Hilabeteak dira Korsikako mugimendu nazionalistan ohartarazpen bera egiten ari direla: estrategia aldatu beharra dago Frantziako Gobernuaren jarreraren aurrean. 2015eko eta 2017ko hauteskundeetako garaipen historikoek Korsikako eztabaida politikoaren erdigunean jarri zituzten nazionalisten aldarrikapen historikoak, baina, hilabeteek aurrera egin ahala, indarra galduz joan dira, agendatik kanpo geratzeraino. Epe berean, auzi horiei buruzko Parisen eta Ajaccioren elkarrizketak gutxituz joan dira, eta mugimendu nazionalistako sektoreen arteko barne eztabaida eta gatazkak handitu egin dira. Batzuek presa handiagoa eskatzen diote Gilles Simeoni Korsikako presidenteari, eta beste batzuek, berriz, presio egiteko modu alternatibo bat, aldarrikapenak lehen lerrora itzul daitezen.
Macron 2018ko otsailean elkartu zen lehenengoz Simeonirekin eta Korsikako Asanbleako presidente Jean-Guy Talamonirekin, autonomia estatusaz, egoiliar estatusaz, korsikeraren koofizialtasunaz eta presoen amnistiaz aritzeko. Frantziako presidenteak ezezkoa eman zien eskari horiei guztiei, eta soilik onartu zuen Korsika hitza Frantziako Konstituzioan txertatzea, urte hartan egin behar zuten konstituzioaren erreforma baliatuta —azkenean atzeratu egin behar izan zuten, Jaka Horien protestengatik—.
Horren ostean, eta urtebeteko epean, Simeoni eta Talamoni gutxi batzuetan elkartu ziren garai hartako Frantziako lehen ministro Edouard Philipperekin, eta, hitzordu bakoitzetik ateratzean, Korsikako bi agintariek kezka eta kritika mezuak helarazi zituzten, aurrerapausorik ematen ez zutelako. Philippek 2018an aitortu zuen Korsikako egoera politikoa «berria» dela Parisentzat, baina horrek ez zuen aldaketarik eragin Frantziako Gobernuaren jarreran. Macron 2019ko apirilean itzuli zen Mediterraneoko irla horretara, eta Simeonik eta Talamonik legebiltzarrean hitz egiteko gonbita helarazi zioten; Eliseoak ezetz erantzun zuen, eta bi agintariek Frantziako presidentearen bisita boikotatzea erabaki zuten.
Handik hona, bi gobernuen arteko elkarrizketa gutxi batzuk izan diren arren, beste hainbat auziri buruzkoak izan dira, eta aldarrikapenek ez dute ia tokirik izan eztabaida horietan. Are, Macron, Simeoni eta Talamoni ez dira berriz elkartu mahai beraren inguruan; Frantziako presidenteak, ordea, ez du inoiz «hildakotzat» jo «elkarrizketaren haria».
Korsikako mugimendu nazionalistan barne kritikak azaleratzen hasi dira, batez ere Simeoniren estrategiaren aurka
Testuinguru horretan, Korsikako mugimendu nazionalistan ugaritu egin dira estrategiari begirako kritikak. Horiez, Korsikako presidenteak hil hasieran adierazi zuen «bakoitzak autokritika» egin behar duela prozesuan izan duen jarreraz, baina ez zuen arriskuan ikusi agintera eraman zuen Pe a Corsica koalizioa. Hori bai, asteak dira bere Femu a Corsica autonomistaren eta Talamoniren Corsica Libera independentistaren arteko desadostasunak argitara ateratzen ari direla; eta ez hori bakarrik: Korsikako Nazioaren Alderdiak ere (PNC) Simeoniren aurkako hitzak esan ditu, batez ere iaz Femu a Corsicatik ateratzea erabaki zuenetik.
Hain justu, ezagunak dira jada Korsikako presidentearen eta PNCren idazkari nagusi Jean-Christophe Angeliniren arteko talka dialektikoak; Calendinik «egiazko elkarrizketa bat» eskatu zion Simeoniri, iragan hilabeteko herriko bozen ostean, baina oraingoz ez dirudi bien artean aldaketa handirik espero daitekeenik. Aldi berean, Talamonik Korsikako presidenteari presio egiten jarraitzen du, argudiatuta «oraindik garaiz» daudela «harturiko engaiamenduak betetzeko».
Nola eman lehentasuna
Simeonirentzat, erronka da argitzea nola itzularazi nazionalisten aldarrikapenak agenda politikoaren erdigunera. Aurten, Korsikak bere burua gobernatzeko baliabideak lortze alderako erabakiak hartu dituzte, baina betiere Parisekin negoziatuta izan da, eta eskari historikoetatik urrun.
Azken hilabeteotako ezagunena 500 euroko errenta unibertsalarena izan da. Egungo egoeraren «larritasuna» dela eta, Korsikako Asanbleako presidenteak «ahalik eta azkarrena» jarduteko deia egin zuen iragan maiatzean, herritarren egunerokoa bermatze aldera. Behar horren erdian kokatu zuen haren proposamena, errenta unibertsala esperimentatzearena: «Segurtasun hari bat da denontzat. Gainera, [gai horretan] Korsika aurretik izatea ere ona litzateke denontzat».
Gilles Simeoni Korsikako presidentea eta Jean-Guy Talamoni Asanbleakoa. LUDOVIC MARIN / POOL / EFE
Simeoniren iritziz, osasun larrialdiaren eraginez sortuko diren egoera ekonomiko eta sozialek «berrikuntzarako beharra» handitu dute, eta horregatik jo zuen aztertzeko modukotzat Talamoniren neurria. «Elkartasuna da garrantzitsua. Orain, datozen asteetan, finantzaketaz eztabaidatu beharko dugu, neurriaren eduki zehatzez». Korsikak, bere autonomia mugatuan, ezin du bere kabuz halako neurririk ezarri, eta, hortaz, ezinbestekoa zaio Frantziako Gobernuaren baimena eskuratzea.
Baina, mota horretako proposamenez haratago, Korsikako presidenteak ez du lortu aldarrikapen historikoak lehen lerrora itzultzea, eta litekeena da datorren urteko martxoan egitekoak diren Korsikako bozetan berriz mahaigaineratzea Parisi egiten dizkioten eskariak.
Aldi berean, Korsikako presidenteak hainbatetan egindako ohartarazpena betetzear egon liteke: indarkeriaren itzulera. Korsikako Nazioa Askatzeko Frontea talde armatuak (FLNC) iragan urtean jakinarazi zuen bere burua berriz egituratu zuela, eta espekulazioaren aurkako borrokan arituko zela. Iragan astean, gainera, FLNCko lau kidek beren gain hartu zuten Bastiako komisaria baten aurka egindako tiroketa.
Simeonik erronka handiak ditu datozen hilabeteetarako: mugimendu nazionalistako buruzagi garrantzitsuena izanik, Pe a Corsicako sektore guztiak elkartu behar ditu programa beraren inguruan, datozen urteko bozei begira. Hauteskunde horietan 2015eko eta 2017ko emaitzak sendotzeak mezu garrantzitsu bat bidaliko lioke Parisi, eta aldarrikapenen inguruan berriz eztabaidatzeko aukera eman. Izan ere, hiru hauteskunde jarraian irabazita, Frantziako Gobernuak zailago izango du bere jarrerari eustea.
Talamoniren iritziz, Korsikako Gobernua «oraindik garaiz dago harturiko engaiamenduak betetzeko»
2015ean boterera iritsi ziren lehenengoz nazionalistak, eta, harrezkeroztik, arrakastaz arrakasta igaro dituzte hauteskunde guztiak. Garaipen politiko horiekin batera, eta gatazka armatua eta klandestinitatea atzean uzteko nahiarekin batera, irlari aurpegia aldatu nahi diote autonomistek eta independentistek, herriaren egonkortasuna bermatzeko.
Aldaketak sei urte bete ditu
2014an Simeoni Bastiako alkate hautatu zutenetik —aurtengo herriko bozetan alkatetzari eutsi diote—, gora baizik ez du egin Korsikako mugimendu nazionalistak. Garaipen horren ostean utzi zituen armak FLNCk, eta erabaki horrek are gehiago bultzatu zuen nazionalisten olatua.
2015eko Korsikako hauteskundeetan irauli zuten paisaia politikoa lehenengoz nazionalistek: urte hartako abenduaren 13an, eta XVIII. mendeaz geroztik aurrenekoz, nazionalistaz osaturiko gobernu bat igo zen boterera Mediterraneoko uharte horretan, bozen bigarren itzulian autonomistek eta independentistek aliantza bat eginda. Simeoni hautatu zuten presidente, eta Talamoni legebiltzarreko presidente.
Nazionalisten onarpena hasi besterik ez zen egin 2015eko abenduan. 2017ko ekainean, lautik hiru diputatu lortu zituen nazionalisten koalizioak, Pe A Corsicak, Frantziako Asanblea Nazionaleko hauteskundeetan, eta, horrekin batera, Parisi mezu argi bat bidali zioten: mugimendua zabaltzen ari dela Korsikan, eta emaitzak kontuan hartzeko modukoak direla. Eliseoan, ordea, ia jaramonik ez korsikarren aldarrikapenei, azken lau eta erdian bezala.
Demucrazia è rispettu pè u populu Corsu (Demokrazia eta errespetua Korsikako herriarentzat) lelopean eginiko mobilizazioa, Ajaccion, 2018an. ANDER PEREZ ZALA
Sei hilabete geroago, herritarrak berriz deitu zituzten bozkatzera, 2017ko abenduan, lurralde kolektibitate berriko legebiltzarra hautatzeko. Pe A Corsicaren helburua, argia: orain arteko joerari eustea, eta ahalik eta indar gehien lortzea. Emaitza sekulakoa izan zen: gehiengo osoa lortu zuten, eta inoizko boto eta eserleku gehien.
Hurrengo urterako, emaitza horiek egonkortzeko eta hobetzeko helburua dute, Parisekiko eta elkarrizketetako indar orekan pisu handiagoa izateko.
Aldarrikapenak.
1. Korsika hitza. Frantziako presidentea prest agertu zen Korsika hitza konstituzioan sartzeko. Seihileko honetan egingo da erreforma.
2. Egoiliar estatusa. Ezezkoa eman zion Macronek, uste duelako ez dela irtenbide «egokia». Espekulazioari aurre egiteko neurri bat da nazionalistentzat.
3. Korsikera. Hizkuntza salbatzeko nahia adierazi zuen Frantziako presidenteak, baina koofizial bilakatu gabe.
4. Presoak. Nazionalisten aldarrikapen nagusietako bati ez zion aipamenik egin.
5. Nortasuna. Korsika Frantziako Errepublikaren «bihotzean» dagoela adierazi zuen, eta Korsika Mediterraneoko eskualde «lehenetsi» bat bihurtzeko nahia agertu du.