Trantsizio energetikorako giltzarri diren lehengai guztien artean bada arreta ematen duen bat, besterik ez bada, bere izenak zientifikotik ezer gutxi duelako: lur arraroak. Berez arraroak ez diren elementu kimikoak dira, eta, ezer izatekotan, arraroak haien izenak dira: gadolinioa, europioa, preaseodimioa.... Lurrak ere ez dira; lur deitzen zaie lurrazalean beste elementu batzuekin nahastuta agertzen direlako eta horietatik bereiztea prozesu zaila delako.
Baina badute arrarotzat jo daitekeen ezaugarri bat: herrialde bakar batek haiengan duen nagusitasuna. Herrialde hori Txina da. Hark ditu munduko erreserben herenak, eta gaur egungo ekoizpenaren ia %70 egiten du, baina %95 ere izatera iritsi zen, 2010ean. Nagusitasuna ia erabatekoa da mineral horiek industriarentzat baliagarri egiteko gaitasunean: fintze prozesuen %85 egiten ditu. Txinatik kanpo lau fabrika baizik ez daude: Malaysian, Frantzian, Indian eta Estonian. Baina horiek lur arraro arinak (LREE) baizik ez dituzte tratatzen, eta Txinan daude lur arraro astunak (HREE) fintzen dituzten fabrika bakarrak. Hori hala da, neurri batean, erreserba inportanteenak han daudelako.
Nagusitasun hori ez da aspaldikoa. 1990eko hamarkadaren erdialdera arte AEBak ziren lur arraroen ekoizle nagusia, eta gaur ere %13ko kuota dute. Hori bai, Txinako erreserba frogatuak AEBetakoak halako hogei dira.
Pekingo gobernuak diru eta denbora asko inbertitu du lur arraroetan, eta bere helburu politikoetarako erabili du lur arraroetan duen nagusitasuna. 2010ean, merkatua ia osorik kontrolatzen zuenean, Japoniarako esportazioa etetearekin mehatxu egin zuen. Horrela zigortu nahi zuen Japoniak arrantzale txinatar batzuk atxilotu izana; Senkaku uharteetan gertatu zen, Japoniak eta Txinak berentzat aldarrikatzen duten inguru batean.
Garai horretan Japoniak ez zuen lur arraro asko inportatzen (154 milioi dolar), baina ezinbestekoak ziren industria batzuentzat. Kaltea oso handia izan zitekeela ikusita, Tokiok arrantzaleak askatu zituen.
CEPR zentroaren ikerketa berri batek ez du aurkitu debekua indarrean jarri izanaren daturik, baina ez zen beharrezkoa izan. Mehatxu soilak balio izan zuenhainbat gobernu ohartzeko menpekotasun handia zutela Txinarekiko eta haien kontra bihurtu zitekeela. Horregatik, lur arraroak beste herrialde batzuetan ustiatzeko lasterketa hasi zen. Horrek ekarri du orduz gero bikoiztu egin dela lur arraroen ekoizpena, eta Txinaren merkatu kuota %98tik %66ra jaitsi dela 2010etik 2022ra. Baina tratamenduan ez da aldaketarik gertatu: %85 oraindik Txinan fintzen dira, besteak beste, han daudelako material horiek erabiltzen dituzten produktuen fabrikak.
Orain, 2010ean mehatxu bat baizik ez zena errealitate bihurtzeko beste aukera bat dago. Hedabide batzuek aurreratu dutenez, Txinako Gobernua aztertzen ari da AEBetara eta haren aliatu batzuetara lur arraroak esportatzea debekatzea. Horrela erantzun nahiko lioke AEBetako Gobernuak teknologia handiko mikrotxip batzuk Txinan saltzeari jarritako debekua.
Pekinen zigorra indarrean jarriko ote den ikusteko dago, eta haren eragina ere zalantzazkoa da —lur arraro gutxi tratatzen dira AEBetan—, baina material horien inguruko tentsioa nabaritzen da, eta horrek eragiten du espektatiba handiak sortzea haien inguruko iragarpenak egiten direnean.
Horrela gertatu zen urtarrilean, LKAB Suediako meatzaritza enpresa publikoak iragarri zuenean Kiruna hiritik hurbil (Laponia) aurkitu zuela Europako lur arraroen biltegirik handiena izan daitekeena. Lehen kalkuluen arabera, Per Geijer izeneko biltegiak milioi bat tona lur arraro gorde ditzake. Oso pozik azaldu zen Jan Mostrom LKABeko burua: «Lur arraroak derrigorrezkoak dira trantsizio berderako; meategirik gabe, ezin dira ibilgailu elektrikoak egin».
Samien kexuak
Itxaropen handia sortu zuen iragarpen horrek Europako Batasunean, Txinarekiko menpekotasuna gutxitzeko oso baliagarria izan zitekeelako. Europako Batzordeko ordezkariak ere Kirunan izan dira, aurkikuntzaren garrantzia nabarmentzeko.
Baina errealitatea egoskorra da, eta esaten du LKABena proiektu bat baizik ez dela, eta oraindik hesi asko dituela gainditzeko. Batetik, Laponiako herritarrena. Hango jatorrizko biztanleek, samiek, salatu dute elur oreinen ohiko bazkalekuak txikituko dituela meategiak. Zehazki, Per Geijer ustiatzeak pasabidea itxi diezaieke elur oreinen migrazioari, handik oso gertu dagoelako Kirunako burdin meategi erraldoia, Europako burdin mearen %80 hornitzen duena.
Litekeena da samiek afera auzitegietara eramatea, eta, epaileek haien protesta onartuko ez balute ere, ingurumen eta ustiakuntza baimenak ematea prozesu oso luzea izan daiteke. Hamar-hamabost urte izan daitezke, baina Suediako Gobernuari eta EBri prozedurak bizkortzeko eskatu die LKABek.
Hain zuzen ere, EBn meategiak zabaltzeko baimenak azkartzea da martxoan Ursula von der Leyenek aurkeztutako lehengai kritikoen legegaiak proposatzen dituen neurrietako bat. Haren helburua da EBn bertan ustiatzea behar dituen mineralen %10, eta haien fintzearen %40 berreskuratzea. Halaber, lehengai bakoitzean hornitzaile bakar batek ez betetzea beharren %65.
Helburu handinahiak dira, baina ez dira gutxi xedeak egingarriak ez direla esan dutenak. Lehenik eta behin, meategien aurkako erresistentziengatik eta EBk berak finkatutako ingurumen baimenengatik. Bada beste oztopo bat: gaur egungo hornitzaileak. Gero eta gehiagok eskatzen dute balio katean gora egitea, eta ez lehengaien hornitzaile soilak.
UDAKO SERIEA. Material kritikoak (eta V). Lur arraroak.
Ez lur, ez arraro, baina bai Txinako
Motor elektrikoak, haize errotak, eskuko telefonoak, laserrak... Oinarrizko aparatuak egiteko erabiltzen diren lur arraro gehienak Txinak ustiatzen eta prozesatzen ditu, baina nagusitasun hori gutxitu nahian dabiltza besteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu