UDAKO SERIEA. Mendebaldeko Balkanak, EBra bidean (II). Montenegro.

Djukanovicen apustua, geopolitikaren mugan

Errusiarekiko harremana gaiztotzeko arriskuarekin eman zuen herrialdeko presidenteak EBko estatu kide izateko pausoa. Prozesuaz eztabaidarik izan ez den arren, herritarrek euren bizi kalitatea hobetzeko aukeratzat dute Bruselako taldean sartzea.

Djukanovicen apustua, geopolitikaren mugan.
ander perez zala
2018ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Kroazia duela bost urte estatu kide bilakatu zenetik, EB Europako Batasunak ez du bere kidegoaren kopurua handitu. Kontrara, Erresuma Batuak EBtik ateratzeko erabakia hartu zuen 2016ko ekainean, eta, datorren urteko martxotik aurrera, 27 izango dira Bruselan; baina badira hautagaiak taldeak berriz 28 kide izan ditzan. Mendebaldeko Balkanetan jarri ditu begiak EBk; Mendebaldeko Balkanetako estatuek, berriz, EBn, eta lasterketa horretan aurrea hartu die Montenegrok bere bizilagunei, Serbiarekin batera: 2006an deklaratu zuen independentzia, 2008ko abenduan egin zuen estatu kide izateko eskaria, bi urte geroago onartu zioten hautagai estatusa, eta, azkenean, 2012ko ekainean hasi zituzten Bruselak eta Podgoricak negoziazioak. Abiadura horri eustea lortzen badu, Montenegro 2025ean bilakatuko da EBko parte: herritarrentzat, pauso garrantzitsua izango da, espektatiba anitz jarri baitituzte prozesuan. Milo Djukanovic presidentearentzat, independentziaren aitarentzat, hamaikagarren garaipen politikoa izango da, baina baita Errusiarekiko harremana gaiztotu dezakeen erabakia ere.

2006az geroztik egindako inkesta guztiek helburu eta nahi berak islatzen dituzte: «Montenegroko herritarrek euren bizi kalitatea hobetzea espero dute EBn sartzean. Horrek esan nahi du: pertsonak eta ezagutza herrialdera erakartzea, hezkuntza hobetzea, lana lortzeko aukera gehiago izatea, eta soldatak hobeak izatea», Aleksander Dedovic Montenegroko Alfa Centerreko presidenteak BERRIAri azaldu dionez. «Arrazoiak ez dira aldatu urteotan, eta %70-78 arteko langan ibili da prozesuarekiko babesa».

Gainontzeko estatuekin egin bezala, hautagai estatusa eman zionean, EBk erreformak egiteko beharraz ohartarazi zion Montenegrori. Eta hala aritu da Djukanovicen gobernua urteotan. «Ziur naiz EBrako bidea garrantzitsuagoa eta erabilgarriagoa izaten ari dela gure gizartearentzat, estatu kide izatea baino gehiago, egin diren eta egiten ari diren erreforma eta aldaketengatik. Tamalez, aldaketa horiek prozesuaren parte gisa ikusten dituzte herritarrek, eta ez gure bizi kalitatea hobetuko duten aldaketa gisa». Besteak beste, Bruselak arreta jarri zuen erakundeen funtzionamenduan: «Montenegro demokrazia parlamentario bat da, esparru konstituzional eta legegilean oinarritua, eta EBren oinarriekin bat egiten du. [...] Hala ere, gabeziak daude erakunde demokratikoen funtzionamenduan [...]. Botere banaketa ez da guztiz errespetatzen justiziaren kasuan. Administrazio publikoak ahul jarraitzen du, eta oso politizatuta dago».

Dedovicen iritziz, erreformen emaitzak «gutxi gorabehera agerikoak» dira, baina herrialdea «neurrian» soilik ikusten du prest administrazio publikoaren aldaketei dagokienez. Ekainaren 25ean egin zuten EBk eta Montenegrok negoziazioei buruzko bederatzigarren bilera, eta, Bruselak aurrerapausoak aitortu zizkion arren, oraindik beste hainbat erreforma egiteko beharra jakinarazi zion. Kezka agertu zuen, adibidez, kazetarien aurkako erasoen inguruan, eta ohartarazi zion lanean jarraitu behar duela, «ustelkeriari, krimen antolatuari, diru garbiketari eta gizakien trafikoari» aurre egiteko.

Gobernua eta ustelkeria

Hamarkadotako kezka nagusia da herrialdean: krimen antolatua, ustelkeria eta horiek gobernuarekin duten lotura. Bruselak arreta berezia jarri du auzi horrekiko borrokan, EBn sartzeko baldintza gisa, baina, oraingoz, aurrerapauso gutxi eman dituzte. «Montenegro bezalako herrialde txiki batean, arazo hau ezin da hain azkar eta hain erraz konpondu», Alfa Centerreko zuzendariaren arabera.

Ikusteko dago zenbaterainoko aldaketak egingo dituen Djukanovicek; izan ere, 2015ean, Krimen Antolatuko Urteko Gizona saria Montenegroko presidenteari eman zion Ustelkeria eta Krimen Antolatua Jakinarazteko Proiektuak. «Krimenak eta ustelkeriak konexioak dituzte gizartearen maila guztietan, boterean, oposizioan eta krimen taldeetan. Horrela jarraituz gero, herrialdea harrapatuko du, eta ustelduta egongo da urte luzez».

Egoera horren adierazle izan zen Svetozar Marovic Serbia eta Montenegroko presidente eta lehen ministro ohiaren eta Montenegron boterean den DPS Alderdi Demokratiko Sozialistako presidenteordearen atxiloketa; hiru urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Hain justu, arazo horien erruz joan da moteltzen hasieran azkarragoa zirudien prozesua. Helburua 2025a den arren, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak zalantzan jarri zuen data hori, «adierazgarria» zela esanez, Podgoricara egindako bisita amaitzean. Dedovicentzat, «elite politikoaren eta elite kriminalaren arteko konexio sendoak zaildu egin du erreformen prozesua», eta, ustelkeria «bizimodu» bilakatu denez, erreformak are gehiago moteltzeko edo gelditzeko arriskua bizirik dago.

Errealitate horrekin lotura zuzena du gizon batek: Djukanovic presidenteak. Tarte txiki batzuk kenduta, 1991z geroztik izan da boterean egungo estatuburua, izan lehen ministro karguan edo presidente karguan, eta haren inguruan egituratu da estatua. 2023an egingo dituzte hurrengo presidentetzarako hauteskundeak, eta inork ez du zalantzan jartzen egungo presidentearen garaipena. «Niretzat, Djukanovic hainbeste urtez boterean izatea arazo da Montenegroko gizartearentzat. Eta hori ez da Djukanovicen errua. Gure herritar eta boto emaileentzat demokrazia termino ezezaguna da oraindik. Eskualdean, bere boterea inoiz aldatzen ez duen komunitate bakarra da soilik Montenegro. Egun, ez dago alternatibarik, eta ezingo dugu aurrera egin kanpoko babes ireki edo ezkuturik gabe. Interes geopolitiko eta ekonomikoak ez daude ongietorriak Montenegroren etorkizuna aldatzeko».

Brusela-Podgorica-Mosku

Mendebaldera begirako ibilbidean, Djukanovicek arriskuan jar lezake harreman giltzarri bat. Interes eta hartu-eman asko daude jokoan, eta Errusia haserretu egin zen joan den urtean Montenegro NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartu zenean. «EBrekin bezala, NATOra egindako bidea garrantzitsuagoa izan zen kide izatea baino. Urtebeteren ostean, bi puntu baikor aipa ditzakegu: batetik, nazioarteari begirako posizioa eta Montenegroren ikusgarritasuna sendoagoak eta handiagoak direla; eta, bestetik, 28 aliatu prest egongo direla Montenegro babesteko eta defendatzeko segurtasun mehatxu modernoen aurrean».

Soka fin baten gainean dabil Djukanovic, eta oreka mantendu beharra du. Moskuk begi txarrez ikusi zuen NATOn sartu izana, baita EBrako bidea egitea ere; Djukanovicek, baina, harreman onak nahi ditu EBrekin eta Errusiarekin. «Tradizioz, Montenegrok harreman ezin hobeak izan ditu Errusiarekin. Azken hamarkadan, esaterako, horrek zerikusi handia izan du Montenegroko enpresa handi askoren pribatizazioekin, eta hori elitearen babesarekin egin da. Mendebaldearen jarrerari jarraituz, Podgoricak zenbait erabaki hartu ditu, eta horrek ez du Errusiarekin duen harremana hautsi. Nire ustez, Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko kontaktu puntua izan daiteke Montenegro».

Hain zuzen ere, Alfa Centerreko zuzendariak uste du Errusiaren eta EBren arteko harremana hobetzen hasteko aukerak egongo direla Montenegro EBko estatu kide bilakatzen denean. Eta, beraz, Podgoricak ere hartu-eman onak izango dituela Bruselarekin eta Moskurekin, Djukanovic oso «malgua» baita.

Interesen gatazka horretan, eta EBrako bidean, ordea, elementu bat falta izan da: eztabaida. Izan ere, estatu kide bilakatzea atzerri politikako «lehentasun» bilakatu zenetik, ez da eztabaidarik izan auzi horren inguruan. «74 alderdi politiko ditugu erregistratuak, eta inor ez da euroeszeptikoa. Eta berdin gertatzen da 5.400 gobernuz kanpoko erakunderekin, 25 bat hedabiderekin, eta abar. Eztabaida zantzu bakarrak EBk finantzaturiko proiektuek bultzatu zituzten, baina guztiak Bruselarekiko jarrera oso baikorrarekin».

Baina izan da inflexio puntu bat, Djukanovic presidentearen esan batzuek sorturikoa. Joan den hilabetean adierazi zuen EBko kide izatea ez dela Montenegroren helburu bat, urteotako joerarekin hautsiz: «Montenegrok eta gure eskualdeko herrialdeek ez dute estatu kide izateko beharrik», esan zuen zehazki herrialdeko presidenteak. Hitz horiek, Alfa Centerreko presidentearen iritziz, abia lezakete EBko kide izateari buruzko eztabaida, orain arte izan ez dena. «Konpasari horrela buelta emateak ahalbidetu lezake eztabaida, herritarren nahia baita EBko bizitza estandar berak izatea». Hala ere, ez dirudi, oraingoz, Montenegroko presidenteak EBn sartzeko prozesua eten nahi duenik.

Bihar: Albania
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.