Bretainia

Galdeketa, aho batezko eskaria

Frantziaren lurralde egiturak bitan zatitu ditu Bretainia osatzen duten bost departamenduak. Testuinguru horretan, batasunari buruzko erreferendum bat egiteko jarrera da nagusi herritarren eta politikarien artean, baina orain arte Parisen ezezko erantzuna besterik ez dute jaso.

ander perez zala
2020ko uztailaren 24a
16:30
Entzun

Lurraldetasunaren auzian, Frantziako Gobernuak badu beste fronte bat ipar-mendebaldeko kostaldean; iritzia, gainera, aho batezkoa da herritarren, politikarien eta erakundeen artean. Bretainiaren kasuan, urteotako jarrerek eta ekinbideek agerian utzi dute bost departamenduen batasunari buruzko erreferendum bat egitea beharrezkoa dela, gizartearen aldarri bilakatu baita aspaldidanik. Gainera, iritzi hori ez da soilik mugimendu edo alderdi batena, paisaia ideologikoaren alde guztietako agintariak baitaude horren alde. Kasurako, François de Rugy politikaria, Frantziako Asanblea Nazionaleko presidente ohi eta Trantsizio Ekologikorako ministro izandakoa: 2017an, Bretons aldizkariari adierazi zion Bretainiaren batasuna gauzatzea zela «logikoena». 2018ko maiatzean, honako hau gehitu zuen: «Zenbat eta lehenago egin, orduan eta hobeto». Saiakera bakoitzak, ordea, Parisen ezetza topatu du parean, agintean alderdi bat edo bestea dagoela ere.

Bretainiako lurraldetasuna

Frantziako Gobernuaren ezezkoa behin eta berriz jasotzearen ondorioz, Bretainiaren batasunari buruzko eztabaida agenda politikoan txertatzea ez da izan egiteko erraza. Halere, DIBAB elkartearen eta Breizh Civic Laben iazko abuztuko galdeketak —TMO Institutuak egina— berriz mahaigaineratu zuen auzi hori; inkesta horren arabera, bretoien %67 batasunari buruzko erreferendum bat egitearen alde daude, eta herritarren erdiek Bretainia eskualdea eta Loira Atlantikoa departamendua batzearen alde bozkatuko lukete boz horietan.

Egun, Frantziako Errepublikaren egiturak bitan banatzen du Bretainia historikoa: batetik, Bretainiako eskualdea dago, lau departamenduk osatzen dutena eta lurralde historikoaren zatirik handiena hartzen duena; bestetik, Loira Atlantikoa departamendua dago, hegoalderago: Naoned du hiriburutzat, eta Loirerria eskualdearen parte da.

Inkesta horrek erantzun adierazgarriak eman zituen, eta, antolatzaileekin beraiekin hasita, galdeketaren ondorioak pozgarriak izan ziren. «Oso harrituta gaude emaitzekin», dio Brendan Guillouzic-Gouret DIBAB elkarteko kideak. «Agerian uzten dute nahi bat dagoela, eta guk hori baliatu nahi dugu haratago joateko. Mugimendu bretoi klasikokoek diote batasuna erreparazio historiko bat dela, baina batasun hori aldaketa bat lortzeko baliatu behar dugu, herritarrak gizarte bretoiaren parteago senti daitezen».

«Auzia azaleratzen dugun bakoitzean, [Frantziako] Estatura bidaltzen gaituzte, Parisera, zentralismora»

Brendan Guillouzic-Gouret. DIBAB elkarteko kidea

 

Galdeketaren emaitzak publiko egin eta gutxira, Bretainia eskualdeko presidente Loig Chesnais-Girardek —Alderdi Sozialistakoa (PS)— adierazi zuen pilota Loira Atlantikoa departamenduaren teilatuan zegoela, eta horri zegokiola hurrengo pausoa ematea. Guillouzic-Gouretentzat, hori esatea hutsegite bat da, galdeketa lortzeari begira: «Berarentzat erraza da hori esatea, hori eginda ez delako ezertara engaiatzen. Guk uste dugu ez ditugula Loira Atlantikoa eta [Frantziako] estatua itxoin behar galdeketa antolatzeko. Gizarteak bere buruari galdetu badiezaioke, eskualdeak ere plazaratu dezake galdera. Kontsulta bat izan daiteke, bere eremuko herritarren iritzia jakiteko. Maila politikoan asko aldatuko luke, eta jendeak ikusiko luke gai hori interesatzen zaigula. Berez erraza da, baina...».

Orain arteko pausoak

Azken urteotan, Bretainian pauso asko eman dituzte balizko erreferendumari begira. Iragan otsailaren 4an, esaterako, Bretainiako Kontseiluak erabaki garrantzitsu bat hartu zuen, oraingoz sinbolikoa dena: aurrekontuetan, Bretainia eskualdea eta Loira Atlantikoa departamendua batzeari buruzko balizko galdeketa finantzatzeko 100.000 euro gorde zituen. Bretainiako Kontseiluko presidenteak aurkeztu zuen zuzenketa, batasunari begira dagoen «aho batezko engaiamendu kolektiboa are gehiago indartzeko».

Brendan Guillouzic-Gouret, DIBAB elkarteko kidea
Brendan Guillouzic-Gouret, DIBAB elkarteko kidea. BERRIA

Diru sailaren bozketa batasunari buruzko batzorde batek landutako txostenaren harira egin zuten. Testu horretan, Isabelle Le Bal kontseilaria —MoDem alderdi zentristakoa— eta Jean-Michel Le Boulanger kontseiluko lehen presidenteordea —PSkoa— buru zuen lantaldeak honakoa ondorioztatu zuen: «Lurralde kolektibitateen zatiketaren auzia demokratikoa da, eta modu demokratikoan egin behar zaio aurre. Herritarren iritzia entzun beharra dago».

Horren aurretik, 2018ko abenduan, Loira Atlantikoa departamenduko Kontseiluan kontsentsu handia izan zuen erreferendum baten eskariak, 62 ordezkaritik 55ek egin baitzuten horren alde. Hori bai, iritzia xehetasun garrantzitsu batekin batera eman zuten, eskatu baitzuten erreferendum hori, Loira Atlantikoa departamenduan ez ezik, Loirerria eskualde osoan eta Bretainia eskualde osoan ere egiteko.

Aldiz, batasunaren inguruan, kontseiluak kontrako iritzia eman zuen: 30ek aurka bozkatu zuten, eta alde soilik hamahiruk —hamabostek abstentzioa eman zuten, eta lauk ez zuten bozketan parte hartu—.

DIBABeko kideak, pauso horiek aitortzen dituen arren, ohartarazi du borondate politiko oso txikia dagoela galdeketa lortzeari begira: «Auzia azaleratzen dugun bakoitzean, estatura bidaltzen gaituzte, Parisera, zentralismora. Hemen ez dira saiatzen demokrazia funtzionarazteko moduak bilatzen, gure kabuz egiteko». Testuinguru horretan, Guillouzic-Gouret alde bakarreko galdeketa bat antolatzearen aldekoa da: «Guk nahi dugu jendeak iritzia ematea, eta horrek esan nahi du ez dela zertan Parisekin akordio bat lortua izan».

«Jendeak iritzia ematea nahi dugu, eta horrek esan nahi du ez dela zertan Parisekin akordio bat lortua izan»

Brendan Guillouzic-Gouret. DIBAB elkarteko kidea

 

Asmo horrek DIBAB elkarteak 2014. eta 2015. urteetan antolaturiko mobilizazioak izango lituzke inspirazio iturri; Bretainiako hogei bat herritan erreferendum txikiak antolatu zituzten, herritarren iritzia ezagutzeko. «Galdeketak ziren; guk herria galdetu nahi dugu, eta horren harira antolatu genituen. Herriak parte hartu behar du Bretainia batuaren prozesuan; guk egingo dugu politika, guk galdetu. Parte hartzea sustatu behar da. Gure jarrera da ezer ez espero izatea estatuaren partetik. Ez dator ezer inoiz».

Bretainia garatzeko aukera

Batasunaren auziak beste elementu bat azaleratu du eztabaida politikoan: balizko Bretainia batuaren autonomia, eta Europako herrialderik zentralizatuenetako batek emango lizkiokeen eskumenena.

«Jendeak ulertu behar du ez dela soilik batasuna behar, erakundeen mailan eta eskumenetan ere aldaketa bat beharrezkoa delako. Ez da soilik batasunaren kontua. Eskumen horiek garatzeko aurrekontu bat beharrezkoa izango da. PSk, adibidez, esaten du eskumen gehiago nahi dituela, baina ez du inoiz hitz egiten enplegua sortzea eta horrelako auziez. Egun, eskualdeak metropoli batzuek baino aurrekontu txikiagoa du, eta hori aldatu egin beharko litzateke».

Autonomia modeloez galdetuta, DIBABeko kideak Korsikan gertaturikoa aipatu du, baina ez du guztiz eredutzat jotzen: «Ikusten dugu Frantzian gertatzen dena. Korsikaren kasuan, egia da bi departamendu batu zituztela, modelo bat izan daitekeela, baina ezin dugu gauza bera egin. Kolektibitate bakarra, asanblea bat sortzearena ideia ona izan liteke. Halere, ideia horiek kopiatzeak ez du esan nahi hemen funtzionatuko dutenik. Herriak parte hartu beharko du prozesuan».

Datorren urteko eskualdeetako eta departamenduetako hauteskundeak beste aukera bat izango dira batasunaren auziaren garrantzia azpimarratzeko. Zehazki, Guillouzic-Goureterentzat, «galderak plazaratzeko» hitzordua izango da. Iragan diren udal bozetan, Naonedeko auzapezak batasunaren aldekoak hartu zituen bere zerrendan; hori izan liteke bidea, 2021eko martxoko hauteskundeei begira.

Bretainiako herritarren %5,5ek hitz egiten dute bretoieraz

Bretainia eskualdeko gobernuak 2018an eskatu zuen inkesta soziolinguistikoak garrantzi berezia izan zuen, lehen aldiz Bretainia historikoa osatzen duten bost departamenduetan egin baitzuten, eta inoizko parte-hartzaile kopururik handienak erantzun baitzien galderei —8.000 lagunek baino gehiagok—. Ez hori bakarrik: bretoieraren erabileraz galdetzeaz gain, galierari buruz ere galdetu zieten herritarrei; eta, hiztun kopurua zehaztearekin batera, hizkuntza maila eta horren erabilera zehazteko balio izan zuen. Horrek guztiak ahalbidetu zuen bretoieraren egoeraren argazki zehatza eskuratzea: herritarren %5,5ek hitz egiten du hizkuntza hori, 207.000 lagun inguruk —15 urte baino zaharragoak—.

Hiztunen gehiengo zabala Bretainiaren mendebaldean dago, eta batez besteko adina 70 urte da, 2007ko inkestakoa baino zazpi urte zaharragoa. Egun, 25-39 urte artekoak dira gutxien hitz egiten dutenak, %0,5. Hori bai, herritarrak zenbat eta gazteago, orduan eta hiztun gehiago ditu bretoierak: 15-20 urtekoen artean, %1; eta 15 urtetik beherakoen artean, %2,3. Errealitate horretan dute jarria itxaropena hizkuntzaren aldeko taldeek.

Bretoieraren Bulego Publikoaren arabera, hiztunen kopuruaren joera beheranzkoa izango da datozen bi eta hiru hamarkaden artean, berriz gora egin aurretik. Azken hamarkadatako joera da hori: izan ere, hogei urtean 60.000 hiztun galdu baititu bretoierak.

Galieraren egoera

Bretoierarekin eta frantsesarekin batera, Bretainian galiera ere hitz egiten dute: zehazki, 191.000 lagunek; herritarren %5 dira.

Hizkuntza horren kasuan, hiztunen gehiengo zabala ekialdean dago, eta batez besteko adina 60 urte da. Aldi berean, galiera «zer den» ez dakitenaren kopurua handia da herritarren artean, %40. Inkestak erakutsi zuenez, transmisioa senideen bitartez egiten da —batez ere, zaharrenengandik—, eskolan ikasita baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.