Euskarara nola ekarri erdaldunak; hor dago, oraindik, hutsune nabarmen bat. Amorrortuk uste du ageriago jarri behar dela euskara, eta aukera gehiago eman behar direla ikasteko. Denek ez dute titulurik nahi.
Erdaldunek euskararekiko zer jarrera eta aurreiritzi dituzten aztertzen jardun du Esti Amorrortu irakasleak (Bilbo, 1969). Euskara askorentzat ikusezin dela azaldu du; ez dutela beharrik ikusten. Erabilera indartze aldera, hizkuntza alternantzia proposatu du.
Erdaldunak erakartzen asmatu al du euskararen munduak?
Bai eta ez. Gauza batzuetarako erakarri ditugu. Euskarak balio instrumentala irabazi izanak bide eman du hurbiltzeko. Baina oso aparte bizi dena aparte dago oraindik, ez ditugulako erakarri eta beharrik ez dutelako. Ahalegin bat egin behar dugu hor.
Soilik euskaldunek egin behar dute ahalegin hori?
Denok. Kontua da badagoela zenbait jende erabat aparte bizi dena euskaratik, inongo beharrik ez daukana eta euskara inon ikusten ez duena. Guk ez badugu euskara presente egiten, ez badugu plazara ekartzen —haiek bizi diren plazara—, asko ez dira konturatu ere egiten. Adibide bat: albistegian, jende berak hitz egiten du euskarazkoan eta erdarazkoan; euskaraz egin, eta gero erdaraz. Zergatik? Erdalduna ez da konturatzen pertsona hori euskalduna dela. Egin grabazio bakarra, euskaraz, eta jarri azpidatziak gaztelaniaz. Horrelako gauzak egin beharko genituzke, erdaldunak konturatzeko beste hizkuntza bat badagoela eta zerbait galtzen ari direla.
Aurkako jarrera ari da arintzen?
Apur bat. Ez dakit zenbateraino den egia leundu dela, edo beste kontu batzuk direla-eta ez diren azaleratzen hainbeste. Batetik, kontrako jarrera zuen jende asko konturatu da euskarak balio instrumentala duela, prestigio bat irabazi duela, gizartean dagoela, eta komeni zaiola. Bestetik, ez da politikoki zuzena euskararen kontra jotzea. Horrek ez du esan nahi benetako jarrera, subkontzientea, aldatu denik.
Ez da aldekotasun erabatekoa.
Ideia orokorretan denok gaude ados: aniztasuna ona da, errespetatu behar da... Baina, gero, neurri jakinetara jaitsita, arazoak hasten dira. Bai, baina-koen taldea da: ideia orokorretan ez dute arazorik, baina oposizioetan eskatzea ez da bidezkoa, baina hobe da mediku ona eta ez euskalduna...
Erdaldun askok euskaraz eskolatu dituzte haurrak. Gurasoekin esku hartzeko aukera da hori?
Zalantzarik gabe. Guraso askok esaten du ez duela ikasiko, denborarik ez duela, berandu dela. Umeak oso motibatzaile onak dira gehienentzat. Guraso askok esaten du ez dagoela prest euskaltegira joateko, baina umeekin batera prest legokeela ahalegintxo bat egiteko. Jende asko prest dago.
Helduen heziketa formalegia da?
Formalegia, ez dakit. Formala da. Behar ere, helduen euskalduntze formala behar dugu. Baina, paraleloki, beste bide batzuk behar ditugu. Xede berezietarako euskara, esate baterako. Agian, pertsona batek soilik nahi du euskara,euskal mundutik hurbil bizi delako eta ulertu nahi duelako. Euskara ondo ikastea eta berba egiteko gai izatea igual helburu handiegia da. Baina nahi du kuadrillan dagoenean ulertzeko, denek gaztelaniara ez jotzeko. Edo umeei etxeko lanekin-eta laguntzeko. Halakoak ere behar ditugu. Ez dut esan nahi formala alde batera utzi eta pilula gisako ikastaroetan hasi behar dugunik. Baina zergatik ez biak? Denen beharretara egokitzen saiatu behar dugu.
Uste izatekoa da gaitasun txikia duenak gutxi erabiliko duela.
Ondo ez dakienak ezin du normal erabili. Garbi dago. Baina ondo ez dakienari aukera ematen badiogu dakien apurra erabiltzeko, euskaldunok ez dugu beti gaztelaniara joko. Hor dago abantaila. Kuadrillan batek ondo ez badaki baina ulertzen badu —akaso, noizean behin, gaztelaniara joz edo euskaraz erabat gramatikalki ez arituz—, besteok ez dugu joko gaztelaniara. Gainera, ondo ez dakienak aukera handiagoa du dakiena erabiltzeko eta motibazioa pizteko.
Hizkuntz alternantzia proposatu duzu.
Jarrera oso preskriptiboak izan ditugu: hizkuntzak ez direla nahastu behar, euskara galdu egingo dugula horrela... Eleaniztasuna normala den herrietan, normala da hizkuntza batetik bestera ibiltzea, nahastea. Euskara beste hizkuntza batzuekin beti erabili dugu, eta erabili beharko dugu; euskara beti egon da hizkuntza-ukipen egoeran, eta, gaur egun, ez da errealista elebakartasunari buruz pentsatzea. Hizkuntzak ezin ditugu kaxatan sartu. Naturaltasun handiagoz erabil ditzakegu hizkuntzak. Betiere, kontuan hartuta euskarak babes berezia behar duela. Euskaraz ondo ez dakitenekin, zergatik ez euskaraz egin, eta zerbait ulertzen ez dutenean gaztelaniara jo, eta ondoren berriz euskarara itzuli?
Arrisku bat ere ikusi duzue: dena egina dagoela pentsatzeko arriskua.
Arrosa koloreko etorkizunarena bada aurreiritzi nahiko orokortua. Sinplea eta okerra, baina nahiko presente dagoena: «Ume guztiek ikasten dutenez, hau egina dago». Erdaldunek askotan esaten dute: «Gu hiltzen garenean, egina egongo da». Ez dira konturatzen euskara hizkuntza gutxitua dela, beti beharko duela aparteko konpromisoa eta ahalegina. Larriagoa da, ordea, sinplekeria hori euskaldunok ere izatea. Oso orokortua dago, batez ere gazteen artean. Erlaxatu egin dira asko. Ez badago kontzientzia pizte bat, ez badira ohartzen hau ez dagoela eginda, arrisku handia daukagu.
Ingelesa asko ari da indartzen...
Batzuek arrisku moduan ikusten dute. Ez dut uste arriskua ingelesa denik. Arriskua gaztelania da Hegoaldean, eta frantsesa Iparraldean. Ingelesez ere jakin behar dugu. Hainbat hizkuntza jakin ditzakegu, baina maila ezberdinetan eta funtzio ezberdinetarako. Eta, gauza batzuetan, euskara babestu behar dugu. Uste dut ez dela komeni umeekin aisialdia ingelesez egitea. Zergatik udalekua ingelesez? Ingelesa ikasiko du, baina beste funtzio batzuetarako. Herrian, betiko lagunekin, ingelesez? Ez. Horretarako, euskara.
Ingelesa sustatu beharrak eragin dezake euskararen garrantzia ahultzea? Horra Nafarroa...
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez, baina arriskua egon daiteke Nafarroan. Kontrajartzen badira euskara eta ingelesa, esaten bada elebitasuna egingo dela batetik gaztelania jarriz eta bestetik euskara edo ingelesa, galtzeko guztiak ditu euskarak; oso argia izan da Nafarroako Gobernua. Hiru hizkuntzak ikastea izan behar da xedea, baina ez maila berean, funtzio guztietarako eta denak batera.
UDAKO SERIEA. Euskararen hauspo berria (VI). Esti Amorrortu
«Euskara beti erabili beharko dugu beste hizkuntza batzuekin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu