UDAKO SERIEA. Politikari ohiak (IV) Begoña Errazti, EAko lehendakari ohia

«Epe luzerako ikuspegia behar da; denbora galtzen ari da»

Positibo, grinatsu eta praktikotzat du bere burua. Oso «interesgarritzat» du egungo egoera politikoa, baina uste du ez dela ari behar bezala baliatzen. EAJk eta ezker abertzaleak behingoagatik elkar ulertu behar dutela dio: «Ezinbestekoa da».

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Hara eta hona ibili du argazkilariak Begoña Errazti (Barakaldo, Bizkaia, 1957), Bilboko Albiako lorategietan. Kexatu gabe jarraitu die aginduei, eta Sabino Aranaren eskulturaren aurreko argazkia gustura atera du. «Baina ez egin Sabin Etxearen aurrean, mesedez», eskatu du: «Ez pasatu». Eguerdian, kafetegi batean izandako hitzorduan, txakolina eskatu du. Bizkaikoa edo Gipuzkoakoa nahi duen galdetu dionean, «berdin dit», esan du. Bizkaikoa hautatu du azkenean.

Zertan dabil, gaur egun, Begoña Errazti?

Politikan sartu aurretik, nire lana beti izan da enpresetako kudeaketa, eta horretan dihardut orain ere; egun, fundazio batean. Badirudi politikan egon garenok ez dugula curriculum vitae-rik, ez dugula beste lanik egin, baina nik esperientzia profesional handia nuen aurretik.

Politika mundutik ez zara erabat desagertu.

Uste dut politika ezinbestekoa dela hiritar batentzat; beraz, niretzat ere bai. Kasu egiten diot politikari, eta asko axola zait. Herri honetan gauza asko ditugu gainditzeko, konpontzeko, egiteko, eta uste dut ezinezkoa dela aldentzea. Ni politikan gure herriarekiko konpromisoagatik sartu nintzen, eta hori ez da bukatzen.

Nola gogoratzen dituzu EAko urte haiek?

Beti daude gauza onak eta txarrak, baina niretzat positiboa izan zen. Erronka handia zen: EAn presidente izan zen lehenengo emakumea izan nintzen, adibidez, eta neure burua agertoki desberdinetan kokatzeko proba zen. Bestetik, jendeak aberastasuna eman dit. Politikan egote horri ere eskertu behar diot gure herriaren ezaguera fisiko handia: jendea, herriak, paisaiak, kezkak... Abertzalea naizenez, edozein hausnarketa egitean mapa dut buruan beti; osotasun bat ikusten dut: gure herria. Eta politikan egoteak nire ahalmena handitu zuen alde horretatik. Bestetik, niretzat inportantea izan zen gure herriari denbora hori ematea. Politika egitea ematea da, eta nik bi seme-alaba ditut; beraz, haiek ere zerbait eman diote gure herriari, nire denbora haiei kendu diedanean. Uste dut eskuzabaltasunaren kontzeptua izan behar dela politikan. Niretzat oso inportantea da nire partetxoa ematea gure herriari.

Gaur egun nola begiratzen diozu politikari?

Egoera politikoa oso interesgarria ikusten dut. Urte askoan markatuak egon gara indarkeriagatik, hilketengatik... Hori gainditzea oso-oso garrantzitsua izan da elkarbizitza errazten duelako, baina baita prozesu sozial bat zabaltzen delako ere. Gatazka politikoa duen herri batek erronka asko ditu, eta batzuetan gehiegi sinplifikatzen da: ETAk desagertu behar duela argi dago, baina gatazka ez da hori bakarrik. Benetako gatazka politikoa da gure herria nazio gisa aitortzea eta munduan berriz kokatzea. Bestalde, normalizazioa aurrera doa instituzioetan: Nafarroako Parlamentuan, Eusko Legebiltzarrean eta Iparraldean. Bakoitza bere abiaduran, baina ari dira indartzen euskal nazioaren aldeko planteamendu batzuk, eta uste dut horrek aukera asko ematen dituela. Horregatik ez dut ulertzen horrenbeste ika-mika entzuten ditudanean. Panorama konplexu bat dugu bideratzeko, eta, hain erronka inportantea izanik, ez nuke denborarik galduko.

Denbora galtzen ari da, beraz?

Nire ustez, bai. Uste dut batzuetan luzera begirako ikuspegia falta dela. Hor beste elementu batzuk ere sartu behar dira: alderdiak, hauteskunde ondorioak, indarrak... Hori zilegi da, horretarako daudelako alderdi politikoak. Baina jakin behar da zer den momentu bakoitzean koiunturagatik egin behar dena eta zein den azken helburua. Askotan, koiunturako eztabaidetan utzi behar dira gauza batzuk; ez dira hain garrantzitsuak azken helburua lortzeko. Horregatik uste dut oso-oso garrantzitsua dela estaturik gabeko nazioentzat abertzaleen edo nazio defendatzaile horien arteko akordioak egitea, nahiz eta minimoak izan. Gero, eztabaidatu behar badute errepide bati buruz edo beste, bai, eztabaidatu behar dute. Baina izan behar dituzte gutxiengo batzuk.

Zergatik ez dira adostu?

Indarkeria aitzakia ona izan da. Istiluek eta sufrimenduak zilegitasun morala kendu diote gure defentsa nazionalari. Baina orain ez dago aitzakiarik. Alderdi abertzaleek minimo horiek adostu behar dituzte; ezinbestekoa da. Baina, oraindik, iraganeko minak gainditu gabe daude.

Ez dira ohartzen horren garrantziaz?

Alderdietan izango dira horren jakitun, ni baino gehiago. Baina gauza asko daude oraindik gainditzeko. Indarkeriak min handia egin du; sufrimendu sentsazio orokorra egon da, eta horrek mesfidantzak eragin ditu. Oraindik badaude. Horregatik poztu nintzen asko, adibidez, Gure Esku Dago-ren egitasmoarekin. Oso jende diferentea egon ginen, diziplina politika desberdinetakoak.

Ortuzarren ondoan egon zinen giza katean...

Gure taldera etorri zen. Gu, betiko lagunak, 18. kilometrora joan ginen, Kanpazarrera. Anasagasti eta Ortuzar azaldu eta gurekin etorri ziren; oso ondo. Egitasmoa positiboa izan zen, jendea hurbiltzeko ona. Gizarte zibila mugiarazteko sistema bat da, eta oso ondo dago hori. Nik sinesten dut instituzioek eta alderdiek mugitu behar dituztela gauza asko, baina gu gizarte moduan kaleratzea oso garrantzitsua da. Gizartea mugitu behar da; independentzia parlamentuko laborategian egingo dela pentsatzeak ez du zentzurik. Gure Esku Dago modu positibo eta alaian egin zen, eta politikariei esan genien hemen gaudela: «Zuek egin zuen lana, eta gu hemen gaude».

Hasieran egitasmoaren inguruan zeuden mesfidantzak gainditu dira?

Badaude oraindik. Indarkeriak zulatzen zaitu barrutik, eta arimako zulo hori estaltzea oso konplexua da. Baina nik konfiantza dut denborarekin lortuko dugula. Alderdiak ezinbestekoak dira horretan, herriak emandako zilegitasuna dutelako. Beraz, alderdietatik diskurtso hori egitea inportantea da; herritarrek ikustea benetan badaudela minimo horiek, nahi hori. Eta uste dut posible dela.

Zein gomendio emango zenieke, ildo horretan?

Oso ausarta izango nintzateke gomendioak emango banitu. Baina planteatu behar da zein izango den urte batzuk barruko argazkia, nola ikusi nahi duten alderdiek gure herria urte batzuk barru: independentzia horretan zein balio politiko-moral nahi dugun, eta nolako gizartea. Uste dut balio minimo batzuk ateratzea ez dela horren konplexua, baina, oraingoz, ez dira heldu. Beste fase batean gaude, minarekin oraindik.

Bakegintzari dagokionez, bide onetik ari dela uste duzu?

ETAk behin betiko su-etena iragartzea oso inportantea izan zen, baina, nire ustez, ez da nahikoa. ETAk desagertu egin behar du; hor beste prozesu bat behar da, eta uste dut eskuzabal begiratu behar zaiola prozesuari. Saiatu beharra dago planteamendu haietan egon zirenak gizarteratzea lortzeko. Hor badago lan bat. Baina inportanteena bestea da: bake prozesu bat finkatzeko, alderdien artean akordio batzuk egin behar dira, minimoetatik handienetara. Eta ez dut ikusten gaur egun hori dagoenik. Gainera, Eusko Legebiltzarreko bake lantaldean, adibidez, PPk eta PSEk ez dute nahi, baina ezin zara zain geratu, bestela ez delako inoiz aurreratuko. Ez al da posible EAJ eta EH Bilduren artean aurrera joatea? Eta atzean geratzen dena, hor konpon.

Beraz, EAJk eta EH Bilduk elkarlan bat hasteko garaia da?

Baietz uste dut. Eta ez bada bihar, etzi egin beharko dute. Orduan, denbora galtzea ere...

Azkenaldian ika-mikan aritu dira euskal presoen gaiarekin...

Bai, baina ika-mikak dira! Horrela ezin da denbora galdu. Biek dakite presoena konpondu beharreko oso gauza inportantea dela. Nik beti erreparatzen diot ea nork ematen dion aire gehiago gaiari; eta beti dira komunikabide berak. Beraz, nori interesatzen zaio? Oso sinplea da: zenbat eta akordio gehiago abertzaleen artean, euskal nazioa defendatzen dutenen artean, orduan eta indar handiagoa Madrili eta Parisi aurre egiteko.

Prest ikusten dituzu bata eta bestea elkarlan hori abiatzeko?

Oraingoz, ez. Baina abiatu beharko dute.

Zerk galarazi dizu politikarako ilusioa urteotan?

Denbora galtzeak. Denbora galtzen ari dira orain dela bi, hiru, lau urtetik. 2005ean gai izan ginen bake prozesu serio bat martxan jartzeko. 2014an gaude, eta gaur egun ez dago halakorik. Badira gauza on asko, eta inportanteak dira: nazioartekotzea, denak parlamentuan egotea... Baina hamar urte joan dira, eta buru-belarri sartze horren falta nabari dut, helburuen bila joate horrena.

Zerk utzarazi zizun EA?

Banekien alde egin behar nuela. Oso pertsona praktikoa naiz; pasio handikoa, baina oso gogoetazalea. Gauza bat erabakitzen badut, aldez aurretik pentsatua dut. Eta uste dut nire garaia iritsi zela. Hausnarketa egin nuen, eta etxera alde egin nuen, lasai, isilik, zalapartarik sortu gabe. Nahiz eta erabat ados ez egon zenbait gauzatan, niretzat leialtasuna oso inportantea da.

Azken urteetan EAJra hurbildu zara. Zenbateraino?

Ez naiz hurbildu, eta ez naiz aldendu. Nik Urkullu lehendakari izateko babestu nuen, pentsatzen bainuen orduan hura buru zuen Jaurlaritza ona izango zela. Hortik aparte, alderdi guztietan bezala, gauza batzuek interesa pizten didate, eta beste batzuek, ez.

Zerk erakartzen zaitu gehien EAJtik?

Uste dut errespetatu behar direla alderdi guztien erabakiak, horretarako dagoelako militantzia. Nik EAn nituen planteamendu eta irizpideei eutsi egiten diet. Oraindik ere pentsatzen ezinbestekoak direla eskubide sozialak, giza eskubideak eta nazionalak. Ez dut aldatu ideologia. Sartuko bagina koiunturako eztabaidetan, nik beste gauza batzuk esango nituzke, baina ni ez naiz militantea, eta, beraz, errespetuagatik, uste dut bakoitzak kudeatu behar duela bere alderdia, eta niri ez zait tokatzen orain.

Inoiz pentsatu duzu EAJko militante egitea?

Ez, baina ez dakit.

Zer deritzozu EA EH Bildun batzearen estrategiari?

Barrutik ez dut ezagutzen; beraz, errespetua diot. Ikusten dut Sortu edo Batasuna dela arima eta EH Bildu burua, eta, ziur asko, historikoki horrek gertatu behar zuen.

Segikoak izateagatik epaitutako berrogei gazteen azken hitza zeure egin zenuen. Zergatik?

Uste nuen babestu egin behar nuela. Bakerako bidean aurrera egiten denean beti etortzen da ekaitza, oztopoak. Uste dut hori beste bat zela: probokatzea barruan distortsio hori; gizartean, politikan, ika-mikak... 18/98an ere joan nintzen deklaratzera Auzitegi Nazionalera, benetan pentsatzen nuelako beste zerbait zegoela atzean. Ez dut zalantzarik halakoetan ni neu konprometitzeko. Indarkeriak min handia ekarri du, eta gauzak ondo egin behar dira, baina min horrek askotan itsutu egiten du. Ikusten badut zerbait ez dela justua, ez dut zalantzarik babesa emateko.

Aurreikusi behar da halako ekaitz gehiago etorriko dela?

Oztopoak etorriko dira, baina gero eta aitzakia gutxiago dauzkate.

Horri aurre egiteko, zer?

Gure nazioarekin konpromisoa dutenek badute erronka elegante bat: besteen aurrean jartzea eta hitz egitea. Uste dut eseri behar dutela isilean, beste batzuetan egin den bezala. Baina, horretarako, eskuzabaltasuna, ikuspegi irekia, inteligentzia politikoa eta ezaguera eduki behar dira. Ez da tontakeria. Estrategia bat ezarri behar da datozen urte luzeetarako. Eta, horretarako, elkarlana ezinbestekoa da.

Etorriko da?

Bai, seguru. Uste dut urte gutxi barru ikusiko dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.