Esti Martinez eta Aritz Irigoien

Bezperak

Pandemia garaian bi bizilagunen artean gertaturiko istorioa kontatu du Esti Martinezek, sanferminetako lehen egunak iritsi bitartekoa. Aritz Irigoien marrazkilariak, berriz, maskara zintzilikatu du udaletxearen alde batetik bestera.

esti martinez
2020ko uztailaren 2a
17:41
Entzun

Felisak berarengana jo zuen egunetik, Peiok erosketak ate ondoan uzten zizkion. Txirrina jo eta ez irekitzeko eskatu zion beste aldetik, entzutearekin nahikoa zela. Peiori kosta egin zitzaion zaharrak esaten zuena aditzea, baina, ongi ulertu bazuen, aurrerantzean bere erosketekin batera Felisarenak ere egin beharko zituen. Sukar hamarren batzuek ez ziotela etxetik ateratzen uzten, erosketen tiketa buzoian uzteko, eta egunean bertan dirua bueltan izango zuela. Alabak kanpoan bizi zirela eta, ulertu ez zituen beste azalpen batzuen artean, ate azpitik kaligrafia dardartiaz idatzitako erosketa zerrenda pasatu zion. Dena ongi antolatua zuen zaharrak. Peiori ezezkoa eztarrian trabatu, eta bale batekin erantzun zion.

Zerrenda eskuan marmarka abiatu zen sukaldera. Leihoan Ducadosa piztu, eta Hendaiako etxera garaiz ihes egin ez izana madarikatu zuen; berriz ere badaezpadakoetan ez erortzeko promesa egin zion bere buruari.

· Aizu, txakurrak zu paseatuko zaitu azkenean! —oihu egin zuen errautsa kalera erortzen uzten zuela —bigarren paseoa gaur! —eta txaloak jo zituen masailean.

Ez zuen ulertzen zergatik eskatu zion laguntza berari; jendeak konfinamenduan dena balekoa zela uste zuen, horren ardura hartzen zuen sarea bazegoen eta!

Supermerkatura astean bitan joaten hasi zen ordutik; astearteetan bere erosketak egiten zituen, eta ostegunetan auzokidearentzako natillaz eta atun lataz betetzen zuen gurdia. Horietako batean, inkontinentziarako konpresak erosi behar izan zituen, supermerkatuko zintatik gaileta kutxen azpian ezkutatuta pasatu zituenak, eta farmaziara ere pare bat bidaia agindu zizkion. Erosketak atarian utzi, eta tinbrea jotzen zion. Peiok, bere etxean sartutakoan, giltza sarrailaren barnean bueltaka entzun eta begi-zulotik zaharra ikusten zuen erosketa poltsa hartzen. Txikia eta argala zen, are txikiagoa eta argalagoa txabusina jantzita zeramanean. Zabor poltsa hiru egunetik behin tranpalean uzten zuen, bakarra, eta Peiok errefusera botatzen zuen.

"Ostegun batean ez zen atera erosketa poltsaren bila. Iluntzean ez zituen haren txaloak entzun ondoko leihoan. Asteburu osoa eman zuen poltsak tranpalean"

 

Ostegun batean ez zen atera erosketa poltsaren bila. Iluntzean ez zituen haren txaloak entzun ondoko leihoan. Asteburu osoa eman zuen poltsak tranpalean. Kaletik begiratu zuen; balkoiko errezela korritua eta, aurrekoetan bezala, geletako pertsianak erdira igota zeuden. Peio ezagutzen ez zuen zahar baten heriotzaren zama sentitzen hasi zen. Sofan momifikatua irudikatu zuen, hotz, zurbil. Belarria atean itsatsi zuen, soinurik ez. Jo zuen; behin, bitan. Txirrina ere jo zuen, baina ez zuen inork erantzun. Beheko bizilaguna eskaileretan gora kezkatuta zetorren:

· Ez al du erantzuten? —galdetu zion— Felisa! Felisaa! —oihukatu zuen atean gogor jotzen zuen bitartean— orduan jakin zuen Peiok buzoiko Agirre-Fernandez abizenen aurrean ezkutatzen zen izena.

Berehala txapinen arrasto motela entzun zuten.

· Felisa, ongi zaude? saiatu zen bizilaguna, beste behin.

· Bai, gaixotu naiz eta ohean nago haren ahotsa ahula zen.

· Medikuari deitu al diozu?

· Bai, egunero hitz egiten dut berarekin eztulak eten egin zion; sukarra asko igotzen ez den bitartean ohean egoteko agindu dit.

· Zure alabekin hitz egin duzu? galdetu zion emakumeak.

· Ez, ez ditut kezkatu nahi.

· Erosketak hemen dituzu bota zion Peiok, eta han utzi zituen bi emakumeak atearen alde batetik bestera hizketan.

· Erabat ahaztua nuen, mila esker, Peio.

Zaharra hilda ez zegoela ikusita, lasaiago sartu zen etxean. Telebista piztu zuen, ia oharkabean, keinu automatiko baten modura. Konfinatu zenetik denbora gehiago ematen zuen piztuta itzalita baino. Albistegietan kutsatuen datuek gora egiten zutela adierazi eta ondorengo albistean, sanferminak ospatuko zirela esan Iruñeko zinegotziak; sanfermin intimoak, balkoietako programazioa, zapi solidarioa eta halako hitzekin apainduz. Jendeak balkoietan porkulo ematen jarraituko duela, alegia, bota zuen bere artean. Bederatzi egunez komunitate txikietan elkartzeko Foru Agindu bat atera zutela azaldu zuen, hamabost lagun asko jota, eta Peioren marmarrak areagotu ziren oraingoz mugak itxita jarraituko zuela entzutean: hau aldrebeskeria, nik balkoia alokatu ezinik... baina gerora entzun beharko dugu pandemia batek ere ez zituela sanferminak geldiarazi...

 

"Egun hartako txaloak ozenagoak izan ziren, bozgorailuek Resistiré konpartsen abestiekin ordezkatu zuten... inoiz baino luzeagoak izango ziren aurtengoak"

 

Egun hartako txaloak ozenagoak izan ziren, bozgorailuek Resistiré konpartsen abestiekin ordezkatu zuten... inoiz baino luzeagoak izango ziren aurtengoak. Artean, bere eguneroko txaloetara atera gabe jarraitzen zuen Felik, eta, asteazkenero egin ohi zuenez, ez zion asteko zerrenda buzoian utzi.

Peiok ez zuen taperrik etxean: egun bakarrerako kozinatu eta hondarrak lapikoan bertan uzteko ohitura zuen. Baina soberakin horiek kristalezko kontserba potoetan sartu eta bizilagunari atarian uzten hasi zen. Erosi beharrekoa idazteko ezinean ibiltzen bazen, kostata arituko zen sukaldean. Zer egunkari nahiago zuen ez bazekien ere, aurreko egunekoa janariarekin batera poltsan sartzen zion.

Peio eskaileretan gora zihoan batean, atearen zirrikituan zain zeukan Feli, maskara jantzita eta ilea nahasita. Lakaren efekturik gabe agerian uzten zituen buruko soilguneak, nabarmenagoa zen urteen marka. Barruko telebista haren ahotsa baino ozenago entzuten zen.

· Eskerrik asko, Peio, dilistak oso goxoak zeuden.

·A! Hobeto zaude?

· Eztulak eta buruko minak hortxe jarraitzen du, baina sukarra, behintzat, joan da Peiok bizkarra eman zion etxeko atea zabaltzeko. Tori, aste honetako zerrenda eta dirua; nire partez ardo on bat har dezazun nahikoa sartu dut. Peiok txaponez betetako larru beltzeko kartera eskuan hartu, eta, zer esan jakin gabe, buruarekin baieztatu zuen.

Uztailean sartuta zeuden dagoeneko. Felik hobera egin zuen eta berriz ere orgatxoarekin erosketetara ateratzen hasi zen. Bezperaren grina bistakoa zen leihoz leiho, bizilagunak oihuka zebiltzan balkoitik balkoira bingoka, karaokeka, seirako nork zer erosi eztabaidaka. Nazkatuak iritsiko dira, pentsatzen zuen Peiok, baina bozkarioa areagotu baino ez zen egin. Supermerkatuan ere nabaria zen: ilara luzeagoak, orgatxoak xanpain, ardo eta xingarrez beteak... balkoietan ez ziren banderola, girlanda eta zapi gehiago sartzen. Iruñea prest zegoen sanfermin berrietarako.

Uztailaren seia iritsi zen. Kalez kale bozgorailuekin zebilen txirrindulariak esnatu zuen Peio, pareko balkoian gaiteroak zalapartara batu ziren. Kanpoko zarata ez entzuteko telebista ozen jarri eta kanal artean ari zela, udaletxearen alde batetik bestera maskara erraldoia zintzilikatzen ari zirela ikusi zuen: bizitzak erdigunera, zioen leloak. Leihora hurbildu eta plaza hutsik ageri zen, denak etxeetan euren araztasunean jantzita, begiak malkotan, kohetearen zain Astraingo baltsaren bueltan zapi gorria lepo inguruan lotzeko... bo! Gortinak indarrez itxi eta aurreko eguneko kafea berotzen hasi zen.

Halako batean, tinbrea entzun zuen.

· Peio! Aupa, Peio! Feli naiz. Aizu, Peio, Santi eta Idoiaren terrazan hamaiketakoa hartzen ari gara. Zatoz gurekin ospatzera!

· Nor? Ni?

· Bai, gizona! Zatoz ardotxo bat hartzera, gustura gaude eta!

· Ez ez, etxean geratuko naiz.

· Ongi da, gazta tarta prestatu dut. Animatzen bazara, badakizu non gauden.

Arraro sentitu zen. Leihora jo zuen berriz ere; gortinak zabaldu eta balkoien arteko sokek batetik bestera marrazten zituzten irribarreak ikusi zituen. Garondoa hazkatu, eta hasperen batek armairutik zapia ateratzeko bultzada eman zion. Hartutako erabakiarekin zalantzati, maskara jantzita eta ardo botila eskuan agertu zen Santi eta Idoiaren etxean. Bere esperoan balego bezala, bizkarreko batez agurtu zuen Santik. Terrazan, uztaileko eguzkiak jotzen zuen.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.