UDAKO SERIEA. Ezkutuko ezinbestekoak. Aitz Amilibia (Baiona, 1973)

Burua leku guztietara beti, eta hori gustuko

Zuzendari tekniko gisa, zuzeneko ikuskizunen alde tekniko guztiaren koordinatzaile dihardu azken hamar urte hauetan. Denetarik dauka ardurapean: antzerki, dantza, musika, egitasmo intimo eta dozenaka mila zale elkartzen dituzten ekitaldiak. Denak ditu gustuko.

Jaialdi erraldoiak eta antzerkiintimoak, denetarikkoordinatzen du Aitz Amilibiak. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Denetarik pixka bat egiten badakiela eta horrek salbatzen duela, nahiz agian ez duen deus perfektuki menperatzen, gaineratu du irriz eta ironiaz Aitz Amilibiak (Baiona, 1973). Behin bere lanaz hasten delarik mintzatzen, ageri da kontrolatzen duela afera. Esperientzia baduela, badakiela nola funtzionatzen duen ikusgarrigintzak, dela antzerkian, musikan edo dantza arloan. Artistak. Begi kolpe batez ohartzen dela detaile, arazo txikienaz ere. Belarrien aldetik ere, ez dela elkortzekotan baieztatu du, betiere irriz segituz. Irria ez baitzaio errazki eskapatzen ezpain bazterretik Amilibiari.

Tinpanoak harrotzen kasik 30 urte nonbait han iragan baditu ere. Kanboko Xalbador kolegioko lagunekin, oholtza mundua gitarra apala joz zuen ezagutu lehen aldian. Kapten Egurrak taldearekin, besteak beste. Baina laster lotu zitzaion teknikari: «Beti behar baita bat mikroa nola pizten den jakin behar duena. Segitu dut kablea, mahairaino joateko. Soinua horrela hasi dut. Eta gero eta gehiago maitatu dut nola funtzionatzen zuen».

Hizkuntza ikasketetan hasi zen gero. Eskolez kanpo, dirua irabazteko soinu teknika garatzen hasi zen Miarritzeko Gare du Midi aretoan. Ikasketak bururatu, eta irakaskuntzan ez zuela lan egin nahi ohartu zen; bai, aldiz, teknikan. Gare du Midin segitzea erabaki zuen. «Pila bat ikasi nuen hor. Hortik pasatu nintzen beste enpresa batzuetara, estudioetara. Parisen ere urte batzuk pasatu ditut lanean». Eta soinutik, azkenean, zuzendari tekniko hasi zen. Azken hamar urteetan horretan ari da.

Ikusgarrietako alde tekniko guztia du bere gain. Bai soinuari lotuak, bai argiari, segurtasunari, azpiegiturei, aldagelei, instrumentuak behar badira instrumentuei... Ikusgarria zer den, non den, horren arabera dena lotu. Guztia hatsarretik emanaldiraino. Aurrekontuak, ordutegien finkatzeak, mikrofono kopurua, dena prestatuz aritzen da emanaldia hasi arte. Sail bakoitzeko zerbitzuetarako egiturak aurkitu, dibisak aztertu, hautatu, eta elkarrekin lanean jartzen ditu: «Nik horiek guztiak koordinatzen ditut. Etxe bat eraikitzeko lanetan ari den obralari bat naiz pixka bat». Haren kasuan, «agertoki gibelean den guztia da nire etxea». Normalki, emanaldia hasia delarik, «nik abantzu bukatu dut nire lana. Emanak baititut talde guztiak batera lanean».

Hots, gauza andana bat memento berean kudeatu behar ditu. Eta hori du nahi: «Burua leku guztietan ukaitea». Hatsarreko ofizioa zuen soinu teknikari begira, beste presio bat ere baldin badu, «askoz handiagoa» aitortu duena, hori du gustuko: «Abiadura laster hori. Azken momentu arte gauzak aldatzeko posibilitate hori». Gertatu berri zaio egun bakarrean hiru aldiz kargatu behar izatea sakelako telefonoa. Bi telefonorekin lan egiteko ohitura ere badu.

M&M's urdinez bete bokala

Kudeatu beharreko fitxa teknikoetan denetarik baitago. Baita harribitxiak ere. Anekdotak ez ditu eskas Amilibiak. Artista batek, behin, M&M's goxoki urdinez bete ontzi bat eskatu zuen: «Zuk badakizu zenbat pakete ireki behar diren ontzi bat M&M's urdinez betetzeko?», gogoratu da irriz.

Beste anekdota bat Toots and the Maytals taldekoena du, EHZ musika jaialdira etorri zirelarik Idauze-Mendira, 2008an. Autobusetik oholtzara joateko moketa gorria exijitu zuten; beste koloreek ez zuten balio. Lohia zegoelakoan. Eta aurkitu behar izan zuten Amilibia eta lankideek. Kontratua ez bada betetzen, managerrak azken puntaraino deuseztatu baitezake. Aseguru kontratuak bezala direla artistenak. Zernahi detaile txiki badagoela hor zaindu beharra. Halere, esperientziak ekarri dio marra gorri zenbait ez pasatzen ahalegintzea: «Kontratu bat irakurtzen dudalarik, badakit irakurtzen zer den ezinbestekoa emanaldia ongi iragan dadin, eta zer ez den beharrezkoa. Saiatzen naiz beharrezkoa ez den horretan exijentzia ahal bezainbat apaltzen».

Adibidez, alkohol kontuetan. Talde batek, behin, artista bakoitzarentzat hiru litro alkohol azkar eskatu zioten. Gutxieneko bat onartzen ahal zuela ihardetsi zien Amilibiak, baina eskatutakoa gehiegizkoa zitzaiola. Gertatu izan zaio horrelakoetan Frantziako lan kodea erabiltzea. Hor idatzia baita lantokian alkohola debekatua dela. Negoziatzeko argumentu bat.

Drogarekin segituz, izaten dira kokaina edo kalamu kontuak ere. Idatzirik ikusia izana du honenbeste white socks eta honenbeste green socks-ak behar zituela artista batek. Baina hori «managerren arteko kontu bat» da. «Ni ez naiz sartzen horretan», abisatu du.

Autonomo ari da lanean Amilibia. «Ez dut nagusirik, eta ez naiz nehoren nagusi». Nahiz eta gertatu zaion zenbaitzuetan 650 bat langile biltzen dituen ekitaldien koordinatzea. Intermitentzia estatutuarekin, kontratu mugatuekin ari da. Aste batekoak, edo biren kasuan sei hilabete iraun dezaketenak. Euskal Herrian, Bordelen, Parisen, Lillen edo beste. Biren bidez, Europa osoan gaindi ibili daiteke.

Urtean 300 bat emanaldi ditu kudeatzen. Batzuk gaualdi bakarrean metatuak, besteak luzeagoak. Beti ari da. Kontratatzen dutenen artean, denetarik dauka. Laster Pauen iraganen den Hestiv'oc jaialdiko 200 emanaldien eskaera teknikoak kudeatuko ditu, adibidez. Kudeatzen du Miarritzeko Big jaialdiko Aguilera errugbi estadioa ere. Kontzertu gune bilakarazten du urtero. Edo, EHZrena, Lekorneko jauregi bazterrak. Gertatu zaio Avignongo antzerki jaialdiaren karietara, karrika zati batean antzoki bat muntatu behar izatea ere. Dantzan, Miarritzeko Maitaldia dantza jaialdiaren alde tekniko guztia ere badu bere gain. Heldu den irailean Portu zaharreko hondartzako emanaldiagatik, adibidez, hondartzaren marearen ordutegiei begira jarri behar izan du. Luhusoko Harri Xuri eta beste herri antzokietako teknikaz ere arduratzen da, besteak beste.

Hots, mundu ezberdin anitz ditu gurutzatzen. Eta hori ere badu gustuko. Bi adibide izan daitezke adierazgarri. Miarritzeko Big jaialdia eta Lekorneko EHZ. Biak musika jaialdiak, baina arras bi lan egiteko molde desberdin: «Eredu aldetik, nire bihotza segituan EHZren aldera doa. Nik asko ikasi dut horretan. Gero, memento zailak ere pasatu izan ditut teknikoki. EHZn ahal duzun gehiena egin behar duzu ahal den gutxienarekin. Txetxeniara joatea bezala da. Big jaialdian izan dezakezun plazera da, teknikoki hasteko, diru zamari begiratu gabe lan egitea. EHZn soinu mahai bat panan erortzen bada, arazo larria dugu. Big festibal batean soinu mahai bat panan erortzen bada, bigarrena bada. Teknikan dirua baldin baduzu, deus ez da arazo bat. Edozer gauza egin dezakezu. Zenbat eta diru gehiago izan, orduan eta gauza txukunagoa eta ederragoa egin dezakezu. Teknika kario da».

«Miresmen itsurik» ez

Gertatu zaio ardura horrelakoetan lan egitea, «artilleria pisua ateratzea». Badaki lan eta lagun kontuak bereizten. «Bestela ezin duzu». Eta artistei begira ez duela «miresmen itsuturik» dio, ez eta alderantziz. Gertatzen bazaio ere franko gustukoa ez duen artista batekin lan egin behar izana, lana betetzen du besterik gabe; «baina ez dut nehoiz etxera afaltzera gonbidatuko».

Puntako teknologiekin lan egiteko parada ematen diote produkzio handiek: «Gaur egun teknikan ateratzen diren azken berrikuntzekin lan egin nahi baldin baduzu, zure maila beti atxiki nahi baldin baduzu, alimaleko produkzioekin lan egin behar duzu. Teknologiaren aldaketen abiaduragatik, biziki fite atzean geldi zaitezke. Eta nik maite dudana da teknika. Orduan, maite dut Txapeldunen Liga batean lan egitea, anitz maite badut ere konpainia oso txikiekin lan egitea».

Futbolaren irudiarekin segituz: «Badira B-ko taldeak, oraindik humano pila bat erabiltzen dutenak, dirua ez zaie inportanta, ari direnak plazerarentzat. Eta gero eta gehiago igo, eta beste zerbait da». B taldekoekin ere badu zer egin: «Badakit nondik heldu naizen. Ez dut inoiz ahantzi». Lagun batzuekin txikiak izan daitezkeen proiektuak muntatzen ditu. Hecho en Casa Baionako antzerki taldearekin, adibidez. Muntatu berri duten Cyranoren bertsioarentzat argi sorkuntza bat egin du: «Tindu bat bezala da; zuk ekartzen duzu zure kolorea».

Eta gero horren guztiaren erdian, bada edo ez da, magia: «2, 5, 8, 10 mila pertsona biltzen dituen areto batean ikusten duzularik jende hori guztia dantzatzen. Memento goxo bat sortzen delarik, denek deskonektatzen dutelarik. Bada osmosi bat hor. Magia hori...». Gogoan du 2009ko EHZn Manu Chaok Heletan eman kontzertua. Gogoan ditu Faith No More taldearen kontzertu batzuk ere.

Horrelakoetara iristeko baldintza teknikoak betetzea, hori du helburua Amilibiak: «Jende horren guztiaren poza ikustea. Alkimia hori, non denek bat egiten duten. Horrek egiten du kontzertu baten giroa. Jendea oroitzen dela, taldea, teknikariak». Baina horretarako, duen esperientziarekin ere, ez dagoela trikimailu teknikorik dio: «Ezin kalkulatua da. Batzuetan programazioak egiten du, batzuetan lekuak ere bai». Diru anitz jartzen bada ere, ez da automatikoa gertatzen: «Ez, batere. Magia gauza orokor bat da. Ez du teknikak ekartzen». Baina agian teknikak lagundu dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.