitzen duela nola defendatu behar duen bere burua, eta nik erabaki bat hartu nuen, herri honi laguntzeko eraz. Beste askok bezala, hautu bat egin genuen; hau edo hura. Nik, arrazionaltasunetik, erabaki nuen batek ez zidala balio, eta besteak, bai. Kito. Orain ez diot inori leporatuko urte horietan egindakoa. Dena den, uste dut garai batean nahikoa aldatu zela egoera gogoeta egin eta beste ondorio batzuk hartzeko.
«Aizpuni galdetu nion ea ETB Nafarroan ikusten utziko zuen. ‘Koldo, baina nola jarriko dugu azeria oilategia zaintzen?’»
1986an, EAJtik kanporatu zintuzten. Zergatik?
Napar Buru Batzarreko presidente nintzen, eta Euzkadi Buru Batzarreko kide. 1983an, udal eta foru hauteskundeetan, eskuina atera zen irabazle, baina zail zuen gobernura iristea. EAJk planteatu zigun inbestidura hartan abstenitzeko, baina orduan UPNko hautagaia izendatuko zen presidente. «Baina nola jarriko dugu gobernuan UPN?», esan genien. Erantzuten ziguten ez genuela inor jarri behar, abstentzioa zela.
Zeri erantzuten zion?
Auzia da EAJk uste zuela arazoak egon zitezkeela EAEko udal batzuetan eta diputazioaren batean, eta Alianza Popularren abstentzioa behar zuela. Esan nien hitz egiteko [Juan Mari] Bandresekin eta Euskadiko Ezkerrarekin. Erantzun ziguten matxinada zela. «Nahi duzuena, baina ezin dugu hemen UPNko hautagaia jarri». Gobernuko presidente hautatzeko prozesu hark urtebete baino gehiago iraun zuen; UPNko hautagaia lehenik Zubiaur zen, eta gero, Pegenaute. [Juan Cruz] Alli ere izan zen tartean. Institutuan klasekide izan ginen, eta ohartarazi nion: «Juan Cruz, hautagai izatea proposatzen badizute, uko egin, estropezu egingo duzu eta». Parlamentuko presidenteak onartu zuen UPNri zegokiola gobernatzea, baina helegitea egon zen, eta Gorenak erabaki zuen Urralbururi (PSN) zegokiola.
Koldo Amezketaren interbentzioa, EAren 8 biltzarrean. / Raul Bogajo, Foku.
Horregatik kanporatu zintuzteten?
EAJk batzorde bat osatu zuen, baina ez ziguten galdetu nola egin ziren gauzak, eta batzar batean erabaki zuten Nafarroako zuzendaritza guztia kanporatzea. Hori izan zen arrazoia. Nafarroako ia afiliazio guztia gurekin joan zen. Nola jarriko genuen UPN agintean? Itxurakeria hutsa izan ziren bilera batzuk egin genituen haiekin, eta Jesus Aizpuni [UPNko presidenteari] galdetu nion ea ETB Nafarroan ikustea utziko ote zuen. «Koldo, baina nola jarriko dugu azeria oilategia zaintzen?».
Kanporatuta, EA sortu zenuten.
Trauma handia izan zen. Gipuzkoan batez ere, eta Araban, batzar bereziak egin ziren, eta EAJk berriro bazkide egiteko epea ireki zuen. Geroztik, EAJk ez du burua altxatu Nafarroan.
Garaikoetxea erreferente bat da zuretzat?
70eko hamarkada hasieratik ezagutzen dut Carlos. Herrialdearen erreferente oso garrantzitsua izan da, eta izaten jarraitzen du. Ezerezetik gobernu bat osatzea egokitu zitzaion. Garai hura gertutik ezagutu nuen. Ez zegoen ezer, dena zegoen asmatzeko, baita legeak nola egin ere. Bitartekorik gabe, borondate handiarekin, eta jende askoren ilusio eskergarekin. Han zirenen gaitasun pertsonala, intelektuala eta politikoa ikusita, Garaikoetxearen lehen gobernua bezalakorik ez da berriro ikusiko.
Irun eta Hendaia arteko 2008ko Aberri Egunean, deitzaileetako bat izan zen Koldo Amezketa, modu pertsonalean. / Andoni Canellada, Foku.
1995ean, EAk gobernua osatu zuen Nafarroan PSNrekin eta CDNrekin, baina urtebete iraun zuen, Diario de Navarra-k Otanoren Suitzako kontuen afera kaleratu arte. Aukera galdua izan zen hura?
Bai, PSNk beti bezala erreakzionatu zuelako afera harekin: gobernatzeko ardura eskuinaren eskuetan utzi zuen. Otano inplikatuta bazegoen, zergatik ez jarri beste bat? Gehiengo bera genuen.
Aste batzuk lehenago, EAren ekimenez, gobernua hark organo komun iraunkorra proposatu zuen, beste euskal lurraldeekin harremana sendotzeko. Kasualitatea izan zen Suitzako paperen afera orduan ateratzea?
Nire ustez, Diario de Navarra-k paper haiek zituen gobernua osatu baino lehen. Beti pentsatu dut informazio asko dutela, eta garrantzitsuagoa dela esaten ez dutena esaten dutena baino. Eskuinaren ideien elikatzaile da. Uste zuten gobernuak bi egun baino ez zuela iraungo, eta elkar muturka ariko ginela; baina urtebete generaman jada, organo komunaz hasi ginen hizketan, ilusioa pizten ari zen, eta errotik moztu nahi izan zuten.
«Arriskua hartu genuen, baina uste sendoz egiten denean, analisi zuzen batean oinarrituta, poza bikoitza da»
1998an izan zen Lizarra-Garaziko akordioa. Zer ekarri zuen horrek?
Saio inportantea izan zen. Lizarra-Garazi 1998ko irailaren 16ko su-etenerako lur hartze pista izan zen. Ekainetik aurrera landu genuen, aitortza osoa merezi duten gizon on batzuen laguntzarekin. Ez dut esango nortzuk diren. Lan ona egin zen, baina, sinadura egunean, bazituen gustuko ez nituen gauzak. Zerbait kolektiboki egiten bada, gero erabakiak kolektiboki hartu behar dira. EAJ eta gu ETArekin egon ginen hizketan, eta gerora paper haiek atera ziren. ETAk zioen hala zela, eta funtzionatzen ez bazuen berak erabakiko zuela. Ez, eser gaitezen berriro eta ikus dezagun zer dabilen ondo edo gaizki. Horregatik hautsi zen. ETAren ondorengo erabakiak garrantzitsuagoak izan dira, baina ez dute orduko ilusio bera piztu.
Gerora, EA eta EAJ elkarrekin aurkeztu zineten bozetan, eta Ibarretxe plana izan zen egitasmo nagusia. Zertarako balio izan zuen?
Aurrean genuen murrua ikusteko balio izan zuen, eta neurtzeko norainokoa zen alde honetan harresi horren aurka bultza egiteko ahalmena. EAJk esan zuen amaitu zela, eta azkenean EA izan zen Ibarretxeren sostengu nagusia. EAJk ez zuen erreparorik izan hura gainetik kentzeko.
Lizarrako Akordioaren sinatzaileen bilera, 1998ko irailaren 12an. / Jagoba Manterola, Foku.
2009ko hauteskundeetan, EAk emaitza kaskarrak lortu, eta Unai Ziarretak dimisioa eman zuen. EAko lema hartu zenuen hiru hilabetez.
EAJrekin geneukan hauteskunde aliantza hautsi genuen, eta lan egin genuen ezker abertzalearekin topaguneak lortzeko. Zenbaitzuk lan handia egin dugu, urte askoz, elkarrizketarik ez zegoen eremua landuz, eta konfiantza pertsonalak sortzeko balio izan zuen. Gerora etorri denaren aurrekaria izan zen. 2009an, berriz, hondamendia izan zen gure hauteskundeetan izan genuen emaitza. Unai Ziarretak dimisioa eman zuen, eta presidente lanetan izan nintzen hiru hilabetez. Europako hauteskundeei begira, Bateraguneko arduradunekin izan nintzen, eta ahalegin serioa egin genuen. Ez zen posible izan, baina ondorengo elkarrizketek izan zuten emaitzarik.
2009tik 2011rako epea garrantzitsua izan zen. 2011n, Konstituzionalak ozta-ozta onartu zuen Bilduren hautagaitza.
Garrantzitsua izan zen; Bildu onartzen ez bazen... EAk arrisku hori hartu zuen, uste osoa genuelako: uste dugu ezker abertzalea aldatzen ari dela, eta ETA amaituko dela. Beti exijitu izan ditugun baldintzak betetzen hasi ziren: giza eskubideen errespetua, bide baketsuak eta ezkerreko politika. Jabetzen ginen bazitekeela auzitegiek atzera botatzea, baina guk plus bat gaineratzen genuen, norbaitek bi aldiz pentsa zezan atzera bota aurretik. Arriskua hartu genuen, baina, uste sendoz egiten denean, analisi zuzen batean oinarrituta, poza bikoitza da.
Nafarroako Bilduren prentsaurreko bat, 2011ko irailean. Ezkerretik eskuinera, Bakartxo Ruiz, Oier Eizmendi, Aitor Etxarri eta Koldo Amezketa. / Iñigo Uriz, Foku.
Zer ekarpen egin zenuten 2015eko aldaketari begira?
Gauza oso garrantzitsu bat egin zen: bi zentsura mozio. Lehengoan, Geroa Bai, Ezkerra eta Aralarrekin hitz egin genuen, eta ezezkoa eman ziguten. Bigarrena bai, aurkeztu zen. Biak galdu genituen, baina helburu didaktikoa izan zuten. Herriz herri, Nafarroa zeharkatu genuen, esanez ez zela aurrera aterako, baina mozioa azalduz. Mugarri garrantzitsua izan zen, kaleko mobilizazioak izan ziren bezala. Azkenean, jendea nazkatuta zegoen betikoak hainbeste urtez agintean ikusita.
2015ean espero zenuen aldaketa?
Anekdota bat kontatuko dizut. 2015eko maiatzean, Nafarroako Enpresa Publikoen Korporazioko kontseiluaren bazkaloste batean, Yolanda Barcinak galdetu zidan ea zer gertatuko zen. Erantzun nion maiatzaren 25ean gauerdian gobernua aldatzeko moduko gehiengo bat egongo zela, PSNren beharrik gabe. Barcinak erantzun zidan ez zidala galdetu zer nahi nuen, zer gertatzera zihoan baizik. «Erantzun dizut irmo pentsatzen dudana, eta hain irmo diot, hilaren 26 goizean kafe bat hartuko dugula emaitzaz hitz egiteko. Eta hala egin genuen. Haren bulegoan hartu genuen kafea, eta kexu zen Ciudadanosi 300 boto falta zitzaizkiolako. «Nahi duzuna, baina 26».
Eta zer gertatuko da datorren urtean?
Zail ikusten dut, baina uste dut aurrera aterako dela. 2015arekin alderatuta, bi faktore bereizgarri daude; batetik, Ahal Dugu-ren barne egoera, eta bestetik, Espainiako Gobernuan PSOE izatea. Hemengoak adimentsuak balira, etekina aterako liokete horri. Parlamentuko alderdirik serioena EH Bildu da, baina 26 eserleku lortuko balituzte Geroa Baik, PSNk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, ez dut zalantzarik hori izango litzatekeela aukera. Geroa Bairentzat erosoena litzateke: PSOE barrura eta EH Bildu kanpora. Hori da arriskua.
Beti fokuen atzean, baina politikan inplikatuta
Amezketak ez ditu faltan sumatzen eguneroko politikaren gorabeherak. Atzera begiratzen du zenbaitetan, eta gogoeta egiten hartutako erabakiez. «Batzuetan pentsatu izan dut: 'aldi hartan bestela jokatu banu...'. Baina azkenean praktikotasuna nagusitzen da. Atzerantz begiratu behar da ikasteko, eta, antzeko egoera bat suertatzen bazaizu, damutu zinen hartakoa ez errepikatzeko». Politikan ikasi duenari buruz galdetuta, bi ideia nabarmendu ditu: « Lehenik eta behin, aspaldi ikasi nuen ez dagoela egia erabatekorik. Bestetik, politikan oso ohikoa ez den beste zerbait: beti esan izan dut ideiak garrantzitsuak direla, baina pertsonak are gehiago».
Ogibidez abokatua da, eta urte luzez uztartu ditu politikagintza eta lana. Haren hitzetan, familiak ordaindu ditu politikari emandako orduak. «Gauzak asko aldatu dira gaztarotik, eta garai hartan egiten genuena ezin da egin; politikaren menpe utzi lana, jarduera eta bizitza».
Fokuetatik kanpo ibili zen beti, eta ibilbidearen amaieran egokitu zitzaion erakundeetan aritzea. Erretiratzear zegoela, Nafarroa Bairen parlamentari jardun zuen 2007ko legealdian, eta parlamentari izan zen berriz 2011ko legealdian, Bildurekin.