UDAKO SERIEA. Euskal Herriko aztarnategiak (eta V). San Adriango kobazuloa.

Denboraren igarobidea

Historiaurrean jarri behar da begirada San Adriango igarobideko lehenengo biztanleak ikusteko. Orduz geroztik, gizakiak arrastoa utzi du mendi arteko pasabide horretan.

Zegama
2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Ataunen eta Zegaman, egunez ikusi eta gauez eraman», dio esaera zaharrak. Ikusten ez dena, ordea, ezin da eraman. Isurialde mediterraneoaren eta atlantikoaren banalerroan, Aizkorri-Aratz parke naturaleko pagadiek eta muino garaiek inguratzen dute Zegama (Gipuzkoa). Herriaren kokapena dela eta, naturarekin harreman estua izan dute bertako biztanleek historian. Zura, erregaiak, jakiak... irauteko lehengaiak eman dizkie basoak zegamarrei. Naturako baliabideak euren beharretara moldatuz, herritarrek iraupena eta etorkizuna bilatu dute Aizkorri-Aratzeko ingurunean. Hein handi batean, gizakiak eta naturak batera sortu dute Zegama inguratzen duen paisaia. Horren adibide garbia da San Adriango igarobidea: naturaren sorkaria bada ere, gizakiak eman dizkio arima eta zentzua.

San Adrian, Lizarrate, Sandrati... igarobidearen inguruak ez du izen bakarra, eta ez dakite zehazki zein den jatorrizkoa. Izan ere, basoaren antzera, San Adrian aspalditik izan da paisaiaren parte. Igarobideari loturiko hainbat kondaira dauden arren, hark barnean duen historia, orain gutxi arte, ezezaguna izan da herritarrentzat. Tunelak, ordea, inoiz ez du ezer ezkutatu: duela 14.000 urtetik daude aztarnak bertan. Gizakiak izan dira, beharbada, ondo begiratzen jakin ez dutenak. Ikerlariek orain hamar urte inguru aurkitu zuten denboran atzera eramango zituen atea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Aranzadi zientzia elkarteari eman zion San Adrian inguruneko ondarea leheneratzeko proiektuaren ardura, 2008an. Antzinako idatzi batzuk zirela eta, ikerlariek bazekiten Erdi Aroan gaztelu bat eraiki zutela han. Beste aztarna batzuek historiaurreko zibilizazioekin ere lotzen zuten igarobidea. Hala ere, «froga sendorik» ez zuten. «San Adriango gaztelua irudikatu eta lana amaituko zutela uste zuten Aranzadikoek. Indusketekin hasi zirenean, ordea, espero baino aztarna gehiago aurkitu zituzten», adierazi du Leire Aiartzaguenak, Anduetza parketxeko gidak. Hamabost eguneko indusketa lana izan behar zuenak hamarkada bat iraun du. Izan ere, San Adrianek ikerlariei historiaurrera itzultzeko bidaia txartela eman die. Aranzadi zientzia elkarteko Alfredo Moraza ikerlariaren arabera, «Euskal Herriko azken 14.000 urteetako historia dago kondentsatuta San Adrianen». Igarobidearen balioa, gainera, «ikaragarria» da Morazaren iritziz: «Hemen daukagun aztarnategirik osoena da San Adriangoa».

Gaur egungo zelai berdeekin alderatuta, zuriz jantzita zegoen duela 14.000 urteko Aizkorri-Aratz parke naturaleko paisaia: azken glaziazioa amaitzear zegoen. Klima gutxinaka epeltzen ari zen, eta aldaketa prozesuan murgildu zen lurra. Hala ere, hotza, oraindik, mehatxu zen garai hartako gizakien iraupenerako. Horrez gain, ingurune naturala hainbat animaliaren bizilekua ere bazen: sable horzdunena, esaterako. Klima gogorra, animalia basatiak... Mendi ingurunean egon arren, kanpoko arriskuei erreparatuz, San Adriango koba babesgunea zen historiaurreko biztanleentzat. Aranzadi elkarteko ikerketen arabera, hainbat talderen bizilekua izan zen igarobidea.

Europara igarotzeko atea

Indusketetan jasotako informazioak islatzen du historiaurrean koban bizi ziren gizakiak ehiztari-biltzaileak zirela: suharrizko tresnak eta ehizarako armak aurkitu dituzte, besteak beste. Lanabes horiek haragia, landareak eta larrua mozteko erabiltzen zituzten, esaterako. Bestalde, San Adriango kobako biztanleek «bizimodu nomada» zuten. Aiartzaguenak adierazi duenez, «indusketetan bilatutako suharria Urbasakoa [Nafarroa] da jatorriz, eta horrek erakusten du San Adrian ez zela izan gizaki horien bizileku bakarra». Glaziazio garaiko klima zela eta, «une oro lekualdatzen» ziren gizakiak. Aiartzaguenaren hitzetan, «mendian, denboraldi batzuetan, izugarrizko hotza egiten zuen, eta, babes bila, kokalekua aldatzen zuten».

Urteen joan-etorriarekin batera, lurreko klima pixkanaka epeldu zen. Glaziazioa atzean utzi ondoren, gaur egungo klimaren antzekoa zuten Brontze Aroan. Eguraldi aldaketa eta beste hainbat faktore zirela medio, gizakiek hain nomada izateari utzi zioten, eta jada «animaliak eta landareak etxekotu zituzten», Morazak esan duenez. «Bizimodu sedentariora egokitzearekin batera, gizakiak egonkortu egin ziren», adierazi du Morazak, eta gaineratu du «naturarekiko menpekotasuna galdu» zuela giza espezieak: «Euren jakiak ekoizteko gai ziren. Indusketetan, esaterako, garia ekoizten zutela jakin dugu». San Adrian inguruan, abereak zaintzen eta landa eremua ustiatzen jardun zuten Brontze Aroan. Morazaren hitzetan, «nekazariak eta abeltzainak ziren garai hartan».

Indusketetan aurkitutako lanabesetan eta tresnerian, historiaurrekoekin alderatuta, hobekuntzak eta aldaketak ikus daitezke: horrek frogatzen du teknologian ere hainbat aurrerapen egin zituztela. 1.500 zeramika zati aurkitu dituzte San Adrianen, hainbat ontziren parte zirenak. Bestalde, suharrizko lanabesen 250 zati eskuratu dituzte: horien artean, igitai hortz bat. Hezurrez eginiko tresnen zatiak ere aurkitu dituzte. Ikerlarien arabera, tresneria horrek hainbat erabilera zituen: lanabesak egiteko erabiltzeaz gain, apaingarriak ere egiten zituzten hezurrekin. Horren adibide dira igarobidean aurkituriko berberetxo oskolen zatiak. Horretaz gain, Brontze Aroan gizakiak San Adriango igarobidea behin eta berriz okupatu zuela frogatzen duten aztarnak aurkitu dituzte: eraikinen arrastoak eta giza hondakinak, adibidez. Horri esker, kobak bi erabilera zituela jakin dute Aranzadikoek: bizilekua izateaz gain, hilobia ere bazen.

Giza espezieak idazkera garatu, egutegiak sortu eta ipar orratza asmatu zuen Erdi Aroan sartu aurretik. Medikuntzan eta matematikan ere, aurrerapen handiak egin zituzten. Egoera geopolitikoari begiratuz, bestalde, hainbat aldaketa izan ziren, eta Euskal Herria ez zen aldaketa horietatik kanpo gelditu. Gaztelako eta Iruñeko erresumen artean egonik, San Adriango igarobideak garrantzi handia hartu zuen: Europara igarotzeko atea ireki zion Gaztelako Erreinuari. «Iruñeko Erresumatik igaro gabe Frantziara eta Europara irteteko bide alternatibo bat behar zuen Gaztelako Erresumak. Leintz-Gatzagatik [Gipuzkoa] pasatzen zen bideak hori egiteko aukera ematen zien arren, urrutiegi zegoen haientzat. San Adrianen kokapena hobea zenez, errege bidea bertan ezarri zuten», nabarmendu du Morazak, eta zera gaineratu du: «Erdi Aroko N-1a bilakatu zen igarobidea». Bideko zirkulazioa kontrolatzeko eta ingurunea babesteko, gotorleku bat eraiki zuten kobaren barruan.

Indusketa lanetan, ikerlariek gazteluaren hainbat arrasto aurkitu dituzte: esaterako, eraikinen zimenduak. Beste hainbat aztarna, ordea, lehenengo begiratuan ikus daitezke: kobako hormetan, adibidez, gazteluari eusten zioten habeen zuloak daude, eta sarreran, gotorlekuko atea oraindik zutik dago: berreraiki egin zuten. Erdi Aroan, igarobideko bi ateak itxi zituzten, eta, horretaz gain, hainbat eraikin altxatu zituzten barruan: Zegamara begira dagoen sarbidearen eskuinaldean dorre bat eraiki zuten; ezkerretara, berriz, alkaidearen egonlekua ezarri zuten. «Dorrea zegoen lekutik, zuzeneko kontaktua zuten Ausa gazteluko gotorlekuarekin», adierazi du Aiartzaguenak. Arabako atearen ezkerraldean, bestalde, biltegi bat zegoen. Gazteluak iturri bat eta ermita txiki bat ere bazituen.

Historiaren gordailua

Erdi Aroaren amaierarekin batera, gotorlekuaren etorkizuna ere ahultzen hasi zen. Gaztelako Erresumak Nafarroa bereganatu ostean, San Adriango igarobideak hasieran zuen funtzioa galdu zuen. Kobazuloaren kokalekua ere ez zen egokiena: mendian zegoen, eta basoz inguratua. Horrek «bide berriak bilatzera» bultzatu zituen agintariak. Morazak dioenez, «bide alternatibo bat bilatu, eta hura bultzatzen hasi ziren: San Adrian bigarren planoan geratu zen». Aiartzaguenak adierazi duenez, «pixkanaka garrantzia galdu zuen gazteluak, eta haren lekua ostatu batek hartu zuen».

«1855. urtean jarri ziren mikeleteak —Gipuzkoako Diputazioko polizia erakundea— San Adrianen, harik eta 1914. urtean kuartelak su hartu zuen arte», esan du Morazak, eta nabarmendu du «igarobideko azken biztanleak» haiek izan zirela. Egun, San Adrian «hutsik» dagoen arren, milaka urteko historiaren gordailu da. Atzerrira joan gabe, hainbat altxor daude Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.