Bizkaiko portuko arrantzaleek merkataritza ibilbideak egiten zituzten XV. mendetik XVIII. mendera arte, hau da, barnealdeko lurraldeekin harremanetan aritzen ziren. Barnealdekoek ardoa eramaten zuten kostaldera, eta han arraina hartzen zuten. Bizkaitarrek alderantzizko bidea egiten zuten. Hala sortu zen GR-38 ibilbidea edo ardoa eta arrainaren bidea esaten zaiona. Bermeon (Bizkaia) hasi eta Oioneraino (Araba) iparraldetik hegoaldera zein hegoaldetik iparraldera, bakoitzak bere produktu preziatuak garraiatzen zituen. Itsasoa, padurak, Toloño mendilerroko beheko magalak, Urkiolako bazter malkartsua... Merkataritzarako ibilbidea zenak era askotako paisaiak zeharkatzen ditu.
Hiruzpalau eguneko bidaiak egiten zituzten ekoizleek, eta gehienetan animaliekin egiten zuten joan-etorria, bereziki astoekin eta behiekin. Kostaldetik, kontserbako arraina eramaten zuten udan. Eta bide luzean ustel ez zedin, gatza jartzen zioten mantentzeko. Neguan, berriz, arrain freskoa eramaten zuten hegoaldeko lurretara. Urtaro hotzean arraina fresko edukitzeko, ibilbidean elur zuloak egiten zituzten. Barnealdetik kostara, batik bat urteko ardoa eroaten zuten, baina baita gatza, ozpina eta garia ere.
GR-38 ibilbidea sortu arte, Bermeon sagardoa eta txakolina ziren herritarren edari nagusiak. Bidea egin zenean, baina, «Errioxako ardoa herrian sartu, eta herritarrek baztertu egin zituzten ordura arteko edariak». Hala kontatu du Bermeoko Sollube 700 mendi taldeko kide Sabin Bilbaok. Lehen aldiz 2005ean egin zuen bidea, eta azkenekoz, duela bizpahiru urte; estimuan du mendizaleak.
Ibilbidea
Historia luzeko bidea da GR-38 ibilbidea, eta Arabako Errioxako eta Bizkaiko kostaldeko herrien arteko harremana sustatu zuen. Gaur egun, ibilbidea zazpi etapatan banatua dago, eta guztira 166 kilometroko luzera du. Oionen hasten da lehen etapa, Jasokundeko Andre Mari elizaren ondotik, eta Guardian bukatzen da, mahasti zabal amaigabeen artean hemezortzi kilometro pasatu ostean. Gero, Toloño mendiko erliebeak gaindituta, bidea Lagran eta Albaitarantz amildu, Okinako haitzartea zeharkatu, eta Estibalizen barrena sartzen da Arabako lautadan. Uribarri Ganboako urtegiaren paretik doa. Legutio gurutzatu ondoren, Urrunagako eta Albinako urtegien ondotik egiten du aurrera.
Araba atzean utzi, eta Otxandiotik sartzen da Bizkaira. Urkiola inguruan gora egin ondoren, ibilbidea Durangoraino jaitsi, eta handik Oizko erliebeetaraino igotzen da. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lurrak zeharkatuta, azkeneko etapa Gernikan hasi, Foruko harrobi aldamenetik igaro, eta handik Busturiko Altamira auzora doa. Ordura arteko asfalto bidea amaitu eta mendi bidea hasten da Bermeoko Demiku auzora iritsi arte. Bukatzeko, Demikutik, herrigunean, tren geltokiaren parean dagoen Kurtzio elizan bukatzen da ibilbidea. Azken etapa horrek dituen hemeretzi kilometrotan, baserriak eta landa giroko herriak zeharkatzen dira.
Bermeo ibilbidearen mutur ezagunena bada ere, ez da ibilbidea amaitzeko aukera bakarra. Hain zuzen, Durango pasatu eta Oiz mendia atzean utzita, ibiltariak hauta dezake Bermeo, Lekeitio zein Ondarroara jo.
Bilbaok azaldu duenez, ibilbidean Arabari dagokion zatia ondo prestatua eta zaindua dago. «Nabari da Aldundiak lana egin duela horretan».
Arabako Errioxa aldean, bestalde, bideak bi ezaugarri ditu Bilbaoren arabera: «Oiongo aldean ardoaren lurrak nabarmentzen dira». Toloño mendilerrotik iparraldera beste ezaugarri batzuk dituela dio: «Ipar partean lurra berdeago dago». Toloño mendilerroan elurra ere ikusi izan dutela kontatu du Bilbaok. Araba igaro, eta behin Otxandiotik Bizkaira sartuta, bidea guztiz desberdina dela azpimarratu Bilbaok: «Hegoaldekoa berdintsuagoa da, mahats arbolez betea, dena lautada».
Ikusteko tokiak
Gune interesgarri zenbait aurki daitezke Ardoaren eta arrainaren ibilbidean. Horien artean, adibidez, lehen etapan, Oion eta Gaurdai artean Asan dagoen Mantilbe zubia dago. Erromatar garaiko zubia ia osorik erorita badago ere, gelditzen da arrastorik. Bestetik, Lainu eta Albaita herrien artean — 2. etapan— Lainuko leizeen aldamenetik igarotzen da ibilbidea. Fraile eta mojak bizi izandako kobak, egun, ibiltarien deskantsurako edota bisitatzeko guneak bihurtu dira. «Ikustekoa da nola pertsona batek zizel edo mailu batekin egin dezakeen halakorik», aitortu du Bilbaok.
Paisaiak, lurrak eta herri txikiek duten nortasuna. Ibilbideak bere osoan garrantzia duela nabarmendu du Bilbao. «Zaindu beharreko ondarea da, galdu ezinezkoa». Bidea, gorabeherak gorabehera, zailtasun txikikoa da: edozeinek egiteko modukoa dela-eta bota du gomendioa.
Bihar: Euskal Herriko ibilbideak (III): Artzaintzaren bidea.