Hizkuntzen egoera, gutxitutako hizkuntzen bidea du ikergai Itziar Idiazabalek (Gaintza, Gipuzkoa, 1949). Euskal Filologian katedraduna da EHUn, eta Unesco katedrako arduraduna. Gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da hizkuntz aniztasuna. Aukera da euskararentzat, ondo arituz gero.
Hizkuntz aniztasunaren kontzientzia badago Euskal Herrian?
Pentsatzekoa da beste asko baino sentsibleagoak garela, gure hizkuntza indartzeko lanetan hainbesteko ahalegina eginda. Hizkuntz eta kultur aniztasuna gure artean kontuan hartzen da, baina hainbat kontu jendeari ez zaizkio hain garrantzitsuak iruditzen. Uste baino zeregin gehiago daukagu. Adibide bat. Unescok eskatuta, txosten bat egin genuen munduko hizkuntz komunitateei buruz. Unescok enkargatu zigun, baina argitaratzeko ez zigun onartu. Zergatik? NBE Nazio Batuen Erakundekoa da. Estatu askori ez zitzaizkien gustatzen hor esaten zirenak. Gauza asko agerian jarri genituen. Betoa jarri ziguten. Gaur egun, halere, oso egokiak dira Unescoren diskurtsoak.
Estatuen jarrera malgutu da? Aniztasuna errespetatzen dute?
Europako Hizkuntza Gutxituen Karta hor dago. Frantziak azkenean sinatu zuen; baina gauza bat sinatzea da, eta beste bat, benetan horren alde egitea. Politika ofizialek oraindik ez dute interes handirik. Gizartea kontzientzia hartzen ari den heinean, agertzen dira egitasmoak hemen eta han. Baina trabak badaude; adibidez, Espainiako lankidetza erakundean. 2010ean proiektu bat eskatu genuen Kolonbiako embera hizkuntza indartzeko. Urte batean laguntza eman ziguten, eta hortik aurrera, ez. Oso ondo ari zarela esango dizute. Baina dirua jarri behar denean etortzen dira arazoak; hor ikusten da alde dauden edo ez.
Kalean ere gertatzen da hori?
Denok dauzkagu argumentuak oso garbi: oso zaila da inor aurkitzea hizkuntz aniztasunaren aurka hitz egingo duena. Ez da beti horrela izan, eta, oraindik ere, leku batzuetan elebitasuna arazo gisa ikusten dute, batez ere hizkuntza nagusiak dituzten herrialdeetan. AEBetan, pentsatzen dute ingeles elebakarra dela eredugarriena; Europan, ondo ikusten da hizkuntza asko jakitea. Baina hizkuntza txikitu bat indartzeak ahalegin eta kontzientzia berezia eskatzen du. Euskal Herrian, zoritxarrez, euskaldunon gainean jausten da eginkizuna. Euskaldun ez diren hainbat ere badaude hizkuntz aniztasunaren alde, baina oso agerian gelditzen da: hemengoaren alde egiten ez baduzu, nola egingo duzu besteen alde?
Elebakartasuna gaizki ikusia da?
Okerrago ikusia egon beharko luke; arazo handia da. Oraindik, munduko boteretsu asko elebakarrak dira. Kostatu egingo da. Gizakiaren ahalmen handi bati itsututa begiratzea da, eta, gainera, horrek dakartzan aberastasunei ez ikusi egitea edo ezinikusia izatea. Hori ez da ona. Dena itzuli behar da, dena galbahetik pasatu... Galbahe ezberdinak erabiltzeko aukera baldin badaukagu, zergatik ez ditugu erabili behar?
Aniztasuna bai, baina ingelesa euskararen aurka ikusi izan dute.
Leku askotan horrela izan da. Valentzian, valentzieraren edo katalanaren aurkako politika izan da ingelesa bultzatzea; Nafarroan ere bai. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez du intentzio hori izan proiektuak, baina arrisku moduan ikus daiteke, ez bada oso ondo egiten. Esaten dute ingelesa sartu dela eta euskarak ez duela izan atzerapenik. Ez da aski: euskarak irabazi egin behar du. Ingelesa sartuta, euskarak ere irabazi egin behar du. Lortu beharrekoa ez dugu lortu oraindik euskararekin, oso zaila delako. Ez dugu pentsatu behar 30 urte daramatzagula, hau egina dagoela eta beste gauza bati ekin behar diogula. Oraindik eta derrigorrean, eskolaren helburu nagusia da euskara behar bezala ahalik eta jende gehienari eskuratzen laguntzea. Hori oraindik ez dugu lortu. Buruari buelta pare bat eman behar zaizkio, ez besterik gabe ingelesari ordu erdi bat gehiago jarri. Hirurak ikas ditzagun, baina hirurak hobetze horretan ahulenak zer irabaziko duen kontuan hartuz.
Utopia da hezkuntza sistema eleaniztunari buruz hitz egitea?
Derrigorrezko utopia. Zaila da, baina derrigorrezkoa. Utopia zentzu onean hartu behar da; hori gabe, ez daukagu aurrera egiterik. Eleaniztun onak lortzea posible da, baldintza asko oso ondo badaude. Lortu beharreko utopia da, eta aurrera egiteko bultzagarri.
Indarra hartzen ari dira hizkuntzen ekologia, bizikidetza... Utopia gehiago?
Erronka handi bat daukagu. Urte askoan pentsatu izan da elebitasuna elebakartasunera doan erdibideko egoera bat dela. Frogatzen ari gara posible dela maila ezberdinetako eta erabilera ezberdinetarako elebitasun edo eleaniztasun iraunkorra. Munduan nahiko hedatua dago. Geroz eta normalago ikusten dut familietan-eta pelikulak frantsesez edo ingelesez ikustea, euskaraz aritzea, eta gaztelaniaz... Orekaren kontu hori inork ez daki zer den; beti gutxituen kontrako arma bihurtzen da. Zergatik ez egoera elebidun edo eleaniztun hori nahiko arrunt bihurtu? Ingelesezko pelikula batzuk ikusten dituztelako familia batean, horrek ez du esan nahi euskara desagertzen edo galtzen ateratzen denik derrigorrean.
Egoera horretara moldatu da euskarari buruzko diskurtsoa?
Etengabe egokitu behar dugu. Orain 30 urte esaten ziren gauza asko moldatu ditugu —elebitasuna arriskutsua dela...—. Bultzatu behar da euskaldunak agerian jartzea. Gero eta gehiago gara, eta ezkutuan geratzen gara, batez ere hiri handietan eta ezezagunen artean. Ez da edukazio txarrekoa edozeini edonon euskaraz hastea, baina ahalegin berezi bat eskatzen du. Eta ahalegina beti euskararen kontra bada, atzerapena dakar erabileran. Beti ezin diogu jendeari eskatu militante izateko.
Munduan eredugarri da euskararen gorabidea?
Bai. Erakusten duelako 50 urtean egoera bati goitik beherako buelta eman zaiola. Hori leku gutxitan egin da. Ahalegin horretan egiten den gutxia ere ona da; nahiz eta dena ez lortu, lortzen den guztia ona da. Hizkuntza gutxitu bat eskolatzea eta berreskuratzea garapen motorra da. Gure eskolak zergatik dira hobeak Espainiakoak baino? Euskara sartu dugulako. Euskara eskolarentzat hobegarri izan da. Eskola elebidunak elebakarrak baino hobeak dira alde guztietan, eta bertako hizkuntza indartzen bada, gehiago.
Baina mantsotzea nabari duzu?
Errutinan sartu gara. Uste da lortua dagoela, eskolak euskaldunak direla eta plan berezirik ez dela behar. Normala dela uste da, eta ez da. Eskolen gaitzik handiena errutina da, esan nahi baitu garai bateko soluzioei eusten zaiela, nahiz eta beharrak aldatu. Gure eginkizuna, gainera, oso konplikatua da: bi eta hiru hizkuntza irakastea oso konplikatua da. Ezin dugu jendea engainatu esanez bat ikastea bezala dela. Ikasleek lan berezia egin behar dute, baina bereziki irakasleek. Orain 20-30 urteko sumin hura itzali bezala egin da, eginda balego bezala.
UDAKO SERIEA. Euskararen hauspo berria (VIII). Itziar Idiazabal
«Errutinan sartu gara»
Euskararen biziberritzea munduan eredugarri dela nabarmendu du Idiazabalek. Arrisku bat ere badago: guztia eginda dagoela uste izatea. Eta ez da hala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu