Paretak zuri, Xabier Salaberriaren artelana zoru, eta jakin nahi duenarentzat irakurgai erakusleihoan: «Bulegoa zenbaki barik arte- eta jakintza-arloko bulego bat da, eta Bilboko Solokoetxe auzoan kokatuta dago. Elkarlaneko ekimen hau ondoko ikerketa-ildoen inguruan sortu da: historizazio-prozesuak, kulturako itzulpena, performatibitatea, gorputza, poskolonialismoa, teoria soziala, artxiboko estrategiak eta hezkuntza». Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. «Praktikaren eta teoriaren arteko gurutzagunea eta topagunea izan nahi du». Horretarako, mintegiak, aurkezpenak, proiekzioak, performanceak, hitzaldiak, elkarrizketak eta beste jarduera batzuk antolatzen dituzte Miren Jaiok (Bermeo, Bizkaia, 1968), Beatriz Caviak (Santander, Espainia, 1977) eta Leire Bergarak (Bilbo, 1973). Haiek dira espazio horren sortzaileak; haiek bulegariak. Bergara DAE Donostiako Arte Ekinbideen zuzendaria izan zen 2002-2005 epean, Peio Agirrerekin batera; Bilboko Rekalde aretoko komisario nagusia ondoren, 2006 eta 2009 bitartean. Jaio, berriz, prentsan kritika idaztetik eta argitalpen berezietan testuak plazaratzetik zetorren. Cavia, soziologia mundutik: EHU Euskal Herriko Unibertsitatetik, identitate kolektiboari buruzko ikerketa zentrotik. Beste kide bat ere izan zuten hastapen haietan: Isabel de Naveran (Bilbo, 1976). Koreografia eta performance mundutik zetorren hura. Oraintsu utzi du Bulegoa, lan arrazoiengatik.
«2010ean, hau bezalako espazio oso gutxi zegoen hemen», Jaioren hitzetan. «Ez genuen prentsan azaltzeko gogo berezirik. Lasai aritu ahal izateko, oso ikusgarria ez den eremu batean lan egitea erabaki genuen, oso ikusgarritzat jotzen ez zen auzo batean», Bergararenetan. Atxuriko tren geltokitik eta San Frantzisko auzotik gertu.
Denak zetozen unibertsitate mundutik, Bergarak nabarmendu duenez: «Laurok genbiltzan doktore tesia bukatu nahian, liburutegietan-eta bakarkako lanean, eta ez geneukan tokirik tesiok ontzeko». Beharraren lanak bihurtu ditu bulegari, beraz. Bulegoa alokatu eta bataren ikerketa ildoak eta moduak besterenekin gurutzatzeko eremua izateko asmoarekin. Laurak emakume izatea ez omen da kasualitatea. «Guk nahi genuen bezala aritu ahal izateko, emakumeak izan behar genuen denok. Aurretik genituen esperientziak kontuan hartuta, diot», Beatriz Caviak. «Ahalduntze ariketa bat izan zen, bai. Ez da ahaztu behar sortu ginenean arte eszena gizonek kontrolatzen zutela erabat —oraindik ere bai, baina badira aldaketa zantzuak—, eta horren kontzientzia hartzea ere bazen hau sortzea erabaki genuenean», Bergarak.
Elkartasuna izan da bulego hau aireztatu duten osagarrietako bat. «Denok egon gara noiz edo noiz bajan, eta elkar babestu eta zaindu dugu. Tesia bukatzeko ordua zetorkionean gutako bati, gainontzekook egin izan ditugu haren lanak, buka zezan». Feministak direla nabarmendu dute. «Ez dugu feminismoa gaitzat hartu, baina hortxe dago beti, inplizituki; gure proiektu guztiak zeharkatzen ditu».
Hastapenetako ekuazioan bazen beste osagarri bat ere, Jaiok nabarmendu duenez: «Instituzioetan lan egitetik gentozen: izan akademia, izan erakusketa guneak, izan hedabideak. Gutako bakoitza bere desliluratze prozesutik zetorren, nolabait esatearren, eta ahalik eta modurik autogestionatuenean aritzeko gogoa geneukan denok». Erabateko independentzia ezinezkoa izango zutela, finantzaketa publikoa beharko zutela jakin arren. Eta Jaurlaritzak Eremuak programa jarri zuen abian, Bulegoa inauguratu eta bi aste eskasera. «Eremuak egitasmoa abiatzeak asko lagundu zigun», erantsi du. Europako Batasunaren beka sare batean sartu izanak ere lagundu die. Modua eman baitie harremanetan sartzeko nazioarteko erakunde garrantzitsuekin eta epe luzeko performance ekoizpen sareekin. «Geu ere instituzio bihurtuko ginela bagenekien. Oso gaizki ikusia dago hitz hori eremu autogestionatuetan, baina guk ez genuen ukatu nahi. Hori bai: beste era batera lan egingo zuen instituzioa bilakatu nahi genuen».
Taldean erabakitzea
Taldean erabakiko ziren kontu guztiak, txikienetik hasita handieneraino. Halaxe abiatu ziren, eta eutsi diote maxima horri. Horixe da zortzi urteotan elkarrekin lotu dituen arrazoi nagusia, hain zuzen ere, Caviaren aburuz: «Lan egiteko modu berriak bilatzen eta eraikitzen segitzeko desio horrek batzen gaitu oraindik ere. Hori da denok lan egin dugun beste eremuekiko desberdintasun nagusia. Eta hori da, ziurrenik, hasiera hartatik honaino iraun duen hari bakarra». Baietz, beste biek. Zein da, bada, lan egiteko beste modu hori? «Parekidetasun handiagoz, bestelako instituzioek erabakiak hartzeko orduan kontuan hartzen dituzten irizpideei balio gutxiago emanez hartuz erabakiak», Caviaren esanetan. Ez omen zuen uste hala egin zitekeenik. Esperientziak erakutsi dio baietz, baina. «Beste gune batzuetan ere lan egiten dut; ez da honela izaten».
Arrazoi eman dio Jaiok: «Enpresa ikuspegitik, gure hau ez da inoren eredugarri, nahi baduzu, baina halaxe aritzea erabaki genuen. Erabakiak hartzeko gure prozesuak, ikuspegi horretatik, motelegiak dira».
Lan asko egiten dute etxetik. Ez dira egunero agertzen bulegora. Hasieran bai, askoz ordu gehiago ematen zuten bertan. Denborarekin ikasi dute elkarren eta beren lan eremuen berri. Zortzi urteko ibilbidean, lasaitasunean irabazi dute. Astean behin elkartzen dira. Aurten, asteazkenero. Goiz eta arratsalde. Eta gero, ekimenetarako. Lanak banatzen dituzte.
Bilbon behar ei zuen Bulegoak, Euskal Herrian izatekotan. «Bilbon artista komunitate garrantzitsua dagoelako; dantza eszena garrantzitsua dagoelako; antropologia eta soziologia fakultateak hemen daudelako», Bergararen hitzetan. «Audio esperimental eszena ere garrantzitsua da hemen», erantsi dio Jaiok.
Hirurek segitzen dute Bulegotik kanpoko lanetan. Hala nahita, neurri batean. Halabeharrez ere bai, Bulegoak bizitzeko lain ez dielako ematen. EHUn egiten dute lana Caviak —Soziologia Fakultatean— eta Jaiok —Arte Ederretan—. Horrez gain, Jaiok kritika idazten segitzen du, garai batean beste ez bada ere. Cavia ikerketa soziologiko proiektu zenbaitetan ere ari da; eta edizio eta itzulpen lanetan. Bergarak, berriz, hiru urte egin ditu jada Herbehereetan, arte ederretako master batean, irakasle. Jaurlaritzaren Eremuak programako batzordean ere ari da, behin-behinean.
Elkarlana
Zortzi urteotan, Solokoetxeko bulegariek jende askorekin kolaboratu dute. Horizontalitatearekin eta parekidetasunarekin batera, hori izan dute ardatzetako bat, Jaiok azpimarratu duenez: «Hasieratik saiatu ginen argi uzten nahi genuela hau ahalik eta jende gehiagorengana heltzea». Lortu dutelakoan daude. Gurutzaketa, alegia. Bulegoan. Eta bidegurutze horretan, artistek, komisarioek, akademiako kideek, pentsalariek, zinemagileek, musikariek eta bestek egin dute topo. «Bulegoa geure interesen eta soinuen, performanceen, arte bisualen, zinemaren, irakurketen eta pentsamenduaren bidegurutze bat da», Bergararen arabera. Nazioarteko praktika artistikoetan eragiten ari zen perspektibismoari buruz interesa sortu zitzaienean, adibidez, interes hori asetzeko modua bilatu zuten. Joera berriak zuzenean inportatu beharrean, joera horiei buruz interesa zutenei atea ireki eta denen artean gogoeta egin ahal izateko. Irakurketa taldeen bitartez, esaterako. Norbere burua hezteko akademia atipikoa sortuz. «Hau heziketarako gune ere bihurtu nahi genuen, hasieratik», Jaioren arabera. Hala, abian jarri dituzte Forma gabeko ezagutza-forma, OHO, Hormaren kontrako ekoizpenak eta Zinema_Ilegala ildoak.
Dena ez dute alde izan, hala ere. Azpimarratu beharra sentitu du Bergarak: «Arte munduan, neurri batean, teoria, diskurtsoa, arbuiatu egin izan da. Erresistentzia moduko bat izan da, teoria praktikari tokia jaten aritu izan zaiolako nazioartean. Baina guk ez dugu teoria hutsa ekarri, eta hemen teoria beti egon izan da praktika artistikoarekin solasean». Arrazoia eman diote beste biek. Horixe Bulegoaren bidegurutzeetako bat, Jaioren iritzirako: teoriak eta praktikak elkar elikatzen dutenekoa. «Inor ez zen ari halakorik planteatzen gu lanean hasi ginenean. Eta, orain, organikoki txertatuta ageri dira teoriok hemengo sortzaile ezagunen praxi artistikoan». Alderantzizko norabidea ere badago, baina, Bergararen esanetan: «Jakintza ez dakar teoriak edo diskurtsoak bakarrik. Praktika artistikoak berak ere jakintza bat sortzen du, eta hori ere garrantzitsua da. Arte ekintzak sortzen duen jakintzak jakintza zientifikoak beste balio duela aldarrikatzera ere etorri zen Bulegoa». Hala, artisten esperimentaziorako gunea ere bada Bulegoa. Artea ere ikasketa etengabekorako eremua delako. «Ezin baduzu masterrik egin, etorri Bulegora. Nazioarteko zein bertako artistekin arituko zara. Ez dizu titulurik emango, baina hori ere hezkuntzarako bidea izan daiteke».
Sariak
Gure Artea saria jaso berri izanak arrazoia eman dio Bulegoaren ibilbideari, hiruren ustez. «Lan eta instituzio molde berriak saiatzea, ikusgarritasunik eta presarik gabe, Guggenheim izeneko museo-ontzi erraldoi horri begira dagoen hirian, uberatik ateratzea zen nolabait. Eta hemen segitzen dugu, hala ere». Ez dakite sariak zer ekarriko dien. «Galde iezaguzu hemendik urtebetera». Sormenari eta sortzaileei ildoa markatzeko botereak dauzkan tresnen artean daude sariak, badakite, baina badute esperientzia bertako zein nazioarteko kultur erakunde indartsuekin. Horren erakusle dira orain arteko beren ekoizpenetan izan dituzten kideak: Bilboko Alondegia, Zinebi jaialdia, Gasteizko Artium, Donostia 2016, San Telmo museoa, Baionako Euskal Museoa, Sevillako BNV, Parisko CAC Bretigny, Sao Pauloko Unibertsitateko Arte Garaikidearen Museoa, Bartzelonako Antoni Tapies fundazioa, Londresko Tate Modern, Corpus nazioarteko performance sarea... «Txikiak eta aurrekontu txikikoak izanik ere, nazioartekoak izan gaitezke. Eta aurrekontu handiak dituzten erakundeek derrigor egin behar dute lana gu bezalako espazioekin», azpimarratu du Bergarak.
Caviak harridura aldarrikatzeko beharra sentitzen du: «Ni naiz, talde honetan, arte mundutik aparteen aritzetik datorrena, eta uste dut oso garrantzitsua dela bertan normaltzat hartzen diren zenbait errealitateren aurrean harridura sustatzea —Guggenheim baten aurrean, edo Azkuna zentro baten aurrean, edo Goyaren erakusketa baten aurrean—; artea beste gauza batzuk ere badela ezagutaraztea. Dena ez da dirutza bat inbertitzea jendetza erakartzeko. Gauza askoz gehiago dago, eta horiek ere lagundu behar dituzte erakunde publikoek».
Bihar: Itu banda.
UDAKO SERIEA. Sortaldeak (II). Bulegoa Z/B.
Bulegari artean
Ile-apaindegia omen zen lehen: Edertasun. Ile azpikoa, garuna, artez janzteko gunea da egun: Bulegoa Zenbaki Barik. Teoria eta praxi artistikoa gurutzatzeko asmoz, emakume talde batek 2010ean sortutako espazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu