UDAKO SERIEA. Etxebizitza (eta VI). Eragileak

Etxea, borroka zelai

Etxe duina izateko eskubidea urratzen zaien horiei arreta emateko, etxebizitza sindikatuak eta antzerako plataformak sortu ziren Euskal Herriko hainbat txokotan. Eragile horietako hirurekin izan da BERRIA, eta egoera larria dela ohartarazi dute, etorkizunera kezkaz begiratuta.

Algorta. Andre bat, etxegabetze baten aurka protestan. MARISOL RAMIREZ/FOKU.
jone arruabarrena
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Azken urteetan, nabarmen zailago bihurtu da etxebizitza bat lortzea Euskal Herri osoan, eta, krisi horri erantzuteko, herritarrak antolatzen hasi dira hainbat txokotan. Izan ere, auzi horren inguruan lanean dabiltzan eragile guztiak bat datoz: etxebizitzaren arazoak gizarteko estratu apaletako sektore geroz eta zabalago bati eragiten dio, pairatzen dituen arazoen artean larrienetakoa bilakatzeraino.

«Bistan da zaila dela etxebizitza bat lortzea, eta badaukazunean ere, arriskua dago kanporatua izateko». Xebax Christy Aldako kidearen hitzak dira. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriko «jende herrikoiaren arazoei aurre egiteko» sortu zen mugimendua, baina laster ohartu ziren etxea lortzeko zailtasuna zela haien arazorik handienetako bat. «Orduan lotu ginen etxebizitzaren inguruko lanari, eta ezagunago egin gara arlo horretan daukagun jardunagatik». Hala ere, sektore batzuei bereziki eragiten die arazoak, Jesus Villaro Iruñeko Haritu Elkarlaguntza Sareko kideak azaldu duenez: «Atzerritarren Legea aplikatzen zaien horientzat are latzagoa da oraindik, paperen auzia hor dagoelako, baita gazteriarentzat ere; alokairuen garestitzeak asko zailtzen du emantzipatzea». Azaldu duenez, alokairua %40 igo da bost urtean Nafarroan, eta igoera horri aurre egitea ezinezko bilakatu da askorentzat.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako Karla Pisano ere bat dator: «Alokairuarekin zerikusia duten problematikak dituztenek jotzen dute gehien sindikatura; gainera, askok errentatzaile txikiekin dituzte arazoak, jabe handiekin baino gehiago». Antolakunde hori duela gutxi sortu dute, baina Euskal Herriko askotariko txokoetan orain arte martxan egondako ildo bereko Etxebizitza Sindikatuen esperientzia dauka bizkarrean. «Etxegabetzeen mehatxupean» bizi diren familien kasua ere nabarmendu du Pisanok: «Azkenera arte ez dakite etxegabetu egingo dituzten ala ez». Ipar Euskal Herriko egoerari dagokionez, Aldak hiru arazo nagusi identifikatu ditu: «Bada etxetik joan behar duen jendea, jabeak kontratua mozten baitu, etxebizitza berreskuratu nahi duelako beretzat edo familiako norbaitentzat». Bestalde, «iruzurrezko kontratuen erabilera» salatu izan du plataformak behin baino gehiagotan: «Irailetik maiatzera edo ekainera izaten dute kontratua, baina legez kanpo, ez legeak ezartzen dituen baldintzetan, ez direlako ez ikasleak ez epe laburreko langileak ere. Bederatzi edo hamar hilabeterako izan ohi dituzte kontratuak, eta udan beste baliabide bat bilatu behar izaten dute». Beste kasu batzuetan, alokairuen prezioak mugatzeko araudia ez da errespetatzen, Aldak salatu duenez. Gainera, ohartarazi dute zenbaitetan maizterrei ez dietela itzultzen etxebizitza alokatzean ordaindutako bermea, eta badirela etxe soziala itxaroten denbora luzez egoten direnak ere. Azken hilabeteetan, halaber, salatu dute Euskal Elkargoak ezarritako konpentsazio araua ez dela errespetatzen.

Arazoaren erroa «burgesia jasaten ari den krisian» jarri du Pisanok. Errentagarritasuna berreskuratu nahian «burgesiak antolatutako ofentsiba ekonomiko baten ondorio» dira, haren ustez, «langile klaseak» besteak beste etxebizitzaren arloan pairatzen dituen arazoak: «Aberastasunen transferentzia gertatzen ari da, langile klasearen poltsikoetatik jabeen poltsikoetara. Baina jabe handiak ez dira interesak dituzten bakarrak. Klase ertaina ere tartean dago: bere botere sozialari eutsi nahi dio, eta, horretarako, etxebizitza elementu oso inportantea da harentzat, errentak hortik hartu nahi dituelako». Villarok, ordea, bestelakoa analisia egin du. «Ikusten da nork metatu nahi duen kapitala bere jabetzekin eta nork ez. Guk ikusi dugu [jabe txiki] gehienek ez dutela etekina atera nahi besteen sufrimenduaren bidez». Bide horretatik, ordea, «klase ertainen zentzu komunean sartzearen arriskuaz» ohartarazi du Pisanok, eta «bai jabe txikien eta bai handien errentismo horri» kritika egitearen garrantzia azpimarratu du: «Ez baduzu minimo gisa jartzen proletariotzaren interes unibertsala, gainontzeko klase estratuen interesak zirrikituetatik sartuko dira azkenean. Aldarrikatuko duzu Blackstoneren etxegabetze baten aurka egitea ondo dagoela, baina hiru etxebizitza dituen jabe baten aurka egitea ez dagoela hain ondo».

Turistifikazioa, arazo iturri

Errentagarritasunarekin eta merkantilizazioarekin lotu dute biek etxebizitzaren arazoaren beste iturrietako bat: turistifikazioa. Iruñeari dagokionez, Harituko kideek «espazio komunaren pribatizazioa» salatu dute: «Alde Zaharra merkataritza gune erraldoi bihurtu dute. Gazteek eta sektore arrazializatuek beste auzo batzuetara joan behar izan dute, eta goragoko klase sozial bat finkatu da orain han. Gure auzoetatik botatzen gaituzte, prozesu ikusezin batzuen bidez».

Pisanoren iritziz ere, etxebizitza turistikoen negozioa da etxebizitza «akumulazio iturri» dela hobekien islatzen duen elementua: «Zona batzuk inbertsiorako eta balorizaziorako eremu bilakatzen dira, eta beste batzuk, berriz, degradatu egiten dira».

Iparraldean ere, etxebizitza bat lortzeko oztopo nagusietakoa da turistifikazioa, Christyren ustez: «Bizileku asko galdu ditugu turismorako baliatu direlako. Merkatu pribatuan geroz eta etxe gutxiago daudenez, etxe sozialetara joaten da jendea, baina etxebizitza sozialaren parkea ere ez da nahikoa». Gainera, gehitu du gaur egun zerga sistemak «abantaila gehiago» ematen dituela epe laburreko etxebizitza kontratuak egin edo etxebizitza turistiko gisa alokatzeko, urte osorako alokatzeko baino.

«Arazo sozial horiek arazo indibidual bilakatzen dira desinformazioagatik», adierazi du Villarok. Horregatik, Harituren helburu nagusietako bat da «bakartzea apurtzea»: «Oso bakarrik sentitzen dira. Beraz, problematika horiek elkar lagunduz lantzen ditugu, kolektiboki». Etxejabeak maizterrek duten informazio faltaz «baliatzen» direla azaldu du, eta, hori konpontzeko, aholkularitza juridikoa abiarazi dute plataforman. Etxegabetze bat izateko arriskua dagoenetan, bestalde, salaketa publikoa ere baliatzen dute, eta bizilagunak ohartarazten dituzte, «elkartasun sareak» eratzeko. Elkartasun biltegia da sortu dituzten baliabideetako bat: «Horrek modua ematen du antolakuntza eta parte hartzea bermatzeko jende guztiarentzat».

Aldako kideek ere salaketa publikoa erabiltzen dute, eta era askotako ekintzak egiten dituzte, presioa egiteko. Uztailean, esaterako, Euskal Elkargoak ezarritako konpentsazio araua urratzen zuen jabe baten bizitegian sartu, eta hura okupatu zuten, araua betearazi arte. Etxe agentzia batera ere sartu ziren, Ipar Euskal Herrian iruzurrezko alokairu kontratuak egiten dituela salatzeko.

Aholkularitza juridikoa ematen du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ere, eta «presio mekanismoak» eta «etxegabetzeei aurre egiteko bitartekoak» garatu dituzte, Pisanok azaldu duenez. Hala ere, nabarmendu du tresna horiez «harago» joaten ahalegintzen direla, eta sindikatuko jarduera guztia «langileriaren antolakuntza independentea garatzeko» egiten dutela. Izan ere, haren arabera, bizitegien auziak «oso argi» erakusten du arazoa ez dagoela muga materialetan, «funtzionamendu sozialean» baizik: «Etxebizitza ez da soilik bizi bitarteko bat, botere sozial eta ekonomikoa metatzeko merkantzia bat baizik. Beraz, hori gainditzeko modua gizartearen antolamenduaren instituzionalizazio berri bat litzateke, ongizatean oinarritutakoa, eta ez irabazietan». Instituzio horiek «askotariko arloak» landu beharko dituztela gehitu du, baina ez guztiak «gerora» koordinatuta, «batasun estrategiko batetik» abiatuz baizik: «Bestela, hobekuntzak lortu daitezke, alokairua jaitsita, esaterako, baina, bitartean soldata debaluatzen ari bada, ez dago aurrerapenik». Hala ere, lan hori «independentzia ideologikoarekin» egitearen garrantzia azpimarratu du: «Askotan, alderdi parlamentarioek instrumentalizatu egiten dute sindikatuen lana, baita sindikatu horien borondatearen kontra ere. Eta hori independentzia politikorik ez dagoelako gertatzen da; errentatzaileen ideologia horrek zipriztintzen ditu sindikatuak».

Sistemaren gurpilean preso

Villarok azpimarratu du «ezinezkoa» dela etxe eskubidea bermatzea «kapitalismoari, arrazismoari eta patriarkatuari» kritika egin gabe, eta epe luzera «beste eredu sozial eta ekonomiko bat eraikitzearekin» lotzen du etxe eskubidearen aldeko borroka: «Etxe eskubideak eta kapitalismoan dagoen jabetza pribatuak talka egiten dute». Bide horretatik, Harituko kideak ere «kapazitate propioak» indartu eta egituratzeari eman dio garrantzia: «Hau da, epe luzera indar korrelazioa nahikoa izatea talka hori gure aldera bideratzeko». Bide horretan, funtsezkotzat jo du tokian-tokian lan egitea, baina, aldi berean, azaldu du «beharrezkoa» dela hedapen handiagoko antolakuntza ere. Haritu eta Euskal Herriko beste etxebizitza sindikatu batzuek horregatik sortu dute, hain zuzen, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea: «Aukera ematen digu ikuspegi zabalagoa izateko».

Alokairu soziala: soluzio?

Aldak, berriz, etxea errazago lortzeko neurriak proposatu ditu epe laburrera begira: «Konpentsazio neurriak, adibidez, ekarriko du hurrengo urteetan etxebizitza batzuk biztanleentzat berreskuratzea. Lehen gauza hori da: jabeen kontra joatea araua betetzen ez dutenean». Zerga sistema aldatzearen alde ere egin du Christyk. Izan ere, alde horretatik, Ipar Euskal Herrian abantaila gehiago ematen ditu epe laburreko etxebizitza kontratuak egiteak, urte osorako alokatzeak baino. Aurrera begira, berriz, etxebizitza sozial gehiago sortzearen alde egin du: «Berrituz edo eraikiz, baina eskaintza handitu behar da». Villarok ere beharrezkoak direla iritzi dio, baina argi dauka horrek ez duela «konponbide integralik» ekarriko: «Hala ere, nolabait, modua ematen du sektorerik pobretuenek erraztasun gehiago edukitzeko etxe bat lortzeko orduan».

Pisanok nabarmendu du «interes ekonomikoak» daudela alokairu sozialen merkatuan ere: «Ez da konponbidea. Kontua da estatuak eta instituzioek normalizatu egin dutela pobretze prozesu orokortu hau. Guztiok koska bat beherago gaude, irabaziak metatzeko merkatu berri horiek sortu behar direlako, eta kontsumitzaileak merkatu horietan sartu». Esaterako, azaldu du lege berriarekin lokaletan etxebizitza sozialak eraiki litezkeela orain, eta etxe batek pertsona bakoitzeko gutxienez eduki behar dituen eremua txikitu: «Ofentsiba kultural eta juridiko bat da, lehen onartezinak ziren baldintzak onargarriago bilakatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.