Zortzi-bederatzi milioi espezie artean daude munduan, eta haietatik milioi bat galtzeko arriskuan egongo dira, besteak beste klima aldaketaren ondorioz. Esaterako, anfibioen %40 eta intsektuen %10 daude horrela. Hala ohartarazi zuen joan den maiatzean argitaratutako IPBES Bioaniztasunari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Plataforma Gobernu Artekoaren txostenak. Argi dago bioaniztasuna kinka larrian egongo dela datozen hamarkadetan. Bioaniztasunean espezieak sartzen dira, baina baita haiek sortzen dituzten habitat bereziak, birusak, bakterioak eta gene aberastasuna ere. «Naturak berekin lotuta daukan aniztasun hori guztia da bioaniztasuna, baina adierazleen bidez neurtu behar denean, errazagoa da espezie kopuruetara jotzea», azaldu du BC3ko ikertzaile Unai Pascualek. IPBES elkartearen txostena osatzen parte hartu du Pascualek, beste 150 ikertzailerekin batera.
Batez ere bost faktorek eragiten dute espezieen galera, eta, garrantziaren arabera, hirugarren lekuan dago klima aldaketa. Lurraren erabilera aldaketa da lehenengoa; adibidez, eremu batek baso izateari uztea eta nekazaritzarako soro bihurtzea. Bigarrena, natur baliabideen ustiapena; esaterako, egurra behar denean basora joan eta hartzeak inguruko espezieetan daukan eragina. Laugarrena eta bosgarrena, kutsadura eta espezie inbaditzaileak dira, hurrenez hurren. «Klima aldaketa zuzeneko eragilea da; espezie batzuk egoera berrira egokitzen dira, eta beste batzuk, ez. Baina, era berean, beste lau faktoreak eragotu egiten ditu klima aldaketak: lurraren erabilera aldatzen denean, espezie batzuetan eragina izango du; baina horri klima aldaketa gehituta, lurraren erabilerak eragindako kalte hori areagotu egiten du».
Pascualen arabera, espezie batzuk aldaketetara egokituko dira, beste batzuek zailtasunak izango dituzte, eta gainontzekoak galdu egingo dira. Koral arrezifeak aipatu ditu. Jadanik asko galtzen ari dira. «Mende bukaerarako tenperatura soilik 1,5 gradu igotzea lortuko bagenu, hau da, Parisko akordioko helbururik baikorrena lortuko bagenu, arrezife horien %10-30 galduko lirateke. Oso sentiberak dira uraren tenperatura aldaketekin. Bi gradu igoko balitz, soilik arrezifeen %1 salbatuko litzateke. Horrek oso kaltebera bihurtzen ditu arrezifeetan bizi diren espezie guztiak, euren habitata desagertzeko arrisku handia baitago». Espezie bakoitzaren erresilientzian dago gakoa.
Hegaluzeak, adibidez, migrazio sasoian aldaketak egin ditu uraren tenperatura igoerara egokitzeko. Gazteak inguru tropikaletatik Bizkaiko golkora etortzen dira maiatz-ekain aldera, jateko bila. 1980ko hamarkadatik, hamarkada bakoitzeko egun bi aurreratu dute etorrera. Hala adierazi du AZTIko ikertzaile Guillem Chustek. Antxoak sei egun aurreratu du hamarkadako. «Oraingoz ez dugu ikusi aparteko ondoriorik izan duenik, eta ezin dugu jakin izango ote duen. Baina ohitura aldaketa horiek eragina izan dezakete kate trofikoan». Azaldu duenez, arrain larbak jaten hasten direnerako ugarituta egoten da planktona, baina migrazioa aurreratuta larbak lehenago jaioko balira, gerta liteke planktonik ez egotea arrain larbak jaten hasterakoan.
%25 biomasa gutxiago
Beste espezie batzuek euren inguru biogeografikoa moldatu dute, eta moldatuko dute. Berdela, adibidez, iparralderagoko ur hotzagoetatik Bizkaiko golkoko eta Portugalgo ur epelagoetara jaisten da errutera. 1992tik egindako neurketetan, igarri dute hamarkada batetik bestera hamabi kilometro iparralderago erruten duela. «Espezieak ez dira galduko, baina inguru biogeografikoa moldatuko dute, eta orain arte gure golkoan genituen batzuk iparralderago geratuko dira, lehen hemen zituzten baldintzak han izango dituztelako». Uste dute itsasoko biomasaren %25 desager daitekeela 2100erako.
Lehorreko espezieek hiru mehatxu nagusi izango dituzte: lehorteak, eurite gogorrak eta muturreko tenperaturak. Neiker ikerketa zentroa ikertzen dabil zelan eragingo dien ardiei, esne behiei eta haragitarako behiei. Nerea Mandalunizek du ardien ikerketaren ardura. «Uztetan eragin zuzena izango du klima aldaketak, bai kantitate aldetik, bai kalitate aldetik. Abeltzaintzan eta artzaintzan, belardietan igarriko dute. Horregatik, gehiago sufrituko dute bazkatzen direnek, eta gutxiago abeltzaintza intentsibokoek, nahiz eta haiei ematen zaien jatekoa asko garestituko den, uzta txarrek denei eragingo dielako». Mandalunizen esanetan, gakoa izango da lurrak zer gaitasun duen euria gordetzeko eta falta duenean aprobetxatzeko. Gasteiztik hiruzpalau kilometrora dagoen artalde batekin ari dira ikertzen. «Larratze modu bideratu bat egiten saiatzen gara. Aztertzen ari gara zein landare espezie izan daitekeen interesgarria lehorteei eta bat-bateko euriteei aurre egiteko, larratze garaiak ez daitezen murriztu». Espezie leguminosoekin ari dira lanean: alpapa mota batzuekin, artokiarekin eta tankerakoekin. «Sustrai sakonagoak dituzte, eta hobeto aprobetxatzen dute lurzoruko ura; luzaroagoan irauten dute berde. Ereite zuzenaren bidez lortu behar dugu landare horiek gehitzea, ez baitira ohikoak gure larreetan». Era berean, ardi latxekin hobekuntza genetikoan dabiltza 1980ko hamarkadatik. Lehen, helburuak ekoizpenarekin lotutakoak izan ziren, baina azken urteetan klima aldaketari dagozkionak ere badituzte: ardi erresilienteagoak lortu nahi dituzte, eta, era berean, metano gutxiago isurtzen dutenak —atmosfera berotzen duten gasetako bat da metanoa, hain justu—.
Aberastasuna, aseguru
2016ko datuen arabera, gizakiak 6.190 animalia arraza ditu etxekotuak, eta urte hartarako 559 galduta zeuden; hau da, %9 desagertu dira. «Batez ere nekazaritza intentsiboaren ondorioz etorri da galera, eta datozen hamarkadetan beste mila inguru galduko dira», ohartarazi du Pascualek. Argi dauka nekazaritzako bioaniztasunari eustea ezinbestekoa dela espezieak ez galtzeko: ez animaliak, ez landareak. «Ehunka urtean, naturarekin elkarlanean, ezagutza garrantzitsu baten bitartez, jakintzaren eboluzioaren bitartez eta esperimentazioaren bitartez, gizakiak espezieak etxekotu ditu janaria lortzeko: artoa, patata, piperrak... milaka aldaera daude. Aniztasun hori oso garrantzitsua da klima aldaketara moldatzeko. Batzuk egokituko dira, eta beste batzuk, ez. Horregatik da garrantzitsua bioaniztasun horri eustea, gizakion elikadura bermatzeko. Gure asegurua dira».
Kontrakoa da norabidea, ordea. II. Mundu Gerratik, galtzen ari da bioaniztasuna. Ez klima aldaketagatik soilik, baita merkatuen joeragatik ere. «Kontsumitzaileei gustatzen zaielako, duen zaporeagatik, oso produktiboa delako eta epe motzera mozkinak lortzeko hobea delako, urritzen ari da bioaniztasuna munduan. Nekazaritza ahalik eta produktiboena izatea bihurtu da lehentasun bakarra». Pascualek uste du galera horretan klima aldaketaren aurrean erresilienteak izan zitezkeen espezie asko galduko direla.
Bihar: Aurre egiteko neurriak.
UDAKO SERIEA. Klimaren larria (IV). Bioaniztasuna.
Egokitzeko gai direnak bakarrik geldituko dira
Zortzi espezietik bat galtzeko arriskuan dago munduan, klima aldaketagatik. Eta horrek hainbat ekosistema desagertzea ere ekarriko du. Dagoeneko, egoera berrira egokitzeko jokaera aldaketak nabaritu dituzte espezie batzuetan. Zaila da jakiten horrek zer ondorio izango dituen. Erresilienteak direnek lortuko dute irautea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu