UDAKO SERIEA. Nola sortu genuen... (V) 'Maiatz' aldizkaria. Itxaro Borda, Lucien Etxezaharreta eta Aurelia Arkotxa

«Esperantzaren lorategietan»

1982ko otsaileko lehen zenbakiko sarhitzak laburbiltzen ditu egitasmoaren intentzioak: «Aldizkari bat, gurea. Gauza batzuk, denetarik, euskaraz, lantuak. Gure literatura».

Aurelia Arkotxa, Lucien Etxezaharreta eta Itxaro Borda, Maiatz aldizkariaz mintzatzeko bilduak. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Hala dio Maiatz aldizkariaren lehen zenbakiko azken orriko atehitzak: «Esperantzaren lorategietan: Maiatza». 1982ko otsailean kaleratu zuten lehen zenbaki hura. Orduko giroa esperantzaren aldekoa zela gogoratu dute Lucien Etxezaharretak, Itxaro Bordak eta Aurelia Arkotxak. Lehen biak aldizkariaren motor. Hirugarrena Maiatz aldizkaria sortzeko mugarri izan zen 1981eko abenduko bilkura hartara bildua, Piarres Xarritonek gonbidaturik joan zena.

Hirurek onartu dute garai haiez berriz gogoratzea Maiatz elkartearen lokaletan. Aldizkari eta argitaletxearen artxibo guztiez inguraturik. Denak ongi bilduak. Eta tartean, preseski, Maiatz-en lehen zenbaki hura. Begien aitzinean dutela, honela deskribatzen du Itxaro Bordak: «Gauza baikor eta heteroklito bat. Pixka bat orduko burbuila horren miraila. Adin eta belaunaldi ezberdineko idazleak. Genero ezberdineko idazleak. Poetak. Ipuin egileak. Artikulu egileak. Beltza [Emilio Lopez Adan] bezalako pentsamendu harilkatzaileak. Horiek denak batzen ditu Maiatz-ek. Eta, ene ustez, Maiatz-en ezaugarri nagusia hori izan da». Orain ere hori dela gaineratu du. 61. zenbakia prestatzen ari direla. Maiatz izenburua bera ere izan da «orduko burbuilatik» jalgia. Alderdi sozialistak Frantziako presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituela 1981eko maiatzean: «Izan zen halako burbuila bat bezala. Dena zen posible. Irrati libreak, literatur alternatiboak, herri kulturak», gogoratu du Bordak. «68ko maiatzean asmatuak hor posible ziren». Lucien Etxezaharreta bera Parisen bizi zen ordu arte. Baina hango lana utzi eta Euskal Herrira sartzea erabaki zuen. Gure Irratian hasi zen lanean. Hori ere 1981eko abenduan sortua. «Mugimendu horrek bultzaturik sartu nintzen. Argi zen enetako euskal kultura indartuko zela eta bazela posibilitate bat horretarik bizitzeko ere».

Errefuxiatuak oraino onartuak zirela ere gogoan dute hiru solaskideek. «Erraten zen erresistente batzuk zirela. Hala erran zuen Gaston Defferre Frantziako Barne ministroak. Erresistenteak. 1981 zen hori ere. Pentsa… Orduan bazen Euskal Herri bati buruzko garapen esperantza handia».

Testuinguru horretan Etxezaharretaren etxean egin zuten lehen bilkura hura. Euskaltzaleen artean, jadanik han eta hemengo aldizkarietan publikatu zutenei egin zieten gonbita: «Ideia zen gonbidatzea denbora horietan euskaraz zerbait agertzen zutenak», azaldu du Etxezaharretak. Eta ukan zuen arrakasta bilkurak. Lehen zenbakian publikatu zutenen zerrenda lekuko. Borda eta Etxezaharretaz gain, Manex Erdozaintzi-Etxart, Eñaut Etxamendi, Auxtin Zamora, Henriette Aire, Mayi Pelot, Ermi Madariaga, Arkotxa. 15etik gora izenpe, eta artean emazte anitz. Hori ere izan zela Maiatz-en berezitasun eta indarretako bat azpimarratu du Arkotxak. «Emaztearen presentzia inportanta izan da. Izugarri». Ordu arte, emazte idazleak baziren. Baina argitaratzen zutenak, guti. Horien artean zen, adibidez, Marijane Minaberri. Herria-n argitaratzen zuen. Baina «bertso batzuk idazten zituelarik [Txomin] Ezponda eta horiek igortzen zizkioten errefera ozpintsuak... Borroka zen», erran du Bordak.

Gazte ere bazen oro har Maiatz-en idazten zuena. Eta izan du hori ere Maiatz-ek. Belaunaldi berri bat plazara ekartzearena. Aitzineko belaunaldikoak bereziki seminariotik pasatuak ziren; hauek, berriz, unibertsitatea izan zuten ikastegi. Eta bazuten besterik ere errateko: «Gure belaunaldia behar genuen markatu. Eta, gainera, ideia zen liburuak ateratzea ere. Ez zen bakarrik aldizkari bat ateratzea eta besteetarik desmarkatzea. Do it yourself ere bazen: zuhaurrek egin ezazu besteekin egiten ahal ez duzuna». Punkak, beraz? «Dudarik ez», Arkotxaren ustez. Diru gutirekin, baina egin zen. Eta iraun. Dirurik ez, baina «libertate batekin», azpimarratu du Arkotxak: «Hori libertatearen sari bat ere bada».

Laborategi bat

Maiatz «plaza bat eta laborategi bat» izan dela errateko ados dira hiru solaskideak. Horri begira, «kritika batzuk ere» izan zituzten. «Pixka bat esperimentala zela, zaila zela, intelektualegia. Batzuek hori erran zuten, baina ez dut uste», adierazi du Etxezaharretak. Argi dute hirurek Maiatz-en indarra izan zela hori: «Ez da jujamendurik izan. Ez dugu testurik baztertu. Bakoitzak izan du aukera irakurle batengana joateko. Edozein izanik».

Anitzek Maiatz izan zuten abiapuntu. Oro har literaturan zentratu aldizkaririk ez zen hainbeste ordu arte. Eta hori zuten nahi hauek. Literaturan zentratu. Lehen zenbaki horretako sarhitzak bi hitzez argitzen duena: «Aldizkari bat, gurea. Gauza batzuk, denetarik, euskaraz, lantuak. Gure literatura». Ipar Euskal Herrian ikerketa hobesten zen bereziki. Funtsean, izan ziren kritiken artean literaturaren pario hori ez zen baitezpada baloratu. Horien artean izan zen Piarres Lafitte. Artetik errateko, lehen zenbakiak Lafitteri egindako elkarrizketa luze bat dakar: «Erran zuen fantasia anitz bazela baina funts guti. Bere errola atxiki zuen. Bere minduri ironikoarekin», dio Bordak. Halere, kontent zela bestalde Lafitte, iduriz. Gutun bat igorri zion Etxezaharretari, non «estimu zerbait agertu zuen». Eta dena dela, zenbait kritika tarteko, oihartzun baikorra jaso zuen Maiatz-ek. 500 aletan argitaratu zuten lehena. Baionako unibertsitatean aurkeztu zutena, eta denak saldu.

Euskara biziarazteko

Euskarak ere leku zentrala izan du Maiatz-en. «Lehentasuna da euskara bizirik atxikitzea», Etxezaharretak. Baina: «nolako euskara? Guk hartzen genituen testuak ziren bezala. Beti erranez euskara batuaren konbergentzia bat badela», azaldu du Etxezaharretak.

Euskararen gai hori 1998ko pataska baten lekuko ere izan zen. Maiatz-ek solasaldiak antolatzen zituen urtero, eta urte hartan Ibon Sarasola gonbidatu zuten Euskara batuaren ajeak liburua aurkeztera. Sarasolak orduan kritika gogorrak agertu zizkien. «Frantseskeria sobera sartzen genituela». Adibidetzat hartu zuen komunetako xaza hitza, gogoratu du Etxezaharretak: «Baina Hegoaldean bonba erraten dute...». Artikulu bat ere agertu zuen Sarasolak. Erantzun gisa manifestu bat idatzi zutela oroitu du Arkotxak. «Erranez zer baldintzatan idazten genuen. Zer zen gure publikoa. Oinarrizko testu bat. Anitzek izenpetu genuen. Maiatz-ekoek eta Maiatz-en ez zirenek», erran du Bordak.

Euskararen erronka horrek bat egin baitzuen euskaraz aipatu beharreko gaien erronkarekin. «Egiazko Euskal Herriaz mintzatu». Hori zuten ideia baita ere. «Ez beti baserri munduaren zoriona» aipatzea, dio Etxezaharretak: «Errealitatea, den bezala. Bere ttipikeriekin». Adibidez: «Larru jotzeak, harreman homosexualak», Bordak. «Etsipena ere», Etxezaharretak. Arkotxak honela borobiltzen duena: «Taburik gabe, behar den bezala pentsatzeko joera hori arrailtzea». Eta bide batez: «edozein gairi buruz. Ez identifikatzea hizkuntza eta gaia». Adibidez, lehen zenbakian Bordak euskaratu Sergei Eseninen poema. Gai politikoak ere jorratzen zituzten. Esperantzaz beteko maiatz horri itzala handitu zitzaion. 1982ko otsail horretan Baigorriko bi CRSen hilketa izan zen. Aitzin erresistenteak deitzen zirenak terroristak bilakatzen dira. «Garaiak biziki gogorrak ziren», azaldu du Arkotxak: «GALeko garaiez oroitzen naiz biziki ontsa. Testu bat idatzi nuen».

Orain, 33 urte bete direla hasieretako garaietatik, garai hura «aire dei» bezala deskribatu du Bordak. Halere, «ez da mundua horretan hasi», Etxezaharretak. «Denborarekin ohartzen gara besteen jarraipenean garela. Besteen euskaratik hartzen dugula. Nahiz hastapenean iduri duen dena berritzen dela». «Ildo bat» segitu dutela deritzo Bordak: «Iparraldeko literatur ildo bat. Ez da beti irakurle trumilka izan. Baina beti izan da. Beti izan da sorkuntza. Elizkoia luzaz, egia. Jean Etxeparez geroztik, bide horretarik ere baztertuz joan da. Gu gara ondorioak. Eta ondotik etorriko direnek gurea suntsituko dute eta beste aire dei bat eginen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.