Jose Antonio Rubalkaba

«Estatutua da azkenaldian izan dugun arrakastarik handiena»

Politikan asmo handirik gabe sartu zen arren, kasik 29 urte egin zituen legebiltzarkide modura Jose Antonio Rubalkaba jeltzaleak: 1980tik 2009ra. EAJren EBB ere duela bederatzi urte utzi zuen, 1992tik aurrera han egon ostean. Harrezkero, erretiratuta dago.

jarraia155388.jpg
enekoitz esnaola
2018ko abuztuaren 9a
18:59
Entzun

Telefono mugikorrik gabe jarraitzen du Jose Antonio Rubalkabak (Bilbo, 1940). Politikan hasi zenean ez zegoen halako trastorik; gerora bai, baina ez zuen sekula hartu. Orain ere ez. Moldatzen omen da. Politikagintzan moldatu zen bezala. Madrilen ikasi zuen Zuzenbidea, eta 1972an abokatu bulegoa zabaldu zuen, Bilbon. 1976an EAJn afiliatu zen.

Abokatu lanetan ari zinela, 40 urterekin sartu zinen euskal politikagintzan, 1980an, eta...

...eta erretiroa hartu arte, hortxe. Bulegoa ez nuen itxi, eta hasieran egin nuen lanik abokatu modura ere, baina gero saltsa gehiagotan sartu nintzen Eusko Legebiltzarrean, eta utzi egin behar izan nuen lan profesionala.

Ez zinen aukeratua izan 1980ko hauteskunde autonomikoetan.

EAJren Bizkaiko zerrendatik hamargarren nengoen. Aurreikuspenek gehienez zortzi aulki ematen zizkiguten; beraz, ez nuen pentsatzen aterako nintzenik. Gainera, ez nuen nahi hautatua izatea, abokatu lanetan segitu nahi bainuen. Bederatzi aulki atera genituen, eta haietako batek urte erdi batera utzi egin zuen: Jesus Maria Leizaolak. Xabier Arzalluzek esan zidan sartzeko.

Ia urtebete zen estatutua onartu zela. Zer moduzko ituna zen?

Orduan, 40 urteko diktaduraren ondoren, funtsezkoa zen estatutu bat izatea. Baina denak jar zitezkeen, baina aurrera egin beharra zegoen. Orube bat zen hau, ez zegoen ezer, eta zerbait eraiki behar zen. 1979ko estatutua da azkenaldian izan dugun arrakastarik handiena. Gainera, Jaurlaritza indartsua genuen, jende onarekin.

 

Jose Antonio Rubalkaba, Sabin Etxea EAJren egoitza nagusiaren parean, Bilbon. / Luis Jauregialtzo, Foku.

 

 

Estatutua ez da bete oraindik.

Badakigu zer estatu dugun aurrean. Harekin txarrera, ezin dugu, zapaldu egiten baikaitu; onean, agian, zerbait ateratzen zaio. Ondo hasi ginen, eskumen asko jasota, baina Tejeroren estatu kolpe saioa eta LOAPA etorri ziren.

Eusko Legebiltzarrean zer lan izan zenituen zuk hasieran?

Neure lehen kargu instituzionala nuen hura, eta EAJren taldea neuk eraman nuen hasieratik. Emilio Gebarak eskatu zidan taldea koordinatzeko. Gasteizen Mateo de Moraza kalean egoitza txiki bat geneukan, eta han egiten genituen taldeko bilerak. Artean ez zegoen legebiltzarreko gaurko eraikin hori; 1982an inauguratu zen, eta, bitartean, Arabako Diputazioan ibili ginen —ni hasi aurretik, Bizkaikoan—. Aldundiko langileek guretzako ere egiten zuten lan. Gogoan dut oraindik aurrekontuen batzar bat: goizeko zazpietan atera ginen handik.

HB ez zen joaten legebiltzarrera.

Estatutua ez onartzea izan da HBren akatsik handiena. Uste zuen ez zuela funtzionatuko. Madrilera elkarrekin joan izan bagina negoziatzera, are estatutu hobea aterako genukeen. Indarkeria egoera handia zegoen hemen, eta EAJri beti kargu hartzen zioten Madrilgoek. Estatu kolpe saioarekin hau dena ia pikutara joan zen. Ez zen atera kolpea, baina LOAPA etorri zen ondoren, eredu autonomikoa kamusteko. Rodolfo Martin Villak aitortzen zuen bera legeak ezartzearen aldekoa zela, ez bestelako neurrien aldekoa.

Gero ere izan dira helegiteak, legez kanporatzeak eta beste.

Kongresuan nahikoa gehiengo izandakoan egin izan dituzte halakoak, eta jarraituko dute egiten. Estatuaren indarra erabiltzen dute. Leopoldo Calvo Sotelok garbi esan zuen behin hori. Katalunian ikusi berri dugu: 155. artikuluaren ezarpena. Euren nazioaren batasuna ez dute arriskuan ikusi nahi, inondik inora.

 

«[EAJren barne krisia] Bizkaia erori izan balitz, dena eroriko zatekeen, bertan baitira afiliatu gehien. Eutsi egin genion»

 

Zer diozu EAJren barne krisiaz?

Pena handiz bizi izan nuen. Carlos Garaikoetxeak eta haren taldeak barru mailan dena dominatu nahi zuten. Ez zitzaien gustatzen alderdiak esatea politikak gai nagusietan nondik nora joan behar zuen. Jaurlaritzak eskumenak garatzeko diru gehiago nahi zuten haiek. Gogoan dut 700 milioi pezetako poltsa bati buruzko batzar bat, Donostian; izugarrizko tentsioa. Diputazioek euren eskumenak garatu nahi zituzten. Hortaz, tirabira zegoen EAJn; bi ikuspegi. Herrialde zuzendaritzak berritzeko unean borroka latza egon zen orduan. Bizkaia erori izan balitz, dena eroriko zatekeen, afiliatu gehien dituen herrialdea baita. Eutsi egin genion.

Jose Antonio Rubalkaba EAJko legebiltzarkide eta EBBko kide ohia. / Luis Jauregialtzo, Foku.

Harreman pertsonalek ere eragin al zuten EAJren krisian?

Bai, baina erakunde guztietan egoten dira arazo pertsonalak. EAJn denok pairatu genuen. Iñaki Anasagastik, Josu Bergarak, Patxi Ormazabalek eta laurok Deia-ren kiniela baten akzio bat erosi genuen, ondo atera zitzaigun, eta bazkaltzera joan ginen behin. Mahaian EAJren krisiaren gaia atera nuen, eta Ormazabalek erantzun zidan nahi banuen elkarrekin bazkaltzen segitzea ez ukitzeko gaia. Amistade handia nuen harekin, baina gero hura alde batera joan zen [EAra].

1987an ia jarri zen, EAtik, Garaikoetxea Jaurlaritzako buru.

EAJk 17 legebiltzarkide atera zituen, PSEk 19 —baina guk baino boto gutxiago—, HBk eta EAk 13na, EEk 9... EA, PSE eta EE denbora luzaz egon ziren negoziatzen, baina ez ziren ausartu gobernua osatzera. Garaikoetxeak Gizarte Segurantza nahi zuen Jaurlaritzarentzat, baina Madril ezezkoan zen. PSEkoak guregana etorri ziren, eta hamar bat egunetan lortu genuen akordioa. Jose Antonio Ardanzak segitu zuen lehendakari. PSEkoek esaten zuten EAJkoak direla benetako abertzaleak. EEkoek burugogortzat zeukaten Garaikoetxea.

Segituan hasi zineten EArekin batera ere gobernatzen.

Oso ondo ulertzen ginen, eta eutsi egin behar zitzaion gobernuari.

 

«2000n Mayor Orejarekin bildu nintzen, presoez. Afaltzen eman zidan eta gehiago ez, erantzunik ez, ezta gero ere»

 

1987-1998 artean Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko presidente izan zinen.

Besteak beste, euskal presoen gerturatzea hasi ginen planteatzen. 1997ko martxoan, Alcala-Mecoko espetxean [Juan Lorenzo Lasa Mitxelena] Txikierdi-rekin bildu ginen legebiltzarreko talde batzuk —EAJ, EA, EB eta HB—, hark eskatuta [EPPKren izenean]. Esan zigun ez zutela onartzen Giza Eskubideen Batzordearen plana. Halere, esango nuke plana 1997ko uztailean geratu zela aurrera ezin eginda, Guardia Zibilak [Jose Antonio] Ortega Lara bahitua askatzean. Oso gogorra izan zen haren itxura ikustea, eta erabakigarria Madrilek gure plana deuseztatzeko.

Espainiako Gobernuarekin negoziatu al zenuen presoena?

2000n Jaime Mayor Orejarekin bildu nintzen, Barne ministro zela, Madrilen. Ez zen hitzordu ofiziala izan. Xabier Markiegi EEkoak jakinarazi zidan hura prest zegoela ni hartzeko, eta han joan nintzen. Azaldu nion gure asmoa, idatzi bat utzi...; Ministerioan afaltzen eman zidan eta gehiago ez, erantzunik batere ez, ezta gerora ere.

Nola gogoratzen duzu Lizarra-Garaziren aldia (1998-1999)?

Ilusioa zegoen. Uste genuen egingo zuela aurrera, gero Loiolakoak [2006] bezala. Loiolakoa egina zegoen, eta sinatzeko orduan eten zen, Batasunari edo ez dakit zeini panikoa sartu zitzaiolako. Haiek, hautsi nahi dutenean, Nafarroako gaia atera izan dute beti.

 

«Ibarretxek EAJren erabateko babesa zuen. Kontua da bide berari segitu nahi izan zitzaiola Madrilen ezezkoaren ostean»

 

Juan Jose Ibarretxek EHrekin moztu zuen 2000an, ETA berriro atentatuekin hastean.

Talde parlamentario bezala, hura izan zen garairik txarrena. EHk bazterrean utzi gintuen, eta Ibarretxek ez zeukan beste biderik, baina PSEk eta PPk ez zuten ezer jakin nahi gurekin, oso gaiztoa zelako giroa. Guztiekin izan da posible negoziatzea, HBrekin izan ezik —Lizarrakoan salbu—; uko egiten zion ezer negoziatzeari.

Joseba Egibar (goian, ezkerrean), Jose Antonio Rubalkaba (goian, eskuinean) eta Juan Jose Ibarretxe (behean), Eusko Legebiltzarreko saio batean. / Juanan Ruiz, Foku.

Ardanzaren aroaren (1985-1999) aldean desberdina izan al zen Ibarretxerena (1999-2009)?

Bai, estatutu berriaren kontu hori dena... Oso bakarrik geunden. Ezker abertzaleak bultzatu gintuen Madrilera, hiru boto emanda. Ez zegoen Batasunaren eta gure artean funtsezko akordiorik. Estatutu politiko berriaren sarreran bai, baina gero ez. Otegik-eta ez zioten garrantzirik ematen eskumenen arloari. Oso bakarrik joan zen Ibarretxera Kongresura [2005]; ederki aritu zen, baina entzun ere ez zioten egin, eta buelta Euskadira, ezer gabe.

Ba al zuen EBBren babesa?

Bai, erabatekoa, inolako zalantzarik gabe. Kontua da Madrilen ezezkoaren ostean bide bera segitu nahi izan zela; 2008an Kontsulta Legea eginda, kasurako. Gure taldearen bilera batean ohartarazi nion Ibarretxeri ez genuela ahalmenik galdeketa deitzeko; Joseba Egibarrek erantzun zidan bagenuela legebiltzarraren sostengua, baina ihardetsi nion ahalbidetu zigutela legea onartzea, baina ez genuela gehiengoa. Aurrez ohartarazi nuen guk legea onartu bezain pronto sartuko zutela helegitea. Hala gertatu zen, eta 2008an bertan baliogabe utzi zuen Konstituzionalak. Ez zegoen aukerarik aurrerabiderako.

Zer bide jarraitu behar zen?

EAJ egoera surfeatzen ari zen, PSEk eta PPk legebiltzarrean ez zutelako gurekin hitz egin nahi, eta geneukan indarra geneukan EArekin eta EBrekin. EAJk gora egiten zuen bozetan, baina 2009an Patxi Lopez jarri zen lehendakari, PPrekin bat eginda. Sekula ez nuen pentsatuko horretara iritsiko ginenik. 2001ean saiatu zen Major Oreja-Redondo Terreros bikotea Jaurlaritza hartzen, baina ez zitzaien atera; gero pentsatu zuten baten bat eliminatu beharra zutela gehiengoa osatzeko, eta ezker abertzalea erabat utzi zuten legebiltzarretik kanpo, legez kanporatzearekin. Lopez jartzean utzi nuen parlamentua.

Ia 29 urtean izan zinen legebiltzarkide. Une berezirik gogoan?

Lehen urteetan, bilkura egunetan, EAJren taldekook Gasteizko Portalon jatetxean bazkaltzen genuen. Juan Jose Pujana jartzen zen mahaiburu. Ondoren batzuk beste jatetxe batera joaten hasi ginen. Behin, eta jada alderdiko giroa nahasia zela, Dos Hermanas jatetxean geundela batzuk, beste ildokoak ere hara joan ziren; beste mahai batean eseri ziren. Esangura bat zeukan irudi hark: bakoitza bere tokian zegoen. Fernando Buesaren hilketa ere oso momentu txarra izan zen. Ederki moldatzen nintzen harekin. Bere ideiak defenditzen tinkoa zen, baina beti edukatua eta hitzekoa. Harekin adostu nuen legebiltzarreko araudia. Kolpe latza izan zen hilketa. Astakeria handiak egin zituen ETAk, baina ez nuen pentsatzen Buesa hilko zutenik.

Buesarekin ez ezik, zer moduz beste taldeetako kideekin?

Askorekin moldatzen nintzen ondo. Larunbatetan irratsaio bat izaten genuen Leopoldo Barredak, Rodolfo Aresek, Jone Goirizelaiak, EBko batek eta bostok, eta gero zerbait hartzera joaten ginen. Baina badu antzerkitik legebiltzarrak, desberdintasunak nabarmentzen dira eta esaten dira gauza deigarriak, hedabideetan agertzea delako kontua.

Jose Antonio Rubalkaba (eskuinean) Xabier Arzalluz orduko EAJko presidentearekin (erdian) eta josep Antoni Duran i Lleida Kataluniako UDC alderdiko buruarekin (ezkerretik hasita bigarrena), 1993an. / Xouse Simal.

EBB ere 2009an utzi zenuen, 1992tik bertan egon ostean.

Astelehenero batzartzen ginen. Eguerdiko hitzorduan akta-eta irakurri, eta denok elkarrekin bazkaltzen genuen, Sabin Etxeko jantokian. Arratsaldean, gogoetak eta eztabaidak; nik legebiltzarreko gaiak eramaten nituen. Politikoak ez ezik, arloetakoak ere baziren gaiak, halako lan hitzarmenari buruzkoak eta. EAJren erabaki eta ildo nagusiak EBBk ezartzen ditu. Luze jotzen zuten bilerek, eta ni gaueko bederatzietan deskonektatu egiten nintzen.

Arzalluz, bere bigarren agintaldian, 1987tik 2004 arte egon zen EBBko buru. Gero lehia estua egon zen presidentetzarako. Noren alde zeunden zu orduan?

Arzalluzek utziko zuela jakitean, kanpainaren lehen egunetik Josu Jon Imazen alde azaldu nintzen. Joseba Egibar ere laguna dut, beti konpondu naiz harekin oso ondo, baina iruditzen zitzaidan zerbait berria behar genuela Arzalluzen ostean. Egibarrek aurrekoa islatzen zuen, eta Imazek, zerbait berria; hura babestu nuen. Alderdiak haize freskoa behar zuen.

Jose Antonio Rubalkaba (eskuinean) Josu Jon Imazekin batera, 2005ean egin zuten prentsaurreko batean. / Alfredo Aldai, EFE.

Zertan zetzan aldaketa?

Desberdinen arteko akordioak bilatzeko abagune bat sortzean eta alderdia pixka bat berritzean. Arzalluz guretzat beti maisu bat izan da, baina ez zuen segitu behar, eta alderdia aldaketa baten beharrean zegoen. Gaitasun handikoa da Imaz; ikusi, bestela, non dagoen orain: Repsoleko kontseilari ordezkaria da.

Imazen ondotik, haren ildo bera segitu al zuen Iñigo Urkulluk?

Bai. Logikoa zen.

Jarraitzen al duzu politika?

Askorik ez. Prentsa leitzen dut. Ikusteko dago zer egingo duen Pedro Sanchezek. Aukera interesgarriak daude zabalik. Presoen auzian, adibidez; gainera, legea bete besterik ez dute presoak gerturatzeko. Dena dela, presio handia edukiko du Sanchezek.

EAEko Autogobernu lantaldean zer atera daiteke aurrera?

Abertzaleak baino ez badira ados jartzen, Madrilera iristean ikusiko da zer gertatuko den, baina ez luke itxura onik egoera horrek.

 

Jose Antonio Rubalkaba, 2008ko abenduaren 29an, Eusko Legebiltzarrean, bere azken bilkuran, Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin. / Raul Bogajo, Foku.

 

Bere lehen eta azken hitzaldiak ezin ahaztu

Gran Bilbao entitate administratiboaren desegitearen onarpena izan zen Eusko Legebiltzarraren aurreneko legez besteko proposamena, Jose Antonio Rubalkabak gogoratzen duenez, eta hark defenditu zuen EAJren planteamendua. Ez ei zuen ongi pasatu. «Frankismoak sortutako erakunde bat zen. Bilboz gain, haren inguruko hainbat udalerri hartzen zituen —Lezama, Zamudio...—, eta, bilbotarra naizenez, haren desegitea defendatzea egokitu zitzaidan. Legebiltzarreko neure lehendabiziko hitzaldia nuen. Hasi nintzen hizketan, eta ahoa lehortu zitzaidan; justu bukatu nuen hitzaldia. Ez zitzaidan berriro halakorik gertatu, zernahiri neurria hartzen joaten zarelako».

2008ko abenduaren 23an egin zuen Rubalkabak bere azkeneko hitzaldi parlamentarioa. Gora Euskadi askatuta! egin zuen oihu agurrean. «Ez nuen ezer esatea pentsatzen, baina atera egin zitzaidan. Nik uste ez zitzaiela PSEkoei eta PPkoei batere ondo iruditu hori esatea. Izan ere, aurretik Barredak eta Aresek aipatu zidaten 2009ko udan Bilbo aldean ibiliko al nintzen, bazkaltzera-edo joateko elkarrekin, baina nire Gora Euskadi askatuta!-ren ondoren ez zidaten deitu...».


Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.