UDAKO SERIEA. Gazteei begira (V) Parte hartzea

Beste bozgorailu batzuen bila

Orain arteko parte hartze sistemetatik urrun ageri dira gazteak. Alderdi politikoekiko distantzia nabaria da, eta gazteen euren ikuspegia ere aldatu da. Parte hartzea ez da horren trinkoa, jarraitua. Une jakinetakoa da. «Aldizkako militantzia».

Ikasleen protesta jendetsua, iazko martxoan, Bilbon, hezkuntza erreformaren aurka. Milaka ikasle atera ziren kalera Hego Euskal Herrian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Otzanduta daudela. Lo. Jasaten ari diren egoeraren aurrean ez dutela erantzuten. Hori leporatzen diete maiz gazteei. Ez dutela parte hartzen. Ez da hori, ordea. Ereduan dago arazoa, adituen ustez. «Hutsaltasun sentsazioa dute, eta engainuarena», azaldu du Markel Ormazabal soziologoak —Aztiker taldean dihardu—. Alegia, ez dutela sinesten parte hartze eredu ohikoetan, instituzionaletan, alderdikoietan. Ez dute uste baliagarri zaienik eta haien iritzia kontuan hartuko dutenik. Beste eredu batzuen bila ari dira. «Aldizkako militantzia» ari da indartzen, Ormazabalen ustez.

Urruntasuna bistakoa da alderdi politikoen eta gazteen artean. «Pentsatzen zen oro har politikarekiko dutela arrotz sentimendu hori, baina hauteskunde kutsuko politikarekin dago lotua, eta alderdi tradizionalekin». Zehaztasun hori egin du Carol Galais politologoak —parte hartzea du ikergai; Kanadan ari da orain—. Uste du desinteresa ez dela politikarekikoa, baizik eta oraingo ereduarekikoa. Bateraezintasuna ikusi du: «Gazteak ezin dira identifikatuta sentitu beste belaunaldi bateko lider politikoekin, gazteak gutxiesten eta desmobilizatzen dituzten diskurtso eta politikekin, eta beren iritzirik gabe diseinatu dituzten erakunde blindatuekin».

Hiru diskurtso nagusi ikusten ditu gazteen artean Ormazabalek. Batetik, politika edo gizarte parte hartzea hurbiletik bizi duen gaztea. «Horren barruan, noski, hamaika diskurtso edo ideologia daude». Bigarrenik, gizartearekiko kezka duen «subjektu indibidualizatua». Eta hirugarrenik, politikarekin inolako erlaziorik ez duena. Azaldu du bigarrena ari dela indar handia hartzen: «Uko egiten zaio politika instituzional, klasiko edo formalari. Urruntasun erabatekoa dago. Baina sistema demokratiko ordezkatzailea ez da dudan jartzen; esaterako, botoa ematea oso garrantzitsua da horientzat: beren ekarpena». Azken hauteskundeekin jarri du adibidea: urruntasun hori gorabehera, abstentzioa ez da handitu —han-hemen, jaitsi ere egin da—.

Konparazioa lehengoarekin

Alderaketak egitea ohikoa da. Ormazabalek ispilua aipatu du: helduek, gazteei buruz hitz egitean, beren gazte garaia hartzen dutela gogoan. «Ispilu horri begiratzen diogu, ahaztuta gaurko errealitatea oso desberdina dela». Hortik sortzen dira aurreiritziak. Espainiako begiradatik, Galaisek azaldu du ohikoa dela gaurko gazteak eta trantsizio garaikoak konparatzea, eta ondorioak ateratzen direla: gaurko gazteak lo daudela. «Oso alderaketa injustua da. Garai hartako gazteak erregimen aldaketa bateko protagonista ziren. Iritzi publikoaren ikerketan salbuespeneko gertaera bat da hori».

Areago, oraingo egoeraren eta ordukoaren artean antzekotasunak badaudela nabarmendu du: «Politikarekiko interesari erreparatzen badiogu, ez dira oso ezberdinak ordukoak eta azkeneko bost-sei urteetakoak». Parte hartzea jaitsi denik ere ez luke esango Ormazabalek: «Ikerketek aditzera ematen dute gizarte mugimenduetan parte hartzea handitzen ari dela. Igual, desplazatu egin da: alderdietako gazte taldeetatik, gizarte mugimenduetara».

Krisiaren testuinguruak ahalbidetu dezake gazteen parte hartzea handitzea, Galaisen irudiko. «Politika urrun ikusten zuten gazte askok hartu dute beren egoera prekarioaren kontzientzia, eta borroka sozialen alde egitera eraman ditu krisiak: lan erreforma, murrizketa sozialak...». Oinarrira jo dute, azkenean. «Gero eta jende gehiago ohartzen da, baita gazteak ere, izaera politikoa dutela hipotekarekin, langabeziarekin edo unibertsitateko matrikularekin dauzkaten arazoek».

Atxikimendu desberdina

Kontzientzia zabaldu da, baina ez da hainbeste ardaztu alderdi politikoen edo beste talde antolatu zehatz batzuen inguruan. «Aldizkako militantzia esaten zaio: egungo jendarteetan rolen aukera aniztasun izugarria daukagu. Testuinguruaren arabera, rol horiek aldatu egiten ditugu, bereziki gazteek. Ondorioz, atxikimenduak ez dira bere garaian bezain solidoak», azaldu du Ormazabalek. Alegia, gazteen parte hartzea ez dagoela horren trinkotua talde zehatz batzuen inguruan, baizik eta batean eta bestean aritzen direla, egoeraren arabera. «Jarraitutasunik ez du, baina horrek ez du esan nahi atxikimendu edo konpromiso gutxiago dagoenik; ulertzeko modu desberdina da».

Une zehatz bateko «eztandak» jarri ditu adibidetzat. Herri harresiak, esaterako. «Konpromiso handia dago hor. Ez da jarraitutasun handikoa, baina badaude une batzuk. Gazteriaren segmentu zehatz bati buruz ari gara, hala ere». Hezkuntzan azken lau urteetan izandako protestak dira beste adibide bat. Bereziki indar handia eduki dute Nafarroan, hango gobernuak murrizketa handiak egin baititu, eta LOMCE erreforma martxan jarri. Une zehatzetan egin dute protesta, eta milaka eta milaka ikasle atera dira kaleetara. Horrelakoetan ikusten du gazteen indarra Galaisek: «Mugimendu sozialak, protesta, ekonomia sozialeko alternatibak... Gertuago daude hiritarrengandik, dinamikoagoak eta irazkorragoak dira, eta lortu dute gazteen gutxiengo gero eta handiago bat erakartzea».

Gauza bera esaten dute Podemos alderdiari buruz Espainian. Ormazabalen iritzirako, Euskal Herrian ez da hainbesterako izan, nahiz eta aitortu duen «korronte nagusiak» hortik doazela. Galaisek arrisku bat ikusi du Podemosen ibilbidean: «Ez baldin baditu helburuak lehenbizikotik lortzen, batere adorerik gabe geratuko dira boto-emaile berri asko».

Sare sozialak dira plaza orain. «Erabat hedatua dago tuit kultura». Sakontasuna galtzen da, Ormazabalen ustez: «Mezu bat birtxiokatzean, gustura gelditzen gara, eguneko ekintza politikoa egin dugun sentsazioarekin, behar bezalako denbora eskaini gabe mamiari». Slacktivism kontzeptua aipatu du Galaisek: sare sozialetako aktibismo ahula. «Ikusteko dago beste partaidetza modu batera eramaten duen horrek, edo atsekabea agertzeko bide kontrolatu bat den, katarsira eta ekintzarik ez egitera eramaten duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.