Jose Mari Iparragirreren garrantzia zertan datza? Zer izan zen, gizon politiko inportante bat? Ez. Kulturalki lan handia egin zuen gizon bat? Ez. Musikari edo artista izugarri inportante bat? Ezta hori ere. Nik uste dut Iparragirreren izana edo izaera, batez ere, bere artista izate horretan datzala. Baina, batez ere, Iparragirre garrantzitsua da euskaldunontzat, garai hartakoentzat eta gaurkoentzat ere, ikur bat delako, sinbolo bat, irudi bat, mito bat kasik». Xabier Lete kantari eta poeta da, hitzaldia ematen Urretxun (Gipuzkoa), 1981ean, bardoaren heriotza mendeurrenaren karietara prestatu duten egitarauaren barruan. «Lehenbizi, Gernikako arbola-ren bitartez, sinbolo bat sortu zuen: materialki jada existitzen zen eta Euskal Herriko askatasun eta eskubide politiko zaharrak sinbolizatzen zituen zuhaitzaren bigarren sinbolizazio bat sortu zuen musikalki, artistikoki, abesti baten bitartez. Bigarren fase batean, Gernikako arbola abestia da, nolabait, Iparragirre birmoldatzen eta konfiguratzen duena». Bardoak berak onartutako birmoldaketa eta konfigurazioa betiere, Leteren arabera. Sentimental, histrioniko, besteren arabera jokatzen duen pertsona dakusa kantari poetak harengan, XX. mendeko bere begietatik.
Jon Maia bertsolariak (Urretxu,1972), aldiz, gaur egundik «benetakotasuna» ikusten du Iparragirrerengan. «Kantatzen zuena benetan bizi zuen pertsona iruditzen zait. Uruguaira artzain joan, eta musika sortzen eta jotzen aritzen zen, ardiek ihes egin bitartean, burua joanda. Hori ez zuen inoren aurrean egiten, ez zen jokatzen ari. Zoroa izango zen, agian, baina benetako zoroa, ez itxurazkoa».
Dokumental bat
Denbora, poligrafo hori. Akuilu ere bai, zenbaitetan. Bigarren mendeurren batek bardoaren jaiotzarenak ekarri du Maia, esaterako, Iparragirreri buruz gogoeta egitera. Duela urtebete hasi, eta hilabeteak eman ditu 200 urte, 100 metro film dokumentalerako gidoia idazten, Urretxuko Udalaren enkarguz. Ispilu jokoa egiten saiatu da bertsolaria lan horretan, duela bi mendetik honainoko Euskal Herria aztertu ahal izateko. «Iparragirreren profilak ertz asko ditu, eta gai asko jorratzeko aukera ematen du: gerra, espetxea, subiranotasuna, industrializazio prozesua, kantagintza, bertsolaritza, emigrazioa, euskararen galera, maitasuna...».
Lehen ispilua: duela mende eta erdi eta egungo musikariak lotzen dituena. Lehendabiziko «abeslari nazionala» izan zen bardoa; «subertsiboa», gainera, Maiaren hitzetan: «Ereserki bihurtu zen berehala haren Gernikako arbola, eta horrexegatik isildu nahi izan zuten, Marseillaise kantatu zuenean bezalaxe: preso sartuz eta desterratuz. Beren musikagatik jazarritako musikariak ezagun ditugu gaur ere».
Beste ispilu bat: abertzaletasunaren bilakaerarena. «Hendaian nago txoraturikan,/ zabal-zabalik begiak./ Hara España, lur hoberikan/ ez da Europa guzian» kantatu zuen Iparragirrek, izan ere, Hara nun diran ezagunean, Uruguaitik Euskal Herrira itzultzean. Ez zuen lehen aldia bardoak Espainia kantatzen. «Abertzaletasunaren aurreko» ikuskera dakusa Maiak hizkera horretan. «Iparragirre foruen kantaria zen, eta bere garaiaren betaurrekoetatik ari zen, ez gureetatik. Egongo da, agian, Espainia orduan sekula erabili ez zuenik, baina Xenpelarrek 'gu gera hiru probintzi, lehengo legerik ez utzi' zioen; hark ere ez zuen zazpi herrialdeen ikuspegirik». Iparragirrek, bada, lau herrialde aipatzen zituen.
Iparragirreren kontzeptu politikoek ez diote baliorik kentzen haren lanaren ekarpenari, Maiaren aburuz: «Oso leku gorena izan behar luke gure kulturan, eta ez zaio aitortzen. Haren kantek gure artean diraute, modu herrikoian. Alde horretatik, pertsonaia handi bat da, kontraesanez betea izanik ere, eta denborarekin asko estereotipatua».
Iparragirre bizi bitartean hasi zen haren inguruko estereotipoen eraikuntza; soka hori ez zen eten hura hil eta gero, eta horren emaitza da musikariari buruz belaunaldiz belaunaldi eraiki den irudi nagusia, pasadizo ustez umoretsuak eta irakurketa interesatuak lagun. Haren biografia eta irudia erabat desitxuratzeraino, askotan. «Estatuek —kasu honetan Espainiak— eraikitako marko interpretatiboaren barruan ikusten ditugu gauza asko. Ez dakit horren eraginagatik den, baina gure errelato epikotik desagertuta dago Iparragirre», dio Maiak. Berak ere zaharkitu itxura hartzen omen zion bardoari, Iparragirre. Erro-urratsak «antologikoa» irakurri zuen arte, 1999an.
Gontzal Mendibil kantariak (Zeanuri, Bizkaia, 1956) koordinatu zuen Maiak goratutako lana. 1992an aldatu zitzaion horri Iparragirrerekiko ikuspegia. Iparragirre hegalaria herri antzerki musikala prestatzen hasi zen urte hartan, Zeanurin. «Atipiko» begitandu zitzaion orduan aurkitu zuen pertsonaia: «Ez zen akademikoa, ezta bere garaian hemen entzuten zen musika herrikoiaren errepikatzaile ere, tarteko zerbait baizik. Bohemio hutsa zen, eta Europan ikusi eta ikasi zuen guztia hona ekarri zuen, bai gai, bai hitz, bai doinu aldetik». Arrazoi politiko zein ekonomikoengatik milaka eta milaka euskal herritarrek kanpora jo zuten mendean. Sorterria ahaztu gabe inoiz.
«Gaur-gaurko mezua iruditzen zait harena, euskaldunoi hainbeste falta zaiguna aldarrikatuz: askatasuna eta batasuna. Eta kulturatik ekarri zuen mezu hori, bere musika eta ahotsa lagun». Klabe horretan ulertzen du Mendibilek Gernikako arbola abestiaren ekarpena; klabe horretan Euskal Herriko ereserki gisa aldarrikatuz asteon dozenaka musikariren sinadurarekin aurkeztu duen manifestua. Kanta horren «garrantzi soziologikoa» azpimarratzen du Mendibilek.
Beste klabe batean ulertzen duenik ere bada. Darabilen hizkera erlijiosoa aipatu dute kontrako jarrera erakutsi duten gehienek; ereserki bat sortu ordez, duela mende eta erdi pasako kanta bat berreskuratzeak izan dezakeen zentzua jarri dute auzitan beste askok. Laburbilduz: XXI. mendeko ereserkia izateko zumerik ez duela uste dute.
Toulouse-Lautrec
1893ko abuztuak 27 ditu. Donostian da Henri Toulouse-Lautrec, Dario de Regoyos adiskideak gonbidatuta. Gauerdian, ehunka eztarrik batera kantatutako abesti bat dator kaletik gora: Gernikako arbola da. Logelako leihoa ireki duenean, ehunka lagun ikusi ditu artista frantsesak Getaria kaletik Askatasunaren hiribidera sartzen, parez pare daukan Londres hotelera hurbiltzen. Praxedes Sagasta Espainiako gobernuburua bertan da, ostatu hartuta, eta gero eta beroago ageri da jendetza, «biba foruak! Sagasta zulora!» builaka, eta harrika. Halako batean, ezkutuan sartu diren 30 guardia zibil tiroka hasi dira hoteletik jendetzaren aurka. Hogei bat minutuz entzun dira tiroak. Soldaduak agertu dira gero, hotela inguratu eta babestera. Beste infanteria konpainia bat Miramar jauregira joan da, uda bertan egiten ari den Isabel II.a Espainiako erreginarenera. Giroa baretu denean, zaurituak zenbatzen hasi dira. Hildakoren bat ere bai. Dozenaka pertsona atxilotu dituzte gauean. Toulouse-Lautrec bera bat. Biharamunean alde egingo du Donostiatik, ziztu batean, libre geratu orduko. Hala utzi du kontatuta Dario Regoyosek bere idatzietan.
Lautrecek atzean utzi duen hirian, Gernikako arbola kantatzen eta protestan segitu dute hainbat egunez foruzaleek. Dozena bat urte badira Jose Mari Iparragirre hil zela. Hala irakur daiteke egunotako prentsan: udal banda Bulebarreko kontzertua bukatzen ari zenean, Gernikako arbola jotzeko eskatu zuten entzule batzuek. Ezezkoa erantzun zien bandaren zuzendariak, eta jendearen haserrea piztu, propio debekatua ziotela argudiatuta. Hortxe Mendibilek aipatutako fenomeno soziologikoaren aztarna bat.
Juan Gimon du izena 1893an Donostiako Udal Bandaren zuzendari den horrek. Lau urte lehenago, arrakasta handiz estreinatua du Iparraguirre opera, Bulebarreko kioskotik oso gertu dagoen Teatro Circon. Tokitan daude orduko txaloak.
Zerrenda
Gimon ez zen izan bakarra Iparragirreri buruzko lan bat egiten. Bardoa ardatz duten lanen zerrenda luzean, genero eta diziplina ia guztietako aleak ageri dira. Gutxi batzuk aipatzearren: Antonio Maria Lekuona margolariaren erretratua (1887); Francesc Font i Ponsen estatua (1890); Bitoriano Gandiagak eskainitako poema datatu gabeak; Joxe Maria Iparragirre Patxi Andionen'era diskoa (1973); Urdiñarbe herriak Jean Mixel Bedaxagarren zuzendaritzapean taularatutako pastorala (1980); Iparragirre, zure oroiz disko kolektiboa (1981); Oskorrik Urretxuko herriarekin grabatutako Iparragirre bueltan etxera (1999); eta Julen Gabiriak idatzitako biografia (2001).
Koldo Izagirrek, aurten bertan argitaratu duen Bertsoaren harria liburuan, lehen pertsonan jarri du hizketan Iparragirre,Urretxuko plazan haren omenez ezarrita dagoen harri zurizko estatuatik: «Euskalduna nintzela mundura irten, munduko bazterrak ikusi, munduko hizkuntzak ikasi, munduko herriak maitatu nituen, eta euskaltasuna galdu gabe bueltatu nintzen euskaldunen artera, baforean Marco Poloren liburua irakurtzen».
1987an, Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) batzen dituen Santiago zubia zeharkatzen irudikatu zuen Izagirrek berak bardoa, Iparragirre rides again narrazioan. Sinopsia: Yamaha Guitar FG-140 Nippon Gakki bat eta Winchester bat daramatza berekin musikariak, apirilaren 6 batez —egun horretan hil zen bardoa—; literatur kritikari biboteduna akabatuko du Donostiako terraza batean; Gernikako arbolari su emango azkenean.
«Denetarik egin da Jose Mari Iparragirreri buruz. Film bat egitea bakarrik falta zaigu», dio Mendibilek. Espoilerra: «Inoiz egingo da, ziur naiz». Jon Maiaren dokumentala, behintzat, tiraderan geratu da. Urte hau bukatu aurretik ziren estreinatzekoak; hala zegoen iragarrita: Baleukok eta Pixelek ekoitziko zutela, ETBren parte hartzearekin. Azken horrek ezetz esan du, baina, eta bertan behera geratu da proiektua, diru faltagatik.
Diru faltak geldiarazi zuen Mendibilen beste proiektu bat ere, duela bi hamarkada luze: film epiko bat. Gidoia idatzi ere egin zuen, Toulouse-Lautrec ez, Pablo Picasso erabiliz abiapuntu gisa. Hala hasten zen filma: Gernika margolanaren trazetatik 1937ko benetako Gernika bonbardatura joz; eta, handik, 1828ko Urretxura, Iparragirreren haurtzarora. «Denetarik dauka Iparragirrek film bat egiteko, benetan. Pertsonaia tragikoki erromantikoa da». Eusko Jaurlaritzak dirua jartzeko eta Sean Connery aktoreak bardoa haragizta zezan izandako kontaktuak ditu gogoan Mendibilek, eta ekoizle estatubatuar batek filma egiteko aukera sortu zenekoa ere bai. «Dirutza eskatu zuen, baina, ezertan hasi aurretik». Halaxe geratu zen gidoi hura ere. Tiraderan.
Horixe, Iparragirreri buruzsekula egin gabeko filmaren sekuelako protagonista nagusi posiblea: tiradera bat.
Pantaila beltzera.
Amaiera.
UDAKO SERIEA. Iparragirre. Mito bat tiraderan (eta VI). Sekuela.
Estereotipoen kaiolan
Soldadu, musikari poeta, bohemio, erbesteratu, artzain, erromantiko peto. Mito bat. 'Gernikako arbola' kantaren sortzailea baino gehiago. Jose Mari Iparragirre (1820-1881). Jaio zela bi mende, asteon. Hari buruzko film bat iragarria zuten negurako, baina tiraderan geratu da proiektua; ez da hala gertatzen zaion lehena. Tiradera hori zabaltzeko eta mitoa egurasteko saio bat da sail hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu