UDAKO SERIEA. Utopiarantz (VI). Ekologismoa.

Etorkizuneko ekotopia amestuz

Etengabe ohartarazten ari dira hedabideak, baita planeta bera ere: klima larrialdia iritsi da. Baina norantz jo behar da krisi horretatik ateratzeko? Zein da helmuga? Gizakiak etengabeko hazkundearen logikari jarraituko ez dion mundu bat; ongizatearen pertzepzioa guztiz aldatuko dena: ekotopia.

EIDER EIBAR.
jone arruabarrena
2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Klima larrialdia zer den ere jakingo ez duen mundu bat. Natura eta gizadia, biak orekan eta, ondorioz, hobeto biziko diren planeta bat. Natura errespetatzeak ez baitakar onura soilik lurrarentzat: gizakien bizitzak ere modu erradikalean aldatuko lituzke; eta alderantziz: gaur egungo gurpil zoroa gelditzeak ekarriko luke naturarekin errespetuz jokatzea. Horiek izan dira Lorea Flores Compains Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzaileak eta Joseba Azkarraga Etxagibel EHUko irakasle eta Ekopol taldeko ikerlariak atera dituzten ondorioetako batzuk, galdera bati erantzun nahian: nolakoa izango litzateke mundu ekotopiko bat?

Parekideagoa izango litzateke gizarte berri hori, Floresen aburuz: «Botere harremanak ahulduko dira moduren batean, edo, behintzat, ez dira gaur egun bezain nabariak izango, bai pertsonen artean, eta baita naturarekiko ere». Izan ere, parekidetasun hori gizakietan zentratzeaz harago, gainontzeko bizidunentzat ere justuagoa izango den planeta batez ari da Greenpeaceko koordinatzailea.

Azkarragak ere beharrezkoa ikusten du hori: «Gainontzeko bizidunen birprodukzioa bermatuko lukeen gizarte eredu bat izango litzateke. Hau da, bioaniztasunari eusten dion gizarte bat, eta ez hori bakarrik, baizik eta sustatzen edo areagotzen duena».

Ekotopia horretara heltzeko, hizlariek hainbatetan hartu dute ahotan hazkundearen kontzeptua, eta alderantziz, hazten uzteko beharra jarri dute mahai gainean. Desazkundearen bidetik, mundutar guztiek ondo bizitzeko baliabideak izango lituzketela ondorioztatu du Azkarragak: «Ekotopia horretan, muga biofisikoen barruan bizi gara. Hau da, gainezkatze ekologikorik gabeko egoera batean gaude, eta horrek esan nahi du topatu dela modu bat oparotasuna sortzeko hazkunderik gabe». Baliabideen banaketa bidezko baten eskutik dator utopia hori, Azkarragaren hitzetan: «Topatuko da aberastasuna banatzeko era, seguru asko inoiz ikusi gabeko moduan eta inoiz ikusi gabeko neurrian. Azken batean, gizarte ekologista bat erabat txirikordatuta dago justizia sozial globalaren ideiarekin».

Baina nola prestatu gizartea halako aldaketa baterako? «Ongizatearen pertzepzioa aldatuta». Hori da, Floresen ustez, gakoa: «Besteak beste, denbora bera beste modu batean ikustea. Bidaiatzeko behar dugun denboraren pertzepzioari dagokionez, nabarmen aldatuko litzateke. Egun, esaterako, normala iruditzen zaigu gaur Nafarroan egotea eta bihar Londresen. Eta agian etorkizun ekotopiko batean berriz ere kontziente izango gara lurrarekin orekan bizitzeko ezin dugula hori egin, bestelako erritmoak behar ditugula».

Ongizatearen pertzepzio aldaketa horrek, ezinbestean, eragina izango luke eguneroko bizimoduetan, azaldu duenez. Esaterako, nabarmen aldatuko litzateke eguneroko jarduera bakoitzari emandako denbora eta garrantzia: «Niretzat, etorkizun ekotopiko horretan, elikadurak pisu handiagoa izan behar luke gure eguneroko bizitzan: askoz konektatuago egongo litzateke elikagaiak ekoizten diren moduarekin, eta kontuan izango genuke zer elikagai diren, nondik datozen... Ondorioz, denbora gehiago eskainiko genioke horri, bai ekoiztean edo erostean, eta baita prestatzean ere».

Azkarragak, ordea, beste ertz bati heldu dio: «Gizarte utopiko horretako egunerokoa, zalantzarik gabe, antsiolitiko eta antidepresibo gutxiagoko eguneroko bat izango litzateke. Eta zergatik? Bada, segurtasunez biziko garelako, eta beldur askoz gutxiagorekin». Segurtasun hori gorpuztuko litzateke, ikerlariaren aburuz, pertsonek harreman destruktiboak izateari utziko lioketelako hiru norabidetan: nork bere buruarekin, besteekin eta naturarekin. «Modu erradikal eta osasuntsuan aldatuko lirateke hiru harreman horiek».

Nahikotasunaren kultura

Norberari dagokionez, gutxiagorekin bizitzen ikasiko luke gizakiak: «Baina ez bakarrik baliabide material gutxiagorekin, baita baliabide sinboliko gutxiagorekin ere. Gure gizartean etengabe gabiltza gehiagoren bila, eta ohitura neoliberal horrek eramaten gaitu errendimenduaren logika etengabeko horretara. Askotan hor sentitzen dugu ez garela nahiko. Aldiz, gizarte ekologista horretan, norberak aurkituko luke soiltasunaren bidea, eta nahikotasunaren kultura nagusituko litzateke. Hau da, 'Nik honekin nahikoa daukat' esateko gaitasun hori».

Besteekiko harremanei dagokienez, «trinkoak» izango lirateke, «dentsitate handiagokoak». Eta naturarekin, berriz, Azkarragak dio herritarrak konturatuko liratekeela «elkarren menpekoak» eta, batez ere, «ekomenpekoak» direla.

Panpina errusiarren irudia erabili du Azkarragak metafora gisa, utopia horretan gizartea eta ekonomia ekologismoaren menpe egongo liratekeela azaltzeko: «Ekonomia ekologista batean, sistema ekonomikoa da panpinarik txikiena. Ondoren sistema soziala deitzen denak barnebiltzen du ekonomia, eta panpinarik handienak, naturalak, beste biak. Ekonomia doituko litzateke gizartearen beharretara eta biosferara, eta ez alderantziz».

Horretarako, sistema ekologikoa eta ekonomikoa uztartuko dituen mundu bat irudikatzen du Floresek: «Prozesu guztiek nolabait imitatuko dituzte berez naturan gertatzen diren prozesu ekosistemiko guztiak, edo horietan txertatuak egongo dira. Horrela, ekonomia benetan zirkularra izatea lortuko dugu». Gehitu du «benetako ekonomia zirkularrean» plastikozko botila bat ez litzatekeela erabiliko kamisetak egiteko: «Botila batek prozesua pasatu ondoren, berriro ere botila litzateke, materia eta energia galdu gabe gauza berriak sortzen».

Tokikotasunaren eta bioerregionalismoaren bidea hartzea beharrezkoa da horretarako, bi hizlarien iritziz. «Horrek esan nahi du planetako ekonomia eredua guztiz aldatuko dela, planetako erregio batzuek utzi diotela beste lurralde batzuk arpilatzeari, esplotatzeari», esplikatu du Azkarragak. Kontrara, lankidetzan oinarritutako mundu mailako erlazioak irudikatzen ditu: «Berdinen arteko harremana litzateke, mundu multipolar bat. Nazio txikiei autodeterminatzeko eskubidea onartuko litzaieke, eta gatazkak ebazteko militarismoari uko egingo lioke».

«Pertsonen zein planetaren bizitza erdigunean izatea» izan beharko litzateke munduaren antolaketa horren ardatza, Floresen esanetan, eta berak ere burujabetza azpimarratu du: «Lurralde mailatik hasita burujabe izango ginateke. Eta, ezinbestean, elikadura burujabetzak eta burujabetza energetikoak ere zentralitate handia izango lukete. Azpitik gorako antolakuntza eredua izango litzateke. Hori ere lotuta dago botere harremanak puskatzearekin; gizarteak batak besteekin eta naturarekin daukan harremanaren modua aldatuko bada, horrek ekarriko du ezinbestean antolakuntza ere beste mota batekoa izatea».

Energia gutxiago

Hala ere, ez da mundu utopiko baten beharrik energia gutxiago erabiliko dugun mundu bat imajinatzeko; Floresek azaldu duenez, nahi eta nahi ez, energiaren erabilera «efizienteagoa eta inteligenteagoa» egin beharko baita etorkizunean, energia ez baita eskuragarri egongo egun dagoen bezala. «Horrek ekarriko du kontsumoa eta beharra murriztea. Baina, utopiara begiratuz, herritarren eskuetan egongo den beste sistema bat izango litzateke. Energia kasu batzuetan autokontsumo bidez kudeatuko litzateke, edo baita tokiko komunitateen bidez ere. Proiektu eoliko handiak ere egon daitezke, baina ez oraingo ereduarekin. Horietan, gizartearen eta pertsonen parte hartzea askoz handiagoa izango litzateke».

«Energia ez litzateke merkantzia bat izango, elikadura izango ez litzatekeen bezala, baizik eta oinarrizko eskubide bat. Eta eguzkia izango litzateke, berriro ere, energia iturri nagusia», erantsi du Azkarragak. Energia sortzeko moduari erreparatu dio berak ere: «Utziko litzaioke erregai fosila erabiltzeari, edo erretzekotan, guztiz premiazkoak diren gauza puntualetarako izango lirateke, beti guztion hobe beharrez, eta betiere trantsizio sozial orokor baten mesederako baldin bada. Ikuspegi horretatik, eredu ekologista horretan, barrabaskeria izango litzateke gasolina diru publikoarekin laguntzea hogei zentimotan».

Eta energiaren beste hanka bat ekarri du eztabaidara: «Etorkizuneko gizarte horretan jabetuko ginateke digitalizazioak egundoko inpaktuak dituela kontsumo materialaren ikuspegitik, eta hondakinen sorkuntzaren ikuspegitik ere inpaktu erraldoiak dituela». Haren aburuz, hori gizarteko arlo askotan nabarituko litzateke; besteak beste, hezkuntzan: «Esango nuke gure eskolak eta gure hezkuntza sistema askoz gertuago egongo liratekeela baso eskolen eredutik, eta askoz urrutiago digitalizazio masiboaren eta pantailen erabateko presentziaren ideiatik. Eta, ondorioz, lortuko genuke umeek eta gazteek bi gauza modu nabarmenean hobetzea: osasun mentala eta eskola errendimendua».

Urrats txikiak

Utopia irudikatuta, beste galdera bat sortzen da: nola eman mundu ideal horretarako pausoak. Flores: «Uste dut badirela alternatiba batzuk dagoeneko. Egia da txikiak direla, baina uste dut bide horretatik jo behar dugula. Izan ere, gaur egun daukagun sistemarekin aurrera jarraituta, zail daukagu». Hasteko, hazkundea gelditzearen garrantzia azpimarratu du: «Batzuek uste dute itun berri berdea delakoarekin posible dela hazkundea mantentzea, baina argi dago horrek ez duela ezer konpontzen».

Azkarraga ere bat dator: «Guztiz katastrofikoa da orain arteko erreformismoaren bidea hartzea; hondagarria da. Estraktibismoa, produktibismoa eta kontsumismoa biltzen dituen plan hori auzitan jarri ezean, ez dugu hau aldatuko». Argi dauka nondik etorriko den «beharrezkoa» den aldaketa: «Gaurko sistemaren aldaketarik osoena, handiena eta erradikalena ekologismotik dator».

Bihar: Lana eta ekonomia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.