UDAKO SERIEA. Azken hitzaren jabe (II).

«Buru argia izan dugu gai horien inguruan: biok»

Burua nahasten hasi, eta erabateko mendekotasuna eragiten dute, hainbatetan, zenbait gaitzek; halakoetan, zailtasunak izaten dira eritasunari loturiko erabakiak planifikatzeko. Alzheimerrak jotako familiek ongi dakite hori.

arantxa iraola
Donostia
2016ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Antton Elosegi. 72 urte, Tolosan jaioa (Gipuzkoa). «Erretiratua naiz, eta, erretiratua izatearekin batera, zaintzailea; justu erretiratu nintzen unean ohartu nintzen nire andrea gaixorik zegoela, zaintzea tokatuko zitzaidala». Andrea esan du. Jende askorentzat izen osoa argigarriagoa da: Arantxa Gurmendi. Iragan hamarkadetan ezagun egin zen aktore lanagatik, bereziki ETBko Goenkale telesailean egindako rolarengatik. Alzheimerrak jota dago. 2009an antzeman zizkion gizonak lehen zantzuak. «65 urte zeuzkan. Ohartu nintzen gauza batzuk gaizki zihoazela, oso nabarmen; nola ez, Internetera jo nuen, eta espantu handiarekin ohartu nintzen beste erremediorik ez zegoela, sintoma horiek horrenak zirela». Gero etorri zen gaia ateratzea, medikutara jotzea, eta, prozesu baten ostean, diagnostikoa: 2011n jarri zioten izena eritasunari. Eta horren berri ere eman izan du Gurmendik berak hainbat elkarrizketatan: ezohikoa den adorearekin. Izan ere, gaixotasuna, mendekotasuna eta heriotza bera ere bikote harremanean inoiz ez zirela tabu izan adierazi du Elosegik. «Uste dut gai horien inguruan buru argia izan dugula: biok. Argi izan dugu hitz egin behar dela».

Elosegik azaldu du emaztea eragile aktiboa izan zela diagnostikoa jasotzeko prozesuan bertan. «Diagnostikoa eman zion neurologoak diagnostikoa eman baino hiru hilabete lehenago esan zion zitekeena zela zerbait txar izatea, baina ez zekitela oraindik ziur. 'Hala bada, nahiko duzu esatea?', galdetu zion. Arantxaren erantzuna izan zen galdetzeko berriz zekienean; galdetu zion, eta Arantxak orduan esan zion baietz, jakin nahi zuela. Beraz, aurrenengo momentutik, gauza ofizialdu zenetik, kontziente izan da». Onartu du, ordea, gomutak lausotzera egiten duen hein berean, gogoetak ere apaltzera egiten duela eritasunak. «Kendu egiten dizu askotan pentsamenduaren sakontasuna; beharbada, modu normalean egingo lizkiokeen galdera batzuk ez dizkio egiten orain bere buruari. Etorkizunarena-eta zaila da beretzat... Ez dugu inoiz hitz egiten horri buruz». Lehenago gaiari buruzko solasak naroak izan ziren, ordea, bikotean. Eta gaitzaren lehenengo zantzu haiexekin batera, aurretiazko borondateen agiriak egin zituzten biek. Osakidetzara informazio eske jo, eta Donostian bertan agiriak egiten laguntzen zien funtzionario baten berri eman zieten. Oroitzapen ona laga zion Elosegiri harengandik jasotako tratuak. «Oso esperientzia ederra izan zen. Oso ondo esplikatu zigun dena, eta eman zizkigun ideiak agiria betetzeko». Hainbat zehaztapen egin zituzten: «Argi utzi genuen, esaterako, ez genuela nahi bizitza beharrik gabe luzatzea, eta baimenaematen genuela momentu horretan eutanasiari gehien hurbiltzen zitzaiona aplikatzeko», azaldu du. «Bizitza begetalari inolako errespeturik gabe egin genuen agiria». Beste kontu bat argitzeko bidea ere eman zien agiriak: «Galdetu ziguten, eta ez genekien horretarako ere balio zuenik, ea gutako bat noizbait egoitza batera eraman behar bazen baimena ematen genuen horretarako. Eta Arantxak eta nik, kontziente, horretarako baimena eman genuen. Hori gauza garrantzitsua da. Badakit momentu hori iristen denean zer gogorra izaten den, askok zer erruduntasun kontzientzia izaten duten halakoetan. Orain, nik argi daukat Arantxak, gauza horiek guztiz ongi ulertzen zituenean, baiezkoa eman zuela, eta badakit momentua iristen bada gogorra izango dela; baina, gutxienez, ez noa haren borondatearen aurka». Argi du gaitza garatu aurretik agiriak egitea zinetan erabaki ona izan zela. «Garai onean egin genuen; orain, ez zen posible izango, ez zen egiazkoa izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.