Bildu duten eskarmentuari esker orain duela 15-20 urte baino erosoago jarduten dutela dio Ubane Uzinek. Sasoi batean, proiektu bat asko gustatzen baldin bazitzaien, dela dirua, dela denbora, adibidez, egitasmo horren alde dena ematen zuten berak eta Jose Felix Azkarate Xarra Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko bere kideak. «Gaur egun, esperientziarekin, esaten duzu: 'Ados. Hemen ahalegin bat egin behar da. Zuk zure aldetik zenbat jarriko duzu?'». Kolpeka ikasi baitute ofizioa. Hanka sartuz aurrena, hori ateraz ondoren, eta, ondorioz, beste modu batera lan egiten hurrena. Garaiak ere aldatu dira, gainera. «Kulturgintzan bezala, beste arlo guztietan. Hemen, Soraluzen, torloju fabrikak dauzkagu, baina jada ez dute lan egiten orain 20 urte bezala. Gure ofizioan gauza bera gertatzen da. Beste modu batean lan egiten da, beste modu batean hartzen dira arriskuak, beste modu batean lortzen irabaziak...». Gaztelupeko Hotsak garaian garaikora moldatuz joan dela iruditzen zaio.
Zenbait talderi grabaketa estudioa ordaintzen zieten hasieran, 10.000 bat euro gastatuta, esaterako. Gehitu horri diskoaren diseinuren kostua. «Diru hori kolpean jartzea zen... Proiektu batzuekin hasten zinen zulo handi bat eginda». Txipa erabat aldatu zuten, ordea. Bai jasotako kolpeengatik eta bai merkatua eta egiteko moduak ere aldatu direlako. «Gure ikuspegitik hitz egingo dizut. Proiektu bati falta zaiona ematen diogu; falta zaion hanka jartzen diogu. Esfortzua partekatua da garaiotan». Halere, bai 1995ean —diskoetxea sortu zutenean, alegia—, bai bitartean, baita orain ere, diskogintzaren, editorialaren eta management-aren kudeaketa, kudeaketa ekonomikoa bideratzea tokatu zaio. «Arlo artistikoaz gehiago arduratu da Xarra».
Baina kidearekin batera musikagintzan murgiltzea erabaki zuenerako, aski trebatua zegoen langintza horretan. 18 urterekin, UBI bukatu ondoren, sukaldaritza ikasi nahi zuen, baina ezin, ikasi nahi zuen lekuan tokirik ez zegoelako denentzat. Beraz, herriko gaztetxeko barran lanean hasi zen — «Euskal Herriko aktiboenetakoa zen, eta jazz eta blues kontzertuak ere antolatzen genituen»—, eta handik oso gutxira taberna bat erosi zuen, egun ere Gaztelupe izena daukana. Hura gobernatu zuen hamalau urtez, baina lan hura eta hiru seme txikiren ardura edukitzea ez ziren bateragarriak. Beraz, taberna alokairuan eduki zuen hamabi urtez, harik eta iaz berriro hartu zuten arte, dozena bat urtez hura ustiatzen aritutako emakumea jada nekatuta zegoelako. «Semeak egoten dira batez ere, baina, azken finean, familiarra da».
Xarra dago barraren atzealdean, eta Rafa Rueda Gaztelupeko Hotsak-ekin hiru disko argitaratutako musikariaren disko bat entzun daiteke. Goian daukate bulegoa, eta haraino eramaten duten eskaileretako bakoitzean musikarien, ekintzaileen, idazleen, bertsolarien, literaturako fikziozko pertsonaien eta, besteak beste, liburuen izenak daude idatzita. Izan ere, Gaztelupeko Hotsak ez da diskogintzara mugatu.
Ñaco Goñi bluesman-arena izan zen argitaratutako aurreneko erreferentzia, eta Moraurena bigarrena, 1996an. Xarrak eta beste bi lagunek kudeatutako «desmadre» hari forma ematea izan zen Uzinen ardura.
Hanka sartuz ere ikasten dela iruditzen zaio, eta kontatu du zer-nolako gertaerek eraman zituen txipa aldatzera. «Ba, adibidez, sekulako ilusioa daukazu proiektu batean, eta jartzen duzu dirua, egiten duzu esfortzua, eta, bat-batean, taldekoak desaktibatu egiten dira. Zergatik? Ez dakit zeinek aita edo ama izan behar duelako. Ea, ea... Ezin al zen hori almazenean ez dakit zenbat mila disko sartu aurretik aurreikusi? Udan ez dakit zenbat emanaldi egiteko asmoa zutenean?». Gisa horretako egoerek bultzatu zituzten ahalegin partekatuaren filosofiarantz.
Lehen dena ordaindu behar izaten zutela dio. «Orain, aldiz, dauzkagu talde batzuk oso ondo funtzionatzen dutenak, laguntzarik behar ez dutenak diskoa grabatzeko, oso kapazak direlako. Etortzen zaizkigu jada primerako master batekin». Beste arrazoi batzuengatik jotzen dute, beraz, haiengana, Gaztelupeko kidearen esanetan: diskoak fabrikatzeko dirua behar dutelako, edo ez daukatelako denborarik banatzaileen eta dendarien atzetik ibiltzeko. Bada, zerbitzu hori eskaintzen diete. Bestalde, sarritan taldeek beraiek lotzen dituzte kontzertuak, baina Uzinek beste kontu batzuk bideratzen dizkie. «Alta eman behar zaiela gizarte segurantzan, gero baja, fakturak, BEZa, laneko bisak behar dituztela atzerrira joateko... Gauza horiek guztiak bideratzeko gaude gu hemen». Autoekoizpenaren bideari jarraitu dioten hainbat talderekin harremana daukate, eta Uzini onartu diote «kristoren lana» dela paper kontu horiek egitea.
Zuzenekoetan arriskatu
Diskoak saltzeko ere badaude, noski. Garai batean asko saltzen zirela dio. Hori zen diru iturrietako bat. Dena den, Gaztelupekoek beren eskaintzan beste pauso bat ematea erabaki zuten. «Gu izan ginen hemen aurrenekoak diskoetxe-editorial-management enpresa bihurtzen, eta asko kritikatu gintuzten, hemen ez zelako ulertzen hala jokatzea». Eredu hori kanpotik hartu zuten. Ikusten hasi ziren diskogintzatik geroz eta gutxiago jasotzen zutela. Hortaz, beste bide batzuk ireki behar izan zituzten diru sarrerak sortzen jarraitzeko. «Editorialetik [abestien eskubideak], zuzenekoen kudeaketatik [management-a]... Urteekin ikusi da hori zela formula egokia, eta denek jo dute hori egitera».
Gaztelupekoek, halere, «apur bat lagata» daukate management-a, zuzenekoak bilatzea alegia, «horiek probokatzea», garaiak geroz eta «estuagoak» baitira. «Garai batean, Kafe Antzokian, adibidez, data bat topatzen zenuen, adosten zenuen txarteldegiko dirua nola banatu, hau eta bestea. Egun, aldiz, hasteko, alokairu bat ordaindu behar da, eta hasten zara pila bat arriskatzen». Segitzen dute zuzenekoak antolatzen, baina ez %100ean.
Gainera, «proiektu jakin batzuetan» zentratu direnetik, beren zeregina «modu erlaxatuago» batean daramate. «Gustatzen zaigu proiektu bat pentsatzea, hori lantzea, ateratzea, finantzabidea bilatzea... Guretzat interesgarriagoa da hori orain. Baina ez diskoetxe gisa, pertsonalki baizik». Hauspotu zituzten eta dituzte disko-liburuak, horien bueltan antolatutako ikuskizunak, jazza,bluesa eta munduko musiketan oinarritutako jaialdiak, eta baita musikari buruzko liburuak ere, Bosgarren Haria izenburupean.
2006an, beste erabaki estrategiko bat hartu zuten: Errabal Jazz azpizigilua sortzea. Ondo funtzionatzen du. «Jazza entzuten duenak, oro har, diskoak erosten ditu; ez du denborarik galdu nahi kopia piratak egiten». Nabaritu dute jazzaren eta bluesaren entzuleen profilak oso diferenteak direla beste estiloetakoekin alderatuta.
Diskoetxearen 300 erreferentzia inguruko katalogoan estilo guztiei egin diete tokia. «Hori bai, aurrena guri gustatu behar zaigu». Dena dela, egun, talde batek haiengana jotzen baldin badu, aspaldi kontuan hartzen ez zituzten aldagaiei erreparatzen diete. «Adibidez, noraino heldu nahi duten jakin nahi izaten dugu, zer daukaten horraino heltzeko. Esaten badizute egin nahi dituztela emanaldi pila bat, baina baxu jotzaileak lan egiten badu 14:00etatik 22:00etara, eta gitarristak 22:00etatik 06:00etara, bada... Halako gauzak asko begiratzen ditugu orain; lehen ez zitzaidan burutik pasatu ere egingo».
Urteen joan-etorrian diskoetxearekin harremanetan jartzen diren musikarien profilak aldatu direlakoan dago. Autoekoizpena aukeratzen dutenak geroz eta gehiago dira, bai, baina Uzinek badaki zenbait musikarik oraindik ere garrantzia ematen diotela atzetik zigilu bat edukitzeari. «Aste honetan hizketan aritu gara artista batekin, eta esan zigun diskoetxe batekin argitaratu nahi zuela diskoa. Zergatik? Bestela ez dutelako programatzen jaialdi handietan, adibidez. Bera konbentzituta dago festibalek parametro batzuk exijitzen dituztela: diskoetxea, managerra...».
Jarreran nabaritu
Uzinen irudiko, egiteko moduan, jarreran-eta, asko-asko nabaritzen da zein bizi den musikatik eta zein ez. Lehen multzoan eredugarriak iruditzen zaizkio Capsula hirukotekoak. «Egiten duten gauza bakoitzean daukazu zerbait ikasteko». Beste multzokoen jarrera ulertzen du, dena dela. «Zortzi ordu beharrean igarotzen dituenarentzat gerorako lanak dira musikarekikoak». Eta ulertzen ditu, era berean, Gazteluperekin hasi eta beste bide bat hartu dutenak. «Garapenak gertatzen dira, ezta? Denok gara gizakiak. Ez diskoetxeetakoak, ez musikariak, ez inor ez gara ez onenak eta ez txarrenak. Garaiak dira». Poztu da, gainera — «hasieran dolua pasatu behar izan arren»—, haiekin aritutakoren batek «lau eskailera» igo dituenean. Gogoratu da Jairo Zavalarekin, egun Depedro gidatzen duenarekin, Calexicoko kidea denarekin. «Guk argitaratu genituen haren lehen taldeen diskoak, Tres Mil Hombresenak eta La Vaca Azulenak. Niri onda hori asko gustatzen zait. Gero, ikusten duzu beste bide bat hartzen duela... Baina konturatzen zara handiagoa dela, beste ikuspegi bat duela, eta poztu egiten zara». Kontrako kasuak ere gertatu dira. «Musikariren bat beste norbaitekin argitaratzen hasi eta ematen zidana kentzen zidana baino txikiagoa zela konturatzen zarenean».
Inoiz ez dute harreman oso esturik izan beste diskoetxeekin. «Beti izan gara pixka bat arrarotxoak», bota du, umorez. «Gainera, ez gara euskal musikan zentratu». Agian horregatik, azken urteotan harreman handiagoa eduki dute kanpoko diskoetxeekin. «Guk dauzkagun blues eta jazz taldeekin, normala da».
Azken bi hamarkaden balantzea eginda, gustura dago. Negozioaren azpiegitura guztia amortizatuta daukate, eta jarraitzen dute katalogoa zaintzen, ezarritako epeak betetzen, eta, gainera, ofizioaren nondik norakoak hobeto ezagutzen dituzte. «Diru gutxiago irabazten da, baina, aldi berean, gutxiago inbertitu». Garaian garaikoa.
UDAKO SERIEA. Ezkutuko ezinbestekoak (eta VI). Ubane Uzin (Soraluze, Gipuzkoa, 1969)
Garaian garaikoa egin duen kudeatzailea
Jada blues disko bat kaleratua zuen diskoetxe bateko «desmadreari» forma emateko ardura hartu zuen 1995ean. Hanka sartuz ikasi du ofizioa, eta, hogei urte geroago, 300 bat erreferentzia dituen eta diskogintzara mugatzen ez den zigilua da Gaztelupeko Hotsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu