Erabilera ez da automatikoa; ez du eskolak soilik egiten. Testuingurua oso da kontuan hartu beharrekoa: erdaldunagoa edo eleaniztunagoa da. Egoera berriari erantzun berriak eman behar zaizkiola dio Altunak.
Erabilerari beha, Soziolinguistika Klusterrean aritzen da beharrean Olatz Altuna soziologoa (Usurbil, Gipuzkoa, 1971). Kaleko erabilera neurtzeko ikerketen arduraduna da. Datu kezkagarriak iritsi dira azken denboretan, dela etxeko erabileraz, dela arnasguneez. Testuinguruan kokatu ditu. Ikertzen segitzea ezinbesteko dela uste du.
Geldialdian sartu ote den, kezka dago. Datuetan nabari da hori?
Euskarak presentzia eta erabilera handiagoa izan dezan egoera hobean gaude, baina gaitasunean egindako aurrerapenak ez du ekarri erabileran areagotze nabarmenik. Ahozko jardun informalean nabari da, batez ere, motelaldia. Agertoki garbienetako bat kalea da. 2000z geroztik, erabileraren igoera eten egin da. Hiru ñabardura. Bat: lurraldez lurraldeko egoera. Bi: haurren eta gazteen artean gertatu da igoera handiena, eta hori positiboa da. Hiru: hiztunen zenbatekoa kontuan hartuta, erabilera datuak espero zitezkeenak baino hobeak dira.
Etxeko erabilera zerbait jaitsi dela agertu du azken mapa soziolinguistikoak. Ulergarria da?
Beherakada bat dator kale neurketekin. Kezka eragin dute etxea kontsideratu izan delako euskararen altzo eta babesgune. Dena den, ezinbestekoa da testuingurua kontuan hartzea. Etxeetako tipologiak zeharo aldatu dira. 1991n, EAEko euskaldunen %63 etxe guztiz euskaldunetan bizi ziren; orain, %40. Etxean euskaraz aritzeko aukera murriztu egin da.
Ezagutza handitu da nabarmen, baina erabilera ez hainbeste. Espero izateko eboluzioa izan da?
Erabilerak ez du izan espero zen igoera. Aurrera egin dugu, nabarmen, baina ezagutzak ez dakar ezinbestean erabilera. Bi aldaketa nabarmenduko ditut. Batetik, erabilera aukera; egungo euskaldunek garai batekoek baino harreman sare erdaldunagoa edota eleaniztunagoa dute. Bestetik, euskaldunen ezaugarriak; askok —euskaldun berriek, gehienbat— ez dute aski jario eta erraztasun. Familiagandik jasotzen zen euskara fresko eta informala eskuratzeko beste zerbait behar dugu.
Gazte gehienek euskara eskolatik jaso dute, eta guraso erdaldunak edo bietako bat erdalduna dituzte —euskara bigarren hizkuntza dute—; gainera, «euskaraz hitz egiteko gai ez diren baina ulertzen duten» herritarrak —elebidun hartzaileak— bikoiztu egin dira. Azter dezagun hori. Euskaraz hitz egiteko gai ez direnak baina ulertzen dutenak nola ekar ditzakegu elkarrizketa elebidunetara edo euskarazkoetara? Zer egin elebidunek elkarrizketetan euskarari euts diezaioten erdararen inertziari amore eman gabe?
Umeekin lan handia egin da, eta haiek erabiltzen dute gehien euskara. Baina adinean aurrera egin ahala, gutxitu egiten da...
Ezin da pentsatu eskola nahikoa dela. Faktore askok eragiten dute. Eragin handia du elkarrizketetan haurrak egoteak. Umeak daudenean, erabilerak gora egiten du nabarmen. Aldiz, nagusiek, euren artean, askoz gutxiago erabiltzen dute. Haur askorentzat nagusien mundua gaztelaniaz edo frantsesez da. Serioa, prestigiotsua, erdara da. Bestalde, alde praktikoan, ume eta gazte askok, bereziki inguru erdaldunetan, zailtasunak dituzte erabilera informalean.
Araba: ezagutzan pauso handia, baina inguru erdalduna oraindik.
Arabarrak gero eta euskaldunagoak dira. Espazio publikoa, ordea, erdalduna da. Nahiz eta kaleko erabilera orokorra ez den aldatu 1989tik, Gasteizko auzo batzuetan gora egin du euskararen erabilerak. Bikote gazteen eta umeen presentzia nabarmena da auzo horietan. Positiboa da. Gainera, euskaldunak elkartzean, sarea osatzean, erabilera indartu egiten da.
Bizkaian ere pausoak badira. Bilbo inguruak eragiten du aurrerapen gehiagorik ez izatea?
Bilbon gertatzen denak, Bizkaian ez ezik, Euskal Herrian ere izugarrizko eragina du. Pisu handia du demografikoki eta sinbolikoki. Bilbon, duela 30 urte %9 ziren euskaldunak, eta %23 dira egun. Euskararen erabilera %3 da, ordea, eta puntu bakarra egin du gora 80ko hamarkadatik. Horrek adierazten du ahozko erabileran aurrera egin ezina eta euskarak duen presentzia urria. Halere, bilbotarren lautik batek euskaraz dakiela, bada hor landu beharreko jokaleku bat.
Nafarroan, erabilera da kezka.
Nafarroan, oro har, euskararen erabilera bere horretan dago, %6 inguruan. Egungo baldintza soziolinguistikoekin, euskararen erabilerak goia jo du. Ez dago hobekuntza tarterik hiztunen kopuruak nabarmen gora egiten ez badu, eta hiztun berri horiei euskarazko harremanetan txertatzeko aukerarik eskaintzen ez bazaie.
Iparraldean galerak abian jarraitzen du. Gazteak dira itxaropen?
Euskal hiztun gutxiago dago duela hamabost urte baino, baina gazte elebidunen ehunekoa gora egiten hasi da. Bikote euskaldunek seme-alabei neurri apalagoan transmititzen diete euskara, eta euskararen aldeko jarrerak apalagoak dira. Kale erabilerari dagokionez, haurrek eta gazteek darabilte euskara gehien. Duela hogei urte, adinekoak ziren. Belaunaldi gazteen erabilerari eustean eta sendotzean dago erronka.
Gipuzkoan dago euskara osasuntsuen, baina arnasguneetan atzera egiteak kezka eragin du.
Euskarak atzera egin du udalerri euskaldunetan hogei urteotan, gainerako udalerrietan ez bezala. EAEn euskaldunen kopurua nabarmenki handitu da. Hazkunde hori, ordea, ez da homogeneoa izan. Inguru erdaldunenak euskalduntzen ari dira, eta euskaldunenak, erdalduntzen. Hori nabarmenagoa da Gipuzkoan, udalerri euskaldun gehienak hordaudelako. Gipuzkoan ere, euskaldunen kopuruak gora egin du, ikuspegi kuantitatibo hutsetik. Baina ikuspegi soziolinguistikotik, ezin dugu pentsatu habitat batzuen eta besteen garrantzia bera denik. Fenomeno hori plazaratu behar dugu, hausnartu, eta erabaki aurrera begira arnasgune horietan nola jokatu.
Biziberritzea hauspotzeko aukera ikusten duzu gaur-gaurkoz?
Ezagutza soziolinguistikoa behar dugu. Zer gertatu da? Zer gertatzen ari da? Zer espero da? Horren arabera, faktore estrukturalak nahiz subjektiboak zaindu eta landu behar dira. Hizkuntz ekologiatik ekarritako printzipio hauek hartuko nituzke: egoera ezberdinetan dauden hizkuntzak berdin tratatzea ez da zilegi, eta hizkuntza gutxiagotuaren zaintza onuragarri da hizkuntza handientzat ere. Maila subjektiboan, beharrezkoa da atxikimendua lortzea edota sendotzea, hizkuntza ohituren aldaketan trebatzea, eta diskurtso berri erakargarriak sortzea.
UDAKO SERIEA. Euskararen hauspo berria (IV). Olatz Altuna
«Euskara informala eskuratzeko beste zerbait behar dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu