UDAKO SERIEA. Gerraurreko emakume idazleak (II). Garai soziohistorikoa.

Garai bat gainez egiteko

Gerraurrean idazten aritu ziren emakumeak, gehien-gehienak, Emakume Abertzale Batzaren bueltan aritu ziren. Politikan, mitinlari; kulturgintzan, idazle, antzerki zuzendari, antolatzaile eta beste. XX. mendearen lehen herena zen, eta «den-dena mugitzen» ari zen. Bi ardatz nagusik eman zieten bide emakume abertzaleen emantzipazio urratsei: modernitatearen etorrerak eta abertzaletasunaren ordena berriak.

Sorne Unzueta —ezkerrean—, Lemoako eskolako haurrekin, 1926an. BIDEGILEAK BILDUMA.
itziar ugarte irizar
2023ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun

Bi adierazpen gerraurreko emakume idazleak garaian kokatzeko. Gurutze Ezkurdia: «Euskal Herriak galdu egin zituen gerra karlistak, harekin foruak, eta hortik abiatuta zabaldu zen lehen mende herenean Euskal Pizkundea daukagu; euskaltasunaren loratzea». Eta Miren Llona: «Iraultzak arrakasta izan zuen, Eliza mehatxupean sentitzen zen sekularizazioaren garapenarekin, eta generoari zegokionez, klaseari zegokionez... den-dena mugitzen ari zen; XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan, desordena orokortu bat zegoen».

 

Historialariak dira biak, EHUko irakasleak, eta biek eskaini diote arreta XX. mende hasierako abertzaletasunean emakumeek jokatutako rola aztertzeari —Ezkurdiak Begoña Bilbaorekin eta Karmele Perezekin egin izan du lan; taldearen izenean hitz egin du BERRIArekin—. Bat etorri dira andreei protagonismo jakin bat izateko modua eman zien garai baten parte izan zirela, eta paradoxa batera eraman du interesgunea Llonak: «Haien diskurtsoa familiaren, amatasunaren, gizon-emakumeek egiteko bereiziak dituzten ideiaren aldekoa zen. Baina, era berean, taldean mobilizatzen ziren, eta etengabea zen euren mugen birdefinizioa haien praktiketan».

Abertzaletasunaren sarea ehuntzera zuzendu zen praktika hori, eta, herriz herri, hamaika jardun publikotan aritu ziren andreak. Ez beti ziurtasunez —«Sartu al nindeke?», dio, esaterako, Loretxuk 1930ean El Día-n—, baina bai taldean bilatuz babesa —«zaletasun aundia ikusten det emakume idazle artian»—. Posible egin zuten ardatzetako bi modernitatea eta abertzaletasun berria izan ziren, nahiz eta asko ez ziren EAJkoak izan, Ezkurdiak oroitarazi duenez.

Misoginiatik urrats bat

«Askotan pentsatzen dugu berdintasuna modernitateak inauguratu zuela, baina ez: hori borroka feministak ekarri du», ohartarazpena hasieratik Llonak. Modernitateak ekarri zuena aurreko urrats bat izan zen harentzat, emakumeekiko mendetako kultura azpiratzailea garaitzen hasteko lehen urrats bat. «Sustrai oso sakonak zituen kultura historiko bat genuen, misoginia, Eliza katolikoak mendetan transmititu zuena, baina lehenagotik zetorrena: emakumea menpeko izakia deneko ideia. Hori hor zegoen, eta gero etorri zen kultura modernoa, liberala, sexuen osagarritasunaren ideia dakarrena: emakumea jada ez zen gizonaren menpeko, baizik eta gizonaren osagarri».

Talkan zeuden bi kultura, eta bietatik edango zuen EAJk, Llonaren arabera: «Arana, abertzaletasunaren idearioa sortuz joan ahala, misoginia tradizionaletik abiatu zen. Harentzat, emakumeak maltzurrak ziren, ez fidagarriak, salbu eta [hark sortutako] Liberen figura, zeina emakume ahul bat zen». Aldiz, 1920ko eta 1930eko hamarkadetan alderdia «modernizatzen» hasi zela dio, gutxika «osagarritasunaren ideia» barneratzen: «Kontzientzia hartzen hasi ziren: aberriaren eraikuntza guztien artean egin beharreko lana dela».

Orduan sortu zen EAB Emakume Abertzale Batza, andreen antolakundea. Bi aldi izango ditu: 1922-1923 artean, Bilbo inguruan eratuko da; eta 1930eko hamarkadan, indar handiagoz, ia Hego Euskal Herri osoan osatuko dira taldeak. Aldi bertsuan, Ipar Euskal Herrian, emakume abertzaleek Begiraleak taldea sortuko dute 1933-1934 artean. Apenas ikertu den hartaz, baina jakina da Madalena Jauregiberri idazle zuberotarra izan zela lehendakaria.

Modernitateak ekarriko ditu, halaber, teknologia berriak; garaiko poetek maiz aipatuko duten trena —«bultzia»— edo prentsa bera. «Abertzaletasunaren iruditeria baserri baten defentsan ardaztu bazen ere, Bilbon jaio zen, Zazpikaleetan», nabarmendu du Llonak. «Haren kultura politikoa urbanoa zen, eta hedapenerako zeuden bide modernoenak erabili zituen: antzerkia, manifestazioak, aldizkariak...».

Aberrigintza bitarra

Euskal nazioaren eraikuntza lan konpartitutzat hartu zen, beraz, baina sexuaren araberako zeregin banaketa ezarri zuen abertzaletasunak. Emakumeei, «sentimentalagoak» zirelakoan, «aberriaren ama funtzioa betetzea» eskatu zitzaien, Llonaren hitzetan: «Arrazoia eta inteligentzia balio maskulinotzat hartu ziren; aldiz, alderdi emozionala, amatasunari lotua, emakumeen mundukotzat hartu zen. Jendea hunkitzea lortu behar zuten, uler zezatela Euskadi existitzen zela eta denon artean eraiki behar zela».

Arrakala horretatik sartu ziren milaka andre plaza publikora —EABk 25.000 kidetik gora ere izan zituen—, eta 1932ko Lehen Aberri Egunean modu masiboan atera ziren kalera. «Hori nobedade handia da», esan du Llonak. Eta aberriaren alde emozioen bidetik jarduteko formatzat jo du, hain justu, haietako askoren literatura ere. «Tene Mujikak, Jule Gabilondok, Julene Azpeitiak... jendea emozionatzeko lan bat egin zuten, animoak berotzekoa».

Pizkundeak literaturari emandako bultzada ere funtsezkoa izan zen idazleak garaian kokatzeko. Sariketak eta erakundeak sortu ziren, eta lehen lerroan zeuden gizonek parte hartzeko eskaera egin zieten andreei. Ander Arzelus Luzear-ek, 1930eko abuztuaren 7an, hala idatzi zuen El Día-n: «Euskaldun andereñoak, idazlerik onenak egin nai zinduzket, ez nere almenez (etzazute parrik egin), zuek idaztera beartu utsaz baiziz»—. Eta Lauaxetak hala, 1932an, Euzkadi aldizkarian Emakume arlua saila martxan jarriko dutela iragartzean: «Olerkijetan urtenak diran gustijak, egin begijez. Ipuñetan dakijenak be (...), ekin begije».

Idaztera animatu ziren andreak 1930etik aurrera ugaritu ziren bereziki, eta bada funtsezkoa den argazki bat abiapuntuan: Luzearren deiari erantzunez 1930eko abuztuaren 24an Zarautzen (Gipuzkoa) egindako Andereño Idazleen I. Biltzarrekoa. Bertakoa zen Miren Etxabe Lau Uxo antolatzailea, eta handik urtebetera Itziarren (Deba, Gipuzkoa) elkartu ziren ostera. Euskel Idazle Batzaren bilkura mistoetan parte hartu zutenen artean ziren, halaber, Mujika, Margarita Untzalu, Errose Bustintza eta Elbira Zipitria.

Bien bitartean, orduko giro politikoa «tentsio handikoa» zela gogorarazi du Ezkurdiak. Indar kontserbadoreak mutur batean, eta handituz zihoazen ezkerreko mugimenduak bestean. Azken horien arteko emakume militanteak plazan agertzen hasiak ziren ordurako —Maria Maeztu sozialista eta Dolores Ibarruri komunista oroitu ditu—, eta hori ikusita ere hasi zen abertzaletasuna bere emakumeei mobilizatzeko deia egiten.

Elizaren zehar bultzada

Forma katolikoa, urbanoa eta klase ertainekoa eman zion Aranak abertzaletasunari —«goi burgesia, klase ertaina eta langile klaseko jendea egon zen, baina ez zuten klase borrokaren ideia bereganatu», Llonak—; baina beste oinarri bat ere hartu zuen, zeinak ate bat ireki baitzion andreen parte hartzeari: euskara ez zen gehiago erabilera naturalerako hizkuntza izango, ezpada euskaltasunaren ardatzetako bat, zeinataz andrazkoek egin beharko zuten kargu.

Jendea euskaldunduko bazuten, eskolak behar zituzten, baina. «Hori oso garbi ikusi zuten», Ezkurdiaren hitzetan. Espainiako Bigarren Errepublikan ikastolak ugalduko ziren, baina aurreko bestelako ereduak ere esanguratsuak dira harentzat, erakusteko hizkuntzaren kontzientziak zer leku irabazi zuen pixkanaka hezkuntzan. Esate baterako, Bilboko irakasle eskolako maistrek euskarazko katedra sortu zuten 1918-1919ko ikasturtean, eta, Ezkurdia eta haren kideek Emakumeak, hitza eta bizitza (2012) liburuan jaso zutenez, euskararekiko interesaren gorakada erakusten dute orduko datuek: 1920-1921eko ikasturtean, maistragaien %18 matrikulatu ziren euskarazko adarrean; 1921-1922koan, %27 izan ziren; eta 1922-1923koan, %64.

Hamarkada horietan, beraz, euskara politizatzen hasi zen, baina ñabartu egin du Ezkurdiak. «Politizatu ziren hizkuntzak espainola eta frantsesa ere baziren, eta inolaz ere ez zeuden maila berean. Haiek behartu zezaketen eskoletan hizkuntza nazional gisa eurena ikastera, eta hala egin zuten». Gauza bat argi du, ordea: «Euskara identitate elementu modura hartzen hasi zen urte horietan, eta alor hori emakumeek jorratu zuten».

Beste ñabardura bat ere egin du andre horien inguruan eratu den irudiaz: «Ñoñotzat hartuak izan dira, baina asko oso pertsona kultuak izan ziren». Eta gaitzetsi egin du Elizak abertzaletasunean jokatutako rola sinplifikatu izana. «Begira, besteak beste, Aitzol, apaiza, ze azkar fusilatu zuten».

Nazio-estatu ardatzetik aparte, Eliza katolikoak urte horietan bizi zituen aldaketen garrantzia ere azpimarratu du Llonak. Zeharka izan arren, Elizak emakumeen mobilizazioa babestu zuela esan du: «Elizako sektore batzuk ikusten hasi ziren gizonak askoz lehenago antiklerizatu direla, eta beren parrokietako zati handiena emakumeek osatzen zutela. Emakumearen Ekintza Katolikoa sustatu zuten, esaterako, eta andreen mobilizazio izugarria ekarri zuen horrek. Kontraesanezko rol oso aktiboa da Elizarena: antolatzeko modua sortu zuen, benefizentziarako izanda ere, eta, emakumeak bilduz joan ahala, erabakiak hartu ahala, mugak zabalduz joan zen».

EAJri Emakume Abertzale Batzarekin gauza bera gertatu zitzaiola iruditzen zaio: «EABren helburuek ez zuten izaera feministarik, baina aktibismoa zegoen, eta aktibismoak agentzia eraiki zuen. Emakumeak kapazago egin zituen erabakiak hartzeko, eta, alderdia haien funtzioak mugatzen saiatu arren, aktibismo horrek gainez egiten zuen etengabe». Horren erakusletzat aipatu du Polixene Trabudua eta Haydenne Agirre militanteen 1933ko atxiloketa. «Askatu zituztenean, Bilbon omendu zituzten, eta esanguratsua da izena: Euskal Amari Omenaldia. Aberriaren eraikuntzan euren lekua zein den gogorarazteko saiakera da».

Ezkurdia ez dator bat feminista ez zirela diotenekin. Orduko feminismoaren eredu indartsutzat ikusten ditu hark; alderdiaren hitzetik at, autonomia zutenak.

Edonola ere, gerrak aldaketa giro oro zapuztu, eta frankismoak atzeraldi handia ezarri zuen urratutako emantzipazio bideetan. Llona: «Batzuetan ez da behar beste hitz egiten horretaz, baina frankismoaren zutabe nagusietako bat emakume modernoarenganako aurkaritza izan zen».

Bihar: Biografiak (III).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.