UDAKO SERIEA. Euskarak irabazteko auziak (eta V). Iñaki Iurrebasoren tesia.

«Egoera dena kontuan hartuta, egun dagoen erabilera maila altua da»

Datuen xerka xehean, euskararen egoerari buruzko lan mardula egin du Iurrebasok. Euskararen biziberritzea hizpide, ezagutzaren ondoan erabilera urria dela esan da usu. Hautsi egin du ikuskera hori, datuekin: hiztunek, euskara erabiltzeko era badute, erabiltzen dute.

JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Errezil
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Euskararen taupadak beste inon baino trinkoago entzuten diren eremu horietako batean jasoak dira hitzok, Errezilen (Gipuzkoa), hantxe baitu bizilekua Iñaki Iurrebaso soziologoak (1967, Legazpi, Gipuzkoa). Euskaraz bizitzea hain erraza eta erosoa den eremu horretan, adibide praktiko horren benetakotasunean, aiseago ulertzen dira berak hizkuntza hautuaren gainean egiten dituen gogoetak, hizkuntzaren biziberritzearen inguruan ematen dituen gakoak. Iazko abenduan defendatu zuen doktore tesian xehe-xehe daude jasota horiek guztiak. Aintzat hartu beharreko lana da: Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa. Mugarri bat jarri du soziolinguistikan: hainbat forotan aipatzen ari dira lanarekin egin duen ekarpena, irakurri ostean dakarren begirada berria. Pozik dago emaitzarekin: «Lehenago asko begiratuta eta landuta nituen hor dauden datuak; konbentzituta nengoen bazegoela datu horiei beste buelta bat ematea, irakurketa pixka bat sakonagoa edo zabalagoa egitea».

Ikusi gehiago:Iñaki Iurrebasori elkarrizketa

Datuz jositako lana da zurea. Adjektiboak ere badira. Euskara minorizazio egoera «gorrian» dagoela behin eta berriz jarri duzu, esate baterako. Zure ustetan, berriro ozendu behar dira halako adjektiboak euskararen egoeraz jarduteko?

Nik lehenengo egin dudana izan da aztertu hizkuntza gutxitu baten osasuna nolakoa den, ikusteko zer alderdiri erreparatu behar zaion, eta alderdi horietan euskara nola dagoen. Eta emaitzak nahiko argiak dira. Kaleko erabilera %12aren inguruan dago; gaitasunari erreparatuta, euskara errazago egiten duten hiztunak %7-8 dira; euskara nagusi den inguruneetan bizi diren hiztunak, %4. Horiek ikusita, horri nola deituko diogu? Minorizazio gorria berez Jon Sarasuari hartu nion: berak erabiltzen du. Nik uste dut ondo deskribatzen duela egoera. Eta beharrezkoa den? Oinak lurrean eduki behar ditugu. Aurrera egin nahi badugu, jakin behar dugu non gauden, eta hortik abiatu.

Bizinahia hitza ere usu erabili duzu tesian, eta, haren ondoan, beste adjektibo bat: handia. Nabarmentzekoa da horren atzean dagoena ere, ezta?

Dudarik gabe. Bi ezaugarritan laburtu beharko bagenu zein den euskararen egoera, nik bi jarriko nituzke. Bat da ahultasun handia: ahul eta zaurgarri dago hiztun komunitatea. Erabileran, gaitasunean; Euskal Herri osoa hartzen badugu, hori agerikoa da. Beste ezaugarria da bizinahi handia. Gustatuko litzaidake zenbatzea zenbat garen euskararekin obsesionatuta bizi garenak: milaka batzuk bagara. Zenbat garen Korrika pasatzen ikusita hunkitzen garenak, edo euskara gure bizitzan elementu oso garrantzitsutzat daukagunak, bai pertsonalki eta bai kolektiboki. Uste dut errealitate hori oso indartsua dela, eta milaka hiztun eta euskaltzaleren kopuru horrek ematen dio hizkuntzari esperantza izateko aukera. Gehienbat, sentimendu eta ikuspegi hori gauzatzen delako portaeretan: erabileran, haurrak hazteko orduan euskarari ematen zaion garrantzian... Hori da gure indargune garrantzitsuena.

XX. mendearen lehenengo bi herenetan, oro har, hizkuntzak «galera fasea» izan zuen, eta Francoren diktaduraren azkenetan, loraldia piztu zen hizkuntza biziberritzearen inguruan; horiek ederki deskribatu dituzu tesian. Urteotan, ordea, prozesua geldotzen hasia dagoela diote datuek. Noiz hasi zen moteltzea?

Dauden datu eta iturri ezberdinek ez dute irudi bateragarria ematen, erabat garbia, baina iturri denak bat datoz: 2000. urtearen bueltan, gutxi gorabehera, joera aldatzen hasi zen. Adierazle batzuetan, lehen baino polikiago hazten hasi ginen; beste batzuetan, atzeraka. Zehazki zer gertatu den azken hogei urteotan? Egun dauzkagun tresnekin ezin da zorrotz esan azken urteotan aurrera egin dugun edo atzera egin dugun. Kasurik onenean, aurrera jarraituko genuen, baina askoz ere mantsoago. Kasurik txarrenean, atzeraka hasiak izango gara. Tarte horretan gaude.

Urteotan usu nabarmendu da hiztunak irabazi direla, baina erabilera, ezagutzan egon den igoerarekin alderatuta, apala izan dela. Zuk bestelako mezua eman duzu zure ikerketan: esan duzu hiztunek ez diotela bizkar eman euskarari, eta erabiltzeko aukera badute, erabiltzen dutela. Zein datutan oinarritu duzu zure baieztapen hori?

Zenbakiekin eta kalkuluekin-eta luze azaldu daiteke, baina, nire ustez, garrantzitsua zera da: erabilera baloratzeko, ikusi behar da gaitasunean benetan non gauden, irudi oso bat eginez. Eta non gaude? Euskaraz dakigunak herena gara Euskal Herrian; gaztelania edo frantsesa dakigunak, ia denak. Eta euskaraz dakigunak ez gara bizi gure artean bakarrik; nahastuta bizi gara euskaraz ez dakitenekin, eta haiekin gaudenean nahitaez erdaraz egin behar dugu: hori da oinarrizko abiapuntua. Horrek ja asko mugatzen du erabiltzeko dauden aukeren multzoa. Bigarrenik, gainera, zera gertatzen da: euskaraz dakigunon artean gehiago direla erdaraz hobeto moldatzen diren hiztunak, euskaraz hobeto moldatzen direnak baino. Eta gauza jakina da: errazago moldatzen garen hizkuntza erabiltzeko joera izaten dugu. Praktikoagoa da: gure helburuak errazago lortzen ditugu. Egoera hori dena kontuan hartuta, egun dagoen erabilera maila altua da.

Zehazki, zein kalkuluk eraman zaituzte ondorio horretara?

Hizkuntza gaitasunaren eta erabileraren arteko harremana aztertzean, teoria soziolinguistikoak, asko laburtuz, esaten digu batetik erabilerak guztiz baldintzatzen duela gaitasuna: erabilera da hizkuntza gaitasunaren motorra. Baina, era berean, gaitasuna da erabileraren zorua, eta baldintzatzen du neurri oso estuan zer erabilera egin daitekeen. Ni elebiduna banaiz eta nire bikotekidea erdaldun elebakarra bada, nahitaez erdaraz egingo dugu. Elebiduna bada, aukeran izango dugu euskaraz egin edo erdaraz egin. Bada, bikote batean hain argi ikusten den hori beste maila batzuetan ere antzera gertatzen da: lantoki batean, kuadrilla batean, familia batean, edota, baita ere, herri batean, nazio batean.

Eta hori aintzakotzat hartuta atera dituzu ondorioak.

Landu ditut kalkulu batzuk hiztunen harreman sare errealak kontuan hartuta; adibidez, bikotekidea duten euskaldunen herenek bikotekide erdalduna dute. Orduan, logika horrekin, aztertuta zer harreman dauden eta harreman horien osaera, ateratzen zait gaur egun Euskal Herri osoko hartu-emanen %82 direla derrigor gaztelaniaz edo frantsesez, bertako mintzakideetakoren batek gutxienez ez dakielako euskaraz. %1 lirateke derrigor euskaraz diren harremanak: euskaldun elebakarrekin ditugun harremanak dira. Erdian geratzen zaigu %17; aukeran dauden harremanak dira: hizkuntza batean edo bestean egitekoak. Nahitaezkotasunen eta aukeren egitura hori da: gaitasunaren zoruak jartzen duen egitura itxi bat. Hori horrela izanik, euskararen erabilerak %1 baino gutxiago ezin du izan, eta %18 baino gehiago ere ezin du izan: gaur egungo gaitasunen eta harreman sareen osaketa aldatzen ez bada, ezin du izan. Inkesta Soziolinguistikoa erabili dut azterketa hau egiteko, eta, iturri horren arabera, erabilera %15ekoa da: maximotik askoz ere gertuago minimotik baino. Hortik abiatuta, eta kontuan hartuta lehen esandakoa, alegia, hiztunek errazen erabiltzen dugun hizkuntza erabiltzeko joera dugula, beste kalkulu bat ere egin dut.

Zein da?

Erdian daukagun %17 hori banatu dut hiztunen gaitasunaren arabera. Erdaraz errazago egiten dutenak erdara hutsean jarri ditut; euskaraz errazago egiten dutenak, euskara hutsean. Hiztunak horrela portatuko balira, erabilera %8an egongo litzateke. Esan dut: %15ean gaude.

Horrek esan nahi du eroso ez sentitu arren ere erabiltzen duela sarritan jendeak euskara.

Hori da. Honetan ere gizartea konplexua da. Badago euskaraz errazago egiten duten hiztunen artean itogin bat ere: erdara erabiltzeko joera bat. Izan daitezke hitzak, esaldiak, elkarrizketak... Hori ere badago. Joseba Sarrionandiak orain dela gutxi aipatu du: zer joera dugun euskaldunok erdara sartzeko ikaragarri. Gai garrantzitsua da, ikertzekoa. Hori badago; baina horren aldamenean daude, baita ere, erdaraz errazago egiten duten euskaldun pila bat, beren jardunaren parte bat, handiagoa edo txikiagoa, euskaraz egiten dutenak. Seme-alabei euskaraz egiten dieten guraso askok, adibidez, gehienek, errazago egingo lukete erdaraz seme-alabekin, eta euskaraz egiten dute. Hori lotzen da lehen esan dugunarekin: bizinahiarekin, euskaltzaletasunarekin...

Datuak hor zeuden, baina kalkuluak zuk egin dituzu, eta zeresan handia eman du zure lanak. Zer-nola hartu du jendeak lanak ekarri duen ikuskera berria?

Poztu nauen gauza bat zera izan da, tesia egin ondoren jende asko etorri zait esaten: «Guk hau bagenekien. Ez gaitu harritu. Ez genuen horrela formulatuta, baina bagenekien». Euskalgintzako jende dezente etorri zait.

Formulatzea falta zen, beraz?

Esan didate: «Bagenuen nolabaiteko susmo bat, orain arte erabiltzen ari ginen eskema horrekin zerbaitetan zuzen ez ote genbiltzan. Eta esan duzunean, bada, guk ere horixe pentsatzen dugu».

Atera dituzun ondorioetan nabarmenenetarikoa da ezagutzaz aritzean hizkuntza gaitasunari ere adi erreparatu behar zaiola. Zer garrantzi du?

Funtsezkoa da. Zuk egoera komunikatiboetan nahi duzu konbentzitu, luzitu, iraindu, liluratu... Eta bi tresna badituzu, hizkuntza bat eta bestea, eraginkorrago zaizun hizkuntzara jotzea oso normala da. Hortaz, funtsezko aldagaia da. Hizkuntzaren osasuna edo egoera neurtzeko alderdi funtsezkoa da gaitasuna, eta luzera begirako helburuetan arreta jarri behar zaio alderdi horri. Azken urteotan hazi da euskaraz hitz egiteko gai direnen multzoa, eta hori garrantzitsua da, eta ona da, jakina. Baina euskaraz errazago egiten dutenen multzoa ez da hazi, eta alderdi hori lehentasunen artean jartzeko modukoa da.

Gaitasun eraginkor bat bilatzea: benetakoa.

Edozein gairi buruz aritzeko, bereziki egoera informaletan; nik uste dut hor dagoela gaur egun hutsune handiena: lasai, erraz eta jolasti aritzeko gaitasuna izatean.

Adjektibo aski indartsuak erabili dituzu tesian. Metafora boteretsu eta argigarriak ere badira. Eskailera mekanikoak erabili dituzu erdaretara heltzea zeinen erraza den azaltzeko, eta euskararako bidea, berriz, usu zeinen zaila den nabarmentzeko.

Eskailera mekanikoen metaforarekin, hizkuntza bilakaeraren gaia laburbildu nahi izan dut. Lehenago erabili izan da Euskal Herrian gai hori, baina nik beste ikuspegi bat ekarri dut. Hizkuntza bilakaera da nola aldatzen garen bizitza osoan linguistikoki. Jaio naiteke etxe euskaldun batean eta gaur egun erdaraz bizi, edo alderantziz. Hor gertatzen da askotan prozesu oso indartsuak antzematen direla, sarri oharkabean pasatu izan zaizkigun prozesuak. Esaten da arraina ez dela konturatzen urez inguratuta dagoela, ezta? Antzeko zerbait da. Bada datu bat, esaterako, ikerketa osoan bakar bat deigarri bezala aipatu beharko banu, aukeratuko nukeena: etxean euskara jaso dutenen erdiek baino gehiagok, %55ek, gaur egun ja ez dute euskarazko nagusitasuna: gaur egun ja ez dute euskaraz errazago egiten, edo erdaraz egiten dute errazago, edo bi hizkuntzatan berdin. Hor dago higadura ikaragarri bat bizitzan: pertsona hori erdaldundu egin da. Aurkako norabidean ez dago ia mugimendurik.

Horri erreparatu behar zaio.

Bizitzan, gero eta erdaldunagoak izatera eramaten gaituzten mugimendu indartsu batzuk daude. Jatorriz erdalduna dena euskalduntzea oztopatzen dute; jatorriz euskaldunak erdaretara eramaten dituzte. Eskailera mekanikoen metafora horrekin lotzen dut. Hiztun gehienak, hamarretik bederatzi, bizi dira erdara nagusi den zonetan; euskaraz bizi nahi badute, korrontearen kontra joan behar dute.

Hain justu ere, euskarak zona bakoitzean duen indarraren arabera, eskailerek erdaretara eramateko duten abiadura ere ez delako bera. Tesian aipatzen duzun eran, hori lotuta dago eremu euskaldunenen, arnasguneen, garrantziarekin, ezta?

Zona euskaldunetan eskailera mekanikoak doaz joan behar duten bezala; jartzen zara eskailera mekanikoetan, eta ahalegin handirik egin gabe euskalduntzen zara: gero eta hobeto hitz egingo duzu, eta, ikasi nahi baduzu, inguruak lagundu egingo dizu... Beste zonetan, berriz, zuk igo nahi duzu, baina eskailera goitik behera dator, eta derrigor hortik igo behar duzu: ez duzu igotzeko beste biderik. Eta indar handia egiten ez baduzu, behera zoaz. Eskaileraren abiadura berdintzen baduzu, geldirik egongo zara zauden tokian; aurrera egiteko behar duzu eskailerak berak dakarrena baino abiadura handiagoa. Arnasguneen gaia zergatik da garrantzitsua? Horregatik.

Egoera zailari beste aldagai bat erantsi zaio azken urteotan. Pantailei begira ordu asko egiten dira, unibertso gero eta ugariagoa zabaldu da hor, baina erdalduna da sarri askotan. Horrek zer-nolako eragina du?

Zona euskaldunenetan segur aski erdara sartzeko eta euskaltasun osoago bat ez garatzeko arrakala handienetako bat hortik etorriko da: zalantzarik gabe. Zona erdaldunagoetan ikusiko nuke gehienbat euskara sendotzeko aukera galdu bat. Pentsatzen dut, esaterako, zona erdaldunetako familia euskaldunetan: seme-alabak euskaraz hazi, eta gero etxean egindako lan hori indartu beharrean pantailen mundu horrekin, mundu hori dator kontrako eragina egitera.

Elkarrizketaren hasieran esan duzu oinak lurrean izan behar direla: egoera ezagutu behar dela. Zer tresna ditu euskal demolinguistikak errealitatearen gero eta argazki doiagoak egiteko?

Lehengai handia dago. Europan gehienbat hizkuntza gutxituen ikerketa nola egiten den begiratu dut, eta, alde horretatik, ondo gaude. Guk hizkuntzen erabileraren kale neurketa eta Inkesta Soziolinguistikoa dauzkagu: Euskal Herri osoan egiten dira. Adibidez, katalanek ez daukate horrelakorik. Beraz, guk lurralde osoan egiten diren bi ikerketa sendo ditugu, eta ja 30 urteko serieak ditugu horietan, Hegoaldean, zentsuak ere baditugu... Material pila bat dago, eta oraindik azterketa aukera ikaragarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.