UDAKO SERIEA. Lehengo lekutik bertsoa (V). Haira Aizpurua Ibargarai

Eredu direnak gogoan gordeta

Bertso sorta bat hautatzeko eskatu die BERRIAk sei bertsolariri. Horien gaineko gogoeta egin dute, kantatu ziren lekuan bertan. Aizpuruak Nerea Ibarzabalen bertso asko ditu begiko, baina «hunkigarria» zaio azken Txapelketa Nagusian Irunen kantatu zuen bakarkakoa.

Haira Aizpurua bertsolaria, Irungo Ficoba erakustazokan. JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Irun
2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Bertso sorta bat aukeratzeko eskatuta, pentsatzeko tarte bat eskatu zion Haira Aizpurua bertsolariak (Sara, Lapurdi, 2006) kazetariari, ez baitzitzaion berehalakoan otu bertsoaldia. Gauza bat argi zuen, baina, hasieratik: «Nahiko nituzke emakume baten bertsoak hautatu. Kontua da, lehenagoko emakume bertsolarien bertso ainitz ez direla, eta, beraz, gaur egungo batenak hautatuko ditut. Erabakitakoan erranen dizut». Pare bat egunera jaso zuen kazetariak mezua Whatsappen: «Nerea Ibarzabalek azken Euskal Herriko Txapelketan Irungo Ficoba erakustazokan [Gipuzkoa] kantatu zuen bakarkako ariketa aukeratuko dut». Bertan elkartu da, hain zuzen ere, kazetariarekin.

Hamar hilabete dira, kasik, Ibarzabalek bertso horiek kantatu zituela. Bost bertsolari izan zituen oholtzan lagun: Ane Labaka, Jone Uria, Sustrai Colina, Maddalen Arzallus eta Miren Artetxe. 2.500dik gora entzule batu ziren saio hartan, bigarren egin zuen Ibarzabalek, nahiz eta eskuratu zituen puntuek eragin zuten sareetan hamaika iskanbila. Izan ere, zaleen ustetan, puntu gehiago merezi zituen Ibarzabalek. «Bakarkako ariketa kantatzeko gaia eman ziotenetik kantatzen hasi zen arte pasatutako denbora zigortu ziotela errango nuke», argitu du Aizpuruak. «Baita lehenengo bertsoan bi aldiz nahasi izana ere». Nolanahi ere, askok gogoratuko ditu, Aizpuruaren antzera, bertso horiek.

Ondorengoa zuten saio hartan kantatu zuten sei bertsolariek hiru bertsotan erantzun beharreko gaia: «Kalean zoazela, haren ahotsa entzun duzu. Hunkitu egin zara». Minbiziaren ondorioz hildako aita baten alabaren larrutik kantatu zuen Ibarzabalek. Gizon ezezagun batekin hasi zuen bertsolariak «bi aktoreren olgeta», eta, aita balitz legez, elkarrekin egindako paseoa irudikatu zuen, xehe-xehe, kantuz. Aizpurua: «Bertsoa.eus-eko bideoan, Nereak hirugarren bertsoa kantatzen duenean, kamerak ni enfokatu ninduen, eta, harrituta, egiten dut: 'Uau!'. Horrek deskribatzen du zer iruditu zitzaizkidan bertsoak». Lehen entzunaldian, baina, ez zuen argi bertsoaldia ondo ulertu ote zuen; hargatik, gehiagotan aditu du gerora: «Momentuan ainitz maitatu nuen. Uste dut bestelako bakarkakoetatik aldentzen zen bakarkako bat kantatu zuela Nereak. Zuzenean entzun nituenean, ez nekien nola ulertu behar nituen. 'Uau!' bat besterik ez ziren izan. Gehiagotan entzun eta gero, iruditzen zait oso errealistak direla, eta, aldi berean, fikziozkoak. Bien arteko nahasketa bat».

Nahasketa hori bat-batean egitea «oso zaila» dela dio. Horregatik ditu eredutzat. «Oso deskriptiboak dira, sentituak eta aski hunkigarriak. Buruan ukan nituen zuzenean entzun eta gero, eta ohartu naiz ulertu ahal direla manera desberdinetan».

Egun, kantukide

Asko gustatu zitzaizkion bertso horiek Aizpuruari. Nolanahi ere, Ibarzabalen bertso ugari ditu begiko, eta, beraz, ez zaio erraza egin aukeraketa: «Nerearen bertso batzuk aukeratu nahi nituen, baina zalantza izan dut denetan zein aukeratu, ainitz maite baitut nola egiten duen bertsotan».

Kontatu duenez, 2017ko Txapelketa Nagusian aditu zuen, aurrenekoz, Ibarzabal bertsotan. «Ez nuen sobera ezagutzen, ez dakit zenbat urte izango zituen berak orduan, baina oroitzen dut asko gustatu zitzaidala nola egiten zuen bertsotan». Oroitzen jarrita, txapelketa hartan kantatu zituen hainbat bertso ere oroitu ditu Aizpuruak. Gogoan du, kasu baterako, Ibarzabalek Txapelketa Nagusian estreinakoz kantatu zuen saioa. Zumaian (Gipuzkoa) izan zen, 2017ko urriaren 8an. Nahikari Gabilondorekin egun hartan osatu zuen zortziko txikia ekarri du gogora. Gaiak hala aginduta, gozoki saltzailea zen Gabilondo, eta ahoa bete gozoki harrapatu zuen Ibarzabal bezeroa. Ibarzabalek 9 urteko haur baten larrutik kantatu zuen bigarren bertsoa du, bereziki, gogoan Aizpuruak: «Baina apurka-apurka/ banoa handitzen/ nahiz eta lehen neskato/ hain formala nintzen/ harrapatu egin nauzu/ gozokiak biltzen/ ikusten ez bazaitut/ ez zara existitzen». Aizpurua: «Begiak eskuekin estaltzen zituen bitartean kantatu zuen hori. Oroitzen dut oso ona izan zela».

Finalaurrekoen bigarren itzulira iritsi zen Ibarzabal orduan, eta Amurrion (Araba) egin zuen azken saioa. Bakarkako lanean, honako hau zuen gaia: «Usaina sumatu, eta urduri jarri zara». Ondo gogoan ditu Aizpuruak Ibarzabalek kantatutako hiru bertsoak. «Oroitzen dut udalekuetan zegoen neska baten azalean jarri zela, eta hilekoa jaitsi zitzaiola kantatu zuela». Honela: «Eguna ia argitzear da/ berriz dut usaina hartu/ ta baietz laster literakoak/ apurka-apurka esnatu/ agian hobe begiraleena/ pixkanaka gerturatu/ eta tanpoi bat eskatu/ 'Mesedez, ez hau kontatu!'/ begira nago orbanari ta/ nahiz ta hauxe dudan patu/ iruditzen zait ez daukadala/ honetaz zertan lotsatu». «Asko maitatu nituen bertso horiek diskurtsiboki». Gertutik jarraitu du Ibarzabalen arrastoa harrezkero Aizpuruak, baita kantukide izan ere.

Gazteen erreferenteak

Beste hainbat bertsolarirekin batera, erreferentziatzat du Aizpuruak Ibarzabal. Kontziente da, halaber, lehen baino emakume gehiago direla plazan, eta, hain justu, horrexegatik, emakume gehiago dituzte bere belaunaldi kideek eredu gisa: «Gure erreferenteen artean badira emakume ainitz. Bada aukera zabalago bat emakumezko bertsolarietan. Horrek ere bultzatu gaitu emakumezko bertsolari gazteok bertsotan egitera. Gauza askok dute garrantzia bertsotan egiteko garaian, baina generoak ez luke inoiz oztopo izan beharko». Denbora igaro ahala, beraz, erreferentziak aldatzen ari direla dio. «Uste dut emakumeen saretzeak on egin diola bertsolaritzari».

Pozten du horrek Aizpurua. Badaki, ordea, oraindik ere badela egin beharreko biderik: «Orain emazteek badute lekua, baina ez dute beti izan. Iruditzen zait oraindik ere badela lan ainitz egiteko; bitartean, inportantea da emakumeen bertsoak aitzinera eramatea, horregatik ere hautatu nahi nituen emakume baten bertsoak».

Bihar: Saioa Alkaizak aukeratutako bertsoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.