Nola bete esanahiz Euskal Herri euskalduna XXI. mendean, aldarrikapen hutsetik harago? Zer etorkizun utopikorekin lotu, eta nola deslotu etorkizun hori fantasiatik, eguneroko praktikak bide horretan jarri ahal izateko? Ariketa hori egiteak euskararen aldeko borrokaren genealogia egitera behartzen du, eta behartzen du, halaber, borroka hori egungo beste hainbatekin batera ikustera. Bai, behinik behin, Idurre Eskisabel eta Eduardo Apodaka EHUko irakasleen talaiatik.
Genealogiak ematen ditu erantzunak, Eskisabelek nabarmendu duenez: «Euskararen aldeko erresistentziaren ibilbide hau aspalditik da hizkuntza jakin bati eustetik haragoko borroka bat». Haren arabera, garaiak garai eta gorabeherak gorabehera, «eraldaketa soziala bere egiten duen konstante bat dago». Hari hori gaur egunera ekarri eta euskararen utopiaren irudikapena egitean, hau datorkio burura Eskisabeli: «Geure burua eta bizimodua euskaraz ardazten dugunon bizitzak benetan bizigarriak diren eremua eta garaia».
Utopiak «integrala» behar duelakoan dago Apodaka ere, «bazterkeria bati» baino gehiago «bazterkeriari berari» aurre egin behar diola. Alde horretatik, «utopia integral» baten beharra nabarmendu du. Hala ere, bereizi egin du utopia horrek zer izan behar lukeen ideologikoki, eta zer linguistikoki. Bigarren alderdi horri erreparatuta, euskararentzat okurritzen zaion utopikoena «euskal analfabeto edo post-alfabetatu elebakarren komunitatea» da; hots, «euskaraz bizitzea beste hizkuntzarik behar izan gabe». Eta analfabetoa zergatik? «Hemendik aurrera ahozkotasun berri bati eutsiko eta ekingo diogu, eta ahozkotasun horretan egongo da, batez ere, euskararen bizitasuna eta bizigarritasuna».
Planteamendu horren atzean utopia «berrasmatu» beharra dago. Izan ere, Apodakaren esanetan, garai batean utopikoa zatekeen «normalizazioa», baina hitz hori «distopikoa» bihurtu da orain: «Normalizazioa, azken batean, egote bat bihurtu da. Hau da, ez da benetan oldarra, ekimena, aurrera egitea. Eta egote horretan ahitu dira indarrak, batetik, eta galdu da euskararen aldeko ekimenen zentzua, bestetik». «Kontsumo gizarte honetan», euskara «hautu» izatearekin lotu da egoera arrunta, haren arabera: «Menuan daukagun hautu bat. Beti ez dago, baina egon dadila eskatzen dugu». Apodakaren ustez, ordea, menua bera jarri behar da zalantzan. Komunitatearen «bizilege arrunta, komuna eta orokorra» euskara izango den agertoki bat irudikatu du, uste baitu horrek emango liokeela «zentzua» euskararen aldeko ekinari. Eta «zentzu emaile» izatea da, hain justu, utopiaren ezaugarririk behinena harentzat.
Balizko komunitate horren hizkuntza ideologiaz aritzean, alboko estatuen joerak ez errepikatu beharra aipatu du Eskisabelek. «Ez monolinguismorik, ez supremazismorik ez da sartzen Euskal Herri euskaldunean». Halaber, eta aurrekoari loturik, azaldu du eremu horretan hizkuntza aintzat hartu beharko litzatekeela «komunikazio gaitasunaz» harago; «indibiduoak zein komunitateak zutointzen dituen tresna» moduan, hain zuzen.
Komunitate utopiko horretarako trantsizioan, hala ere, «konfrontazioa» eta «gatazkak» egon egongo direla ohartarazi du Apodakak, eta, horiei izkin egiten saiatuta ere, ezinbestean azaleratuko direla, nahiz eta eguneroko politiken arabera tentsio horiek areagotu ala gutxitu. Ataka horretan ondo kokatuta egon beharraz ohartarazi du: «Estatuei, esate baterako, berdin zaizkie euskararen utopiak eta distopiak, desagertuko den ala ez».
Homogeneizazioaren eta hizkuntza aniztasunaren kontrakoen aurrean «hizkuntzen elkarbizitzaren bandera» haizatzearen arriskuaz ohartarazi du. «Neurri batean, gure distopia bihur daiteke, normalizazioa bihurtu zitzaigun moduan». Bandera horren pean, beraz, «galtzeko zorian» dauden hizkuntzen alde egin behar dela azaldu du: «Arriskua dago, bestela, hizkuntza aniztasunaren banderarekin homogeneizazioaren eta erabateko uniformizazioaren alde egiteko».
Iruditegi berrien beharra
Hizkuntzen eta kulturen homogeneizazioaren ifrentzuan ikusten dute euskararen utopia bi-biek. Egungo munduaren, «kapitalismo basati eta digitalaren» ezaugarri esanguratsuenetako bat hori dela uste du Eskisabelek. Horregatik, hortik bereiziko diren desio eta iruditegiak sortzearen garrantzia aipatu du: «Hizkuntza-herri-kultura lotura horretatik, izaera kolektibo batzuen diferentziaziotik etor ote daitekeen beste desio batzuen marrazketa». Utopia integralaren eraikuntzan «funtsezko pieza» izan daitekeelakoan dago.
Utopia hori zer egitura politiko-administratibok zedarrituko lukeen pentsatzen jarrita, burujabetzaren beharra datorkio Eskisabeli: «Bizitza bizigarri eta erosoak izango duen eremu horretan pentsatuz gero, ezinbestean datorkit Euskal Herri independentearen ideia, baldin eta gure gaineko estatuek beren izaera monolinguista eta supremazista erauzten ez badute».
Gogoeta horri tiraka, homogeneizazioaren kontrako borroka euskararenarekin hertsiki loturik egon izan dela nabarmendu du Apodakak, eta, orobat, borroka horrek jakin izan duela garaian garaiko «gakoak» eta «diskurtsoak» bere alde jartzen. Hori egiten nola asmatu den, horri erreparatu behar zaio, Apodakaren esanetan, «utopia berriak eraikitzeko orduan». Bestalde, forma eta materia ez liratekeela bereizi behar uste du; hots, utopia hori «erakunde» edo «materialtsun berri bat» nola bihurtu pentsatu behar litzateke. Homogeneizazioari hobekien «tokiko komunitateak», «herriak» egiten dio aurre, haren iritziko: «Uste dut herri beregain bat irudikatu behar dugula. Estatu bat izan behar da? Ez dakit, baina bai, gutxienez, autokontzientzia duena, autokontzientzia hori lantzen duena eta erakunde moduan hori objektibatzeko gai de na».
Azpiratuaren berezitasuna
Horretara iritsita asko aldatuko litzateke euskararen egoera, bai, baina baita hiztunen identitatea ere. Subalternitatean eta menperatuaren kontzientzian ardaztutako identitateak beste esanahi bat hartuko al luke? Euskaldunek «erosotasunez bizitzeko» modua izango luketela irudikatu du Eskisabelek, eta gaineratu horrek alde positibo argi bat izango lukeelabehintzat: «Konplexuetatik askatuko gintuzke».
Izan ere, subalternitate egoerak «konplexu eta autogorroto asko» sorrarazten dituela azaldu du, eta adibidetzat jarri aski orokorra den sentsazio bat: «Ni egoera jakin batean sentitzen naiz oso inposatzailea eta tiranoa: euskara erabat txertatuta eta naturala ez den ingurune batean euskaraz egiten tematzen naizenean». Euskaltzaletasunean badago konplexu hori, haren arabera, eta hori gainditzea ahalbidetuko luke Euskal Herri euskaldunak. «Besteenganako enpatia galtzeko arriskua» ere ikusten dio, hala ere, «justizia sozialarekin eta beste zapalkuntzekiko sentiberatasuna ematen digun hori galtzea».
Kapital linguistikoa dagoenean hizkuntza batean, eta hizkuntza horretan «oztopo barik» aritzeko modua dagoenean, egoera hori «naturalizatu» egiten dela azaldu du Apodakak. Hori gertatzen da, haren arabera, hizkuntza horrek erabateko identitatea hartzen duenean, eta ez, egun den bezala, «diferentzia menperatu bat» denean. «Beraz, lortuko bagenu hori, zer gertatuko litzaioke euskal identitateari? Bada, identitatea izango litzateke, gizartea egituratzeko eztabaidatu behar ez den hori». Egun ez da hori, haren arabera: «Daukaguna da espainiar eta frantziar identitatea. Eta euskara zer den? Bada, desberdintasun menperatu bat, neurri batean erabilgarria identitateen aldetik esateko: 'Begiratu nolako aniztasuna daukagun gurean'. Baina hori, beti, baldin badakigu identitate barruan dagokigun tokia errespetatzen». Edo, Eskisabelen hitzetara joz, baldin eta euskalduna ez bada «tiranoa».
Bide egokian, motel
Egungo egoeraren eta utopiaren arteko arrakala bere horretan aztertzeari ez diote zentzurik aurkitzen Apodakak eta Eskisabelek, ez bada norabideari erreparatzeko. Izan ere, Apodakak gogoratu du utopiak «zentzu emaile» izateko balio duela, eta horrekin batera joan behar duela «pragmatismo eraldatzaileak», «gauzak aldatzera jotzen» duenak—«pragmatismo dogmatikotzat» dauka status quo-a mantentzera mugatzen dena—. Alde horretatik, Eskisabelen iritziz, euskalgintzari ikusten dioten bertuteetako bat zera da, «bere burua proiektatzen duenean» kontuan hartzen dituela «beste zapalkuntzak eta bazterrekotasunak». Ibilbide historikoan egin izan duen bezala, «prozesu eraldatzaileekin lotzeko» joera ikusten dio.
«Adostasunaren» eta «subalternoaren» diskurtsoak «oso txertatuta» ikusten ditu, hala ere, eta horrek «orea» are konplexuago egiten duela uste du: «Momentu interesgarria da gauzak pentsatzen ari garelako, agian lugorri momentuan gaudelako, baina behar dugu bultzada bat, nolabait, gauza zehatzagoetara». Horretan dago Apodaka ere. Utopiak irudikatzen hasita, «hordagoa» jo behar da, haren ustez, eta, ondoren, hori hizkuntza politika zehatzetara itzuli. Alde horretatik, gardena da: «Hizkuntza politikak egonean ikusten ditut, ezezer egiten ez dutelako, aldatzen ez direlako baizik». Egitasmo zehatzak, «politikak» egiten badira ere, «singularreko» hizkuntza politika falta dela uste du: «Gure herriaren hizkuntza egoera, gure polis linguistikoa zein izango den erabakitzea eta hura gauzatzea».
Apodakak ohartarazi duenez, muineko ikuspegia «euskalduntzea» bada, horren gaineko irakurketa berritu egin behar da, normaltasunaren «distopiak» jan ez dezan. Izan ere, gogoratu du euskalduntzea «trantsizio linguistikoa» dela: «Esan nahi du egoera linguistikoa aldatuko dela, eta, orduan, inguru batean normala dena ez dela izango. Eta zer norabidetan aldatuko dugu? Bada, hain zuzen, Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko».
Bihar: Feminismoa.
UDAKO SERIEA. Utopiarantz (III). Euskara.
Euskara bizilege balitz...
Bizitza bizigarriak garatzeko aukera izango den lurralde beregaina, euskaraz funtzionatu eta hizkuntzen balio kulturala aintzat hartuko duena. Hortik hurbil irudikatzen dute Eduardo Apodakak eta Idurre Eskisabelek Euskal Herri euskalduna. Irudikapen horrek haranzko bidea egiteko balio behar duela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu