UDAKO SERIEA. Umetako oporrak. 60-70 urte artekoen belaunaldia.

Eliza, larrea, plaia

Gizarte tradizional batetik, kontsumo eredu batera pasatu zen Euskal Herria belaunaldi batean. Horren lehen zantzuak agertzen hasi ziren. Baserrian ez dago jairik, baina fedearen oporrak hartu zituzten batzuek han, eta odisea udatiarrari ekin zioten beste batzuek.

Edu Lartzanguren.
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Garia ere jotzen zen garai horretan, eta belarra egiten genuen... Oporrak? Oporrak hori ziren», esan du Jose Luis Bereziartuak. Azpeitiko Atxubiaga baserritik (Gipuzkoa) hartu du Atxuia ezizena, eta haren txikitako oporrak ere familiaren etxearekin lotuta daude. Izan ere, 11 urterekin Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) pasatzen zuen urtea, fraide izateko prestatzen. Urtean hilabete ematen zieten gaztetxoei opor, eta hura familiarekin pasatzen zuten, baserriko lanak egiten. Auzolanean egiten zen hura, eta haurrek ere parte hartzen zuten. «Lana beste modu batean hartzen zen orduan, jolas moduan. Baserritarrok bagenuen gauzei aurre egiteko beste kemen bat, kalekumeekin parekatuta». Halere, kexatu egiten ziren lan egin beharraz, batez ere jaietan.

Arantzazura egokitzea latza izan zen, baina, gero, ohitu egin zirela. «Diziplina gogorra zen». Kirol asko egiten zuten, eta oso modu bortitzean. «Hura zen gure estresa botatzeko sistema». 160tik gora fraide edo apaizgai bazeuden han. Oporretan ere, ez zegoen diziplina erlijiosotik libratzerik: egunero joan behar izaten zuten mezetara, baserriko lanei ekin aurretik.

Plazererako astia ere bazuten baserrian, oporretan. Izan ere, Atxubiko biztanleek bisitaria izaten zuten udan, 1950eko hamarkadan: Pedro Mari Loubte argazkilaria. Baserriko lanak egin, eta, iluntze aldera, baserriko gelarik handienean, izara bat jartzen zuten paretan: Loubtek zuri-beltzezko film mutuak proiektatzen zizkien han: Buster Keatonenak, Stan Laurel eta Oliver Hardyrenak, eta, batez ere, Charlie Chaplinenak. Bost anai-arreba, gurasoak eta bi izeba egoten ziren han. «Denok ere izugarrizko algarak eta barreak egiten genituen», esan du Atxuiak. «Garai hartan geure artean esaten genuen baserri munduan bakarrenetakoak izango ginela halako oportunitate ederra izaten».

Oporretan fenomeno interesgarria gertatzen zen: gaztetxoek, nonbait, hausnartzeko aukera izaten zuten. «Oporretatik, batzuk itzultzen ziren Arantzazuko fraidetxera, baina beste batzuk ez», azaldu du Atxuiak. Halere, «gehienak» itzuli egiten zirela esan du. Apaizgaiak fraidegaiak baino askoz libreagoak izaten ziren. Oporrak aukera ona ziren horretaz hausnartzeko. «Besteek zer egin zezaketen ikusita, hor hasi ginen pixka bat pentsatzen, eta, azkenean, gehienok atera egin ginen». Oporrez opor, ez itzultzeko erabakiz joan ziren ia denak. «Bakan batzuk geratu ziren». Atxuiak 16-17 zituenean hartu zuen oporretatik ez itzultzeko erabakia. Ordurako, gazteak ezin zuen ontzat eman apaiztegian sarri erabiltzen zituzten kontzeptu batzuk: esaterako, Elizako hierarkiarekiko obedientzia itsuarena. «Horretaz eztabaidatzen hasi nintzen ikaskideekin, Foruko [Bizkaia] apaiztegian. Uda horretan erabaki nuen ez itzultzea».

Adin horretan, oporretan herriko neskekin izaniko harremanek ere izango zuten zerikusirik erabakian, agian. Atxuiak esan duenez, neskei begiratzea ere gogor gaitzesten zieten orduan. «Begiratu? Bai, baina urrutitik. Ez ginen ausartzen, eta gerora ere emakumea etsai gisa ikusteko joera barruan sartuta genuela konturatu naiz. Inkontzienteki sartuta dauzkagu ideia horiek buruan, gaurko meme-ak bezala».

Gaur, oporrak Artziniegan egiten ditu (Araba). Mendi buelta egiten du, Arantzazuko garaian bezala. Lagunekin egoten da, eta, batez ere, irakurri egiten du: neurozientziaz, epigenetikaz... Fito Rodriguezen Fake News liburuarekin ari da orain. «Mitologiak alde batera utzi, eta zientziaren ebidentziak esaten digunaren arabera egin behar dugu aurrera. Horretan sakontzen jarraitu asmo dut».

Kontrabandistaren oporrak

Oporretan ez zen ezer aldatzen Texa Lekunberrirentzat: «Bakarrik, goiz ez jaikitzea». Iratiko bideko Mendibeko (Nafarroa Beherea) Sorhottipi etxaldean ez zuten ez biderik, ez telebistarik, «ez fitsik». Bai, ordea, lana, eta asko. Izan ere, udako oporrak belarretan aritzearen sinonimo ziren. «Izugarri maite genuen!», bota du, ironiaz. Gogoratzen du errepidea egin zutenean sei bat urte bazituela.

Belarraz gain, haren oporrak arrantzan eta ehizan aritzea ziren. «Errekan soka batzuk ezartzen nituen, eta ondoko egunean joaten nintzen ikustera deus bildu ote nuen. Eskuz harrapatzen nituen, amak erakutsi bezala». Haurtzaro «zoriontsua» gogoratzen du, hamabost urteak bete arte. Ordutik udak etxetik kanpoko lanetan pasatu zituen; ostalaritzan, esaterako.

Aita kontrabandista «handia» zutenez, jende asko pasatzen zen haien etxetik. «Norbait zetorrelarik, ez ginen sukaldean egon behar; sekretua zen». Joanes eta Ebaristo, Jutsiko (Nafarroa Beherea) lehengusuak etortzen zitzaizkien urtero, aste bat pasatzera. «Gauza gutxi aski genuen: txabola batzuk egiten genituen hortxe arbolapean, edo ganbaran patata zakuekin». Belarra sabaian metan jartzea ere jokoa zen haientzat.

«Alorrean aita ikusten genuen,tabako grisa erretzen paperean bildurik. Etxean beti Herria astekaria hartzen genuenez, papera hartu eta belarra barnean sarturik zigarretak egin eta erretzen genituen!». Gogoratu du ahizpa gazteenak inork konturatu gabe ardoa edan zuela eta erabat mozkortu zela.

Gaur bestelako oporrak egiten ditu. Bidaiatzen du, «baina ez luzaz, etxezulo bainaiz». Betiere, mendira: Korsikan egona da hamabost bat aldiz, AEBetan, Marokon, Argentinan, Uruguain , Bolivian, Txilen, eta iaz... Mongolian.

Zazpi lagun auto batean

Rosa Moralesek 1960ko hamarkadan bizi zituen oporrak klasiko bat dira. Zazpi pertsona Seat 124 batean, hamabi orduko odisean urtero, Mediterraneoko eguzkiaren bila.

Bilboko San Inazion hazitakoa da Morales. Hamar urterekin, igerilekurako bonua zuen, eta han pasatzen zuten egun osoa, hotz ala bero, euri edo ateri. 11-12 urterekin erabat autonomoak ziren haurrak orduan, eta gurasoen zaintzarik gabe nahieran jolasten ziren. «Jauzi oholetik botatzea, hori bakarrik genuen debekatuta».

Moralesen aitak irailean hartzen zituen oporrak, «merkeagoa zelako». Orduan, Alacanteko San Joanera joaten ziren (Herrialde katalanak). Gurasoak eta bost haurrak pilatzen ziren autoan. Horren aurretik, Seat 600 bat zuten, eta horretan ere ibiltzen ziren zazpiak, baina ez zuten halako bidaia luzerik egiten. «Nire aitak aulki bat egin zion ahizpa txikiari, maletategian esertzeko, ordura arte amaren oinen artean joaten zen eta».

Gelditu gabe egiten zuten bidaia, gainera. Madril gurutzatu behar izaten zuten, orduan ez zegoelako saihesbiderik. «Pentsatzen nuen han erotuta ere ez nintzatekeela biziko, eromen hutsa zelako».

Noski, gaur bezala, legez kanpokoa zen bost pertsona baino gehiago joatea auto batean. Moralesek gogoan du gidarien arteko elkartasuna: argiekin keinuak egiten zizkieten elkarri Guardia Zibila bide bazterrean ikustean. «'Mamarroak, mamarroak!', oihukatzen genuen, eta autoan ezkutatu egiten ginen Polizia ikusterakoan, baita zertan ezkutatu ez zutenak ere».

Bidaia luzea zen, eta autoek orduan ez zuten aire giroturik, baina umeek ez zuten sufritzen. «Nik ez dut gogoratzen aitari inoiz galdetu izana 'zenbat falta da'? Baina gogoratzen dut nire aita esaten 'isil zaitezte!', eta bidaia amaitzean sekulako buruko mina izaten zuela. Nola ez zuen, bada, izango?».

Behin helmugara iritsita, dena zen hondartza eta hondartza; eta, hondartzaren ondoren, igerilekua. Hondartza oso merkea da familia handi bat duzunean. «Ez genuen ezer eskatzen: arratsaldean izozki bat».

Hiru bizipen ezberdin dituzte Atxuiak, Lekunberrik eta Moralesek. Baina oporrak nola hasi ziren aldatzen ikusten laguntzen dute. Atxuiaren arabera, oporren kontzeptua «zeharo» aldatu da bere haurtzarotik, «bizitzaren zentzua ere oso ezberdin hartzen delako».

Lekunberrik arrangura bat du ilobekin: horiek gaurko oporrak baino ez dituzte ezagutzen, eta beldur da gero ez dutela daukatena estimatuko, bizitzan kukuak oker jotzen badie. «Bakantzak behar dira, bai, baina...».

Orain haurrak beste modu batera entretenitu behar direla uste du Moralesek: «Badirudi aspertu egiten direla, pazientzia gutxiago dutela». Orduko oporretatik, familia handia elkartzearen falta sumatzen du Moralesek, etaaitarekin igeri egiten ikastearena itsasoan. Gaur haurrek igerilekuan ikasten dute, profesionalekin, eta, ziurrenera, askoz hobeto. «Basatiago geunden orduan, eta hori gaurkoa baino hobea zen. Hori galdu egin da. Agian neure irudipena da, baina esango nuke gaurko haurrek gehiagotan galdetzen dutela 'zenbat falta da?'».

Bihar: 50 eta 60 urte artekoen belaunaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.