B akarrik ekin zion gaztetan arraunari Anjel Larrañagak, etxean ispilurik eduki gabe nori begiratu ahal izateko: «Erreka bazterrean bizi eta hazitakoa naizenez, horrek izango zuen eragina», kontatu du. Alboan dauka Irati Larrañaga alaba, eta hark bai, hark zainetan darama aitaren zaletasuna, arraunlari delako. Baina ez zen zaletu aita lehian ikusiz, «ni jaio eta segituan utzi zuelako», aitortu du
Kosta zitzaion, hala ere, aitari alaba erakartzea arraunera. «Beste kirol askotan ibili nintzen, futbolean, atletismoan eta igeriketan, eta futboleko taldea desegin zen arte ez nuen hartu arraunerako bidea», gogoratu du alabak. «Esaten nion lehenagotik ere etortzeko arraun egitera, baina berak ezetz zioen beti», gehitu dio aitak.
Anjel kokatu egin behar da aurreko mendeko azken urteetan, arraunean, Tolosan (Gipuzkoa), lehorreko herri batean. Bitxia ematen du denak uztai berean elkartzea, baina Gipuzkoako herri horretan handia da arraunerako zaletasuna. Horrek eraman zuen Anjel arraunera: «Gaztea nintzela, batel estropadak jokatzen ziren ibaian, eta sonatua izaten zen sanjuanetako estropada. Herriko elkarteak aritzen ziren elkarren aurka».
Alaba jaio aurretik eman zizkion aitak arraunari, hortaz, arraunlari gisa eman beharreko guztiak. Tolosan hasi, Donostian eta Orion gero. Azkenerako, alaba jaio berria, eta amaiera ondo bikaina eman zion arraunlari ibilbideari: «1992an utzi nion, Kontxako Bandera Oriorekin irabazi eta gero. Lan guztiak eginda bukatu nahi nuen, eta hura baino aukera hoberik ez zitzaidan parean tokatuko».
Irati txikia zen, aitak beste kirol baten hautua egin zuenean: «Txirrindularitzan hasi nintzen,arrauna utzi eta gero; serio antzean hasi ere. Zikloturista nintzen, eta lasterketa garrantzitsu asko egin nituen». Zerrenda horretan, aparteko lekua dauka Quebrantahuesos lasterketa ezagunak: «Hamar aldiz daukat eginda», nabarmendu du, harro. Nazioarteko beste lasterketa ezagun batean ere ezagutu zuten Larrañaga txirrindularia: «Marmotte Frantzian korritzen den lasterketa da, Alpeetan, eta hango mendirikmitikoenak igotzen dira, tartean Alpe D'Huez. Lau aldiz egin nuen lasterketa hori».
Garai horretan bizi eta ikusi izandakoagatik balitz, Iratik txirrindularia izateko aukera handiazeukan: «Lasterketa guztietara joaten ginen ama eta biok. Beti aitaren atzetik; aita nora, gu hara». Bazter asko ezagutu zituen bere txikiak. Aita ere gustura, bere beste zaletasunean: «Kilometro pila bat egiten nuen. Lasterketa non, Tolosatik bizikletan joaten nintzen leku horretara. Adibidez, hori egiten nuen Zarautzen hasten bazen proba, edo Hondarribian. Gero, buelta ere bizikletan egiten nuen». Pasatu zituen horrela bizikleta gainean hamar bat urte pasa, berriz ere arraunaren harra esnatu zitzaion arte.
«Oriora joatea erabaki nuen, entrenatzaile lana ikastera. Tolosan nenbilen gazteekin-eta, arrauna suspertu nahian, eta arraunlari gisa ikasitakoa freskatu nahi nuen, eta Orioko gazteekin ekin nion. Orion gazteekin, Orioren eta Getariaren arteko B traineruan Patxi Francesi laguntzen, eta horrela ibili nintzen 2004 hartan. Orion, Jon zegoen entrenatzaile [Jon Salsamendi, orain koinatua duena]». Bitartean, Irati alaba lehen aipatutako kiroletan zebilen, aitaren deiei kasurik egin gabe: arrauna urruti zuen oraindik.
Heldu zitzaion, baina, aitarengana gerturatzeko gogoa edo aukera egokia. «Tolosan zebilen entrenatzaile gazteekin, eta, azkenean, animatu nintzen». Aitak eten dio hizketaldia alabari: «Txarra izan nintzen hau konbentzitzen, nonbait... Baina azaldu zen halako batean, eta gaur arte». Elkarren alboan aritu ziren Tolosako ontzi txikietan, baita emakumeen traineruak lehian ere, hasi eta handik gutxira: «Tolosak bere kontura eta bere izenean atera zuen trainerua 2008an, eta ni ez nintzen taldean, adinagatik», oroitu du Iratik. «Gero bai, 2009an, Getaria-Tolosa talde bateratuan elkarrekin aritu ginen, Tolosako beste arraunlari batzuekin batera; aita izan genuen entrenatzaile lehen bi urteetan. Lau urte egin genituen han».
Arraunlari multzo horretan zen, besteak beste, Ioana Alijostes, Iratiren lehengusua. «Zumaiara joan ginen gero, 2013an, eta hiru urtez ibili nintzen han». Ordurako, aitak bide oparoa zeukan egina entrenatzaile laguntzaile lanean: «Jonekin [Salsamendi] Astillerora joan nintzen 2005ean, eta lau urte egin genituen han. Gero, beste hiru urtez Urdaibain izan nintzen, 2015era arte». Zarautzen dabil entrenatzaile nagusi lanean iaztik: «Gustura nabil, gazteekin nik nahi dudan bezala lan eginez. Konpromiso handiko jendea aurkitu dut».
Irati ere pozik dabil San Juanen, hori izan baitzen hurrengo geltokia arraunlari bidean, Zumaiakoa bukatu eta gero. Bidegurutze horren aurretik irabazi zuen bere aurreneko Kontxa: «Zumaiarekin izan zen 2013an», esan du alabak. Arraunak elkartu zituen aita eta alaba, eta Kontxako Banderako garaipenek ere batzen dituzte urte horretatik. Bat gehiago ere badu Iratik: iaz San Juanekin irabazitakoa, hain zuzen.
Ibilian-ibilian, arraunean ere bat eginda, etxeko solasaldi nagusi ere bilakatu dute: «Hor ibiltzen gara elkarren estropadei buruz hizketan, eta entrenamenduetan zer lan egin dugun ere hizpide hartzen dugu». Aitak alabari aholkuren bat ere emango dio, ziurrenik, tarteka, nahiz eta aitak ukatu: «Niri baino beste entrenatzaileei kasu gehiago egiteagatik heldu da heldu den lekura», bota du barrezka aitak. Ikustekoak izan behar dute solasaldiek, kolore guztietakoak elkartzen baitira familian: «Jon Orion dabil orain; nire bikotea Iñaki Zumaian arraunlari; Jonen iloba Borja Donostiarran entrenatzaile, eta haren bikotea Orio arraunean», azaldu du Iratik.
«Zuloak tapatzen ibili gara»
Beharko eman aholkuak aitak alabari, bien lekua traineruan bat eta bera delako: «Aitak aurrekalari bukatu zuen, eta hortik irabazi zuen Kontxako Bandera, eta ni ere traineruaren muturrean nabil iaztik». Badute argazki bana aitak eta alabak, bakoitza bere garaian, ziaboga ematen, eta biek 24 urte zituztenekoa; bi argazkiekin bat daukate osatua. «Ikaragarri polita da», esan du Anjelek, mugikorren argazki hori erakusten duen bitartean.
Leku berean arraunean bukatu arte, traineruan batera eta bestera ibilitakoak dira biak ere: «Zuloak tapatzen ibili izan naiz ni beti», esan du Iratik. «Ni ere hala ibiltzen nintzen», onartu du Anjelek. «Alde ona dauka horrek, edozein lekutan moldatzeagatik traineruan lekua izatea errazagoa delako», esan du Iratik. Gaitasun horren sekretu handienetakoa aitari esker duela gehitu du: «Beti erakutsi izan digu bi aldeetatik arraun egiten, ababorretik eta istriborretik, eta oso ona da hori». Anjelek, bukatzeko: «Erakutsi benetan erakusten diet, lehian ere sartuz, eta ez bakarrik probatuz».
Zuloak tapatzen ibiltzetik traineru barruko tosta estrategiko batera iritsi zen aita, eta alaba atzetik gero. «Ardura handiko lekua da, traineruari eutsi behar diogulako arraun txikiarekin», azaldu dute biek. Ez omen dira sekula uretara erori: «Arraun txikia hautsi zitzaidan behin Zarauzko estropada batean, eta eskapada handia egin nuen», kontatu du aitak. Alabak segitu dio: «Erori traineru barrura bai, erori izan gara biok».
Arraun txikia trainerura lotuta nola, arraunlariak ere antzera lotzen zaizkio arraunari, eta bi zentzutan, aita-alabek azaldu dutenez: «Lotua da konpromisoa eskatzen duelako ordutegi aldetik, talde osoak batera entrenatzeko. Baina lotura horrek berak lotzen zaitu taldera, aldi berean, eta ez da hain erraza arrauna uztea behin hasiz gero».
Traineruaren muturretik, jarri dira gerora begira, eta bakoitzaren kezkak azaldu dituzte. Anjel hasi da: «Arraunlari falta dago klub txikietan. Orain, 30 urtekoa sasoi betean dago, eta 18 urtekoari, ez bada fenomeno bat, kosta egiten zaio tokia egitea goiko taldean. Utzi egiten dute berehala, eta, gero, arraunlariak falta dira traineruetan».
Iratik salatu egin du emakumezkoetan gertatzen ari den zerbait: «Dirua galtzen ateratzen gara denboraldi amaieran. Euskotren ligan, esaterako, lehiaketa amaitzean ematen zaigu saria, ez estropada amaitzean, gizonezkoei ematen zaien bezala. Ez goaz diruagatik lehiatzera, baina erraztasunik ez digute ematen». Zuzenduko al dira kontu hauek? Izango al du inoiz Tolosak berriz ere bere trainerua, gizonezkoena? «Ari da zerbait mugitzen», aurreratu du Anjelek. «Diruabeharko da, beti bezala», bukatu du Iratik aitak hasitako pala kolpea.
Bihar: Atutxatarrak.
UDAKO SERIEA Kirola zilbor hestean. Larrañagatarrak.
Elkarren uberan, puntaren puntan
Anjel Larrañaga arraunlari izan zen, eta entrenatzaile da iaztik Zarautzen. Irati alaba, berriz, aitaren bidean dabil orain San Juanen, arraunari emanez. Tolosakoak dira biak, baita Kontxako Bandera irabazitakoak ere, eta aurrekalariak ontzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu