UDAKO SERIEA. Nola sortu genuen... (I) 'Napartheid'. Patxi Huarte 'Zaldieroa' eta Asisko Urmeneta

Desertuko kantinplora

Nafarroako Euskararen Legeak ezinegona sortu zien Iruñeko bi marrazkilariei. Arkatza eskuan, komikia baliatu zuten, salaketa arma gisa.

Ander Perez Argote
Iruñea
2015eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Txaranga eta kantu doinuak aditzen dira Patxi Huarte Zaldieroa-ren Iruñeko etxeko leihoetatik bestaldera. Sanfermin bete-betean elkartu ditu BERRIAk bera eta Asisko Urmeneta. Bazkaria izan dute aurretik, eta, senari ezin eutsiz, marrazkiz eta karikaturaz bete dute paperezko mantela. Behin kafea eta kopa hartuta, etxeko parketean etzan dira: duela 27 urteko argazkia berregin nahi dute. Hasi dira lehen barre algarak.

Eskuan hartu du Huartek Napartheid aldizkariaren lehen zenbakia, apaletik, eta Urmenetari pasatu dio. 1988ko neguan argitaratu zuten biek ale hura, Iruñeko Roch Tabernan —Urmenetaren ustez «denbora batean plaka bat egongo den tokian»— izandako solasaldi baten fruitu gisara. Ordurako, bi urte ziren Nafarroako Euskararen Legea onartua zela, herrialdea hiru hizkuntza eremuetan banatuz. Egoerak hausnarketarako bide eman zien bi komikilariei. Gogoan du Urmenetak Rocheko eszena hura: «Aipatzen hasi ginen ez zegoela eskubiderik, gure etxean bertan baztertuak ginela, eta bazegoela zerbait egiteko beharra. Kasualki, Patxik [Huarte] marrazten zuen, nik marrazten nuen, eta biok geunden ostia txarrez». Ondorioa argia zen: aldizkari satirikoa sortu zuten, «oihu kolektibo bat injustizia baten aurrean».

Izenburua Huarteren kezka batetik iritsi zen: «Garai hartan, Komite Internazionalistetan militatzen nuen, eta, han, bereziki Palestinarekin, Sahararekin eta Latinoamerikarekin egiten zuten lan. Afrika ez zen existitzen. Nik esaten nuen Hego Afrikan apartheid-a faxismo erabatekoa zela, eta zerbait egin behar zela». Egoerak konparaziorako aukera eman zuen: «Euskararen Legea onartu zenean, pentsatu genuen: 'tira, Hego Afrikan bezala'. Azkenean, Nafarroan ere, bi garapen mota planteatzen zituzten. Agintarien planteamendua zera zen: 'Denon garapenaren alde gaude, baina diferenteak garenez, bi garapen mota behar dira, denona eta euskaldunena'. Hori apartheida zen, Afrikan egiten zen gauza bera. Han esaten zuten: 'beltzen garapenak ez du gureak duen abiadura bera'». Hitz-jokoari heldu zioten orduan, eta Napartheid izena jarri zioten fanzineari. Azpileloa gehituko zioten geroago: Soweto? Nafarroa baino hobeto.

Sortzaileek haien alde zuten orduko testuingurua. «Preinternet» garaia zen, Urmenetaren hitzetan. Fanzineen eta irrati libreen urrezko aroa. «Taberna batera joan, eta dozena erditik gora fanzine aurkitzen ahal ziren, autoekoitziak, fotokopietan, ahal bezala eginak. Katxi batzuetan dirua sartzen zen, eta kitto». Eredua jarraituz jokatu zuten Urmenetak eta Huartek ere. Kolaboratzaile sorta errekrutatu zuten inguruan —Paxkal Bourgoin, Mikel Urmeneta, Xamar, Niko Moreno, Txiki, Juan Arrosagarai—, marrazkiak bildu, bost A-4tan fotokopiatu, grapatu, eta listo. Kalean zen lehen Napartheid-a, 1988ko abenduan Iruñean milaka euskaltzale bilduko zituen manifestaziorako prest. Urmenetak azaldu du orduko errezeta: «Bere balioa zen edonork egin ahal duen zerbait zela. Ez du zentzurik itxoiten egoteak, halako batean argitaletxe handi batekin kontratu bat egin arte. Egin ezazu zuk zeuk. Horixe da punk filosofiak utzi digun gauzetako bat». Ados dago Huarte ere: «Edonork egin zezakeen zerbait zen. Horregatik egin genuen guk ere».

1980ko hamarkada bukaerako Iruñea hartan, zabala zen komiki eta fanzineen ozeanoa. «Euskaraz apenas zen», ordea, Urmenetak gogoratzen duenez. Eta hutsune hori betetzeko sortu zen Napartheid. Euskararen Legea salatzeko jaiotako ekinbidea izanik, euskara hutsez jarduteak bazuen bere logika. «Baina ez zen aldizkari euskaltzalea [Huartek dioenez], euskalduna baizik». Alegia, ez zuen ezer eskatzen, egin baizik. «Nik balioa ematen diot euskara hutsezko gauza bat zelako, eta euskara hutsezko gauzak, garai hartan, ez ziren hainbeste. Gauza berri bat egin genuen, euskaratik, modu natural batean. Ez genuen pentsatzen: 'Tira, egingo dugu fanzinearen erdia gazteleraz eta beste erdia euskaraz'».

«Periferiako periferiatik ari ginen», dio Urmenetak, «Nafarroatik, eta, gainera, eremu euskaldunetik kanpo». Eta eremu horretan umorea euskaraz egin izanak bazuen bere balioa, Huartek dioenez: «Euskalduna izateak kritikotasuna ematen zion. Euskaldun izate hutsa bazen beste modu batean bizi gintezkeela esatea, eta ez zigutela uzten. Hori oso jarrera punka zen».

Ekinbideak, ordea, ez zuen leku guztietan harrera bera izan. Huartek gogoan du Baigorriko (Nafarroa Beherea) Nafarroaren Egunera lehen aleak saltzera joan zirenekoa. «Ni orduan ohartu nintzen periferiatik gentozela. Hara joan ginen, aldizkaria benetako euskaldunei saltzera, eta konturatu ginen benetako euskaldun horiek ez zutela interes handirik euskara hutsezko aldizkari horretan».

Napartheid-ek zerabilen probokazioak, akaso, bazuen eragina horretan. Sarri, gaindiezinak ziruditen umorearen mugek.«Betikoa» da hori, Urmenetaren ustez: «Iduri du umorearen baliatzea ez dela herri honetan baimendua. Baigorrin aldizkaria banatzen hasi ginenean ikusi genuen hori. 'Zer zarete, Gestoretakoak?', galdetzen ziguten. Donostiako Herriko Tabernan ere urteetan ez zen onartua izan, ez baitzen rolloko zerbait. Sarri, umorea, eta umore independentea ez da onartu izan. Eta herri honetan dagoen sufrimenduaren eta historiaren ondorioz, geure buruari egin diezaiokegun kalterik handienetakoa umorea baztertzea da. Umorea arma bat baita».

Gero, «sortzaileagoa»

Hamahiru urteko ibilian, arma hori baliatu zuen Napartheid-ek. Guztira, 30 zenbakiko uzta utzi zuen, 1988 eta 2001 artean. Tartean, izan ziren aldaketak ere, Urmenetak dioenez: «Lehenengo lau zenbakiak formatu txikian agertu ziren, lehena fotokopietan, eta hurrengo hirurak inprimategitik pasata. Bosgarren alerako beste hainbat jende sartu zen, Gipuzkoa eta Bizkaikoak, jende biziki eragilea. Kolorea ere sartu zen, eta formatua handitu. Hasieran Iruñean hartzen genuen deliberoa, eta gero joan zen geroz eta Euskal Herrikoagoa egiten. Geroz eta gnomo gehiago sartu ziren, gazteak, eta une batean, modu naturalean, botere transmisioa izan zen».

Tarte horretan, gaiak ere aldatu ziren, eta baita, neurri batean, argitalpenaren izaera ere. «Halabeharrez, eta agian zorionez ere», Urmenetaren ustez, Napartheid denborarekin «ez zen hain politikoa, gero eta gauza sortzaileagoa, arte ederretakoagoa, sentsualagoa zen». Komikiaren «indarra», ordea, ez zen desagertu, eta ez da desagertu ere. Urmenetak dioenez, irudiak «hurbiltasuna» baitu, eta «gehiago iristen da jendearengana, botereak egiten duena karikaturizatzen duelako». Horregatik, Nafarroan gobernu aldaketa gauzatzen den bitartean, komikiaren zeregina aldarrikatzen du, beti bezain ozen, Urmenetak: «Satiraren rola da boterean dagoena salatzea, nahiz eta supereuskalduna izan». Horretarako, Napartheid-en orrietatik egin bezala, aborijinaltasun kontzeptuaren defentsa egiten du: «Ez dugu lehengo mundua birsortu nahi, ez iragana momifikatu ere. Mundu hobea nahi dugu, eta mundu hori ez dugu egiten ahal euskalduntasunetik ez bada».

Elkarrizketa bukatuta, apalean gorde dute Napartheid-en lehen zenbaki hori, azal horiduna. Beste hainbat libururen artean dago orain hainbatentzat mugarri izan zen hura. Urmenetak, ordea, ez daki mugarri izan ote zen edo ez. «Duela gutxi bete dira 20 eta 25 urte sortu genuenetik, eta inor ez da ohartu ere egin. Beti aipatzen dut Kike Amonarrizek dioena. Ahal bezala egina, kantinplora bat izan zen basamortuan. Ez baitzen besterik. Eta, ez du bizitza salbatzen, baina ostia, kantinplora bat asko da basamortuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.