UDAKO SERIEA Euskarak irabazteko auziak (II). Hezkuntza.

Euskaraz bai, baina euskaratik?

Geroz eta ikasle gehiagorengana iristen ari da euskara, baina ezinak ere sumatzen ari dira; esaterako, hizkuntza mailari dagokionez. Adituek beharrezkotzat jo dute aisialdia ere euskalduntzea.

Azpeitia. Euskararen aldeko horma irudi bat, eskola batean. JON URBE / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Irati Urdalleta Lete
2023ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Euskararentzat hezkuntza izan da babesgunea; ikasle askok eta askok eskola izan dute eta dute euskaraz ikasteko eta bizitzeko toki bakarra, edo ia bakarra behintzat. Belaunaldi berrien euskalduntzean funtsezko pieza izan da azken hamarkadetan, baina zenbait alderditan motelduta eta, areago, atzera egiten hasita dago; ikasleen euskara maila da kezka iturri nagusietako bat. Euskararen eta euskarazko irakaskuntza berrasmatzeko beharraren zantzuak nabariak dira, beraz; eskolaz kanpoko jarduerak izan daitezke gakoetako bat.

Kopuruz, aurrera ari da euskara, erritmo diferenteetan bada ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dago euskarazko irakaskuntza zabalduen. Gaur egun, D ereduan eskolatuta daude Arabako hamar ikasletik lau, Bizkaiko hamarretik zazpi eta Gipuzkoako hamarretik bederatzi.1991-1992ko ikasturtean, ordea, hiru herrialde horietako ikasleen laurdenek bakarrik ikasten zuten D ereduan. Datuak apalagoak dira Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian: Nafarroan, egun, ikasleen laurdenak ari dira euskarazko ereduan; 1990-1991ko ikasturtean, berriz, %15ek ikasten zuten euskaraz. Eta Iparraldean, berriz, 4.064 ume zeuden matrikulatuta Seaskako ikastoletan 2021-2022ko ikasturtean, eta 1.066 ziren 1991-1992koan. Sare publikoari dagokionez, 2012tik abian da euskara hutsezko irakaskuntzaren esperimentazioa: hamabi ikasle matrikulatu ziren lehen ikasturtean eredu horretan; 2020an, berriz, 501.

Ezin uka euskalduntzean hezkuntzak izan duen garrantzia: egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 16-24 urteko lau gaztetik hiru dira euskaldunak; 1991n, berriz, lautik bat. Nafarroan, adin tarte bereko lautik bat da euskalduna; 1991n, hamarretik bat. Ipar Euskal Herriak ditu daturik apalenak: orain, hamarretik bi dira euskaldunak; 2001ean, hamarretik bat.

Kalitateari errepara

Hizkuntzaren kalitatean egon liteke arazoa, baina. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, haur eta gazte gehien-gehienek euskaraz ikasten badute ere, derrigorrezko hezkuntza amaitzeko bi urteren faltan, DBH 2ko ikasleen %53,3k ez dute lortu erreferentziazko euskara maila.

Horixe sumatu du, besteak beste, Yolanda Elorriagak. Batxilergoko bigarren mailan irakasle izana da Gernika-Lumon (Bizkaia) —erretiroa hartuta dago orain—, eta bizi izan duenaren inguruko iritzi artikulu bat kaleratu berri du BERRIAn, kezkaz. Azken ikasturtean gertatu zaiona jarri du adibide gisa. Berrehun hitzeko idazlan bat egiteko eskatu zien ikasleei. Hauxe emaitza: «%20k bakarrik erakutsi didate euskaraz alfabetatuta egotearen maila». Idazketan ikusten du arazoa, eta irakurketan: «Aurten guztiz zurtz eginda utzi nauena eta alarma gorri guztiak pizteko modukoa egin zaidana zera da, bigarren batxilergoko ikasle gehienek euskaraz irakurtzeko eta irakurria ulertzeko izan duten ezintasuna». Dena dela, ikasturtean egindako lanaren emaitzak ere sumatu ditu: «Ikasturte amaierako azterketan ikasleen %65ek-edo lortu dute maila egokia edo polita —beste batzuk maila lortu barik gainditu behar izan ditut—».

Gaitasuna ez ezik, jarrera ere funtsezkoa iruditzen zaio Elorriagari. Uste du ikasleak irakasleari entzuteko gaitasuna galtzen ari direla, eta, haren arabera, «ikasteko oso garrantzitsua da entzuten jakitea». Gainera, nabaritu du ikasle batzuek «ardura falta» dutela euskara ikasteko: «Aurreko ikasturtetik Euskara ikasgaia gainditu gabe ekarri duten ikasleek zein ahalegin gutxi egin duten euskara ikasteko...». Areago: «Aurten lehenengoz gertatu zait ikasle bik —mutilak— euskaraz barik, erdaraz egin izan didatela, eta batek ohitzen hasteko ere esan zidan». Beste ikasle batek azterketa batean adierazitakoa ekarri du bere esanak berresteko: «Azaldu zuen euskaraz eginez gero etarra eta vasquito irainak jasan behar dituztela. Azaldu zuen iraintzaileak gutxi batzuk direla, baina eurek agintzen dutela, eta lortzen dutela euskaldunek euren artean erdaraz egitea».

Gazteagoekin aritzen da Asier Urkiza, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Bilbo inguruko ikasleekin. Euskara irakaslea da, eta Euskalgintzaren Kontseiluak ekainean antolatutako Zer behar dute gazteek? jardunaldietan parte hartu zuen. Uste du euskararen arazoa egiturazkoa dela, eta apustu «integrala» falta dela: «D eredua aukeratzen dute ikasle gehienek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan behintzat, baina ikasleek sistematikoki jarraitzen dute erdaraz egiten, ez da aurrera egiten hizkuntzaren erabileran—ezagutzan bai—. Hor zerbaitek huts egiten du».

Urkizak, ordea, ez du uste berez ikasleek euskararen inguruko jarrera txarra dutenik; «axolagabekeria» sumatzen du gehiago: «Ez dut topatzen hizkuntzaren kontrako jarrerarik; egongo da, baina ez da orokorra. Esango nuke axolagabekeria dagoela. Esaten dute: 'Euskaraz ikasten dugu tokatzen delako'. Euskaraz ikastea naturaltzat hartzen da, baina hortik tarte handia dago hitz egitera edo euskara ikasgelatik kanpo egin daitekeen zerbait dela kontsideratzera».

Eta, ikasleei ez ezik, irakasleei ere erreparatu die Urkizak. Haren esanetan, ez zaio iruditzen euskara maila «kaskarra» dutenik, «baina ez-nahikoa agian bai»: «Nabaritzen da euskara ez dela lehentasunezkoa haien bizitzan, ez dela oinarrizko kontua, eta lasai-lasai bizi direla gazteleraz». Eta erabilera? «Badaude elkarri gazteleraz egiten dioten irakasleak; ikasleekin gaztelerara pasatzen direnak, nahiz eta D ereduan ikasi... Badaude jarrera desegokiak hizkuntzarekin». Eta zera galdetu du: «Zelan eskatuko diegu ikasleei euskaraz egiteko, norberak ez badu egiten?». Halere, argitu du ez dela irakasle jakin baten errua, arazo orokor baten parte baizik.

Ikasleak, irakasleak eta familiak. Hortxe hezkuntzako hiru osagarri nagusiak. Aipatu izan da euskarazko ereduetara jotzen duten familien ezaugarriak ere aldatu direla. Nabaritu dute, esaterako, Seaskako ikastoletan. Egoitz Urrutikoetxeak, Seaskako pedagogia arduradunak, hala dio: «Seaskaren irudia biltzen duen argazkia ere aldatu da: gurasoen soziologia aldatu da, frantses elebakarrak emendatu dira».

Egoeraren diagnostikoa eginda, erremedioa jartzen ere saiatu dira elkarrizketatuak. Urkizak uste du, esaterako, hizkuntzarekin batera kultura bat ere transmititu behar zaiela eskolako umeei: «Askotan, kultura edo hizkuntzak dakarren guztia alde batera uzten da, eta emaitza, sarri, porrota da: ikasleei belarri batetik sartzen zaie, eta bestetik ateratzen. Euskara ikasgelarekin bakarrik lotzen dute, eta irten orduko gazteleraz egiten dute. Askotan, gela barruan ere euskaraz egitea kostatzen da beste ikasgai bat delako eta ez kultura bat dakarren mundu ikuskera bat».

Antzera mintzo da Urrutikoetxea ere: «Hezkuntzaren erronka bikoitza da: hizkuntzaren transmisioa segurtatzea eta hizkuntzarekiko atxikimendua sustatzea. Horregatik, garrantzi handia ematen diet edukiei eta gure altxorrari, euskal kulturari, hor aurkitu baitaitezke hizkuntzari zentzua ematen dioten arrazoibideak». Baina ohartarazi du: «Eskolak berez eta bakarrik ez du euskal jendartea euskaldunduko. Eskolaz kanpokoa euskaldundu behar da».

Eskolatik kanpo

Hortxe, Urrutikoetxearen hitzetan, beste gako bat: eskolaz kanpoko jarduerak ere euskalduntzea. Beñat Garaio ikerlari aritu da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, besteak beste, Euskarabenturaren sustatzailea ere bada. Argi du eskolak euskaraz jasotzea ez dela aski ikasleek behar besteko euskara maila izan dezaten eta hura erabiltzea erabaki dezaten: «Ez da nahikoa, hainbat azterketak erakutsi digute hori, eta ez euskararen kasuan bakarrik, baita beste hainbat hizkuntza gutxituren kasuan ere. Horregatik, hezkuntzak elkarlan estu-estua eduki behar luke aisialdiarekin».

Gaur-gaurkoz, Garaiok dio zenbait «arrakala» daudela hezkuntzaren eta aisialdiaren artean. Esate baterako, nabarmendu duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntzan D eredua nagusi bada ere, aisialdiko ekintzetako hizkuntza ez da hainbestetan euskara izaten. «Hor arrakala bat dago. Izan daiteke begiraleak falta direlako; gurasoen kontzientzia falta delako; erakundeen, elkarteen eta aisialdia eskaintzen duten entitateen euskara eskaintzeko ezinagatik edo gabeziengatik...». Beste arrakala baten gisan ikusten du, halaber, kirola izatea nagusi mutilen artean: «Kirola da euskara gutxien erabiltzen den aisialdi eremua». Eta etxeko egoera: «Maila soziokultural apaleko haurrek eta gazteek aisialdi ekintza gutxiago izaten dituzte, eta, orokorrean, gazteleraz dituzte gehiago».

Nora begiratu?

Baina badago esperantzarik. Adibidez, Euskarabentura eta antzeko jarduerak. Garaiok azaldu duenez, Euskarabentura martxan jartzen hasi zirenean argi zuten gazteei eskaini nahi zietela uda osoan euskaraz bizitzeko gune seguru bat, babesgune bat, eta, hortik abiatuta, sare bat. Emaitzak ematen ari dela nabarmendu du: «Plazara kooperatibak egiten du ikerketa, eta, horren arabera, Euskarabenturaren pareko egitasmo batek eragina dauka parte hartzaileen hizkuntza jarreretan, erabileran, hizkuntza gaitasunean...». Beraz, argi mintzo da: «Horrelako proiektuak beharrezkoak dira aisialdian eragin ahal izateko, eta, azken batean, gazte horien euskalduntzean eragiteko».

Gisa horretako beste ahalegin bat egin du KEA Kirola Euskara Ahoan elkarteak: iaztik kirola euskaraz egiteko aukera eskaintzen die Ortzaize (Nafarroa Beherea) inguruko haurrei. Elkarteko kide Lorea Etxeberriak azaldu duenez, berrogei bat haurrek parte hartzen dute: «Urte bat baizik ez dugu egin; erakusten du behar handia bazela».

Baina zein behar? «Sekulako hutsune bat bada aisialdia euskaraz egiteko. Ikastoletan ere haurrak euskalduntzen dira, elebidunak dira, baina hortik at ez da deus egiten euskara erabiltzeko; ez du zentzurik». Egoera iraultzea dute xede: «Gure helburua da euskaraz gozatzea, plazera hartzea, erakusteko ez dela bakarrik eskolako hizkuntza».

Bihar: Euskarak pantailetan duen presentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.