Alberto Ladron eta Leire Urbeltz

Ekintza

Atezaina da Alberto Ladron, eta fantasiazko eta genero beltzeko literatura idazten du. Leire Urbeltz ilustratzailea da, eta arte bitartekari ere aritzen da. Pandemia garaiko sanferminak irudikatzeko, fantasiaren bidea aukeratu dute.

Gora Pandemin. LEIRE URBELTZ
Alberto Ladron.
2020ko uztailaren 1a
14:56
Entzun

1

Gora bihotza, Irune! Hilabete barru zapi gorria lepoan ibiliko zara karriketan.

Irunek baiezkoa egin zuen, baina bazekien ez zela egia. Hitz lasaigarriak erran arren, Borges doktorearen begiek larritasunez distiratzen zuten NBEaren plastikozko pantailaren atzean. Irune zerbait erraten saiatu zen, baina ezpainen dardara penagarri bat besterik ez zuen lortu. Oxigeno maskarak aurpegia zanpatzen zion. Hiru poltsa zeuden konektaturik besoan zeuzkan tutuei. Hobe ez pentsatzea zer izanen zuen han behean.

Ez zekien zenbat egun eman zituen ospitalean. Amesgaiztoetan bezala, denbora elastiko eta arraroa zen. Batzuetan, hormako erlojuko orratzak izoztu egiten ziren. Beste batzuetan, egunak pasatzen ziren begi-kliska batean.

Gauza bakarra zegoen garbi: gero eta okerrago zegoen.

Eta dena bere errua zen. Konfinamendua amaitutakoan, Hegoaldeko kuadrilla osoa bildu zen Erredinen. Eta aspaldiko partez, lagunak berataz oroitu ziren! Irunek bazekien ez zela Ane bezain ederra, ez zuela Xiaren grazia, ezta Mirenen titi itzelak ere. Neska isil eta lodi bat zen, kolore zehaztugabeko ile makal baten jabe. Zientzia-fikziozko mangak marrazten zituen eta bikaina zen bideo-jokoetan, baina billabesa baten ipurdia izanik, nor arraiori axola zitzaizkion tontakeria haiek?

Baina, hala ere, Ane, Miren eta enparauak berataz oroitu ziren.

Eta are berri hobeak zeuden: Ander ere joatekoa zen! Ez zegoen huts egiterik hitzorduari. Ohi bezala, ama agiraka hasi zitzaion zorioneko birusari buruz. Joder, mundu guztiak zekien zomorroak zahar jendeari besterik ez ziola eragiten, ezta?

Azkenean, sekulakoa antolatu ondoren, joan egin zen. Eta arratsaldea amets bat bezalakoa izan zen. Hainbeste barre egin zuen, malkoak isuri zitzaizkion. Dena ez zen zoriona izan, ordea: Ander edana erosteko dirua biltzen hasi zenean, Irune apur bat larritu zen. Ez zuen alkohola gustuko. Hurrupa bat hartu orduko gaixotu eta botaka hasten zen.

Hala ere, besteak baino are gogotsuago azaldu zen. Eta Anderrekin joan zen supermerkatura. Biak bakarrik! Edarien atalean zeudela, mutilak irribarre egin zion. Ez, ez zen bere irudipena izan.

"Harresietako soropiletan eserita, botilak eskuz esku ibili ziren. Ahoz aho. Hasieran, Irunek erreparoak izan zituen"

 

Harresietako soropiletan eserita, botilak eskuz esku ibili ziren. Ahoz aho. Hasieran, Irunek erreparoak izan zituen. Amaren hitzek durundi egiten zioten buruan: «Jantzi maskara eta ez ukitu inor. Eta Jainkoarren, ez edan besteek erabilitako edalontzietatik». Baina joder, hamasei urte zituen eta artean inork ez zion musurik eman. Anderrek edandako botila ezpainetan jartzea musukatzetik hurbil zegoen, ezta?

Bi aste geroago, ospitaleko ohe alu hartan zetzan, tutuz eta kablez josita. Eta Borges doktorearen hitzak gorabehera, bazekien inoiz ez zela aterako handik. Inork ez zion musurik emanen. Eta Anderrek sekula ez zuen jakinen manga baten protagonista bihurtu zuela.

-Ez dut honela hil nahi erran zuen-. Mesedez, ez dut honela hil nahi.

2

Irune katedraleko zutabe baten atzean kuzkurtu eta adi gelditu zen: enaren txio zorrotzak besterik ez. Bihotza mailuka ari zitzaion belarrietan. Arnasa berdindu arte itxaron zuen, beirateetako bala zuloetatik sartzen ziren eguzki izpiei begira.

-Egun ederra hiltzeko.

Pentsamendua baztertu zuen. Azken batean, zailena egina zegoen. Harresia gauez eskalatzea amesgaiztoa izan zen. Pare bat aldiz oinak hutsa besterik ez zuen topatu eta erortzeko zorian egon zen. Alde on bakarra, iluntasunak zaindarien lana ere eragotzi zuela. Irune sagu bat bezain isil lerratu zen haien postuen artetik, hain hurbil putakume haien puzkerrak entzun zituela. Hura ez zen samurra izan, baina orain egun argiz udaletxeraino iristea infernu hutsa izanen zen.

Hala ere, egin eginen zuen. Anderrengatik, guztiengatik.

Bi urte lehenago, Covid-19aren kontrako txertoa asmatu zenean, hain garestia zen bakar batzuek bakarrik eros zezaketen. Enpresariak, politikariak eta goi-mailako funtzionarioak besterik ez ziren immunizatu. Ordurako jendea trumilka hiltzen ari zen, eta immuneak txertatu gabekoen amorruaren beldur ziren. Lege berriak ezarri zituzten. Bakeari eusteko, erran zuten. Poliziak eta armadak jendea bota zuten hirietatik: landan kutsatzeko arriskua txikiagoa zen, erran zuten.

Immuneak Iruñean gotortu ziren. Herriek zergak ordaindu behar zizkieten zerbitzuak mantentzeko: polizia eta armada ez ziren doan.

Irune herri txiki batean bizi zen. Ez zen bizimodu erraza. Eskolako lana amaitzen zuenean, baratzean edo abereekin lagundu behar izaten zuen. Batzuetan, soldaduak etorri eta biltegiak zakuratzen zituzten. Garia eta haragia ez zitzaizkien aski: zurrumurru ilunak zebiltzan gauez nesken bila ibiltzen ziren furgonetei buruz.

"Hasierako garaipen txikiak laster ahaztu ziren fusilatze masiboen ostean. Adorea ahultzen ari zen. Ekintza ausart bat behar zen jendearen kemena berpizteko"

 

Hilabete batzuk lehenago, Anderrek Iruñerriko erresistentzia antolatu zuen. Haren manupean, ekintzak egin zituzten soldaduen kontra. Baina armak urri zituzten. Hasierako garaipen txikiak laster ahaztu ziren fusilatze masiboen ostean. Adorea ahultzen ari zen. Ekintza ausart bat behar zen jendearen kemena berpizteko. «Zaplazteko bat etsaiaren muturrean», zioen Anderrek suaren inguruko bilera larrietan.

Ideia Iruneri bururatu zitzaion.

Uztailaren seian suziri bat udaletxetik botatzea lortzen bazuten, mundu guztiak jakinen zuen immuneak ez zirela garaitezinak. Gehienek ideia arbuiatu zuten. Hirian sartzea zaila litzateke. Ateratzea, ezinezkoa. Baina Anderrek baiezkoa egin zuen. Lider peto-petoa zen, bazekien ekintza sinbolikoen balioaren berri.

Uztailaren bostaren gauerdian, Anderrek harresien oinetaraino lagundu zuen Irune. Eta agurtzerakoan, musu eman zion. Zorte oneko musua, baina ordu batzuk geroago, Irunek ezpainak inurrituta zeuzkan.

San Nikolaseko kanpaiak aterarazi zuen oroitzapen atseginetatik. Hamarrak: berriz abiatzeko tenorea.

Hiria husteko azken borrokek erabat suntsitu zuten alde zaharra. Hondakinek mendiak osatzen zituzten karriketan. Euria putzu sakonetan biltzen zen. Irune kristalik gabeko leihoetatik lerratu zen, etxarte estuetan gora eskalatu zuen. Saltoka ibili zen zuloz jositako teilatuetan. Txoriak eta arratoiak besterik ez zuen ikusi. Soldaduek egiteko hobeak izanen zituzten labirinto hautseztatu hura zaintzea baino.

Hamabiak laurden gutxitan, Irune merkatu zaharraren parera irisi zen. Izerditan zegoen, zaintiratu bat zeukan hankan, eta milioi bat harramazkak eta zauri txikik urratzen zioten larrua. Udaletxearen itzalpean gerizatu zen eguzki kiskalgarritik. Eraikinaren atzealde osoa behea jota zegoen. Irune hatsanka zegoen, baina ezin atseden hartu. Lasterka, hondakin pila erraldoian gora egin zuen. Entzun baino lehenago, sentitu egin zuen lehen tiroa: berunezko liztor bat aurpegitik arra betera. Irune makurtu eta are azkarrago egin zuen korrika. Soldaduak San Zerningo dorrean zeuden. Iruneren inguruan adreilu eta teilak lehertzen ziren hautsezko geiserretan. Oinak hegan zebilzkion teilatuko zuloen gainean. Udal plaza begien bistan izan zuenean, harrizko lehoi baten atzean kuzkurtu zen. Soldaduek errenditzera animatzen zuten. Ez zioten minik eginen, benetan. Haien barreek beldur handiagoa eman zioten tiroek baino.

Bi minutu hamabietarako. Irunek Iruñerriko arreta fisikoki sentitzen ahal zuen. Jende haien itxaropena elektrizitate korronte bat bezala zebilkion zainetan barrena. Une hartan unibertsoaren erdigunean zegoen. Suziria atera zuen bizkar zorrotik. Bala batek harrizko lehoiaren buruaren erdia lehertu zuen. Hautsak ilea zipriztindu eta begietan sartu zitzaion. Itsuka, txiskeroa bilatu zuen. Orain soldaduak ero moduan ari ziren desarran.

Min itsugarri bat lehertu zitzaion besoan. Odolak inguruko teilak gorritu zituen. Baina Irunek ez zeukan astirik minerako. Segundoak falta ziren. Metxa piztu zuen. Txapligua sua botaka hasi zenean, askatu eta txori bat bezala igo zen uztaileko eguerdi epelean. Eztanda trumoi bat bezalakoa izan zen. Une batez Irune ke zerrendari so gelditu zen, lortu zuela sinetsi ezinik. Soldaduak ere harri eta zur zeuden, antza, tiro egiteari utzi baitzioten.

Bat-bateko isiltasunean, beste eztanda bat entzun zen. Suziri bat lehertu zen Errotxapeko etxe kiskalien gainean. Segundo bat geroago, bi txapligu ikusi ziren urrunago, Artika eta Berriozarko gotorlekuetatik botata seguruenik. Eta bat-baten, Iruñerri osoak eztanda egin zuen. Ehunka suziri igo ziren uztaileko zeru garbian. Bolboraren harrabotsak aire distiratsua dardararazi zuen.

Irunek segundo batzuez besterik ez zuen garaipenaz gozatu. Soldadu gehiago zetozen inguruko teilatuen gainetik. Alde egin behar zuen. Baina oraingoan udaletxeko teilatu osoa zeharkatu beharko zuen dorreko soldaduen tiramenean. Ezinezkoa. Suizidio hutsa, denek erran zuten bezala.

Baina besoko zaurian zapi bat lotu bitartean, Irunek irribarre egin zuen. Bururatu zitzaion noizbait, ospitaleko ohean tutuz josita egon bitartean hiltzeko modu bat hautatzeko (edo amesteko) aukera izan balu, modu huraxe aukeratuko (edo amestuko) zuela.

Anderrek musukaturiko ezpainetan irribarrea eta zapi gorritua besoan, Irune zutitu eta berun zaparrada baten erdian, lasterrari eman zion.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.