UDAKO SERIEA. Mediterraneoko mugan (V). Sasoikako langileak.

Bortxaz zikindutako urregorria

Andre marokoarrak aritzen dira Espainia hegoaldean marrubiak biltzen, lan baldintza kaskarretan. Eragile sozial eta sindikalek salatu dute eskubide urraketa ugari jasaten dituztela.

Maite Asensio Lozano.
Lepe
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Urregorria dira marrubiak Espainiako hegoaldean. Fruitu horren inguruko industriak ia 600 milioi euro mugitzen ditu Huelva probintzian, Europako ekoizle eta esportatzaile nagusia baita. Baina izerdi eta odol orbanak atera zaizkio urreari: marrubiak biltzen dituzten emakume marokoarrek lan esplotazioa eta sexu indarkeria jasaten dituzte. Urteetan isilpean gordetako bortxa lehertu egin zen iaz, hamar langilek salaketa jarri zutenean. Aurten, Mugak Zabalduz karabanak bertatik bertara ezagutu du errealitate hori, eta bat egin du andreon aldarriekin: «Duintasunik gabe ez dago kalitaterik».

«Kapitalismo arrazista eta patriarkalaren jardunaren» adierazle da auzia, Marokoko FNSA-UMT nekazaritza sindikatuarentzat. Izan ere, marrubiaren arloko enpresek sasoikako langileen bidez biltzen dituzte fruituok; gehienak emakume marokoarrak dira: aurten, ia 20.000 aritu dira. Hiruzpalau hilabetetako txandatan, otsailetik ekainera egiten dute lan negutegietan, eta, gero, jaioterrira itzultzen dira; berariaz hartzen dute bueltatzeko konpromisoa. «Migrazio zirkular» hori auzitan jarri du Jadiya Anianik, giza eskubideen aldeko Marokoko elkarte AMDHko kideak: «Gehienetan, migrazio molde horrek dakar emakumeak esplotatzea eta diskriminatzea. Baina giza eskubideen urraketak ez dira arazo bakarra, zirkulazio askatasuna ere zalantzan dago: egun, dena mugi daiteke, hegoaldetik datozen pertsonak izan ezik».

Espainiak eta Marokok 2001. urtean sinatutako hitzarmen batean oinarritzen da sasoikako langileon jarduna. Anianik dio bi aldeek atera diotela etekina: «Marokoko egoera oso prekarioa da, batik bat andreentzat: soilik %20k dute lan jardueraren bat, baina gero eta gehiagok eusten diete familiaren premiei. Hala daudenek diru sarrerak behar dituzte: Espainian marrubiak biltzea aukera ona da. Eta, aldi berean, Espainiako enpresentzat langile merkeak lortzeko modu bat da».

Teoriatik praktikara, ordea, jauzi handia dago. Kontratuak Marokon egiten dituzte: Espainiako enpresariek aukeratzen dituzte beharginak, eta Marokoko Enplegu Agentziak egiten ditu bitartekari lanak. «Espainiako Estatuak eskuak garbitzen ditu; desagertuta dago», gaitzetsi du Mohammed Hacketx FNSA-UMTko ordezkariak. «Krudeltzat» jo du langileak hautatzeko prozesua, «esklabotza irizpideak» erabiltzen dituztelako: «Emakumeei eskatzen diete gazteak izateko, 40 urtetik beherakoak; seme-alabak edukitzeko, Marokora itzuliko direla bermatzeko; argal egoteko, makurtuta egingo dutelako lan; eta eskuak zainduta edukitzeko, marrubiak oso leunak baitira».

Baldintza gogorrak

Panorama ez da hobetzen Andaluziara iristean. «Itsasontzian, pasaporteak kentzen dizkiete maiz; Algecirasera iristean, bitartekari marokoar batek langileak banatzen ditu. Emakumeek zenbat eta gutxiago jakin, orduan eta hobeto; jendearekin ez hitz egitea gomendatzen diete», esan du Hacketxek. «Emakumeetako asko analfabetoak dira, edo ez dakite gaztelaniaz. Ez dute eskubiderik enpresaz, jardueraz edo eskualdez aldatzeko», erantsi du Anianik. Eragileek maiz salatu dute andreak baldintza gogorretan aritzen direla: lanaldi luzeak dituzte, negutegien barruan bero handiz eta makurtuta, eta enpresek ez diete ura pagatzen... «Nekazaritza eremuak guztiz bakartuta daude: emakumeen bizimodua guztiz kontrolatuta dago».

Anianiren arabera, halako egoeretan erraz gertatzen dira gehiegikeriak: «Zortzi hilabeteko haurdun zeuden emakumeak ikusi izan ditugu negutegietan lanean». Baita sexu jazarpena ere: «Bagenekien sexu abusuak zeudela. Zergatik ez dute hitz egin urte hauetan guztietan? Ez daukatelako bestelako diru sarrerarik, eta, ondorioz, dena irentsi behar dute, pertsona asko dituztelako euren ardurapean».

«Hitz egiten baduzu, ez duzu berriro lan egingo», berretsi dute Mugak Zabalduz karabanako lan saioetan parte hartu duten emakume marokoarrek. Haiek, ordea, ezin izan dute isilik geratu. Minak kontatu du enpresak iruzur egin ziela —abizenik ezin dute eman: «Agindu ziguten sasoi osoan lan egingo genuela, baina, sei egunez aritu ostean, nagusiak esan zigun Marokora itzuli behar genuela». Wafak esplikatu du haietako asko zorpetu egin direla Espainiara joateko: «Bidaia enpresak ordaintzen du, baina gainerakoa gure poltsikotik doa: bisa lortzea, ostatua, bestelako garraioa... Eta, gainera, lan egindako egun guztiak ere ez dizkigute pagatu». Fatimak ere mailegu bat eskatu zuen: «Hamabost egunez lan egin nuen, eta horrekin ezin nuen dirua berreskuratu».

Beraz, emakume batzuek erabaki zuten Marokora ez itzultzea, eta enpresek jarritako ostatuetatik alde egitea. Lepeko txaboletan bizi dira orain; fruta sasoia amaituta, lanik gabe daude. Ez aurrera ez atzera geratu dira. Desesperatuta mintzatu da Wafa: «Ez nuen Espainian geratzeko gogorik, eta egoera hau zinez jasanezina da, baina Marokora itzultzeko dirurik ere ez daukat. Semearekin egunero hitz egiten dut: negarrez eskatzen dit itzultzeko, esaten dit ez daukatela jatekorik, eta nik ezin dut ezer egin, ezin diet ezer bidali. Bihotza hautsita daukat».

Bihar: Mugak Zabalduz karabanaren balantzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.