UDAKO SERIEA. Komunismoak Euskal Herrian ehun urte (III). Dolores Ibarruri.

Ezabaturiko lorratzen bila

Lorratz sakona utzi zuen Dolores Ibarrurik, Gallarta (Bizkaia) bere sorterrian ere bai, nahiz eta Pasionariak ezagutu zuen Gallarta meatzari hura gaur egun desagerturik egon; garai hartan, herri osoa suntsitu zuten, beste meategi bat zulatzeko.

Meatzaritzaren Museoan Ibarruriri eskainitako aretoan hainbat objektu daude ikusgai. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Gallarta
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Seguru asko, Dolores Ibarruri Pasionaria izan zen XX. mendeko euskal emakumerik ezagunena mundu osoan. Historiaren norabidea markatuko zuten zenbait gertaera garrantzitsutan lekuko eta protagonista izan zen, bekoz beko jardun zuen estatuburu eta presidente ugarirekin, eta haren irudia mundu osoko aldizkari eta liburutan agertu zen. Haren jaioterrira joz gero, Abantoko Udaleko Gallarta herrixkara (Bizkaia), erraz aurki daiteke Dolores Ibarruri institutua, eta izen bereko plaza ere bai handik gertu, Alderdi Komunistako buruzagiak bere herrikideengan utzitako aztarnaren oroigarri.

Baina hortik landa, ia ezinezkoa da Ibarruriren lorratzak aurkitzea Gallartan. Ez dago hura jaio zen etxea bisitatzerik, hark ikasi zueneko eskolarik ez dago, Ibarruri ibilitako kale eta bazterrak desagertu dira. Izan ere, 1950eko hamarraldiaren amaieran herria erabat birrintzen hasi ziren, eremu hartan beste meategi bat zulatzeko, eta erabateko suntsitzea urte batzuk geroago amaitu zuten. Handik metro batzuetara eraiki zuten Gallarta berria, eta biztanleak etxe berrietara eraman zituzten, baina Ibarrurik ezagututako Gallarta zahar hura betiko galdu zen.

Herriko irteeran, Kontxa II meategiak utzitako zulo erraldoiaren ondoan, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa dago, eta horrek badu Ibarruriri eskainitako gela oso bat. Ezabatu ez dituzten lorratzak han daude: Ibarruriren idazmakina, Moskuko etxean zituen zenbait altzari eta tresna, bere liburutegi partikularretik ateratako liburuak, marxismoari buruzkoak horietako asko, agiriak, argazkiak, afixak.

Ameli Ortiz (Gallarta, Bizkaia, 1954) museoa sortu eta kudeatzen duen kultur elkarteko gaur egungo presidentea da. Zenbait meatzari ohik eta meatzaritzari loturiko kultura gorde nahi zuten herritar batzuek sortu zuten fundazioa 1986an. Ortizek Ibarruri ezagutu zuen erbestetik itzuli eta Gallartara bisitan etorri zenean, eta harreman handia izan du Pasionariaren alaba Amaia Ruiz Ibarrurirekin eta Dolores Sergueieva bilobarekin.

1977an itzuli zen Ibarruri erbestetik, 81 urte zituela. Hiru bat urte geroago Gallarta bisitatu zuen, Irene Falcon bere idazkariarekin batera: «Berak bazekien garai batean ezagutu zuen Gallarta hura ez zela existitzen», azaldu du Ortizek, «baina, hala ere, sorterrira itzuli nahi izan zuen. Moskun edo Parisen bizi izanda ere, harentzat Gallarta oso garrantzitsua zen. Hori haren alaba Amaiak esan ohi zuen, harentzat etxea Gallarta zela. Nik uste dut min handia hartu zuela ikusita bere betiko Gallarta desagerrarazi zutela».

Haatik, min hura ez zen Ibarrurirena bakarrik: «Ni ere etxe horietako batean jaio nintzen, handik bota ninduten, eta hori beti eramaten da bihotzean. Oso eraso bortitza izan zen guretzat. Gainera, ez ziren egun batetik bestera etorri etxea eraistera; urte askoan pairatutako sufrimendu luzea izan zen. Batzuek diote mendeku modu bat izan zela, Gallarta suntsitu zutela Pasionariaren herria zelako. Jakina, hori egiaztatzea ezinezkoa da, interes ekonomiko pila tartean egon zirelako, baina litekeena da horrelako zerbait egotea».

Bizilagunen etxean

Ameli Ortizek dioenez, Dolores Ibarrurik hil aurretik egin zituen azken bisitaldi haietan, herriko bizilagunen etxeetan hartzen zuen ostatu. Bisita horietako bat du bereziki gogoan: «Ni maistra nengoen herrian, eta zera esan zidan: 'Gazteak errebeldian hazi behar dira'. Gero, eskolak ematen ari nintzela, askotan gogoratu ditut hitz horiek».

Meatzaritzaren Museoa sortu zenean, fundazioko kideek argi izan zuten areto bat Ibarruriri eskaini behar ziotela. Horri esker, harremanak estutu dituzte Ibarruriren familiarekin, bereziki Amaia Ruiz Ibarruri alabarekin 2018an hil zen; ordura arte, normalean Ortizek etxean hartzen zuen Gallartara bisitan etortzen zenean eta Dolores Sergueieva bilobarekin. Ordu asko eman ditu biekin hizketan, eta hortik Ibarruriren beste irudi bat lortu du, etxekoagoa, intimoagoa.

Gainera, bi familien artean lehenagotik ere bazegoen antzekotasunik. Ortizen birraitona Arratiatik iritsi zen Gallartara meategian lan egitera, Ibarruriren aira Gernika aldetik iritsi zen garai bertsuan. Euskaldunak ziren biak, eta haien familiek harremana izan zuten: «Nire amama, esaterako, Doloresen ahizpa Bernandinaren oso laguna zen», azaldu du.

Amamak kontatuta, Ortizek badaki Ibarruriren jarrera «ulertzeko zaila» suertatzen zitzaiela bere garaiko emakumeei: «Gogor hitz egiten zuen, ordura arte gizonezkoena izandako arlo batean, eta hori zaila zen nire amamarentzat eta bera bezalako orduko emakumeentzat».

Ortizek dioenez, Ibarrurik bizitza osoan eutsi zien Meatzaldeko emakumeen bereizgarri izan diren zenbait ezaugarriri: «Adibidez, garbitasuna. Hainbat ikerlanetan jasotako kontua da eskualdeko emakumeak garbitasunera oso emanak izan direla, eta horrek badu bere azalpena: esplotazioaren garaian, hori zen izurriak galarazteko zeukaten modu bakarra, botikarik eta horrelakorik ez zutelako. Amaiak [Ruiz Ibarruri] esan ohi zuen bere ama obsesionatuta zegoela garbitasunarekin, eta egunero mugitzen zituela altzariak bazterretan garbitu ahal izateko. Horrelakoak entzunda konturatu naiz gure amamak, eta nik ezagututako Meatzaldeko adineko emakume guztiek berdin egiten zutela».

Horren adibidea ere bada Ortizek bere amamarengandik jasotako beste pasadizo bat. Juliana Gomezek, Dolores Ibarruriren amak, odolkiak saldu ohi zituen Gallartako kaleetan: «Gure amamak beti esaten zuen Julianaren zapiak, odolkiak estaltzeko erabiltzen zituenak, elurra bezain zuriak zirela».

Ibarruriren gurasoen etxean oso pobreak ziren, baina ez ziren miseria gorrian bizi: aita, Antonio Ibarruri, artillaria zen, eta haren soldata meatzari soilena baino apurtxo bat handiagoa zen. Gainera, haien seme-alabetako batzuek ere lan egiten zuten. Horri esker, Dolores 15 urte bete arte egon zen eskolan, garai hartan oso ohikoa ez zena. Museoan badago eskolako umeen argazki bat: irudian Ibarruri da zaharrena, eta badirudi maistraren laguntzailea dela. Maistra izateko lehenengo ikastaroa egin zuen, baina utzi egin behar izan zuen etxean laguntzeko.

Gauzak asko okertu ziren ezkondu zenean. Ibarruriren senarra Julian Ruiz meatzari sozialista zen, eta, Ortizek dioenez, Ibarruri «oso maitemindurik» ezkondu zen, baina «bizimodu tragikoak» bikote gaztea harrapatu zuen: bere jarduera politikoagatik Ruizek bolada luzeak ematen zituen espetxean edo ugazaben jazarpena jasaten zuen, eta, ondorioz, etxean pobrezia Ibarruriren gurasoenean baino handiagoa zen.

Bikotearen lehen alaba, Esther, hiru urte zituela hil zen; 1923an Ibarrurik hirukiak izan zituen, eta hiru alaba haietatik bakarrak iraun zuen. Beste alaba bat izan zuen urte batzuk geroago, hiru hilabeterekin zendu zena.

«Julianek meategian lan egiten zuen», azaldu du Ortizek, «eta Doloresek, meatzarien gainerako emazteek bezala, bazkaria eramaten zion lantokira. Hara joateko, baina, kanposantutik igaro behar zuen, eta han hildako alabatxoak zeuzkan lurperaturik. Egunero-egunero pasatu behar zuen handik. Hori edozein puskatzeko modukoa da. Nik uste dut Dolores emakume zauritu bat izan zela».

Gallarta zaharra suntsiturik, bizilagunen oroitzapenak dira meatzari haien sufrikariotik gelditzen diren aztarna bakarrak. Horiek, eta Meatzaritzaren Museoan bildutako objektu eta agiriak, jakina. Pasionariari dagokionez, elkarteak harremanetan jarraitzen du familiarekin, eta laster oroigarri gehiagoz hornituko dute hari eskainitako gela, lorratzak gal ez daitezen: «Dolores Ibarruri oso pertsona garrantzitsua izan zen. Baina, aldi berean, ez zion inoiz utzi Gallartako emakume arrunt bat izateari. Oso hurbila zen».

Bihar: Elkarrizketa Jon Hernandez EPK-ko idazkari nagusiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.