Hego Euskal Herriko errealitate politikora hobeto egokitzeko asmoz, PCEk bi mugimendu egin zituen 1930eko hamarraldian: 1933an, Euskadi Roja astekaria argitaratzen hasi ziren, eta bi urte geroago, 1935ean, PCEren Federacion Vasco-Navarra izenekoa alderdi bilakatu eta EPK Euskadiko Partidu Komunista sortu zen.
Euskadi Roja astekariaren lehenengo zenbakia 1933ko martxoaren 25ean plazaratu zen. Agerkaria batez ere gaztelaniaz argitaratzen zen, baina tarteka euskarazko artikuluak ere bazekartzan: lehenengoa, Eusko abertzale langilleak, esnatu! izenburupean agerturikoa izan zen, maiatzaren 20koa.
Langile abertzaleen aipamena ez da debaldekoa: lehenengo zenbakitik, nazio auziari heltzeko asmoa nabaria da astekarian agerturiko artikuluetan: «Alderdi iraultzaile bat ezin da inperialista izan; erakunde proletario batek ezin du herriek euren buruaren jabe izateko duten eskubidea ukatu. Langile inperialista traidore bat baino ez da. Langile iraultzaileok, berriz, Euskadiren askapen sozial eta nazionalaren alde borrokatzera beharturik gaude». 1933ko apirilaren 22ko zenbakian agertutako pasartea da hori.
Nazio auzia langileen aldarrikapenekin uztartzeko asmo horretan, gaurko ikuspegitik harrigarri samarrak izan daitezkeen artikulu batzuk argitaratu zituen Euskadi Rojak. 1936ko azaroan, esaterako, Sabino Aranaren heriotzaren urteurrena azalera eraman zuen aldizkariak, eta artikulu hartan irakur daiteke EAJren sortzailea «Euzkadiren independentziaren aldarria egin zuen lehena» izan zela eta «bizitza aberriaren askapena antolatzeari» eskaini ziola.
Bestalde, euskal komunistek—edo orobazkunzaleek, aranismoz beteriko euskara hartan beren buruari esaten zioten moduan— 1935eko otsailean erabaki zuten EPK sortzea, eta alderdiak bere lehen biltzarra egin zuen urte hartako ekainean. Alderdi sortu berria PCEren sail bat izan zen aurrerantzean ere; ez zen alderdi independentea, Kataluniako PSUC izan zen moduan, baina haren planteamendu eta jarreretan nabaritzen da abertzaletasunera hurbiltzeko ahalegin bat. Adibidez, estatutuaren aurreko jarreran: 1933an, galdeketa egin zenean, PCE kontra agertu zen, hura «burgesiaren tresna» zelakoan; EPK-k, berriz, «herriaren garaipentzat» jotzen zuen.
Bilakaera hori ez zen denen gogokoa izan. 1937ko ekainean, Bilbo armada faxistaren eskuetan erortzen ari zen bitartean, PCEren Batzorde Zentralak Valentziara (Herrialde Katalanak) joateko agindu zien EPK-ko buruzagi Juan Astigarrabiari eta Jesus Larrañagari, eta han barne epaiketa egin zien. Beste zenbait akusazioren artean, «Euskadin iraun duen mugimendu zatikatzailea» sustatzea eta «Eusko Jaurlaritzan [Jose Antonio] Agirrek eraman duen politika atzerakoi eta amore emailean» parte hartzea leporatzen zieten. Auzibide horren ondorioz, EPK-ko idazkari nagusi Juan Astigarrabia alderditik kanporatu zuten.
Bihar: Dolores Ibarruri Pasionariak utzitako ondarea.
UDAKO SERIEA. Komunismoak Euskal Herrian ehun urte (II).
Errealitatera hobeto egokitzeko ahaleginak
1933an, 'Euskadi Roja' agerkaria sortu zuten euskal komunistek, eta, bi urte geroago, EPK Euskadiko Partidu Komunista; biak ala biak Euskal Herriko nazio errealitatea aintzat hartzeko ahaleginak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu