Balio dute lagunekin geratzeko, telesailak eta filmak ikusteko, ligatzeko, errezetak ikasteko, albisteak irakurtzeko... Izan ordenagailu, izan sakelako edo izan telebista, herritarrek orduak eta orduak pasatzen dituzte pantailei itsatsita. Digitalizazioak ate ugari ireki ditu; alabaina, oraingoz behintzat, ateak itxi dizkio euskarari: ez du euskararen eskutik egin bidea, erdarak izan ditu bidelagun, eta, gainera, haiek hauspotu ditu. Arazoari erreparatzeko garaia dela dio Alex Aginagaldek, Pantailak Euskaraz plataformako kideak: «Euskararen etorkizuna bermatuko bada, funtsezkoa da pantailen erronkari ere heltzea».
Atzera begira hasi da Aginagalde. Hark emandako datuen arabera, pantailek lekua irabazi ahala euskarak atzeraka egin du, itzaliz joan da. Azaldu duenez, 1986an hiru telebista kate zeuden Hego Euskal Herrian: TVE1, TVE2 eta ETB. Eta %18ko ikusle kuota zuen azken horrek. Uste du ETBk «ongi» eutsi ziola Antena3 eta Tele5 sortu zirenean ere: «Euskarazko marrazki bizidunak erreferentzia nagusia ziren haurren artean, eta ETB1 zen Europan marrazki bizidunen ordu gehien eskaintzen zuen telebista publikoa». Gainera, nabarmendu du urte horietan nazioartean ezagunak ziren «puntako telesailak eta produktuak» erosten zituela; esaterako, Dragoi Bola. Eta ikusleek erantzuten zuten: «CIES inkestaren arabera, EAEko gazteen %70ek euskarazko marrazki bizidunak ikusten zituzten ETB1en, orduren batean edo bestean».
Alabaina, egungo argazkia bestelakoa da: «Asko aldatu da ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko era». Aukera gehiago dago: 50 telebista katetik gora, streaming plataformak, Youtube... Eta ETBk «erreferentzialtasuna» galdu du: «Go!azen telesailak, adibidez, %18 inguruko ikusle kuota du, eta hori datu bikaina da, baina duela 30 urteko datuetatik urrun dago. Orain, jendeak nahi duena ikusten du, nahi duenean. Eta egoera horretan, euskararen presentzia galdu egiten da».
Gainera, euskarazko bikoizketan ere herren ikusten du telebista: «Oso adierazgarria da, esate baterako, Euskal Telebistak euskarara bikoiztutako ekoizpenen orduak murriztu izana: 1980ko hamarkadan, urtean 2.000 ordu bikoizten zituzten euskarara; 2019an, berriz, 222 ordu, eta euskarazko eta gaztelaniazko bikoizketak aintzat hartuta». Baina arazoa ez da bikoizketara mugatu: ekoizpen propioa ere ezinean nabari du. Aginagaldek azaldu duenez, ez dago diru laguntzarik propio euskarazko edukiak ekoizteko: gaztelerazkoentzat eta euskarazkoentzat daude. Erantsi du: «Diru laguntza horiek, gainera, izoztuta eduki dituzte azken bost urteotan». Hortaz, zer behar da?: «Batetik, euskarazko ikus-entzunezkoetarako laguntza lerro propio bat; eta bestetik, diru kopurua orain halako bi izatea gutxienez».
Hori telebistari dagokionez. Baina merkatuan nagusi diren streaming plataformetan zer? Ba al dago aukerarik edukiak euskaraz kontsumitzeko? Aginagaldek azaldu duenez, Pantailak Euskaraz sortu zutenetik lortu zuten auzia eztabaida sozialaren eta politikoaren erdigunean jartzea, euskalgintzako eragileekin eta ikus-entzunezko sektorearekin batera. «Madrilen hasi ziren aldarria entzuten, eta horri esker lortu zen Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrean betekizun txiki batzuk ezartzea streaming plataformei».
Kopuruei erreparatuz, hauxe lortu dute: Netflixek ehun film eta telesail baino gehiago eskaintzen ditu euskaraz, hemeretzi bikoiztuta eta 95 azpidatziekin; Prime Videon, 28 bikoiztuta eta 80tik gora azpidatzita; eta Filminen, «ia lehen halako bi» da euskarazko eskaintza. HBO eta Disney Plus dira euskarazko eskaintza urriena dutenak: HBOn lau ekoizpen dituzte euskaraz; Disney Plusen, bat ere ez. Areago: «Irabazi arte euskarazko telesaila Disneyk erosi zuen, baina gaztelaniaz soilik eskaintzen du. Ulergaitza da».
Hori horrela, kritiko mintzo da oraindik ere egungo egoeraz. Uste du ez dela kasualitatea; politika baten —edo politika falta baten— ondorio dela: «Azken hogei urteotan, iraultza digitalaren lekuko izan gara mundu osoan, baina erakundeek ez dute estrategia sendorik garatu euskara pantailetara eta baliabide berrietara eramateko. Euskarak aurretik zuen erreferentzialtasuna apaldu egin da ikus-entzunekoetan, eta ikusleen ehuneko handi bat galdu da». Uste du gehiago egin daitekeela eta egin behar dela: «Argi dago nekez egokituko duzula euskara egoera berrira ez badituzu ahaleginak handitzen, eta gure ustez, kontrakoa egin dute».
Etorkizunari so
Aginagaldek aztertu du iragana, egin du egungo argazkia, eta etorkizunera begira ere jarri da. Ziurtatu du «baikorrak» direla.EITBren Primeran plataforma du gogoan. Uste du ate bat irekiko duela: «Aukera bat izango da euskara streaming plataformetan posizionatzeko». Adierazi duenez, esan diete edukien %99 izango direla euskaraz: «Hala bada, urrats garrantzitsua izango da, eta euskaldunok erreferentziazko plataforma bat izango dugu. Gainera, doakoa izango da».
Dena dela, ez zaio nahikoa iruditzen: «Primeran eduki berriekin elikatu beharko da, baita gainerako plataformak eta ETB ere». Horretarako, uste du euskarazko ekoizpenaren aldeko «apustu sendoa» egin behar dela.
Halaber, «funtsezkoa» iruditzen zaio Euskal Zinemaren Legea eta Euskal Ikus-entzunezkoen Legea egitea, «betebehar batzuk ezartzeko». Adibidez: «Hego Euskal Herriko zinema aretoetan, filmen %2 soilik eskaintzen dituzte euskaraz. Horrek urratu egiten ditu euskaldunon hizkuntza eskubideak; buelta eman behar zaio. Legez, kuota batzuk ezarri beharko lirateke, eta, zeharka, horrek hauspoa emanen lieke euskarazko bikoizketari eta ekoizpenari ere».
UDAKO SERIEA Euskarak irabazteko auziak (III). Pantailak.
Euskara, itzalita pantailetan
Pantailak Euskaraz plataformak uste du euskara «galduta» dagoela pantailetan. Horri aurre egiteko, euskarazko ekoizpenaren aldeko «apustu sendoa» eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu